Jimenez. Ostadarra. Urdaibai.
Mendian denak itsasoa amets, itsasoan denak urrutiko labarretan iltzatzen du soa eta, hiritarra, denaren gose. Edo ez, bada menditik jaistean zorabiatzen denik eta errekan gora abaildu. Niri behintzat, kosta egingo zitzaidan itsasoari buruz taxuzko zerbait ontzea hitzokin. Hiztegia, medioa, jendea… misterioa handia da niretzat topikoaren bestaldeko guztia.
Bere garaian liburutegian bat hartu eta hirurak atoan irakurri nituen, goseti, Edorta Jimenezen Baleen berbaroa, Sukar ustelaren urtea eta Azeria eta lehoia trilogia. Hamaseigarren mendean daude girotuta hirurak, Felipe IIak porrotaren mingotsa ezagutu zuenekoa Ingalaterra nahiz Irlandan eta aho zabalik geratu nintzen hitz, esamolde eta ezagutza horren nabarmenarekin.
Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua da bere azken lana, Txalaparta 2018, eta han ez baldin bada nik nahi beste itsaso agertzen ertzain baten erruduntasuna, indarkeria, Urdaibai, ustelkeria, Game of Thrones eta beste kontu ugari datoz euskara ederrean.
Aukeratu dudan pasartea hasiera xamarrekoa da, Camboya ezizeneko ertzain jubilatuak bere lagun Gaztelurekin bion urtebetzea ospatzeko Amets Bi ontzian egiten duen itsas ateraldikoa.
Olaziregiren ontziolan egina da Amets Bi hau. Urrundik, taxueran igartzen zaio; gertutik, zurezko azal ondo leunduan. Bakana da.
Hamaika metro luze eta lau zabal; hutsik dagoelarik, metro eta erdi sartzen da uretan. Gaur, sotoetan legeak dioen baino hegaluze gehiago pilatuta, beste metro laurden bat hondoraturik ari da etxera itzultzen. Txopan dituen karelez kanpoko biek ez dute hori ia igartzen. Agian hemendik eta porturainoko biek bost orduko kontsumoan antzemango zaio gehi-pisuaren lanak eskatuko duen gasolioa. Bost horrek Gazteluri. Eguzkiaren laztanaz gozatzen ari da. Hau bere hirurogeita batgarren urteko lehen arratsa duela, beste ezerk ez dio inporta.
Jose Angel Irigarairi entzun nion behin ondorengoa: izatekotan, euskaldunon epopeia itsasoan dela. Ni, Darioren tropen antzera, igeri egiten nork erakutsi eduki ezean konformatzen naiz ontzirik ontzi saltoka pasata Helespontoa.