Gaueko galarekin hasi genuen ofizialki aurtengo zinemaldia. Bertara Donostian dauden izar guztiak joan ziren. Lehiaketa ofiziala gaur hasi dugu eta lehen aldiz Kursaala isilik utzi duen film bat ikusi dugu.
Atzokoan sail ofiziala “animatuta” zetorrela esan ostean, dagoeneko ikusitako filmen ostean, iritzia oso antzekoa da.
Sentimenduen errusiar mendi baten gaudela dirudi. Zinera, informazio apur batekin joatea gustatzen zait, baina aurten alperrikako lana da. Sinopsiak dakarrenarekin apenas uler daitezke zenbait film.
Sail ofiziala
Kursaal aretoari gertatu zaion moduan, ni neu ere mutu geratu naiz. Enemy aurtengo sentsazioa izango zela zirudien eta une honetan oraindik ez dakit zer esan. Jake Gyllenhaal bere bizitza planifikatuegi duen irakasle bat da. Baina kasualitatez bere antza duen pertsona bat ezagutuko du. Ordutik aurrera, guztia okertu egingo da.
Filma oso era arraroan bukatzen den arren, Hitchcock maisuak egingo lukeen bezala, tentsioak besaulkian mantentzen zaitu. Hala ere, norabidea falta zaio, azalpen gehiago… Jose Saramagoren eleberriarekin gertatzen ez den bezala, pelikulak erantzunak eman beharrean galdera gehiago sortzen dizkizu.
Pelo Malo oso film ezberdina da. Arazo ekonomiko ugari dituen ama eta bere semearen arteko harremana kontatzen du. Biak oso ezberdinak dira, hala ere, batak bestearen laguntza behar izaten du.
Asian esaten den bezala, alde onak alde txarraren beharra izaten du. Hemen ez dago alde on eta txar bat, baina amodioa baino gehiago, zenbait unetan gorrotoa darie bi protagonistei. Izenburuak garrantzia handia du, seme koitaduak ile kizkurra beharrean, lisoa eduki nahi du-eta. Zeharka bada ere, eta amak eragindako eztabaida bat bada ere, homosexualitatearen gaia ere jorratzen da.
Aurtengo perlak
Lehen perlak eta Fipresci nagusia ikusi ditugu; perlek, baina, ez dute hasiera borobila izan. Sail honek oso aurreikuspen altuak izan ohi ditu, eta akaso horregatik, ikuspuntu zorrotzago batekin joateko ohitura dugu.
The face of love filmak oso egoera bitxia erretratatzen digu. Nikki, Annette Bening, bere bizitzako amodioa galdu eta bost urtera, Nikki lehen begiratuan maiteminduko da berriz, baina bigarren amodio hori benetakoa izango da? Posible da ahaztu ez duzun maitalea beste batekin ordezkatzea? Erantzun korapilatsu galdera hauek erantzuten saiatuko da pelikula, eta ongi egina dagoen arren, nik gehiago espero nuen.
Fipresci sariarekin aldiz kontrakoa gertatu zait. Ez naiz kritikoen epaiaren zain egoten den horietako bat eta aurtengoa hiru orduko filma zela ikusi ostean… Nire itxaropen guztiak galduak nituen, baina La vie d’Adèle gerora zure barrenak astindu eta pelikulari bere balioa ematen diozun horietako bat da.
Bi lesbianaren maitasun harremanaz mintzo da. Pertsonaiek ohikoa ez den sakontasun bat dute eta aukeran 40 minutu kenduko nizkion arren, zinetik atera ostean uzten dizun aztarnari esker ulertzen duzu pelikularen benetako balioa. Orain arte ikusi ditudan filmen artean, leunena da. Sexua oso agerian ikusten den arren, samurra da, gozoa. Arinkeriatik urrun, sentimenduak, bizitzaren norabidea eta bakoitzaren amets eta beldurrak agerian uzten dituen pelikula da hau.
Gala eta festa
Hasiera galak ez zuen inor konforme utzi. Aurreko urteetan erabilitako formula atzean utzi eta Cayetana Guillen Cuervo eta Unax Ugalde izan ziren aurkezleak. Entsegu gutxi, testu luzea… Hamaika arrazoi egon arren, ez ziren euren tokitik mugitu eta gala motza den arren, askori luzea egin zitzaien.
Egia esateko, 30 minututan, erritmoa, izarrak, entretenimendua… dituen gala bat egitea ez da batere erraza.
Horren ostean Goienako lantaldea, nahi ez zuen arren, atzo San Telmon egin zuten hasiera festan egon zen. Batzuekin eta besteekin hitz egin bitartean mokadutxo eta ardo apur bat dastatzeko aukera ere izan genuen.
Zinemaldian, baina, guztia ez da festa eta algara. Jaeger-LeCoultre erloju etxeak Aladina fundazioarekin bat egin du, gaixo dauden umeek oporraldi zoragarri bat izateko. Ziur, atzo gertatu zen bezala, ondorengo egunetan ere, Suitzako etxeak egindako erloju ugari ikusiko ditugula izarren eskumuturretan.
Ah! Ahaztu aurretik, garrasi egiteko gogoa dutenek bizkor ibili beharko dute, Mario Casas eta Hugo Silva gaur arratsaldean iritsiko dira-eta.
Helduxeagoek garrasi egiten duten bitartean, etxeko txikiek ederto pasako dute Zipi-Zaperen, kaniken kluba pelikularekin.
Azken txutxu-mutxu batekin amaituko dut, Alex de la Iglesia ez da protokolo zalea eta atzoko gala eta festara joan beharrean, alde zaharretik pitxoak jaten egon zen; ziur gaur gauza bera egingo duela. Ongi ireki zuen zine eta pintxo zaleok!
- SORPRESA: Unax Ugalderen trajea. Normalean gizonok, traje kontuetan, beltza arrunt soso bat aukeratzeko ohitura izaten dugu eta Unaxek, atzo, normaltasun horri buelta eman zion.
- ONA:La vie d’Adèle, hiru ordu luzeko filmak uste baino ñabardura eta matiz gehiago ditu. Hasiera batean 250 kritikok aukeratutako beste pelikula arraro bat dirudien arren, ohikoa ez den sakontasun bat duten pertsonaia batzuei esker, istorioak bereganatu egiten zaitu. Bi aktoreek, gainera, bikain egiten dute lan.
- TXARRA: Pelikula bat komertzialagoa izan dadin zuzendari askok egiten dituzten sarraskiak. Ez dut izenik aipatuko baina 15 minutuko istorio on bat 90 minututan kontatzean, istorioa bera ere okertu egiten da. Badakit erdimetraia ahaztu samar dugula, baina…
(Argazkiak: Haritz Dendategi).