Amaitu da lehiaketa

Ewan McGregorrek zuzendari moduan eginiko lehen lana aurkeztu du aktoreak Sail Ofizialean. Philip Roth idazlearen American Pastoral eleberria film bihurtu du eskoziako aktoreak. Horrez gain, aurtengo lehiaketa itxi duten Ikari ekoizpen japoniarra eta Hego Koreako Dangsinjasingwa dangsinui geot filmak ere ikusi ditugu. Zinemaldiaren azken egunetan Richard Gere iritsi da.

richard-gere-1american-pastoral-1

Argi dago Ewan McGregorrek erronkak atsegin dituela, eta kameraren atzean egin duen lehen lana, izaera horren isla da. Eskoziakoak American Pastoral eleberri ezaguna egokitzeko desafioa onartu zuen eta bere alboan Dakota Fanning eta Jennifer Connelly izan ditu.

american-pastoral-2

Aktoreak prentsaurrekoan azaldu duenez, kasualitatez hartu zuen zuzendaritzaz arduratzeko lana, proiektua bertan behera gelditu ez zedin.

McGregorrek 60ko hamarkadan, egun batetik bestera, bere bizimodu eredugarria galtzen ikusten duen familia baten istorioa ekarri du sail ofizialera. Egia da prentsa eta kritikoek ez diotela harrera onik eman filmari, baina jende aurrean egindako lehen pasean, txaloz hartu dute American Pastoral.

Hasiberri batek egindako filma izateko ongi dago, baina egia da, une eta pertsonaia asko azaletik baino ez dituela landu McGregorrek.

Sail ofiziala

Bederatzi egun, eta film ugariren ostean, amaitu da lehiaketa, eta nola gainera! Ekialde urrunetik  ekarritako bi film zeharo desberdinekin.

Jarduneko lehena Ikari japoniarra izan da. Zinemaldian I saw the devil filmak hasitako ibilbidea jarraitzera etorri da Ikari. Erailketa bortitz bat da film honen hasiera, eta hortik aurrera amorrua eta misterioak lotutako istorio bat sortu du zuzendariak.

ikari-1

Ez da bere film onena, baina ilusioa egin dit, Ikarin ageri den Ken Watanabe aktorea ikusteak.

Ez zaie arrazoirik falta Hong Sang-soo zuzendari korearrari Asiako Woody Allen ezizena jarri ziotenean. Dangsinjasingwa dangsinui geot film landua da, pertsonaiak ongi egituratuta daude, eta agian sariren bat edo beste lor dezake.

yourselfandyours

Youngsoo margolariak jakin du bere emaztegai Minjung beste gizon batekin izan zela kopa batzuk hartzen eta harekin borroka egin zuela. Gau hartan bikoteak eztabaida bat izango du, eta Minjung etxetik irtengo da, denbora-tarte batean elkar ez ikustea komeni zaiela esanez. Biharamunean, Youngsoo haren bila joango da, baina ez du topatuko.

Bi harribitxi: ‘Frantz’ eta ‘After the Storm’

François Ozon zuzendari ezagunaren Frantz filma izan da sorpresa atseginetako lehena.  Gerraren bidegabekeriez mintzo den lan honek istorio polita dauka atzean. Dramak hasieratik harrapatzen zaitu eta minutuak oso bizkor pasatzen dira, bizkorregi agian.

frantz

Ozonek gezur baten atzean dagoen errukia eta beldurra azaleratzen ditu azken lan honetan. Bakezaletasuna eta barkamenaren aldeko ikuspegia defendatzen dituen arren, krudeltasuna eta bidegabekeria ere erakusten ditu frantziarrak.

Bigarren harribitxia Hirokazu Koreedaren After the Storm filma izan da. Japoniarrak istorio txikiak kontakizun handi bihurtzeko doia dauka, eta lan honetan ere hori agerian geratzen da.

koreeda2

Ryota iraganean bizi da, egile saritu moduan emandako ospe-uneetan. Dibortziatu eta gero lasterketetan gastatuko du irabazten duen diru guztia, eta ezingo du semearen mantenu-pentsioa ordaindu. Pelikulak drama kutsua duen arren, barrea ere eragiten du. Filmaren gauza hoberena amaiera da, zuzendariak berak nahi zuena eman dio-eta, klitxe eta topikoak albo batera utziz.

Txutxumutxuak

Azkenean iritsi da Richard Gere, oraingo honetan, bere aurpegi solidarioena erakustera etorri da. Aktoreak solidario fama dauka, eta etxerik ez duten pertsonen kargu egiten den Rais fundazioarekin eskutik etorri da gurera.

richard-gere-2

Gaur, fundazio horren egoitzetako bat bisitatu du Eneko Goia alkatearekin batera, eta bihar, kalean bizi diren pertsonen egoera zalantzen duen Time Out of Minds lana erakutsiko du Kursaalean.