Komunismoa. Maitasun erromantikoa. Mosku.
Duela urte batzuk egon nintzen Errusian, Moskun. Egun gutxi batzuk. Flashak ditut gogoan: iraultzaren metro geltokiko brontzezko estatua handiak (gizon eta emakumeak zaintzan, gerran, kirolean, lanean…), armak salgai kale-merkatuan, etorbideen zabalera. Leninen momia ere bisitatu genuen, nola ez, eta lagun batek ezin izan zion irriari eutsi. Soldadu batek errieta egin zion. Nik, gurekin batera gelan zegoen aiton-amona pareari jarriak nizkion begiak: miresmen aurpegia erabatekoa zen.
Ordutik gehiago pentsatu izan dut sofista eta Platonengan.
Etxealdiak gauza kuriosoak dakartza. Kuriositatea pizten du, lainoen ilunak belarria zolitzen duen moduan. Apaleko liburuen genealogia urteekin lausotzen doa. Uste dut oparia izan zela La bolchevique enamorada, Txalaparta 2008. Edo lan baten ordaina, ez nago ziur. Berdin dio, erosiko ez nukeen eta zoriak eskua artean utzi didan obra baita. Liburua 1. aldiz 1927an argitaratu zen, Moskun. Alexandra Kollontai iraultzaile, politikari eta intelektual errusiar ezagunaren lehen literatura lana da, hitzaurreari men eginez gero, bera batez ere saiakera eta diskurtsoak idazten trebatu baitzen. Iraultza eta honen uztarketa emakumeen eskubideekin zen bere gai nagusietakoa.
Helburu hori kutsatzen dio Vassilissa pertsonaia nagusiari, Vasya etxekoentzat, langile nekaezina eta komunista entregatua. Iraultza eraman nahi du etxebizitzen antolaketara, haurren zaintzara eta hamaika traba aurkituko ditu. Langileak defendatzen ditu bere nagusien aurka hauek komunista izan arren eta burgesak ezin ditu jasan. Nobelan iraultza eta honen ondorena kontatzen da, demokraziari burokratizazioak eta iraultzaren helburuen itzaltzeak gaina hartu ziotenekoa.
Beste protagonista Vladimir da, Volodya, anarkismotik komunismora jauzia egin duena Amerikako bizimodua ezagutu ondorenean. Alprojatik ere badu berak Vladimirrek. Ez da laua.
Vasyak iraultzan, jardun politikoan du poza. Ez die zentzurik ikusten bestelako kultura jardun edo denborapasei. Volodya, ordea, sobietar burokrazia eta langile autonomia defendatzetik elite berriaren parte izatera pasako da. Bien arteko harremana ez da erraza, eta maitasun erromantikoari aurre egin eta boteretzea lortzen duen emakume baten istorioa kontatzen digu Kollontaik.
Liburuaren hitzaurrean Zaloa Basabek dio ziur asko Kollontaik irakurriak zituela maitasun kontakizun hegemonikoak, bere garaiko emakume gehienek antzera. Kontakizun hauetan oinarrituta aurre egin nahiko dio familia eredu tradizionalari. Hona egilearen hitzak 1927an liburua aurkeztu zuenean: Mi intención al escribir este libro es que sirva, aunque sea poco, para combatir la vieja hipocresía burguesa de los valores morales y para demostrar una vez más que empezamos a respetar a la mujer, no por su “moral buena”, sino por su actuación, por su sinceridad, con respecto a los deberes de su claes, de su país y de la Humanidad en general.
Iraultza denera zabaltzea. Asmoa bera ez da gutxi egunotan. Lagun batek esan ohi dit sobietarrak bakarrik ez zirela ausartu kontu batekin, hiletekin. Heriotza da betierekoa den bakarra, erlijio gabeko gizartean. Broma gutxi horrekin.
Arrasaten hileta zibilen eztabaida planteatu genuen duela bizpahiru urte, leku estali duin eta publikoaren beharra. Parrokoa konbentzitu genuen, alkatea ez. What a time to be alive.