100 iruzkin

Mila esker guztioi!

Ez da agur mezua hau, eskertza mezua baizik. Izan ere, aurkezpen mezua eta irakurtzen ari zaren testu hau kontatuta, ehun dira honezkero Sagasti Etxea blogean egin ditudan iruzkinak.

Behiala baldarkeriak nire etxeko aldaba jo zuenetik uzkur nintzen idazteko. Dena nuen zalantza eta kezka, gogoan dut nola Goienako Puntua aldizkarirako testu bat idazteko mareatu nuen kazetari gaixoa: bidalita ere zortzi edo bederatzi aldiz aldatu nuen testua bukaeran gustura ez gelditzeko. Akaso lehen ausartegia zena idazte kontuetan orain larri, mundu honetan jende inozoa nekaezina denaren ziurtasunak lur jota.

Iritsi zen martxoan COVID-19a eta denok etxera bidali. Txerra Rodriguezen gogoeta baten harira ekin nion blogari, etxetik ezin irteteak ezerezetik ateratako denbora irakurtzeari eskainiko niola erabakita nuenean, lan ordu telematikoen ondorenean. Iheserako orri sorta baino ezkutaleku hoberik ez zait okurritzen. Horrenbestez, ez zen zaila izan bi helburuak uztartzea, nire mamuei aurre egin eta maite dudanaz blog batean jardutea. Ordutik etorri dira liburuak euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez, prosa eta poesia, saiakera eta komikia. Blogean 98 liburuz ari banaiz ere 10 hilabete hauetan beste bospasei irakurri ditut, ez zaizkidanak askorik gustatu, egiari zor. Iluntasunerako badaude beste apostolu batzuk, horretan afizioa dutenak, baina nik uste dut hobe dela ezezagunen lanen aurrean isiltzea gauza itsusiak esatea baino. Gurean (ustezko) onberatasunaren aurka jarduten dutenetatik hamarretik bederatzik arbitroa senide du edo esne mamitan hazi da. Horraino esanda nahikoa.

Ez nuke amaitu nahi halere eskerrik eman gabe blog honen irakurle gutxi fidelei. Itsasori, irakurle finenari, baina baita amari eta beste askori. Tartean Iban, Jokin, Urko, Karmele, Diego, Mikel S, Irati, Mikel I, Patxi, Hedoi, Xabier, Itziar, Jon, Josu U eta Josu G… Eskerrik asko guztioi bihotz-bihotzez. Etorriko dira liburu berriak, zorionez afizio zoragarria da irakurketa, onak eta txarrak, eta jardungo dugu honetaz eta hartaz ofiziotik baino afiziotik, horretarako baita liburuen etxea den Sagasti Etxea. Egin dezagun topa!

4 erantzun “100 iruzkin” bidalketan

  1. Hiri eskerrak, Eneko! Asko ikasi diat (eta irakurri beharreko liburuen zerrenda luzatu ere bai) hik blog honetan idatzitakoak irakurrita.

    • Denok albokoaren zerrenda begiratzen dugu inbidiatan. Asko gozatzen ari naiz zuk aholkatutako Larkinen olerki liburua, gutxinaka dastatuz ari naiz, eta euskal munduan gutxi da zu bezain irakurle prestua. Besarkada estua Urko!

  2. Eskerrik asko zuri Eneko! Hemendik eta elkarrizketetatik abiatuta liburu ederrak deskubriarazteagatik!
    Beste 100 irits daitezela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude