Ikur publizitarioak

Behin baino gehiagotan erabili izan ditut zirkulazio-seinaleak lan grafikoetan, garbi ikusi izan dut-eta ikur horiek joko handia eman dezaketela. Azkenengo aldiz, prentsa iragarki batzuk egiteko.

Asteleheneko Goienkariak kirolen gaineko gehigarri bereziak argitaratu behar zituen 2004 urtean zehar, eta bertan, Bidegik hainbat orri kontratatu zituen.

Publizitate kanpainaren diseinua Artemaneko Garbiñe Beitia eta biok ibili ginen lanean. Kontzeptu aldetik Bidegi eta Bidelagun hitz jokoan oinarritu ginen, eta alde grafikoan, esan bezala, zirkulazio-seinaleak hartu genituen oinarri.

Kirol bakoitzarentzat (bost ziren guztira) zirkulazio-seinale bana asmatu genituen.

Hona hemen, adibide batzuk ikusgai.
<img src="./doc/Kirolak-BidegBAI.jpg"/

Ikur ez hain misteriotsuak

Beno, azkenean teoria ugari ikur misteriotsuaren gainean… Inoiz jakingo ote dugu egi osoa?

Ikur eta zirkulazio-seinalekin jarraituta, munduko bazter guztietatik jasotako zirkulazio-seinalez egindako argazki galeria dago www.swanksigns.org wegunean. Bertan jasotzen diren irudiak ez dakit “misteriotsuak” diren, baina barregarri eta graziosoak badira batzuk…

Webgune horretan ikus daitekeen zirkulazio-seinale batek eman zidan aurretik ere atentzioa.

Ez dut gogoratzen non ikusi nuen lehenengo aldiz zirkulazio-seinale hau, baina gustatu, eta huraxe hartuta elastiko batzuk egitea erabaki genuen orain urte batzuk dela. Hori bai, esanahia gurera ekarrita…

Oso aproposa uda parteko igandeetan casual janzteko.

Ikur misteriotsua

Badago Euskadiko Kutxa ren egoitza zentralaren inguruan, Arrasaten, zirkulazio-seinale misteriotsu bat…

Finantzetan maila altuenetan dabiltzanek bakarrik ulertzeko jarrita egongo ote da? Euren arteko hizkuntza sekretu baten froga ez da ba izango? Zer esan nahiko du?

Neure ondokoen artean ez dut aurkitu antzik emango dionik.

Behin baino gehiagotan entzun izan dira MCC bera ere sektaren bat ez ote den zioten komentarioak…

Ongi etorri publizitate inbaditzaileen garaira!

Orain gutxira arte edukia eta publizitatea oso modu garbian bananduta egon izan dira prentsa idatzian. Batetik, informazioa egon izan da, eta bestetik, eta fisikoki ondo desberdinduta, iragarkiak. Gainera, publizitatea modu logiko eta razionalean saldu izan da: moduluka. Iragarkiak saltzerako orduan, modulua izan da unitatea, neurria eta legea… Beno, ba bukatu da, ahaztu moduluak eta ongi etorri publizitate inbaditzaileen garaira!

Hemendik aurrera, ez da hain garbia izango desberdintzea zer den iragarkia eta zer eduki informatiboa. Gaur egun, dena egon daiteke salgai: eduki osoa, izenburuak, azalak, egunkarien mantxetak… denak, publizitate euskarri bilakatu dira!

Ikusi, www.newsdesigner.com blogetik hartutako publizitatea egitearen modu berri honen hiru adibidetxo:

Aste gutxi dela, Marca egunkariak azaleko eta barruko informazioa nahastu egin zituen inongo lotsa barik Moviestar enpresaren iragarkiarekin; hurrengo orri biak Mondays Australian egunkaritik hartuta daude, bertan, auto batek kiroletako azalean sartu eta edukia “harrapatu” egiten du, eta bide batez, ia orri osoa inbaditu, eskerrek gero, hurrengo orrian benetako azala jarri zutela!; eta azkenik, Indian ingelesez argitaratzen diren hiru egunkarien azal berde horiek daude, egun berean hiru egunkarien azalak, mantxeta eta guzti, berde kolorez margotuta kaleratu ziren petrolio eta gas korporazioa handi baten publizitatea egiteko…

Ba horixe, dena omen dago salgai, prezioa adostea da orain arazo bakarra.

Tipoak eta tipoak, debalde

Tipografia ugari dago sarean; horietatik asko ordainduz gero bakarrik eskura daitezke, baina badago beste mordo bat ere debalde har daitezkeenak. Debalde eskuragarri dagoen tipo mota horietaz jardungo dugu.

Edozein bilatzailetan free fonts edo horrelakorik idatziz gero, ehunka orri agertzen da; hori bai, kalitate aldetik begiratuta, dena ez da urrea izaten. Hala ere, merezi du ahaleginak, gauza ederrak aurki daitezke-eta.

Aldekoak? Ba, horixe, asko direla eta debaldekoak! Gainera, oso aproposak izaten dira fantasiazko lanetarako, testu motzetarako edo zorroztasun tipografiko handirik eskatzen ez duten zereginetarako.

Kontrakoak? Batzuk ez direla oso fidagarriak izaten ez badira trazatzen (marrazki bihurtzen) eta irudia tratatzeko programekin lantzen, edo beste batzutan, bakarrik maiuskulaz osatutako alfabetoa izaten dutela aukeran.

A! “Oñatiko andereño moñoño hori ñiki-ñakazale amorratua da” edo antzekorik idazteko asmotan bazabiltza, argi ibili, askok ez dute-eta “ñ”-rik izaten.

Hona hemen pare bat helbide:

Blogarien eta politikarien besta

Ondo egon zen Elgetan egindako blogari euskaldunon besta. Gutxienez, irakurritako lerro askori aurpegia jartzeko balio izan zuen Espaloira joan izanak. Lagun mordotxoa elkartu ginen igandean, hemen taldea desegiten hasi aurretik egindako argazki kuriosoan ikus daitekeen bezala.

Onartu egin behar apirilaren 17a (Hauteskunde eguna) data xelebrea zela elkartzeko, eta horrela, espero ez genituen gonbidatuak etortzeaz aparte gure arteko elkarrizketetan sekulako garrantzia hartu zuten bisitari hauen presentziak.

Hautxek izan ziren, besteak beste, gonbidatu sorpresak: EAJ-EAk, 29 ordezkari bidali zituen, hango batzuk gehiago espero zuten, baina itxuraz Ibarretxe.com blogak ez du behar besteko arrakasta izan deialdian; PSE-EEk 18 blogari bidali zituen Elgetara denak oso alai Moncloako zorion deiak jaso eta jaso; EHAK-ek 9 blogari, oso pozik zeunden, lagun gutxiago etortzea espero zuten eta gainera, azken momentura arte ez zuten jakin izan Elgetan egoterik izango zuten ala ez; PPk, 15 ordezkari batu zituen, zalantza barik tristeenak; EBko betiko hiru blogariak, besteren bat agertzekoa omen zen baina bidean galdu ei zen; eta azkenik, Aralarreko blogari hasiberria, gipuzkoarra bera.

Faltan? Ba, asko izan ziren falta igarri genituenak, adibidez, Piperrautsa , Euskara eta Publizitatea edo Telezaborra baina, batez ere, Enriqueta Benito.

Elgetan izandakoaren gaineko kronika gehiago:

Bat bitan

Iaz urte osoan egon zen Goienkariaren mantxetaren azpian “Goienkaria: tokiko atalean Europan ondoen diseinatutako agerkaria” esaten zuen esaldia, eta horren adierazleen ikurra, horretarako eskubidea du-eta European Newspaper Award lehiaketa irabazten duen argitalpenak.

Irabazleen zerrendan ikusten den moduan, Debagoienera iritsi aurretik urrun samar ibili izan da “Ondoen diseinatutako egunkaria”ren logotxoa:

  • I. edizioa: Firda (Norbegia).
  • II. edizioa: The Guardian (Londres. Britainia Handia) (Tokikoa The Guardian?).
  • III. edizioa: Eman gabe geratu zen.
  • IV. edizioa: Tonsbergs Blad (Norvegia).
  • V. edizioa: Goienkaria (Debagoiena. Euskal Herria).
  • VI. edizioa: Diario de Noticias (Iruñea. Euskal Herria).

Behin gugana etorrita (2004an), Euskal Herrian geratzea erabaki omen du sariak eta Debagoienetik Iruñerako saltoa egin du, hau da, 150 kilometro eskaseko saltoa; hori bai, tartean Gasteizen ere geratu da, bertan dago-eta Diario de Noticias de Alava Nafarroako egunkariaren anaia gaztea eta aldi berean bikia.

Diario de Noticias egunkariak 2004ko maiatzaren 28an estreinatu zuen diseinu berria, eta, sei hilabete geroago, 2004ko azaroaren 10ean, Diario de Noticias de Alavaren lehenengoko zenbakia kaleratu zen, hau da, lehiaketan parte hartzeko epea bukatu eta bi hilebetera.

Hain dira berdinak egunkari biak, logotxoa ere bietan jartzea erabaki dutela, eta egoera bitxia sortu: oraingo urtean zehar, baten barik, logoa bi egunkaritan ageriko da! Jostailuak konpartitzen dakiten anaia onen seinale.

Sari banaketa joan den astean egin zen Vienan izandako ekitaldian.

Diario de Noticiaseko diseinu berria Nafarroako Unibertsitatearen barruan lan egiten duen Mediaccion aholkularitzak egin zuen.

Garai bateko kartelen nostalgia

Hormetan ikusten diren kartelak ikusita, hauteskunde garai hau ona izan daiteke nostalgiarako. Garai batean argitaratzen ziren horma-irudien nostalgiarako, hain zuzen.

Oso liburu gomendagarria dago azkenengo hamarkadetan egin izan diren kartelak ikusteko eta gozatzeko: Jabi Ubiernak egindako bilduma, Euskal Herriko kartelak. Askatasunaren irudiak (Txalaparta , 1997).

Hiru liburuki dituen bilduma zoragarri horretan, gainbegiratu historiko zehatza egiten zaio Euskal Herriko kartelgintzari. Ateratzen daitezkeen ondorioak ez dira makalak: sekulako lan onak egin izan dira eta maila, orokorrean, oso altua izan da.

Eta, “izan da” esaten dut, ez dakit-eta azkenaldian ez ote den maila dezente jaitsi…. Ez dut ikusten gaur egun, garai baten EMK alderdiak edo HBk edo Amnistiaren Aldeko Gestorak argitaratzen zituzten kartel haien antzik. Hango ausardia, indar grafikoa, amorrua eta harritzeko gogoa…

Gaur egungoek, akaso, amaiera tekniko hobea izango dute, baina ideia aldetik gehienak ez dutela konparantzarik uste dut. Ez dakit, akaso, izenburuak esaten duen moduan, nostalgia besterik ez da izango…

Dena dela, aipatutako liburuak aldean ez badituzue (Txalaparta argitaletxearen katalogoan ez da bilduma ageri; hala ere, Durangoko azokan salgai ikustea iruditu zitzaidan…) badago beste bide bat kartel haietaz gozatzeko: erosi Nabarra aldizkaria. Bertan, hilero-hilero, bilduma horretatik ateratako obrei gainbegiratua egiten diete.