Etiketaren artxiboa: Kronikak

kronikak

Azkenean barreen tartea iritsi da

Sail ofizial sakon eta mardul baten ostean, Bertand Tavernier zuzendari frantsesak eta David Trueba zuzendari espainiarrak umore puntu bat jarri diote lehiaketa nagusiari. Gaur gauean, gainera, euskal zineak bere gala izango du. Bertan, Mireia Gabilondok, ‘Amaren eskuak’ filma estreinatuko du.

Sail ofiziala

David Trueba hunkitzen zaituen zuzendari horietako bat da. Bere istorioei samurtasun berezia darie, eta Vivir es facil con los ojos cerrados luzemetraia komedia bat den arren, bere estiloa oso agerikoa da. Javier Camara aktorea da protagonista nagusia eta nagusi egin den Francesc Colomer (Pa Negre) nagusiago batekin berriro elkartzeko istorio aproposa dugu hau.

1966an, John Lennon krisialdi existentzialistan dago; Beatlesekin behin betiko amaitzea erabaki du eta aktore izan nahi du. Hala, Almeriara joango da Richard Lester-en agindupean gerraren kontrako film bat grabatzera: Gerra nola irabazi nuen. Antonio, Albaceteko ikastetxe xume bateko ingeleseko irakaslea, Almeriara joango da Lennon ezagutzera, eta ezohiko eskaera bat egingo dio. Bidean, gerora lagun bihurtuko diren bi ezezagun batuko ditu, eta hirurak, nahi gabe, euren eguneroko arazoak atzean utzi, eta bizimodu berri baterantz abiatuko dira.

Sail ofizialeko gaurko bigarren pelikula ere, komedia bat izan da. Tavernier eskarmentu handiko zuzendaria da, eta bere eskua oso agerian geratzen da. Politikaren alde ezkutuan barneratzen da, eta umoreaz baliatzen da kontakizunari abiadura emateko. Kanpo arazoetako ministroaren bulegoan gertatzen diren uneak modu txoro batean kontatzen ditu Tavernierrek Quai D`Orsayn. Diplomazia arazoak, politikariaren kanpo irudia, diskurtsoak, iritzi aldaketak, nazioarteko krisiak… guzti horri punta ateratzen dio zuzendari frantsesak. Dudarik gabe, Kursaalen barre gehien eragin dituen filma izan da.

Gidoia txalotzekoa da eta Thierry Lhermitt aktorearen lana ere, bikaina. Historikoki komediek ez dute zorte handirik izan Zinemaldian eta horrek zapatuko palmaresean egoteko aukerak murrizten dizkio.

‘Gravity’

Atzoko pasea hizki larriz idatzitako horietako bat zen. Venezian alde eta kontrako kritika ugari jaso ostean, Cuaron aita-semeen Gravity  ikusi genuen. Pelikulako irudiak poesia hutsa dira, eta derrigor zinema areto batean ikusi beharreko zinta horietako bat da.

Zoritxarrez, argumentua ona den arren, larregi errepikatzen da, eta horrek ez du gehiegi laguntzen. Bi aktoreen lana, Sandra Bullock eta George Clooneyren lana, ez da bikaina, baina ondo dago. Orokorrean, jende gazteak gustura ikusi du filma, nagusiagoek aldiz… ez dute filma horrenbeste goraipatu. Hollywoodeko film askorekin gertatzen den moduan, entretenimenduak beste guztia estaltzen du.

Euskal zinearen gaua

Bertakoen gaua izango da gaurkoa: Victoria Eugenia antzokia Euskal Herriko glamourraren erakusleihoa izango da, alfonbra gorri eta guzti. Gure zinearen gala amaitu eta gero, Mireia Gabilondo zuzendariaren Amaren eskuak filma emango dute.

Amaren eskuak aurten  Zinemiran pate hartzen duen fikziozko luzemetrai bakarra dugu. Karmele Jaioren eleberrian oinarrituta, Mireia Gabilondok zuzentzen duen istorio honek 38 urteko emakume bati buruz hitz egiten digu. Guk zuzendariarekin tarte txiki bat izateko aukera izan dugu. “Oso barruko istorioa iruditu zitzaidan, oso ondo idatzita. Gauza txikiez oso polito hitz egiten duena, sentimenduez, emozioez. Eta oso identifikatua sentitu nintzen”, azaldu digu Bergarako zuzendariak.

Istorioa unibertsala eta gaur egungoa da. Harremanei buruz hitz egiten du, barnean sendatu ezinik geratzen zaizkigun gauzei buruz. Baina bizitzari aurre egin behar zaiola azpimarratu nahi du: “Bizitza bizi egin behar da, ez dago besterik”.

Gabilondo ez dago urduri eta horrenbeste mimoz egin duen filma erakusteko irrikaz dago. Igo dadila bada antzokiko oihala!

Victoria Eugeniako galaren ostean, gaur berriro bueltatuko gara Bataplanera. Atzo, eguneko bosgarren filma ikusi eta gero, Canibal pelikularen festara gerturatu ginen. Ez zen jende askorik joan, baina protagonistarekin hitz egiteko aukera izan genuen.

Zapatuan jakingo dugu Zilarrezko Maskorra jasotzen duen edo ez; momentuz, baina, De la Torrek “saria urrun” ikusten duela aitortu zigun.

  • SORPRESA: Jonas Cuaron, Alfonso Cuaronen semearen talentua. Bere aitaren ospeak dezente lagundu dion arren, ibilbide luzea izango du zinemagile gazteak. Laster Gael Garcia Bernalekin pelikula bat egingo du; ziur, laster aitak duen ospe bera izango duela.
  • ONA: Animazioa aurtengo zinemaldian izaten ari den babesa. Atzo, Animatopia, atzera begirakoaren liburua aurkeztu zen, eta ekitaldira jende asko gerturatu zen.
  • TXARRA: Principe aretoetan ez dago estaldurarik, eta aurten sare sozialak izaten ari diren oihartzuna ikusita, pena handia da.

(Argazkiak: Haritz Dendategi).

Sorginen biharamunaren ostean Canibalek irentsi gaitu

Atzo –domeka– Donostia sorginez beste ostean, zorionez gaur –astelehena– atseden hartzeko egun arrunta dugu. Ohetik erori eta Kursaalera gosaldu gabe iritsi ostean, ‘Canibal’ filmak jateko gogoak kendu dizkit. Pena izan da, baina eguneko bigarren filma ez zait horrenbeste gustatu.

Sail ofiziala

Dudarik gabe, Canibal filmaren indarra Antonio de la Torre aktorearen errua da. Hanibal Lecter kikilduko lukeen begirada eta keinu batekin, giza haragia jaten duen hiltzailea dugu.

Bere biktimak emakumezkoak izan ohi diren arren, emakume batek bera aldatzea lortuko du. Nola? Zein punturaino? Horren erantzuna urriak 11tik aurrera zinema aretoetan izango duzue. Ziur, epaimahai ofiziala ez dela nirekin bat etorriko, baina De la Torrek, Zilarrezko Maskorra merezi du.

Lastima, baina eguneko bigarren filmak ez du maila mantendu. Austriatik iritsi zaigun Oktober, November-ek ez nau asebete. Bi ahizpen arteko gorabeherak gehiegitan ikusi ditugu eta, adar kontuak, aitaren gaixotasuna… bezalako elementuekin filma arinagoa den arren, zuzendariak ez du lana borobildu.

Pena izan da, La vida de los otros filmean bikain aritu zen Sebastian Koch aktorearen lana bigarren mailakoa da.

Mon Ame par toi guerie (edo Zuk nire arima konpontzen duzu) film konplexua da. Petrikiloa izan nahi ez duen pertsonaia da filmaren funtsa. Bera gizon lasaia da eta doi horri ez dio berebiziko garrantzirik emango. Arazo gehiegi dituen gizona da eta amodioak soilik hobetu dezake bere egoera.

Lan originala da oso, eta ikuspuntua oso apurtzailea. Aktoreek ongi egiten dute lana, baina filmak ez du funtzionatzen. Aharrausi bat baino gehiago entzun nituen zinean. Arratsaldea zen eta akaso siesta garaia zenez… Adi, ze Dupeyron zuzendariak Urrezko eta Zilarrezko maskorrak jaso zituen 1999. urtean, eta horrek pisu handia dauka.

Etorkizun koloretsu eta grisa

Terry Gilliam oso zuzendari argia da. Bere irudimen ahalguztidunak, baina, uste baino oinarri sakonagoak ditu. The Zero Theorem-ek oso etorkizun koloretsua marrazten duen arren, horren atzean norbanakoaren gainbehera izan duen gizarte baten erretratua egiten du.

Korporazio handiek gizartea irentsi dute eta pertsonak beren ogibidearen esklabu dira orain. Gilliam zuzendariak hau guztia etorkizuneko testuinguru batean kokatu duen arren, zenbait unetan gaur egun jasaten ditugun arazoak ere salatzen ditu. Oso pelikula mamitsua denez, tertulia gogoa izan ohi duten lagunekin joatea komeni da.

Carmen Maura Donostia Saria jaso duen lehen espainiar aktore emakumezkoa izan da eta, egia esan, gogoan dudan harrera beroenetako bat egin zion Kursaal aretoak. Saria emateko, Alex de la Iglesia zuzendaria eta Hugo Silva eta Mario Casas, bihar haren bizkartzain jarreran, oholtzaratu ziren.  Maura hunkitua zegoen eta “deskribatu ezin dudan zirrara sentitzen ari naiz”, gaineratu zuen. Saria eskertzeko orduan familiaz gogoratu zen, eta Zinemaldiko antolakuntzari ere mezu bat utzi zion: “Espero dut azkena ez izatea”.

Bilboko zuzendariak Maurari buruz hitz egitea “erraza” zela azpimarratu zuen; eta ondoren, oraindik “Carmenik onena” ikusteko gaudela esan eta “etorkizuneko Carmen” azpimarratu zuen.

Gala bukatu ostean, Goienako lantaldearen asmoa bertan behera geratu zen. Etxera bidean okerreko kaleren bat hartu eta ez dakit nola Las brujas de Zugarramurdi pelikularen festan azaldu ginen.

Gonbiteei uko egitea txarra denez, bertan geratu ginen. Gu, baina, ez ginen kazetari eta aktore bakarrak izan. Atzo Bataplan bete egin zen eta aurpegi ezagun bat baino gehiagoarekin egin genuen topo.

Akaso erredakzioan bat baino gehiago haserretu egingo da, baina Hugo Silvari ezin izan nion argazkia ukatu, berak modu onean eskatu eta nik baietz esan nion; edo alderantziz izan zen? Ez dakit, burukomin honek ez dit gehiago idazten uzten.

P.D.: Joan Manuel Serrat eta Joaquin Sabina lagunak ere Donostian daude.

  • SORPRESA: Antonio de La Torrek Arrasate Irratiko konexioa egiten ari nintzen bitartean “egunon garagardoa” hitzak esatea. Momentuz bera da Zilarrezko Maskorra etxera eroateko aukera gehien dituen aktorea eta bere gertutasunak harritu egin nau.
  • ONA: Carmen Mauraren dotoretasuna. Aktoreak aspaldi Kursaalen entzun den txalo zaparradarik handiena jaso zuen atzo.
  • TXARRA: Atzoko festaren ostean lau ordu lo egin izanaren ondorioak: begi-zuloak, nekea…

(Argazkiak: Haritz Dendategi).

Alex de la Iglesiak sorgindu gaitu

Las brujas de Zugarramurdi izan da asteburuko izarra. Hugo Silva eta Mario Casas aktoreek eromena sortu dute Donostian. Pelikulak Bilboko zuzendariaren klitxe guztiak diru eta dibertigarria den arren, De la Iglesiaren zinea gustuko ez dutenek beste zerbait aukeratu beharko lukete. Horrez gain, Asier Altunak ere atzo aurkeztu zuen Zela Trovke laburra.

Erritmoa hartzen hasi gara eta aurtengo sail ofizialak duen aniztasuna argi geratu da. Lehiaketaren barruan Le week-end filma ikusi dugu lehen orduan. Paris amodio eta pasioaren hiriburua da eta bikote askok bertan konpontzen dituzte euren arteko ezberdintasunak.

Le week-end

Nick eta Meg Britainia Handiko bi irakasle dira, eta Parisera itzuli dira eztei-bidaia egin eta handik urte askora, beren arteko harremana biziberritzeko. Hori, baina, ez da horrela gertatuko eta gauzak ez dira uste bezain borobilak izango, edo bai? Behingoagatik, bikote baten krisitik Paris ezagutzeko aukera originala da.

Dudarik gabe, Las brujas de Zugarramurdi-k enbaxadore ezin hobeak izan ditu, atzo iritsi ziren Hugo Silva eta Mario Casas Donostiara eta ordutik nerabeen bihotzen erritmoak gora egin du. Maria Cristina hotela gaztetxoz bete zen eta oihuak Kursaaletik ere entzuten ziren. Batzuetan izarrek filma bera ezkutatzen dute.

Eromena

Baga, biga, higa… Laboak ez luke inoiz amestuko bere abesti ezaguna Alex de la Iglesiaren film batean egongo zela. Filma entretenigarria da oso, eta Kursaaleko areto nagusia goraino bete da. Lehen fotogramatik zuzendariaren aztarna ironikoa antzematen da eta, aldekoek gogotik txalotu duten arren, bere unibertsoaren jarraitzaile ez direnek, aldiz, gaindosi galanta jaso dute. Pelikula arina dirudi, eta horregatik, akaso, bere ñabardurak ez dira horrenbeste nabari. Zeharka bada ere, De la Iglesiak aurre-produkzio lan sakona egin du. Hala ere, euskal sinbolo eta etnografiari etekin galanta ateratzen dio. “Pelikula sakona baino gehiago, produktu entretenigarri bat egin dut”, aipatu du zuzendariak.

Zugarramurdi.

Gizonezkoen inozokeria, emakumeen gaiztotasuna, matriarkatua… Zuzendariak guztia kolokan jarriko du, eta hau guztia gutxi balitz, Casas eta Silvak ez dute heroi galantaren papera egiten. Alex de la Iglesiaren hasierako lanak gustuko dituztenek gogotik disfrutatzeko film bat da.

Atzo iritsi zen arren, Carmen Maurak atseden hartzeko denbora gutxi izan du. Goiza elkarrizketak egiten pasa ostean, eguerdian filma eta Donostia Sariaren prentsaurrekora ere etorri da. Bere naturaltasunak bereganatu egiten zaitu eta izar gehienek beharko luketen izaera dauka Maurak.

Ez da lotsatu eta bere arrakastaren sekretua aldakortasunari egotzi dio: “Ez naiz paper jakin batean geratu eta nire fisiko arruntari esker oso lan anitzak egiteko aukera izan dut”. 68 urte dituen aktoreak argi utzi du: “Gaueko galan ziurrenik hunkitu egingo naiz”. Adina aipatzean ere bere xarma azaldu digu: “Gaztetasuna, bertute bat baino gehiago, ezaugarri bat da”.

Carmen Maura.

Aktoreak Donostia Saria jasoko du gaur, Zugarramurdiko sorginak Alex de la Iglesiaren azken filmaren estreinaldiaren aurretik, eta eitb.com-ek zuzenean emango du ekitaldia, 21:30etik aurrera.

Perlak eta Zuzendari berriak

Atzokoa egun borobila izan zen. Lehenik Paraiso filmak komedia batek behar dituen elementuak nola bateratu erakutsi zigun. Hasieran, bikote potolo baten bidai baten filma izango dela iruditu arren, gidoiak laster beste norabide bat hartuko du. Dieta batek ezustean bikotearen erlazioa goitik behera aldatuko du eta 80ko hamarkadako abesti ezagunen bitartez barre egiteko aukerak oso ugariak izango dira.

Kore-eda

Hirokazu Kore-edak, aurreko pelikuletan egin duen moduan, ikuslea hunkitzea lortu du. Familiak bere istorioen muina izan ohi dira, eta aurten ere gauza bera egin du. Ryota aita zorrotza da eta semea modu zorrotz batean heziko du. Bat-batean, baina, berak eta emazte Midorik ezusteko dei bat jasoko dute ospitaletik. Haien 6 urteko semea, Keira, ez da beren semea. Ryotak bere bizitza aldatuko duen erabaki bat hartu beharko du: seme naturalarekin ala hazi duen semearekin geratu. Negarra, barrea… Emozioak barrutik kanpora ateratzen dizkizun film horietako bat da Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son.

Debagoienak egin du bere aurkezpena

Atzo aurkeztu zuen Asier Altuna Kixi-k bere Zela Trovke laburmetraia. Kimuak ekimeneko beste lan batzuekin batera, sesio bateratu bat egin zuten. Principe aretoa bete egin zen eta euskal ekoizleen lanek oso kritika onak izan zituzten.

Zela trovke

Aurtengoa uzta ona izan da, eta ea arrakastaren bidetik urtetan jarraitzeko aukera duten.

  • SORPRESA: Paraiso filma. Mexikotik honaino etorri dira paradisua norberak sortu beharreko toki bat dela gogorarazteko. Aurtengo harribitxi horietako bat izan da. Dieta batek ez du inoiz horrenbesterako eman.  A! Las brujas de Zugarramurdi-ko hasierako tituluak demasak dira!
  • ONA: Mario Casas eta Hugo Silvak sortu duten folklorea. Zinemaldi batean, film aukeraketa garrantzitsua den moduan, jarraitzaileen garrasiak ere ezin dira falta, eta atzo gogotik egin zuten garrasi jarraitzaile askok.
  • TXARRA: Hirokazu Kore-eda Cannesera joan izana. Nire zuzendari gustukoenetako bat da. Japoniarraren film guztiak Donostiako Sail Ofizialean egoteko maila dute, baina Cannes Cannes izango da beti.
  • OSO TXARRA: Kimuak film laburretara joan ez izana. Programazio kontuengatik ezinezkoa izan zen eta zoritxarrez, medioek ez diote oihartzun handirik eman. “Euskoglamourrak” ez du katxe handirik izango, baina hemen egindako laburmetraiek, tartean Zela Trovke-k, atentzio apur bat merezi dute.

(Argazkiak: Haritz Dendategi)

Hasiera animatu batetik bigarren egun “bikoitz” batera

Gaueko galarekin hasi genuen ofizialki aurtengo zinemaldia. Bertara Donostian dauden izar guztiak joan ziren. Lehiaketa ofiziala gaur hasi dugu eta lehen aldiz Kursaala isilik utzi duen film bat ikusi dugu.

ARGAZKI GALERIA

Atzokoan  sail ofiziala “animatuta” zetorrela esan ostean, dagoeneko ikusitako filmen ostean, iritzia oso antzekoa da.

Sentimenduen errusiar mendi baten gaudela dirudi. Zinera, informazio apur batekin joatea gustatzen zait, baina aurten alperrikako lana da. Sinopsiak dakarrenarekin apenas uler daitezke zenbait film.

Sail ofiziala

Kursaal aretoari gertatu zaion moduan, ni neu ere mutu geratu naiz. Enemy aurtengo sentsazioa izango zela zirudien eta une honetan oraindik ez dakit zer esan. Jake Gyllenhaal bere bizitza planifikatuegi duen irakasle bat da. Baina kasualitatez bere antza duen pertsona bat ezagutuko du. Ordutik aurrera, guztia okertu egingo da.

Enemy

Filma oso era arraroan bukatzen den arren,  Hitchcock maisuak egingo lukeen bezala, tentsioak besaulkian mantentzen zaitu. Hala ere, norabidea falta zaio, azalpen gehiago… Jose Saramagoren eleberriarekin gertatzen ez den bezala, pelikulak erantzunak eman beharrean galdera gehiago sortzen dizkizu.

Pelo Malo oso film ezberdina da. Arazo ekonomiko ugari dituen ama eta bere semearen arteko harremana kontatzen du. Biak oso ezberdinak dira, hala ere, batak bestearen laguntza behar izaten du.

Pelo malo

Asian esaten den bezala, alde onak alde txarraren beharra izaten du. Hemen ez dago alde on eta txar bat, baina amodioa baino gehiago, zenbait unetan gorrotoa darie bi protagonistei. Izenburuak garrantzia handia du, seme koitaduak ile kizkurra beharrean, lisoa eduki nahi du-eta. Zeharka bada ere, eta amak eragindako eztabaida bat bada ere, homosexualitatearen gaia ere jorratzen da.

Aurtengo perlak

Lehen perlak eta Fipresci nagusia ikusi ditugu; perlek, baina, ez dute hasiera borobila izan. Sail honek oso aurreikuspen altuak izan ohi ditu, eta akaso horregatik, ikuspuntu zorrotzago batekin joateko ohitura dugu.

The face of love

The face of love filmak oso egoera bitxia erretratatzen digu. Nikki, Annette Bening, bere bizitzako amodioa galdu eta bost urtera, Nikki lehen begiratuan maiteminduko da berriz, baina bigarren amodio hori benetakoa izango da? Posible da ahaztu ez duzun maitalea beste batekin ordezkatzea? Erantzun korapilatsu galdera hauek erantzuten saiatuko da pelikula, eta ongi egina dagoen arren, nik gehiago espero nuen.

Fipresci sariarekin aldiz kontrakoa gertatu zait. Ez naiz kritikoen epaiaren zain egoten den horietako bat eta aurtengoa hiru orduko filma zela ikusi ostean… Nire itxaropen guztiak galduak nituen, baina La vie d’Adèle gerora zure barrenak astindu eta pelikulari bere balioa ematen diozun horietako bat da.

Adele.

Bi lesbianaren maitasun harremanaz mintzo da. Pertsonaiek ohikoa ez den sakontasun bat dute eta aukeran 40 minutu kenduko nizkion arren, zinetik atera ostean uzten dizun aztarnari esker ulertzen duzu pelikularen benetako balioa. Orain arte ikusi ditudan filmen artean, leunena da. Sexua oso agerian ikusten den arren, samurra da, gozoa. Arinkeriatik urrun, sentimenduak, bizitzaren norabidea eta bakoitzaren amets eta beldurrak agerian uzten dituen pelikula da hau.

Gala eta festa

Hasiera galak ez zuen inor konforme utzi. Aurreko urteetan erabilitako formula atzean utzi eta Cayetana Guillen Cuervo eta Unax Ugalde izan ziren aurkezleak. Entsegu gutxi, testu luzea… Hamaika arrazoi egon arren, ez ziren euren tokitik mugitu eta gala motza den arren, askori luzea egin zitzaien.

Gala.

Egia esateko, 30 minututan, erritmoa, izarrak, entretenimendua… dituen gala bat egitea ez da batere erraza.

Horren ostean Goienako lantaldea, nahi ez zuen arren, atzo San Telmon egin zuten hasiera festan egon zen. Batzuekin eta besteekin hitz egin bitartean mokadutxo eta ardo apur bat dastatzeko aukera ere izan genuen.

Zinemaldian, baina, guztia ez da festa eta algara. Jaeger-LeCoultre erloju etxeak Aladina fundazioarekin bat egin du, gaixo dauden umeek oporraldi zoragarri bat izateko. Ziur, atzo gertatu zen bezala, ondorengo egunetan ere, Suitzako etxeak egindako erloju ugari ikusiko ditugula izarren eskumuturretan.

Jaeger

Ah! Ahaztu aurretik, garrasi egiteko gogoa dutenek bizkor ibili beharko dute, Mario Casas eta Hugo Silva gaur arratsaldean iritsiko dira-eta.

Zipi y Zape

Helduxeagoek garrasi egiten duten bitartean, etxeko txikiek ederto pasako dute Zipi-Zaperen, kaniken kluba pelikularekin.

Azken txutxu-mutxu batekin amaituko dut, Alex de la Iglesia ez da protokolo zalea eta atzoko gala eta festara joan beharrean, alde zaharretik pitxoak jaten egon zen; ziur gaur gauza bera egingo duela. Ongi ireki zuen zine eta pintxo zaleok!

  • SORPRESA: Unax Ugalderen trajea. Normalean gizonok, traje kontuetan, beltza arrunt soso bat aukeratzeko ohitura izaten dugu eta Unaxek, atzo, normaltasun horri buelta eman zion.
  • ONA:La vie d’Adèle, hiru ordu luzeko filmak uste baino ñabardura eta matiz gehiago ditu. Hasiera batean 250 kritikok aukeratutako beste pelikula arraro bat dirudien arren, ohikoa ez den sakontasun bat duten pertsonaia batzuei esker, istorioak bereganatu egiten zaitu. Bi aktoreek, gainera, bikain egiten dute lan.
  • TXARRA: Pelikula bat komertzialagoa izan dadin zuzendari askok egiten dituzten sarraskiak. Ez dut izenik aipatuko baina 15 minutuko istorio on bat 90 minututan kontatzean, istorioa bera ere okertu egiten da. Badakit erdimetraia ahaztu samar dugula, baina…

(Argazkiak: Haritz Dendategi).

3,2,1 EKIN!!! Hasi da 61. Donostia Zinemaldia

Atzo eta gaur artean iritsiko dira, Zinemaldi hasierako izar gehienak Donostiara. Bitartean, prentsak ikusi dugu lehen filma, marrazki bizidunak eta 3D. Campanellak bere ukitua eman dio Futbolin filmari: berezia, hunkigarria.

Abenduak 25eko goiza dirudi, gaztetxoak izango bagina bezala opariz bete digute gure kutxatila. Kanikak, Doraemon bat… Nabari da 61. Zinemaldia berritu edo gaztetuta datorrela.

Lehiaketatik kanpo aurkeztu den arren, Futbolin-ek Kursaala entretenitu du. Juan Jose Campanella ez da akzio asko dun zuzendaria, baina kasu honetan jendeak hunkitzeaz gain, barreak ere eragin ditu.

Animazioak ematen dituen aukerez baliatuta, film polita egin du Campanellak. Argentina eta Espainiaren arteko koprodukzio bat denez, hemen Arturo Valls eta Michelle Jenner aktoreen ahotsak entzungo ditugu. Campanellak, bere ohiko umorearekin El secreto de sus ojos filmaren auziaz ere mintzatu da “kritika onak jaso ostean, sari bat espero nuen baina ez zen horrelakorik gertatu, hala ere pozik jaso nuen Zinemaldian parte hartzeko gonbita”, azpimarratu du zuzendariak.

IMG_0733

Ez dut film osoa kontatuko baina etsai, neska eta heroiaren arteko triangeluaz haratago, une on asko dituen amodio/abenturazko luzemetrai bat egitea lortu du zuzendari Argentinarrak. Kontuz, ze Futbolin izenburua duen film honetan, futbolak ez du berebiziko garrantzirik. Pelikulak, Pixar edo Dreamworks ekoiztetxeek egiten dituzten luzemetraiak baino efektu gutxiago izan arren, une garrantzitsuetan 3Dak istorioari sinesgarritasun handia ematen dio.

Maria Cristina hotela

Gaurkoa beroketa bat besterik ez da izan, aurtengo sail ofizialeko lehiaketa bihar hasiko dugu-eta.

Lehen egun honetan, izarrekin topo egin nahi dutenek Donostiako hotel ospetsura hurbildu beharko dira. Bertara iritsi ziren atzo besteak beste, Annette Bening eta Oliver Stone. Gaur ere, izarrak ikusteko toki aproposa da Maria Cristina hotela, Diego Luna eta Terry Gilliam datozen orduetan iritsiko baitira.

ANNETTE BENING

Normalean fokuen atzean geratzen den gelara ere sartu gara. Izarrak photocallaren ostean, gela honetan hartzen dute atseden. Gela honetatik pasako dira 61. Zinemaldia honetako izar guztiak, tartean, aurtengo bi Donostia sariak Hugh Jackman eta Carmen Maura. Beste urte batzuetan oso itxura ezberdina duen arren, aurten Zinemaldiko babesleetako bat apaindu du gela hau baina pribatua da.

fotoVIP

Izarrak ikusteko toki aproposena, euriak lagatzen badu, Kursaaleko alfonbra gorria izango da. Bertatik pasako dira, besteak beste, Unax Ugalde, Barbara Goenaga, Kore-eda, Campanella, Arturo Valls… Donostiara hurbiltzerik ez dutenek lasai ze ETB1ek zuzenean eskainiko ditu irekiera eta itxiera galak (hilaren 20an eta 28an). Gainera, Donostia Saria emateko galak eta Zinemira sariaren gala (hilaren 24an) ere eskainiko ditu ETBk. Horiek guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira eitb.com-en.

  • SORPRESA: Futbolin filma, kontrakoa badirudi ere, futbola atsegin ez dugunok ederto pasa dugu.
  • ONA: Annette Bening eta Oliver Stone. Estatu Batuetatik gaurko galara glamourra ekarri duten hiru izarra iritsi dira Donostiara.
  • TXARRA: Eguraldia. Zinemaldia aretoetan gozatzen dugun arren, kaleko giro eta talde eztabaidak aurten aterkipean egin beharko ditugu.

(Argazkiak: Haritz Dendategi).