Isturitze eta oxozelaiko harpeak

hasteko, 64 km inguru

hasteko, 64 km inguru

Larunbat gaua Itsasuko kanpinean pasa genuen, hurrengo egunetan egin beharreko ibilbideen nondik norakoak erabakitzen, ez baikenuen aurrez prestatu aste horretan ezagutu eta bixitatu beharrekoen zerrenda. Lehenengo helburutzat Isturitze eta Oxozelaiko harpeak zehaztu genituen. Hara joateko Hazparnetik barrena joatea erabaki genuen, eta handik Lekuine aldera edo Ahierra aldera joan behar ote zen zalantza geneukan. Dena den, Hazparnen “route arqueologique” seinaleak jarraituz, Isturitzeko eta Oxozelaiko lezeetaraino iritsi ginen, Lekuine, Donostiri eta Donamartiri pasa ondoren. Por tzierto, xixtaberri izeneko tokia ere bide horretan dago, eta seinalearen ondoan argazkia ateratzea erabaki genuen, agian jarriko dut blogean kopiaren bat…

Eguraldia aparta eduki genuen, aukeran bero eta guzti. Hori dela eta Donamartirin ondo merezitako kafe eta zerbezak ere eskatu genizkion bertan zeudenekin euskaraz (euskara zela erabakitzea ez zen hain berehalakoa izan!) ari zen tabernariari. Ondoren Leizeen sarreraraino joan ginen bizikletaz (kotxeak beheko parkinean laga behar izan zituzten beste bisitariek) eta sarrera ordaindu ondoren bata bestearen gainean dauden bi leize-zuloak ikusi ahal izan genituen. Zoragarriak bertako estalaktita eta estalagmitak, bai eta urak denboraren poderioz egindako egiturak ere! Atera, bazkaldu eta buelta Heletatik barrena egitea erabaki genuen. Dena aldapa! Heletan festak ziren eta frontoian bazkari herrikoia antolatuta zeukaten kantaldi eta guzti. Zarautzen euskal jaitan egiten den bazkari herrikoian baino jende gehiago zegoen Heletako bazkarian. Ikuskizun bitxia bera.

Heletan ur pixkat lortu ondoren aurrera jarraitu eta parapente egiteko erabiltzen duten mendixka baten lepora iritsi ondoren egundoko sorpresa hartu genuen: Handik Luhosoraino aldapa behera zegoen. Hainbeste aldapen artean ordurarte gorakoak gehiago egin genituenik ez ginen konturatu ere egin. Behin aldapa luze hori jeitsi ondoren Donibane Garazi eta Kanbo lotzen dituen bidearekin bat egin genuen eta azken kilometroak trafiko handiko bide horretan egin genituen. Buelta bukatutakoan eguneko beste momentu atsegina: dutxa, pistinan bainua eta afaria!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Isturitze eta oxozelaiko harpeak-ri

  1. egilea: Mikel

    Hi, Ziztazale, Isturitzeko kobazuloetan estalaktita eta estalagmitez gain “pinturas rupestres” esaten zaien horietakorik ez al zenuten ikusi?

  2. egilea: ziztazale

    Bai Mikel, ondo ari haiz. Harrian egindako animalien marrazkiak ere ikusgai daude, beno, marrazkiak baino gehiago harkaitzean tailatutako irudiak direla esango nuke… Neandertalek edo ondorengo CroMagnondarrek egindakoak diren ez nuen ondo ulertu gabatxo hutsean ari baitzen gidaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude