Oriotik Aiarako bigarrena

Oraindik ezin dut sinistu...

Oraindik ezin dut sinistu…

Giro ederra aprobetxatuz bizikleta bueltaxka ematea erabaki dut, eta Oriotik Aiara artikulua idatzi nuenean **Loroño**ren gomendioa gogoratu dut.

Zingira kanpinera doan bidean, Errota jatetxearen parean eskuinera egiten duen bidea aipatu zuen, eta probatu beharra neukala erabaki dut. Aldaparen hasieran, etxe-atarian zegoen emakumeak bide gogorra zela esan dit, eta baietz, Aiara zuzenean eramango ninduela bideak. Eta egia esan dit. Lehenengo aldapak 800 metrotan %12ko malda dauka batez beste, eta tartean %15ko koxkak ere bai. Beraz lasai hartu beharreko aldapa da. Eskuin aldean errekatxo bat ikusten da, eta bailara txiki bateatik datorrela ikus daiteke, baina horrek ere berehala egiten du gora.

Ondorengo 200 metroak pixkat lasaiagoak dira, eta bidearen edertasunaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Ezkerretan, beherago, zingirako kanpina ikus daiteke. Baina berehala aldapak gora egiten du, benetan gora. Bostehun metro inguru ehuneko 17ko maldarekin, eta gainera, gogorrena bukaera da: Azken ehun metrotan 25 metro egin behar baita gorantz, ehuneko 25eko malda, alajaina!. Nik azken 20 metroak oinez egin behar izan ditut, eta pinoi handiagoa behar dudala erabaki dut. Nire hurrengo inbertsioa horixe izango delakoan nago.

Behin Arruti baserriraino iritsita bidea erraza da, Aia bi kilometrotara dago, eta igotzeko 140 metro besterik ez da falta (%7). Gainera Zarautz aldea ikusten da hortik aurrera, eta betiko bidea ere ikus daiteke, laurgain, burdinola hainbat eta hainbat aldiz egindako bidearen nondik norakoak… Alegia, paisaiari begira bi kilometroak konturatu gabe egin daitezkeela.

Ia Aian artalde baten tartetik pasa behar izan dut, eta bihar jan behar ditugun arkumeen moduko piloa ikusi dut. Uste dut konturatu egin direla eta berehala baztertu dira ni azkar joan nendin.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Oriotik Aiarako bigarrena-ri

  1. egilea: Loroño

    Aupa Ziztazale! Nire gomendioa jarraituz igo zenuela jakiteak poza eman dit. Igoera ondo deskribatu duzu. Ez da ezer sobratzen, akaso oinezko 20 metroak, baina ez da erraza bizikleta gainean pareta hori igotzea. Nik iaz igo nuen baina nahiko kostata eta dauzkadan pinoi guztiak sartuta. desarroiloa beti norberaren neurrira prestatua egon behar da. Niri asko gustatzen zaidan beste igoera bat Elkanokoa da. Zarauzko kanposantutik barrera. Hau ere gogorra da baina polita baita ere. Elkanora iritsitakoan pistatik segi mendian gora eta Urdanetara joan daiteke baina lurra lehorra egotea komeni da bestela irrist egiten dute gurpilek. Urdanetatik ibilbide polita dago Oriora Agorregitik barrena. Pagoeta eta Orio inguruko bide gehienak ezagutzen ditut baina berriak ezagutzeko irrikaz egoten naiz. Ibilbideren bati buruzko iritzia nahi izanez gero esakatu lasai.

  2. egilea: ziztazale

    Iepa,

    Zure komentarioen arabera mendiko bizikletaz ibiltzen zarela iruditzen zait, zergatik ez duzu mendiko bizikletaz egiteko ibilbideen bloga sortzen? Ideia bat da…

    Aiupatu duzun bidea, Elkanotik Urdanetarakoa, behin egin nuen, aspaldi. Baina bide hori ere, gogoan dudanaren arabera, mendiko bizikletaz egitea egokiagoa da… Txatxarro inguratzen du, eta hesiren bat edo beste ere gainditu behar izan genuela gogoratzen dut. Urdanetatik aurrera, pagoetarainokoa eginda daukat, baina egun hartan bizikleta berezia erabili nuen, argazkian ikus daitekeen bezala. Zarauztik pagoetarainoko perfilak ere ikus ditzakezu.

    Badakit neberako hortan (elektrizitateko mazingerra dagoen parean) laurgain aldera jo daitekeela, baina hori ere pista da, eta nire bizikleta ez da horrelako tokietarako egokia:
    .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude