Aurrerabidean

Modernitatea. Artzaina. Oihartzunak.

Ez dakit egon zareten inoiz Izpurako Mendikoa Nekazal Kooperatibaren saltokian. Lokal handia da, Intermarche supermerkatuaren parean, eta nekazaritzarako arropa, lanabes eta bestelakoen artean, boutique joera gero eta harrigarriagoa du lokalak behin dena esaten hasita, baina mirariz bada apalategi oso bat haurrentzako nekazal jostailuei eskainia. Hor daude traktoreen eta honen hamaika funtziotarako erremolkeen familia ugariko kide ia gehienak. Aretxabaletako nire ilobek aita artzaina dute eta nekez aurki litekeen hemen aitaren lanbideko imitazio jolaserako gailurik, bai ordea polizia (zergatik ote), erizain edo beste hamaika ofizio antzesteko tresnak (hutsune nabarmenekin beti ere). Behe Nafarroan laborarien jarraipena badago eta Aezkoan ez, adibidez bat jartzeagatik, bada arrazoi materialengatik (laguntza hobeak, baldintza hobeak, araudi hobea) baina baita arrazoi sinbolikoengatik (laborarien estatusa, transmisio horizontala eta bertikala…).

Transmisio hori ez dagoen lekuan esango nuke artzaina azken mohikanoa dela, maskaradaren protagonistetako bat bailintzan, ezagutza atabikoen jabe. Ez da sindikataren babesa duen ikasitako gaztea eta bere gasnak etxolan saltzeaz gain Parisen saltzen dituena. Eta hau argi edukita, lehenengo figura horri gorazarre egiten dio Gustavo Duchek Cuentos del progreso-Conversaciones con el pastor (Pol·len edicions,2021) obran. Duch militantea da El Pa Sencer kooperatiban eta lan miltante gisa hartzen dut hau, horrek ezer negatiborik ekarri gabe obrari, jakina. Hasita orriak artile paperarekin eginak direla eta bukatzeko badela norabide jakin bateko gogoeta asmo nabarmen eta disimulatu gabe bat.

Ni ez nau guztiz ase, nahiz eta onartu behar dudan zertzelada onak dituela, umorez josiak, eta aipuren batek edo bestek zer pentsatua eman didana. Arin irakurtzen da, mikroprosa poetikoaren bidea hautatu baitu idazleak protagonistaren eta artzainaren arteko elkarrizketa landuz: kapitulu bat du narratzaileak artzainari bisita egiten, beste bat artzaina hirian eta hirugarren pandemiko bat. Pare bat ordutan udan zuhaitz baten gerizpean momentu atsegin bat eskaini diezaioke irakurleari hau moduko testuak irakurrita:

Vino a visitarme a la ciudad y cuando salíamos del metro le pregrunté por qué no subía, como yo, por las escaleras mecánicas.

-Cuando vuelvas al pueblo te llevaré al matadero industrial y me dices.

Nik nahiago nuke azken mohikanoen lezioak baino lurrak okupatu eta borrokatzen duten nekazarien irakaspenak irakurtzea. Baina niri ekarpena egin dit, besteak beste osaba ikusi dudalako orri batzuetan arnas hartzen, eta hori ez da gutxi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude