Etiketaren artxiboa: diseinua

EITBren logoa plagiatu omen nuenekoa

Debagoieneko Telebista (GOITB) ordura arte Arrasate Telebista (ATB) zenaren bideari jarraituta sortu zen.

Goiena hedatzear zegoela eta ordura arteko herri telebista izatetik bailara osora zabalduko zela-eta, elkarte bien nortasun korporatiboa egitea erabaki zuen Goienak. Niri eskatu zidaten elkartearen eta telebistaren irudia lantzea.

Goienaren logoarekin hasi nintzen, gero hura oinarri bezala baliagarria izango zelakoan telebistarena egiteko. Lanek luze jo zuten, eta, artean, telebistaren hedatzea atzeratu egin zen. Momentu bat iritsi zen irudi grafiko osoa bukatuta zegoela, baina oraindik Arrasate Telebista izenarekin eta itxurarekin emititzen zela.

Azkenean, 2000. urteko maiatzaren hasieran GOITBren irudi grafikoa kaleratu genuen: prentsa aurkezpena, furgoneta margotuta, mikrofonoak jantzita, telebistako promoak eginda, paperak inprimatuta…

Handik egun gutxira, maiatzaren 22an, EITB-k ere bere irudi berria aurkezteko jaia egin zuen; gogoratuko duzue, akaso, gala hura: Félix Linares James Bond papera hartu nahian, ordura arte sekretuan gordeta zegoen (!) logo berria CD batekin agertzen zela telebistan…

Aitortu behar dut gure artean ere ikusmina sortu zuela logo berriaren aurkezpenak; izan ere, aurreko ETBren txoritxoa Arrasateko diseinu talde batek egina zen, JJK diseinu taldeak, hain zuzen.

Kontua da aurkezpen hura igaro eta handik bi astera-edo gutun bat jaso genuela GOITBn. Gure logoa eurenaren plagioa zela eta ezin izango genuela erabili! Gainera, EITBko abokatuek gure kontra egingo zutela adierazten ziguten.

Amenazozko bigarren gutun bat ere jaso genuela uste dut, baina azkenean ez zen ezer gertatu. Erantzun genituen gutunok eta gure bideari lasai asko jarraitu genion.

Hemen, logo biak bata bestearen ondoan. Gurea zaharragoa dela ez daukat inongo dudarik, hala ere, antzekotasuna ez da horrenbesterakoa, ala?

Mezu-kate musikala

Etxeko lan zaila jarri zidan Gari Teknosexsualak : esanahi berezia duten bost abesti apartatu eta mezu-kate honekin jarraitzea.

Majo kostata baina, azkenean lortu dut (hori posible bada!) nire bizitza musikala bost abestietan konprimitzea. Hauexek dira aukeratuak:

Heroes. David Bowie

Abesti hau da, bakarra, inongo zalantza barik jarri dudana zerrenda honetan. Bere alde dauka gainera, urte hauetan egin diren ehundaka bertsio eder. Zuzenean entzun dudan azkena, Split-77 taldearena, portzierto, zoragarria.

Bidegurutzean. Gari

Hertzainak banandu eta gero, oso gustura hartu nituen Gariren lehenengo bi diskoak. Emozioz betetako abestia.

I will survive. Gloria Gaynor

Beti, ongi etorria. Ez naiz inoiz aspertu abesti hau entzuteaz. Lehenengo doinuak entzuteaz bat bihotza poztu egiten zait. Musikoterapia?

Hombres. Fangoria

Fangoriak, oso abesti onak eta aldi berean desberdinak ditu: ilunak, handinahi betetako technoa, lirikoak, barrakero samarrak,… “Hombres” taldearen onena erakusten du. Me encanta.

Ene begiek. Ruper Ordorika

Ez da gauza erraza hain hitz ederrak eta hain musika polita abesti baten elkarrekin aurkitzea… honetan, lortu dute.

Eta nik marroia, hurrengo hauei pasatzen diet:

Hamaika Edorta Arana.

Faroa Joxe Aranzabal.

Reala Eneko Azkarate.

Piperrautsa Mikel Irizar.

Mathiasen kopilotua Edu Mendibil.

La Razón-en kruasanak

Diseinuaren gaineko blog berri bat ezagutu dut Etiam lagunari esker: ProcessBlack du izena eta sakon-sakon begiratu ez badut ere, interesgarria ematen du.

Blog horretan irakurri ahal izan dut “La Razón-ek”:http://www.larazon.es/ promozio berri bat jarriko duela abian astelehenetik aurrera: egunkariarekin batera bi kruasan emango dituzte opari!

Atzo, (eta, bada kasualitatea gero!) Ansón anaiek hilabete eskas atera duten doako egunkariaren ale batzuk eskuratu nituen. Ahora du izena eta debaldeko beste egunkariak ez bezala, hau arratsaldez kaleratzen da. Egunkaria ikusi eta gero bi adjektibo artean nago zalantzan: beldurgarria ala barregarria da?

Hau bai dela sekulako bihotzerrea emateko moduko menua: goizean, *La Razón eta bere bi kruasanak eta, arratsaldean, Ahora*.

Ikur publizitarioak

Behin baino gehiagotan erabili izan ditut zirkulazio-seinaleak lan grafikoetan, garbi ikusi izan dut-eta ikur horiek joko handia eman dezaketela. Azkenengo aldiz, prentsa iragarki batzuk egiteko.

Asteleheneko Goienkariak kirolen gaineko gehigarri bereziak argitaratu behar zituen 2004 urtean zehar, eta bertan, Bidegik hainbat orri kontratatu zituen.

Publizitate kanpainaren diseinua Artemaneko Garbiñe Beitia eta biok ibili ginen lanean. Kontzeptu aldetik Bidegi eta Bidelagun hitz jokoan oinarritu ginen, eta alde grafikoan, esan bezala, zirkulazio-seinaleak hartu genituen oinarri.

Kirol bakoitzarentzat (bost ziren guztira) zirkulazio-seinale bana asmatu genituen.

Hona hemen, adibide batzuk ikusgai.
<img src="./doc/Kirolak-BidegBAI.jpg"/

Ikur misteriotsua

Badago Euskadiko Kutxa ren egoitza zentralaren inguruan, Arrasaten, zirkulazio-seinale misteriotsu bat…

Finantzetan maila altuenetan dabiltzanek bakarrik ulertzeko jarrita egongo ote da? Euren arteko hizkuntza sekretu baten froga ez da ba izango? Zer esan nahiko du?

Neure ondokoen artean ez dut aurkitu antzik emango dionik.

Behin baino gehiagotan entzun izan dira MCC bera ere sektaren bat ez ote den zioten komentarioak…

Garai bateko kartelen nostalgia

Hormetan ikusten diren kartelak ikusita, hauteskunde garai hau ona izan daiteke nostalgiarako. Garai batean argitaratzen ziren horma-irudien nostalgiarako, hain zuzen.

Oso liburu gomendagarria dago azkenengo hamarkadetan egin izan diren kartelak ikusteko eta gozatzeko: Jabi Ubiernak egindako bilduma, Euskal Herriko kartelak. Askatasunaren irudiak (Txalaparta , 1997).

Hiru liburuki dituen bilduma zoragarri horretan, gainbegiratu historiko zehatza egiten zaio Euskal Herriko kartelgintzari. Ateratzen daitezkeen ondorioak ez dira makalak: sekulako lan onak egin izan dira eta maila, orokorrean, oso altua izan da.

Eta, “izan da” esaten dut, ez dakit-eta azkenaldian ez ote den maila dezente jaitsi…. Ez dut ikusten gaur egun, garai baten EMK alderdiak edo HBk edo Amnistiaren Aldeko Gestorak argitaratzen zituzten kartel haien antzik. Hango ausardia, indar grafikoa, amorrua eta harritzeko gogoa…

Gaur egungoek, akaso, amaiera tekniko hobea izango dute, baina ideia aldetik gehienak ez dutela konparantzarik uste dut. Ez dakit, akaso, izenburuak esaten duen moduan, nostalgia besterik ez da izango…

Dena dela, aipatutako liburuak aldean ez badituzue (Txalaparta argitaletxearen katalogoan ez da bilduma ageri; hala ere, Durangoko azokan salgai ikustea iruditu zitzaidan…) badago beste bide bat kartel haietaz gozatzeko: erosi Nabarra aldizkaria. Bertan, hilero-hilero, bilduma horretatik ateratako obrei gainbegiratua egiten diete.

PP Vasco: aldatu ala ez aldatu?

Lehengo egunean oso argazki barregarria atera zuten Sustatun ‘Zer gertatzen da Madrilgo publizitate enpresa bati propaganda enkargatzean?’ izenburupean. Erantzuna argazkian bertan dago: horrelakoak gertatzen dira! Argazkia, PP Vasco ren webgunetik hartuta zegoen (izena ere ederra webgunearena!). Egia esateko, gai honekin nabilela eta hauteskundeak laster izango direla aprobetxatuz, asmoa baneukan Partido Popular en logotipoaren gainean hitz egiteko…

Ezaugarri tekniko aproposak alde batera utzita, logotipo batek izan behar dituen ezaugarrien artean sinisgarritasuna oinarrizkoetako bat da. Hain zuzen, Partido Popularraren logoari falta zaiona. Laranja kolorea ez da beroegia, xamurregia, alaiegia, bigunegia? Bat ote dator beraien diskurtso, pentsamolde eta itxurarekin? Ez dut uste.

2004ko irailaren 14ko hauteskundeak galdu eta gero, egun batetik bestera itxura aldatu zuten. “Modernizatzea” nahi zutela esan zuten, itxura aldaketarekin jendea engainatzen saiatu zirela uste dut nik.

Dena dela, bietako bat, ala dena zurikeri kontua izan da (beraiek ere sinisten ez duten aldaketa eginda) edo María San Gil eta PP-País Vasco ez dute gezurretan ibili nahi eta benetako itxura eman nahi dute: orain artekoa, eskuin muturreko alderdi batena, beraien betiko urdina eta gorria erabilita.

Nola bestela ulertu logotipo biak desberdinak izatea? Eguneratu barik dago hemengo PPkoen logotipoa: kolorea, kalatxoria, letrak okerdura eta jartzeko modua… Denak aldaketa egin aurrekoak, Aznarren denborakoak. Halakorik!

Zutik

Aipatu nuen moduan, Suedian ez ezik Euskal Herrian ere badago alderdi politikoen artean “pasioa”, edo horrela iruditzen zait niri behintzat, transmititzen duena ikurrik: Zutik alderdiarena.

Betiko gorria eta beltza oso modu indartsuan erabilita daude grafika modernoa lortuz. Izar zuria bandera gorria izan daitekeen horretatik irten nahiak oso ukitu apurtzailea ematen dio alderdi politiko baten irudia izateko. Letra mota sendoa, trinkoa… Oso marka sinplea, baina aldi berean indartsua eta hurbila.

Hasiera-hasieratik planteamendu originala egin zuten: ordura arteko ohitura apurtu eta ez zuten alderdi berria siglekin izendatu (ordura arteko logikak eskatzen zuena zen EMK-LKI izenarekin betirako jarraitzeak edo “Komunista”, “Iraultza”, “Euskadi”, “Alderdi” eta horrelako hitzen lehenengo hizkiekin, posible balitz, konbinazio berri bat aurkitzea). Izendatzeko modu berritzaile horretatik etorri dira geroago beste batzuk…

Txokatu egin dit, baina ez dut aurkitu Zutiken webgune ofizialik eta dagoen gune ez ofiziala , guztiz zaharkituta egotetik aparte, beldurgarria da.

Socialdemokraterna

Aurreko artikuluan aipatzen nuen ezkerreko alderdi batek berotasuna eta pasioa komunikatu beharko lukeela bere irudian. Aurkitu dut esandakoa ulertarazten lagunduko didan bi adibide, bata Euskal Herrian eta bestea urruti, Suedian: Socialdemokraterna. Horrekin hasiko naiz. Eztabaidagarria izan daiteke, hori bai, noraino den “ezkerrekoa” alderdi hau, baina “txikikeri” hori alde batera utzita, adibidea argigarria izan daitekeela uste dut.
Suediako alderdi sozialistan Socialdemokraterna 1993an bere marka berritu nahi zuten eta horretarako Bartzelonako Estudio Mariscal engana jo zuten.

Ez da Mariscalzale amorratua izan behar (ni neu ez naiz, behintzat) marka honek dituen alde onak ikusteko: nortasuna, hurbiltasuna, originaltasuna eta humanitatea komunikatzen du. Arrosa gorria barrezka dago eta tipografiak ez du betiko amaiera perfektua. Zoragarria!

Eztabaidagarria izan daiteke, zein punturaino Mariscal moduko izar baten estilo ezagunak eklipsa dezaken produktua bera, edo alderdi politiko batek honelako profesionalen beharrik duen ala ez (bankoak bai, itxuraz: Kutxa-Chillida, La Caixa-Miró…), edo Suedian hemen baino samurragoa ote den horrelako aukera egitea…

Identifikagarriegia da gure artean Mariscalen lana alderdi politiko baten ikur bihurtzeko? Ausartuko ote da, noizbait, PSOE horrelako zeozer egiten? Eta besteak?