Moises eta Israelgo herriak egin zuten bezala, gu ere desertuan barrean oinez goaz, izarren oasia aurkitu arte. Gauean iritsiko da Hugh Jackman Donostiara eta, gauerdia baino lehentxeago, jarraitzaile askoren garrasiek apurtuko dute Gipuzkoako hiriburuan ohiko isiltasuna.
Benetan gertatutako tragedia batean oinarritu da Atom Egoyan zuzendaria Devil´s Knot filma egiteko. 1993ko maiatzean 8 urte inguruko hiru mutiko etxetik atera ziren bizikletekin eta ez ziren etxera itzuli. Hurrengo egunean ibaian aurkitu zituzten hilda. Reese Whiterspoon eta Colin Firth ditu protagonista, eta oso txalotuak izan dira Kursaalen. Nire ustez, sail ofizialerako, pelikula komertzialegia da, eta une askotan Antena 3k zapatu arratsaldetan jartzen dituen thriller horien usaia dario.
Egoyanek berak azaldu duenez, filmari ekin zionean dokumentazio handiarekin egin zuen topo. Izan ere, kasu oso ezaguna da AEBetan, eta hainbat dokumental egin dira egun hartan gertatutakoaz. Epaiketan hiru gaztetxo kondenatu zituzten, satanismoarekin lotura zutelakoan eta haren ondorioz hiru haurrak hil zituztelakoan. Gerora, ordea, sententzia bera ere kolokan jarri duten froga ugari agertu dira.
Eguneko bigarren filmak iluntasun ukitu bat duen arren, ez da lehena bezalakoa. Kym Australiako turista bat da eta Balkanetan barrena barne bidaia bat egingo du. Hasieran turista soil bat den arren, Jugoslaviako gerrako gertakari batek bere norabidea zeharo aldatuko du.
For those who can tell no tales-ek gehienetan emakumeek gerra garaian jasaten dituzten tratu txarretan murgiltzen zaitu. Nabari da Jasmila Zbanic zinemagile bosniarrak bere herriaren historia ongi ezagutzen duela, eta horri esker orain arte erakutsi ez diguten ikuspuntu berri bat erakustea lortu du. Filma ez da oso borobila, baina Kym Vercoek emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratzeko aukera asko ditu.
Perlak saila
Aurten hitz eder gehien jasotzen ari den saila perla atala da. Bertan, beste zinemaldi batzuetan aurkeztu diren filmak eskaintzen dituzte, eta aurten antolakuntzak egin duen aukeraketa azken urteotako onena izan da.
Dallas buyers club ikusteko antzoki zaharra txiki geratu zen eta, prentsako guztiok espero genuen bezala, filmak baino bere aktoreek eman dizkigute horretarako arrazoi gehien; Matthew McConaughey hiesa duen gizon bat da.
Zientzia fikzioa ez da inoiz nire genero gogokoena izan, baina About time oso bestelakoa da. Denboran salto egin dezakeen mutil baten bizitzan oinarritzen da, baina ez da bere dohain horretan zentratzen.
Efektu gutxirekin egindako filmak hausnarketarako tartea uzten dizu. Bigarren aukerei egindako film bat da baina, honelako pelikula askotan gertatzen ez den bezala, hemen akzio berri bakoitzak etorkizuna goitik behera aldatzen du. Lasai, laster egongo da-eta zinema aretoetan gidoi ona eta musika hobea dituen komedia hunkigarri hau.
Savage Cinema
Redbull edari etxeak Donostia Zinemaldiaren 61. ediziora akzio-kirolei buruzko munduko historia eta erronka handienetako batzuk ekarri ditu. Lehiazkoa ez den eta Red Bull Media House etxearekin batera antolaturiko saila, Savage Cinema, guztira sei filmek osatzen dute.
Gaur eguerdian hori promozionatzeko, eskalatzaile batek Kursaala eskalatu du eta jende asko gerturatu da Kursaaleko terrazetatik hori ikustera.
P.D.: Atzoko txutxu-mutxu ofizioso hura, ez da txutxu-mutxu izatetik pasa. Pena…
- SORPRESA: Matthew McConaugheyren lana Dallas Buyers Club filmean izugarria eta Oscar usaina dario. Bere arerio bakarra film bereko Jared Leto izan daiteke, nire ustez; biek Oscar sarietarako izendapena lortuko dute.
- ONA: Hugh Jackman gaur iritsiko da Donostiara. Parisen egun pare bat igaro ostean, 23:30ak aldera iritsiko da Zinemaldira.
- TXARRA: Helena Bonham Carter amaierako galan aurkeztuko duten The Young and Prodigious T.S. Spivet filmera etortzekoa zen, baina, azkenean, ezin izan du Donostiako Zinemaldiaren gonbidapena onartu, agenda profesionalarekin lotutako kontuak direla-eta.
(Argazkiak: Haritz Dendategi).