Holt. Haruf. Itxiera.
Gu bagara mila probintzi, zer ote Amerikako Estatu Batuak. George Lloyden oihartzunik ez dakit iritsiko denik Holtera, akaso eliza erre bakanen kedarrak estaliko du. Landa giroa, Amerikari egozten diogun eta Euskal Herriari buruz Madrilen darabiltenean nazka ematen digun sakon adjektiboa. Bizitza eta heriotzaren naturaltasuna, izaki bizien dependentzia zuzena dutenena. Izan artasoro amaigabe edo txahal. Eta bizitza eta heriotzaren gogorra, munduari bakean agur esatearen desira, berandu eginiko eskolako lanen zama.
Benedicció de Kent Harufen Holteko trilogia amaitzen duen liburua, Marta Pera Cucurellek itzulia, Edicions del Periscopi 2019, eta Dad Lewisen heriotza hurbila du ardatz. Ez da errepikatzen aurreko bi lanetako pertsonairik, bati buruzko aipu xamurren bat salbu, berria da dena. Gaiak eternoak dira ordea, pertsonon azal, eta trebezia handiz eta gizatasun ikaragarriz josten ditu idazleak bizitzaren argilunak. Laguntasuna, eskuzabaltasuna, berekoikeria, homofobia, bullynga, ausardia, gerra, abertzaletasuna… Zerrenda amaigabea litzake, baina sermoirik gabe. Horiek Lyle pertsonaiari utziko dizkio, predikadorea bera, eta pertsonaia borobila nire ustez.
Ze ederra den igande bat liburu on baten alboan amaitzea, bizitzak jarraituko duela jakinik. Liburuaren azken lerroen antzera: I a la tardor els dies van tornar freds i van caure les fulles dels arbres, i a l’ hivern va bufar el vent de les muntanyes i a les plantes altes del comtat de Holt es van desencadenar tempestes nocturnes i rufagues que van durar tres dies sencers.
Ba hori, duna handi batera igo eta isiltzen ez denak ez du hemen deus ulertu.