Ibaia

Zubia. Vixegrad. Arantxa Tapia.

Eta zubian eta haren kapijan igarotzen da hirixkako biztanleen bizitza, haien jiran edo harekin loturik doazkia egunak, ikusiko dugun bezala. Gertakarik pertsonal, familiar zein publikoei buruzko kontu guztietan entzun daiteke “zubian” esapidea. Izan ere, zubiaren gainean egiten dituzte umeek lehendabiziko paseoak, han egiten dituzte mutikoek lehenbiziko jolasak. Haur kristauek, Drinaren ezkerreko ur hegian mundura etorrita, beren bizitzako lehen egunetan gurutzatzen dute zubia, lehenbiziko astean eramaten baitituzte elizara bataiatzera. Baina beste haurrek ere, eskuineko hegian jaiotakoek edo musulmanak izanik inolaz ere bataiatuta ez daudenek, bere haurtzaroko zatirik handiena zubiaren inguruetan ematen dute, beren aitek eta aitonek behinola egin bezala. Arrantzan ibiltzen dira haren ingurumarian edo usakumeak harrapatzen dituzte arkuen azpian. Lehenengo urteeetako ohitzen zaizkie begiak harri argi porotsuz ezin egokiago landutako eraikin bikain eskerga horren lerro armoniatsuetara. Badakite zubiaren biribiltasun eta hutsune maisuki zizelkatu guztien berri, eta badakizkite, halaber, haren jatorri eta eraikuntzarekin loturiko ipuin eta istorio zaharrak oro, zeinetan irudipena eta errealitatea, egia nahiz ametsa korapilatzen baitira harrigarriro eta guztiz nahas-mahas.

Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean liburu ezaguneko lehen kapituluko paragrafoa da hau, Karlos Zabalak euskarara ekarria. Andritx, bosniarra, jugoslaviarra, nobel sariduna eta diplomatikoa nahiz politikaria izan zen. Idazkera ederra du, kondairen oihartzuna dakarkiguna egunerokotasuna azaltzeko. Gogorra da oso, liburu hau jostea Slavenka Drakulic-en Han ez banengo bezala lanarekin. Isiltasuna dakarren bidea da.

Pasartean, dena esan beharra dago, ebidentea da bidenabar emakumeen inbisibilitatea. Zerbait aurreratu dugu.

Gurera etorriaz, ez dakit aspaldian joan zareten Gesalibartik Ibarrara (Aramaio) errepidez. Hotzikaraz hotzikara igaro liteke bat. Espetxe-psikiatrikoa, istripuan desegindako baserria edota Igor Portu eta Mattin Sarasola Guardia Zibilak basatiki torturatu zituen Suñako bidegurutzea, ibaian itoz kolpe artean.

Aldartea iluntzen zaio bati, in crescendo baitoa egonezina, hurrengo bihurgunean igarotakoa igaro eta burugain duen AHTko biadukto azpian. Cuatrovientos deitzen zaion baserria ez da urrun, trenak gehien gaztigatu duen tokietako bat.

Drinakoa ez bezala, zubi handiegia ibai ttipirako, Ajuria Enean bizi diren bisirren amets. Ez dut uste biharko Arrasate nahiz Aramaioko haurrek zubi horren inguruan egingo dutenik bizitza. Ez du haien biografian arrastorik utziko, ez bada berau egiteko diru zorpetzeak Debagoienako Ospitalaren aurrekontua murriztu duelako.

Ez da lamien elezaharrik izango horri buruz. Asko jota, infernuko egunerokoan, espectacular, vistas privilegiadas eta bucólico irakur liteke cicatriz berbaren gainetik. Deabruak, eta ez dut bere izenik aipatuko alferrik, gure bizitzak exigitu ditu bere zubiak amaitzearen truke.

Hau mundu arranoa hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude