Malebitx. Tolstoi. Odriozola.
Miliario bati begira, hala joan zidaidan argia Aurizberriko ilunabarrean. Nork daki zenbat urte egingo ote nituzkeen Ukraina, Bielorrusia edo gure mapan Errusia osatzen duten herri guzti horien neurri ase ezinari so. Zenbat desiatina, arshin edo versta ote begien parean.
Errusia etorri zait gogora Xabier Gaintzarainek Zumetaren omenez Berrian idatzi duen artikuluari esker, hark Malebitx aipatu eta nik ez ezik, baita BeƱat Irasuegik ere, zalditeria gorriaren kargaren margolana irudikatu dugulako. Gizon-emakumeak zaldian, beharra eta aurrerapena gorriak ziren lurretan. Ruper Ordorikaren abestiko lera zakurren antza duten soldadu epiko bezain tragikoak. Itzuliko ote dira, horra iraultzailaren betebeharra, Hedoi Etxartek txio batean adierazi didan bezala, matxinadak ez bezala iraultzak berria baitu eraikitzeke.
Errusian zehar oinez Primo Levi. Errusia ertzean mediku Txekhov. Errusian nekazari, Tolstoien Zenbat lur behar du gizon batek? ipuineko Pahom nekazaria. Denonarteanek argitaratua 2011n eta Mikel Vilchesek itzulia, Elena Odriozolaren ilustrazio zoragarriekin. Bizar luzeak, esku zuriak, ederrak denak.
Hemen ipuin hasierako pasarte bat, emakume batek bere ahizpa bisitatzen duenekoa: Gazteena, minduta, merkatarien bizimodua gutxiesten hasi zen, eta nekazariena goresten.
-Ez nuke nire bizimodua zurearekin trukatuko -esan zuen-. Beharbada, gure bizimodua goibela da, baina ez dakigu zer den beldurra. Egia da zuen bizi-estiloa finagoa dela, baina, batzuetan asko irabazi arren, biharamunean dena gal dezakezue. Gogoan izan esaera zaharrak dioena: <<Aise irabazi, aise xahutu>>. Askotan gertatzen da gaur aberatsa izatea eta bihar ogi-puska baten eske ibiltzea.
Leihora atera eta Deba ibar meheak ez du lautada bakerik. Hor nonbait, badabiltza batzuk, zaldi gorrietan biharko eguna prestatzen. Hori pentsatu nahi baitut eta ez beldurrak jota gaudela baino gure ogi lizunduei begira.