Dovlatov. Sobiet Batasuna. Alproja.
Hernaniko etxegabetzearen astean kasik terapeutikoa izan da Sergei Dovlatoven El compromÃs (La breu edicions, 2011, Miquel Cabalen itzulpena) irakurtzea. Izan ere, neokomusismo jubenilaren inpetu handinahiaren -handinahitasuna ez da zertan despektiboa izan- eta era berean mira laburrekoaren parean ona izan da gizon heldu sobietar nihilistaren begirada.
Presondegi -lan esparru- guarda, Pushkin parkean gidari, preso eta merkatu beltzeko trafikatzaile izan zen Dovlatov. Bereak dira Sobietar Batasunaren propagandaren antitesi diren begirada eta zertzeladak, zeinak, maiz egoera kafkiak eta surrealista izanik, kritika demoledoreak diren haien zentzugabekerian. Ez badituzue irakurri badaude egile beraren Maleta eta Filiala euskaraz eta baita nik katalanez irakurri dudan Konpromisoa ere. Denak onak. Bertan kontatzen ditu Dovlatovek 12 konpromiso edo kapitulutan Estonian kazetari gisa eginiko urteak, berak idatzitako hainbat albiste kaustikoren atzeko istorio eta pertsonengana leiho bat irekita. Poeta tragikoak, esne gehien jaitzi duten abeltzainak, argazkilari mozkorrak, txibatoak, nomenklaturako kideak, klasifikaezinak diren pertsonaiak, zientzialariak… ziren bere ofizioa zela eta parean tokatu zitzaizkionak. Denetik ageri zaigu begien parean, eta hala jabetu da bat iraultza eta iraultzaren gizartea uste baino askotarikoagoa zela. Barre egin dut askotan, ia negar egiteraino, eta baita gupidatu ere errusiarrek hain berezko duten tragikotasunerik. Guzti hori idazleak eskaintzen digu uko egin gabe horren berea zuen begirada zorrotzari eta hala behin baino gehiagotan aipatzen du Estonian, esate baterako, Errusiak jokatzen zuen paper koloniala.
Oso-oso irakurketa aholkagarria, baita ni bezala ere Sobietar Batasunaren ereserkia entzunda barrenak hunkitzen zaizkienentzat ere. Iraultza izango bada izan dadila gizatiarra, askotarikoa eta baita umoretsua ere, absurdua tarteka eta lagunen lagun. Hori guztia izan zen Dovlatoven ekarpena, horretarako erbesteratu egin behar izan bazen ere. Gustura irakurriko nituzke haren Putinen aroko gizarteari buruzko kronikak.