Australiako aktorea atzo iritsi zen Donostiara eta hemen 24 ordu baino ez ditu igaroko. Halere, orain arte erakutsi duen aldarte onarekin ikuslego, kritika eta prentsa guztia bereganatu ditu. Gaur goizean, gainera, bizikleta hartu eta Donostiako zenbait txoko bisitatu ditu.
Donostia eta Hugh Jackman elkar maitemindu dira. Atzo iritsi zen Donostiara eta jendeak ongi etorri beroa eman zion. Maria Cristina Hotelean ederto lo egin eta gero, goizean (bizkartzainen konpainiarekin) Denis Villeneuve zuzendariak Jackmani Donostia erakutsi dio. 8:30ean Kontxa, Zurriola… hiriburuko txokorik ezagunenak bisitatu dituzte. “Oso hiri ederra da, zenbait txokok Sydneyren antza dute”, zioen aktore australiarrak.
Prentsaurrekoa apur bat atzeratu den arren, Jackman-ek berehala baretu gaitu. Umoretsu etorri da, eta hainbat txiste ere egin ditu. Azken urteetako prentsaurreko onenetako bat izan da. Edozein motako galderak erantzuteko prest agertu da. Oscar sariak aurkezteko proposamena jaso zueneko anekdota txiki bat ere gogoratu du “emazteari Oscarretako aurkezlearekin oheratuko zela esan nionean, berehala galdetu zuen: ‘Non dago Billy Cristal?’” kontatu du barre artean.
Donostia saria jasotzea ohore bat dela aipatu du arren, argi utzi du “pozik bizitzeko egiten dut lan, ez sariak eskuratzeko”. Argi dago, Zinemaldian ikusitakoaren ostean akats gutxiko gizona dela. Azken urteotan gainera, gizonezko sexy-enen kiniela guztietan egon ohi da: “Zer da munduko gizon sexy-ena izatea? 18 urte nituenean inork ez zidan horrelakorik esaten”.
Donostiara baina, ez da soilik sari bat jasotzera etorri. Denis Villeneuve zuzendari kanadarraren Prisoners aurkeztera ere etorri da.
Keller Dover-ek, Hugh Jackman, aita baten amesgaiztorik okerrenari egin beharko dio aurre. Sei urteko alaba Anna, eta bere laguntxoa, Joy, desagertu egin dira, eta orduek aurrera egin ahala, izua nagusituko da. Etsita, egoera bere gain hartzea erabakiko du. Abiapuntua latza den arren, egoera korapilatu besterik ez da egingo. Thriller ilun hau oso ongi egina dago, bukaera aldera gidoiak hutsegite bat edo beste izan arren, oso gomendagarria da. Jackman baina ez da aktore bakarra eta Jake Gyllenhaal, Maria Bello, Terrence Howard, Viola Davis edo ia ezagutezin azaltzen den Melissa Leo baten laguntzarekin tentsioan mantentzen zaitu. Ziur otsailean Oscar sarietarako izendapenen bat lortuko duela.
Sail ofiziala
Jokatu beharreko guztia mahaian dago. Donostia Zinemaldiko Sail ofizialean lehiatu diren film guztiak aurkeztuta, orain Todd Haynes buru duen nazioarteko epaimahaiari egokituko zaio sariak ematea. Aurten epaimahaiak lan nekeza izango du, oso sail anitza izan dugu-eta. Euren emaitza bihar gauean Kursaalean egingo den gala iritsi arte sekretua izango da.
Lehiaketa amaitzeko, gaur goizean Fernando Franco zuzendariak La herida drama gordina aurkeztu eta gero. Filmak Ana du protagonista, anbulantziak gidatzen dituen 30 urteko neska. Berak ez daki, baina mugako nortasun-nahasmendua du, eta horrek bere burua zauritzera eramaten du. Zuzendariak aipatu duenez, bere lehen ideia dokumental bat egitea zen, baina azkenean oso fikzio erreala egin du.
Erdipurdiko gidoi bat duenez pelikulak bere osotasunean ez luke saririk jaso beharko, baina Marian Alvarezek emakumezko aktore onenaren zilarrezko maskorra eskuratzeko aukera handiak ditu. Euren papera bigarren mailako den arren, Ramon Agirre eta Ramon Barea aktore euskaldunek euren tokitxoa dute film honetan.
Bihar zenbait komunikabideri egindako kinielan argituko dira prentsaren filia eta fobiak.
(Argazkiak: Haritz Dendategi)