Begirada

Galeria. Marlowe. Kalifornia.

Goitik, behetik, paretik, ertzetik. Gogor, bihozbera, enpatiaz eta limoia ahoan duenaren soz. Chandlerrek aurkezten dizkigun pertsonaia denen artean ez da zoli izan behar jakiteko nortzuk dituen maite: pertsona apalak, izaeraz eta diruz, tabernariak eta mendi aldeko polizia zaharrak.

Gorroto dituenak berriz bihotzik ez duten aberatsak, errentetatik bizi direnak kolpe zorririk jo gabe, polizia ustelak eta detektibe zarpailei barre egiten dieten idazkari pinpirinak.

Bere errealitatea ondo ezagutzen zuen pertsonaia sortu zuen Marlowek eta bitxia bada ere, ez dut gogoan ezagutzen ez duen tokirik. Akaso ez daki zehatz mehatz non amaitzen den bidea edo zer dagoen muinoz bestalde, baina badaki non dabilen. Trenbidez bestaldeko auzoak eta guardia armatuz babestutako etxadietan zehar ari da. Bistan da ez dela etxean luzaro egotekoa.

Kasu honetan La dama del lago (Marloweren 4. abentura, Carmen Criadok itzulia, RBA 2017) deitzen da istorioa, trama arturikorik gabea. Bi emakume desagerturen bizitzak korapilatuko dira Marloweren bidean eta pertsona galera interesgarria hasiko zaio muturren aurrean agertzen. Liburuak duen paradoxa interesgarriena da zergatik kontratatzen duten detektibea, enpresa baten gerenteak ez duelako eskandalurik nahi. Hala konpondu ohi dituzte arazoak maiz diruz oparoek, eskupeko eta ustelkeriaz. Auzia da hemen justizia are ustelagoa dela, zabarkeriagatik ebatzi gabeko kasuak ekartzen dizkie Marlowek akordura poliziei eta hauek onartu besterik ez dute (ez badute Marlowe gajoa jipoitzen). Justiziak ondo funtzionatzen ez duenean hartzen du bere lekua detektibeak eta kasu honetan, justiziaren defendatzaile oro legez, legearen harian da funanbulista.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude