Antzara

Brouard. Cano. Larrea.

Etxealdiari esker baketzen ari naiz mesanotxeko liburu piloarekin. Kontsumokeria, bibliofilia, apeta… muga lausoa du liburu metak. Gutxituz doaz irakurri gabeko liburuok eta azkenarekin nire buruari diotsat ea zergatik ez dudan irakurri beharrekoen zerrendan gorago jarri argitaratu berria izan arren.

Izan ere Antzara eguna, Txalaparta 2019, Santi Brouard pediatra eta politikariaren azken egunei buruzko Harkaitz Cano eta Adur Larrearen komiki aparta da. Zoriak gura izan du gainera obrari buruz Euskadi Irratiko Arratsean saioko elkarrizketa gaur entzutea, egileen motibazioak hobeto ulertzeko lagungarri izan zaidana.

Tragedia ezaguna da Brouardena. Canok aipatu du irratian gurago izan duela bilbotarraren giza dimentsio eta karisma jorratu plano politikoa baino. Nabari da hori kontsultako biƱetatan, edertasun zinezkoak baitira marrazki nahiz irudi.

Ezin aipa gabe utzi bigarren mailakoak diruditen baina istorioa kokatu eta girotzen dituzten ondorengo elementuak: kontakizuna egiten duen poliziaren erruaren ernetzea, Hasiko asanbladen kea edota Alfonso Sastre eta Eva Forestekin izaniko afaria, Canok berak asmatua baina gerta zitekeenaren baitan.

Memoriaren puzzlean piezarik ez dago norberak sortu arte. Horregatik dira eskertzekoak egile ezberdinen lanak eta argitaletxeen edo produktoren kuraia. Hau idaztean Josu Martinezen lana baitatorkit, besteak beste.

Bukatzeko, pasartea, hiltzaileetako baten gogoeta gordina: Baina ez dezagun kontua komeni baino gehiago apaindu. Gezurra esango nuke damu arrastoak nituela esango banu… Goizegi zen horretarako…

Irakurri eta gozatu, etxeko leihotik euria ikustean beste.

Oharra: bloga ez da 21 eta 22an eguneratuko, sortzaileen grebarekin bat egiteko.

2 erantzun “Antzara” bidalketan

  1. Gustatu zitzaidan kobratzen ez dion bezero honena:

    – Tori… Khalil Gibran.
    – Zer da, jarabe bat?
    – Askoz hobea: poeta bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude