Atzo –domeka– Donostia sorginez beste ostean, zorionez gaur –astelehena– atseden hartzeko egun arrunta dugu. Ohetik erori eta Kursaalera gosaldu gabe iritsi ostean, ‘Canibal’ filmak jateko gogoak kendu dizkit. Pena izan da, baina eguneko bigarren filma ez zait horrenbeste gustatu.
Sail ofiziala
Dudarik gabe, Canibal filmaren indarra Antonio de la Torre aktorearen errua da. Hanibal Lecter kikilduko lukeen begirada eta keinu batekin, giza haragia jaten duen hiltzailea dugu.
Bere biktimak emakumezkoak izan ohi diren arren, emakume batek bera aldatzea lortuko du. Nola? Zein punturaino? Horren erantzuna urriak 11tik aurrera zinema aretoetan izango duzue. Ziur, epaimahai ofiziala ez dela nirekin bat etorriko, baina De la Torrek, Zilarrezko Maskorra merezi du.
Lastima, baina eguneko bigarren filmak ez du maila mantendu. Austriatik iritsi zaigun Oktober, November-ek ez nau asebete. Bi ahizpen arteko gorabeherak gehiegitan ikusi ditugu eta, adar kontuak, aitaren gaixotasuna… bezalako elementuekin filma arinagoa den arren, zuzendariak ez du lana borobildu.
Pena izan da, La vida de los otros filmean bikain aritu zen Sebastian Koch aktorearen lana bigarren mailakoa da.
Mon Ame par toi guerie (edo Zuk nire arima konpontzen duzu) film konplexua da. Petrikiloa izan nahi ez duen pertsonaia da filmaren funtsa. Bera gizon lasaia da eta doi horri ez dio berebiziko garrantzirik emango. Arazo gehiegi dituen gizona da eta amodioak soilik hobetu dezake bere egoera.
Lan originala da oso, eta ikuspuntua oso apurtzailea. Aktoreek ongi egiten dute lana, baina filmak ez du funtzionatzen. Aharrausi bat baino gehiago entzun nituen zinean. Arratsaldea zen eta akaso siesta garaia zenez… Adi, ze Dupeyron zuzendariak Urrezko eta Zilarrezko maskorrak jaso zituen 1999. urtean, eta horrek pisu handia dauka.
Etorkizun koloretsu eta grisa
Terry Gilliam oso zuzendari argia da. Bere irudimen ahalguztidunak, baina, uste baino oinarri sakonagoak ditu. The Zero Theorem-ek oso etorkizun koloretsua marrazten duen arren, horren atzean norbanakoaren gainbehera izan duen gizarte baten erretratua egiten du.
Korporazio handiek gizartea irentsi dute eta pertsonak beren ogibidearen esklabu dira orain. Gilliam zuzendariak hau guztia etorkizuneko testuinguru batean kokatu duen arren, zenbait unetan gaur egun jasaten ditugun arazoak ere salatzen ditu. Oso pelikula mamitsua denez, tertulia gogoa izan ohi duten lagunekin joatea komeni da.
Carmen Maura Donostia Saria jaso duen lehen espainiar aktore emakumezkoa izan da eta, egia esan, gogoan dudan harrera beroenetako bat egin zion Kursaal aretoak. Saria emateko, Alex de la Iglesia zuzendaria eta Hugo Silva eta Mario Casas, bihar haren bizkartzain jarreran, oholtzaratu ziren. Maura hunkitua zegoen eta “deskribatu ezin dudan zirrara sentitzen ari naiz”, gaineratu zuen. Saria eskertzeko orduan familiaz gogoratu zen, eta Zinemaldiko antolakuntzari ere mezu bat utzi zion: “Espero dut azkena ez izatea”.
Bilboko zuzendariak Maurari buruz hitz egitea “erraza” zela azpimarratu zuen; eta ondoren, oraindik “Carmenik onena” ikusteko gaudela esan eta “etorkizuneko Carmen” azpimarratu zuen.
Gala bukatu ostean, Goienako lantaldearen asmoa bertan behera geratu zen. Etxera bidean okerreko kaleren bat hartu eta ez dakit nola Las brujas de Zugarramurdi pelikularen festan azaldu ginen.
Gonbiteei uko egitea txarra denez, bertan geratu ginen. Gu, baina, ez ginen kazetari eta aktore bakarrak izan. Atzo Bataplan bete egin zen eta aurpegi ezagun bat baino gehiagoarekin egin genuen topo.
Akaso erredakzioan bat baino gehiago haserretu egingo da, baina Hugo Silvari ezin izan nion argazkia ukatu, berak modu onean eskatu eta nik baietz esan nion; edo alderantziz izan zen? Ez dakit, burukomin honek ez dit gehiago idazten uzten.
P.D.: Joan Manuel Serrat eta Joaquin Sabina lagunak ere Donostian daude.
- SORPRESA: Antonio de La Torrek Arrasate Irratiko konexioa egiten ari nintzen bitartean “egunon garagardoa” hitzak esatea. Momentuz bera da Zilarrezko Maskorra etxera eroateko aukera gehien dituen aktorea eta bere gertutasunak harritu egin nau.
- ONA: Carmen Mauraren dotoretasuna. Aktoreak aspaldi Kursaalen entzun den txalo zaparradarik handiena jaso zuen atzo.
- TXARRA: Atzoko festaren ostean lau ordu lo egin izanaren ondorioak: begi-zuloak, nekea…
(Argazkiak: Haritz Dendategi).