Zerocalcare. Rojava. Rebibbia.
Rick Blain eta Ilsa Lund. Louis Renault ahaztu gabe. Gustuko dut Casablanca, bere herren guztiekin. Zer esango dizuet ba, esperantza denak hil zirela gerran? 1936ko Hego Euskal Herri eta Espainiako altxamendu faxistan dezente, belaunaldi bati gogorarazteraino, Albert Camus dixit, arrazoia ez dela aski irabazteko. Edanari eman eta zinismoaren hautua egiten ez baduzu, pianojole eta guzti, gaitzerdi.
Ez dakit neurtzen 36koaren oihartzuna munduan. Ez zen txikia izango. Lincoln brigada batean. Irlandako boluntarioak bestean. Ametrailadora bizkarrean Belgikatik Intxortara etorri zen gazte hirukotea, fronteari eusteko gako. Auskalo non amaitu zuten, ez baitzen Elgeta izan haien azken geltoki.
Dakidana da egungo basakeriak ez digula zirrara bera eragiten, ez neri bederen. Askotan pentsatu dut horri buruz, esaterako, Ibai TrebiƱo eta Mikel Arregiren Donbass, gerra europako bihotzean dokumentala ikustean. Beti aitzakiaren bat enpatia ezarako, lepoa erasandurik zilborrera begiratzeagatik ziur asko. Edo ez, bada beste zerbait, sorgortzen gaituena.
Zerocalcarek, Michele Rech marrazkilari italiarrak, aipatzen du Facebooken argazkiak trukatze hutsetik bizia ematera dagoen diferentzia. Pelloren egia omen da hau baina tira, zenbat aldiz ez ote dugun ahazten. Kobane Calling komikia, Farmazia Beltza 2020, horren aurkako pilula da. Berdela pantaila besterik ikusi ez duten begi nekatuen aurrean, lozorroan ditugun zentzumenak esnatzeko lurrina. Komikian brigadista gisa Quandil, Cizre, Kobane, Erbil… lur kurduetara eginiko bidaia kontatzen da, Isisen aurka (bakarrik ISISen aurka balitz) eta bizitzaren alde YPG eta PKK gerrila kurduek egin behar duten gerrara. Emakumeen presentzia nabarmenarekin, gure borrokolariaren estereotipo oro xehe-xehe eginaz. Bidean oso hausnarketa zintzo, pertinente eta aktualak mendebaldeko gazte (sic) konprometitu orok egin beharrekoak egun iraultza egitea zer denari buruz; gerra kronika bat egin nahi duen kazetari orok egin beharrekoak (Gorazde eta Sacco burura etorri zaizkit niri) eta brigada kontzeptua berari buruzkoak.
Komikia benetan aparta da, errekurtso eta jolas ugarikoa, dibertigarria eta era berean hunkigarria, biluzia eta gogorra. Itzulpen lan eskergak ere izango du zerikusirik, beste behin ere Koldo Izagirrek lan aparta egin baitu euskarari batuari ajea gainditzeko tomate eta urdaiazpiko makarroi platerkada janaraziz. Alberjiniamaria, ez da metafora ona, badakit, oso metafora gutxi dira onak egia esan, baina aizue, igande gaua da eta konfinamenduan gaude.
Gustatu zitzaizkidan Hondamuinean eta Hondamuinean sei hilabete geroago, biak ala biak Farmazia Beltzarekin euskaraz argitaraturiko komikiak. Han akaso hobeto islatzen ziren gure belaunaldiko poz eta miseriak, oker ez banago adinkide baikara Rech eta biok, baina Kobane Calling gehiago gustatu zait. Eta ez bakarrik animalien ordez pertsonak ugaritu direlako pertsonaien morfologian, horra Freudek kraskatuko zukeen intxaurra, kontatzen duenak beste traszendentzia bat duelako baizik: gertatutakoak hunkitu egiten gaitu.