Bolivar. Mamuak. Panpa.
Osvaldo Bayerrek kontatzen du, hemen, Sabatok ez zuela bere lepoa inoiz jokoan jarri, ezergatik. 1930etik hona 14 diktadura ezagutu dituen Argentinan ez ziotela libururik inoiz debekatu, ez zela erbestean egon.
Diktadura eta deserriaren harira anekdota kuriosoa aipatzen da elkarrizketa berean, nola zapuztu zen 1983an erbesteratutako hainbat intelektualen sorpresazko itzulera Argentinara Cortázar maitemindu zelako. Bayer bera, zazpi urtez deserrian egon zen Videlaren diktaduran. Itzuli zenean, bera zuzendaritzakide izan zuen Sociedad de Escritores de Argentinara joan eta inork ez zion harrerarik egin, idazkariak gaztigatu zuen soilik zazpi urteko kuoten ordainketa atzeratua zuela esanez. Demokraziaren tenperatura ei zen hori.
Bayerrek dio lerro batzuk beherago afari bat egon zela Videlak antolatua 1976an, Wikipediak ere badakar datua egiaztatu nahi izanez gero, intelektual argentinarren eta nazioarteko prentsaren artean, tartean Borges eta Bloy Casares zeudela. Eta afariaren ondorenean Sabatok esan zuen Videla general kultua zela zentzu positiboan, kulturaz hitz egin zuela oro har afarian zehar eta errespetuz. Lenonardo Castellanik bakarrik galdetu zion mahaikideen artean diktadoreari ea non zegoen Haroldo Conti idazle desagertua. Desagertarazia, hobeto esanda, ordurako ere gorpuak hizketan hasiak baitzeuden.
Niri Errealeko atezain ohi bat gogorarazi dit honek, zer esango dizuet bada.
Sabato bera izan zen 80. hamarkadan desagerpenei buruz eginiko lehen batzordearen buru, CONADEP izenekoa. Batzuen arabera lehen ikerketen eta desagertuen argipenen ernamuina izan zen batzorde honen txostena, Hebe de Bonafinik madarikatu egin zuen Sabato, bi demonioen teoria plazaratzeagatik.
Ernesto Sabatoz oroitu naiz Buenos Airesko Bolivarren euskara irakasle egon bainintzen, Cortázar leku berean eskola maisu izan baino 70 bat urte beranduago. Panpa hezea deritzon parajean. Ikasle batek oparitu zidan Sabatoren liburu bat, zahartzaroan eginiko Espainiako bidaiak zituena hizpide, Euskal Herria aipatzen zituelako. Eskertu nion oparia, bihotzez egina baitzen.
Ordutik apalean dut, egile beraren El escritor y sus fantasmas obraren alboan, Seix Barral 1997. Idazle eta literaturari buruzko gogoeta interesgarriak datoz lan honetan, hau kasu: Para mí, la novela es como la historia y como su protagonista el hombre: un género impuro por excelencia. Resiste cualquier clarificación total y desborda toda limitación. En cuanto a la técnica, considero legítimo todo lo que es útil para los fines perseguidos, e ilegítimas aquellas innovaciones que se hacen por la innovación misma.
Nire Bolivarreko ibilerak bukaera xelebrea izan zuen, Espainiar Kontsulak nirekin bildu nahi baitzuen herriko irratian egin nuen elkarrizketa baten harira. Edo UPNk finantzatutako centro navarroan, euskal etxea zapuzteko asmoz, euskararen existentziaz hitz egin nielako bertako gazteei. Trajikoa zen egoera, komikoa, absurdua, espainiarra.
Batek daki bere mamuek, ze izara duten. Eta noren mamu den bat.
Oharra: Blogaren irakurle batek adierazi dit ez zaiola gustatu Cortázarren maitemintzeari buruz Bayerrek eginiko aipua Cortázar gutxiesten duelakoan, ezta Sara Dunlop yoko-onizatzea ezta. Bere iritziz Cortázar ez bazen 1983an Argentinara itzuli zen diktadura ez zegoelako guztiz desagertuta eta Bayerren ekimenaren antolaketa inprobisatu antzekoa izan zelako. Biziki eskertzekoa ekarpena, bai horixe!