Bodor. Artzapezpikua. Bogdanski Dolina.
Bogdanski Dolina ibai ertzean dago. Urkidi bat du mugakide. Gábriel Ventuzak hiru gurpileko motorra du. Baita zorrak ere. Ezin dio Ventuzak, protagonista nagusiak, ihes egin patuari.
Iragana uholdeak jandako uhartea da. Lurperatutako tranbia. Gutxinaka desagertu diren musika instrumentuak. Eliza hierarkiak zorrotz kontrolatzen du hondakin arteko oraina, polizia sekretuz, kontzentrazio esparruz eta itxaronaldiz.
Ádám Bodorren Artzapezkikuaren bisita, Elkar 2011, Unai Elorriagak euskaratu zuen. Liburu lehorra, gogorra, iluna da. Misteriotsua eta mimo handiz harilkatua, mihia josia duten jostunek soilik egiten duten eran. Gezurra badirudi ere niri Stephen Kingen Dorre Iluna gogorarazi dit, atmosferan antzekotasunak arnastu baititut.
Irakurtzeko guztiz gomendagarria. Elorriaga ere, Europa erdialdeko literaturaren zale, bikain hungarierako testuak (laguntzarekin) eta gaztelaniazkoak maneiatuz.
Hemen pasarte bat, zertaz ari garen hobeto ulertzen lagundu diezakeguna: Bogdanski Dolinan goizeko elizkizuna amaitu eta jakinarazi zenean ez zela Leordina artzapezpikua hiria bisitatuko zuena, baizik eta inork ezagutzen ez zuen Butin izenekoa, Gábriel Ventuza, kapilau militarra baino ez zena, aspaldi zegoen jakinaren gainean. Hamza bere anaiordeak esanda zekien. Anaiordeak berak bidali zuen Bogdanski Dolinara, iparraldeko eskualde basotsu hartara, gorpuak ateratzen hasten zirenerako hirian egon zedin.
Gomendagarria zinez.