Salaberria. Hauspoa. Zibila?
Gozatu eta sufritu dut liburu hau irakurtzeko orduan. Batetik gozatzen dut garai hartako kontuak irakurrita, “Bizi izen juat” edo “Celestino Uriarte” biografiak ere oso gozagarriak dira bere mondragoetartasunean. Bestetik, sufritu dut gauza batzuk ulertzeko moduagatik eta batez ere edizio lanetan ageri diren tik batzuengatik.
Goazen alde onak azpimarratzera. Ederra da nola kontatzen duen garai hartan azkenetan zen, bi-hiru hamarkada gehiago asko jota Hego Euskal Herrian, bizimodu baten miseria. Errenteroak, morroiak eta egun hiri den aldirietako bizia. Sagardotegien gozoa eta lanaren gogorra. Etxegabetze baten gordina eta anai-arreben arteko zaintza. Ederra da pasarte hau, hizkuntza bizi eta gozoa darabil, eta guztiz gomendagarria egun garai hura irudikatu nahi duenarentzat.
Itzalen artean dago liburu honen gerrako pasarteen kontakizuna. Adi, hemen spoilerrak hasten dira duela bost hamarkadatako lan bat spoileatu badaiteke. Andu Lertxundik hitzaurrean ondo detektatzen du Sebastian Salaberria kinto soldaduarengan gerrako propagandak duen eragina. Esango nuke bakarra dela hori ondo usaintzen duena, izan ere kritikariek, bai oraingoan kritiken hemerotekara jo dut, tiroa erratu dutelakoan nago. Alex Gurrutxagak hainbat aldiz nabarmentzen du testuaren pobrezia estetikoa, zergatik egin ote du hori, eta gero dio gerra humanizatzen lagundu duela obrak. Ea, niri ondo iruditzen zait gerrako ikuspuntu ezberdinak ezagutzea, aberasgarria da hori, baina humanoa literatura oro izanik (robotak ere hasiko dira sormenean noizbait, hasiak ez badira jada) niri pasarte batzuk ez zaizkit oso humanoak egin. Edo ez saldu nahi didatena bezain humano. Legutioko hilotzekiko adierazten duen hoztasuna eta Dimako jaien pasartea, hutsik diren etxeak ihes egin duen jendeak utziak eta han den festa, oso gogorrak egin zaizkit eta azken bertsoak ez du aho zapore mingotsa gozotzen. Jakina, nire prisma da, galtzaileen partea ezagutzen dut ondoen, baina hori gutxi ez eta Maite Gonzalez Esnalek Gurrutxagaren ildotik jotzen du. Anaia ez tirokatzeko duela kezka, ez dakit besteekiko halakorik horren argi adierazten duen hori. Ufa… Ulertzen dut kritikariek esan nahi dutena baina ez dut konpartitzen.
Nik ere galdu nuen senide bat kinto harrapatu eta nazionalekin joana. Ulertzen dut anaiek elkarri tiro ez egiteko beldurraren zama eta uste dut Salaberria zintzoa dela horretan, hor badago fabula bat hitzaurrean esaten den gisara eta izan zitekeen minkorrago. Baina, irabazle begiz kontatzen ditu gauza asko, nola bestela eduki ondoreneko pribilegioak. Eta bai, jakina, bizitzak aurrera egiten du, gazteak ziren eta gerra tiroak jotzea baino gehiago da. Ez nau konbentzitzen ordea, eta esango nuke hasiera batean herriko Alberto udal langilea gorroto zen Sebastian Salaberria haurra ez ote den gero kontrarioa deshumanizatzera iristen kontrario deituta.
Baina nire kontuak dira, zer jakingo diot bada. Ah, ia ahaztu dut. Lana Neronek tirako nizkin da Sebastian Salaberriarena (Hauspoa, 2016, Antonio Zavalaren 1. edizioa errebisatzen duena) eta irakurtzeko gomendatzen dudan arren eta goretsi bultzatzaileen adorea, ez jarri arreta kontraportadako azken esaldian. Bestela ikusiko duzue 36ko altxamendu faxista definitzen dela “Horixe besterik ez da, izan ere, gerra zibila: anaiarteko borroka”. Hori irakurri eta haserretu, dena bat.