Europa

Canetti. Arditti. Iragan mendea.

Aitaren partetik turkiar pasaportea. Amaren jatorria Livornon. Bulgarian jaioa, Manchester, Viena eta Zurichen hezia. Senide denak sefardiak, gaztelania izoztuaren jabe. XX. mendearen hastapenetan iragana hatz puntekin uki zitekeen.

Bulgarieraz eta gaztelaniaz aurreneko hitzak esan, ingelesez irakurtzen hasi eta alemanez trebatu. Elias Canettik zainetan du Europa.

Mihia aske da 65 urterekin idazteari ekin zien memorien aurreneko atala, bere haurtzaro eta nerabezaroari dagokiona. Erein eta Igelak argitaratua 2013an eta Ibon Uribarri Zenekortak itzulia, momentu batzuetan trebezia handiz.

Canettik bera eta bere familia biluzten ditu, beraien izaera, egunerokotasuna eta familia barruko tentsioa tradizioaren (negozio gizonena kasu honetan) eta horri ihes egin nahiko dion aitarena.

Gerra Handiaren urteak dira eta zeharka iritsiko zaigu kainoi hotsen oihartzuna. Baita gero tragedian mamituko zen antisemitismoaren hedatzea. Canettik amarekin duen harremana, hezkuntza eta egile klasikoei ematen dien garrantzia, bere familiaren konposizioa, mugak lausoagoak ziren sasoia… %100 Europa da, teknokraziak oraindik irentsi ez zuen terminoa.

Nik gehien gozatu dudana hasiera izan da, Danubio ertzeko Rutschuk koloretsuarekin. Bukaeran astunxeago, irakasleei ematen dien garrantzia zeremoniatsu eta guzti. Hasierako pasarte bat dakarkizuet, bere amaren famila lerro gutxitan nola deskribatzen duen: Beraz, jatorri espainiarrekoa ez ezik leinu diruduna ere bazen amarena. Nire familian eta bereziki amarenean ikusi nuen nolako eragina daukan diruak jendearengan. Dirua gogotsuago bilatzen zutenak ziren okerrenak nire begietan. Diru irrikatik jazarpen maniara doan bideko geltoki guztiak ezagutu nituen.

Zorrotza da Canetti, batez ere bere buruarekin. Hala behar du izan, ze tristea baita hirugarrenari buruz temati aritzea norbera albo batean utziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude