Garai bateko kartelen nostalgia

Hormetan ikusten diren kartelak ikusita, hauteskunde garai hau ona izan daiteke nostalgiarako. Garai batean argitaratzen ziren horma-irudien nostalgiarako, hain zuzen.

Oso liburu gomendagarria dago azkenengo hamarkadetan egin izan diren kartelak ikusteko eta gozatzeko: Jabi Ubiernak egindako bilduma, Euskal Herriko kartelak. Askatasunaren irudiak (Txalaparta , 1997).

Hiru liburuki dituen bilduma zoragarri horretan, gainbegiratu historiko zehatza egiten zaio Euskal Herriko kartelgintzari. Ateratzen daitezkeen ondorioak ez dira makalak: sekulako lan onak egin izan dira eta maila, orokorrean, oso altua izan da.

Eta, “izan da” esaten dut, ez dakit-eta azkenaldian ez ote den maila dezente jaitsi…. Ez dut ikusten gaur egun, garai baten EMK alderdiak edo HBk edo Amnistiaren Aldeko Gestorak argitaratzen zituzten kartel haien antzik. Hango ausardia, indar grafikoa, amorrua eta harritzeko gogoa…

Gaur egungoek, akaso, amaiera tekniko hobea izango dute, baina ideia aldetik gehienak ez dutela konparantzarik uste dut. Ez dakit, akaso, izenburuak esaten duen moduan, nostalgia besterik ez da izango…

Dena dela, aipatutako liburuak aldean ez badituzue (Txalaparta argitaletxearen katalogoan ez da bilduma ageri; hala ere, Durangoko azokan salgai ikustea iruditu zitzaidan…) badago beste bide bat kartel haietaz gozatzeko: erosi Nabarra aldizkaria. Bertan, hilero-hilero, bilduma horretatik ateratako obrei gainbegiratua egiten diete.

Iruzkin bat “Garai bateko kartelen nostalgia” bidalketan

  1. Maria Agirre

    Egungo kartelak, bai, serioagoak dira, baina bitxikeriak ere badira hauteskunde hauetan. Liburu bat atera daiteke alderdiek mitinetan banatzen dituzten souvenir-en inguruan. Esaterako, EAJ-EA alderdia kanpaina honetan yo-yoak banatzen ari da, mitinetara joaten direnak aspertu ez daitezen edo.
    Ohiko beste souvenir bat izan ohi da boligrafoa. Baina orain argiztatzen diren horietakoak banatzen dituzte. Aldatzen ez direnak: karameloak, betikoak. Larrosak ere, gorriak nagusi. Beste souvenir bitxiren bat oraingo kanpainan?

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude