Istanbul

Sönmez. Tortura. Kontatzea.

2019ko urtarrilean ahiturik nengoen, azken hilabete nahiz urteen itzalak harrapaturik. Batzar eta batzar arteko denbora zen bizitza eta bilera batean, non bestela, gogorarazi zidan kide batek otsailaren 13a bazetorrela eta guk ezer ez antolaturik. Zorionez talde baten parte nintzen, bakarrik bat nekez hel bailiteke urrun, eta haien abaroan atondu genuen egitarau txukun antzekoa. Solasaldi interesgarri bat, Muñecas kapitain doilorra ardatz, eta baliabide tekniko handi gabeko antzerki emanaldia. Emanaldia, bai, aurrekontu mugatuz eta denbora gutxiz justu-justu lortu baikenuen aktoreen baimena Pedro y el Capitán obra Arrasateko Kulturaten eskaintzeko. Enpin.

Bideo ondorenean, ohiko komentario parea. Edadeko jendea zegoen batik bat, borroka luzeek zaildutakoa, eta ez nuen zera handirik espero “kabroiak, polizia kabroiak” esalditik harago. Nire ezusterako, alboan nuen laguna berak jasandako torturak kontatzen hasi zen. Antzerki obrak hunkiturik eta kuraiaturik, nik soinu eta irudi txarrentzat soilik nuen antolatzaile begia berak ez bezala, aurreneko aldiz kontatu zituen berak komisaldegian duela hiru hamarkada baino gehiago sufritutakoak. Gizatasun, errespetu eta emozio handiko minutuak izan ziren horiek. Ez ditut erraz ahaztuko.

Gai hori, tortura, jorratzen du Burhan Sönmez idazle kurdu-turkiarrak bere Istanbul Istanbul nobelan, Edicions del Periscopi 2018, Pelin Dogan eta Miquel Saumellek itzulia. Lau gizonek, hamar egunez, Istanbulgo atxilo zentro batean elkarri istorioak kontatzen dizkiote tortura saioen artean. Sotoan daude, hirian bertan eta hiritik at. Preso horien ametsak, oinazeak, bizipenak… gurutzatzen dira kondaira, pasarte eta elkarrizketatan. Hamar gizon, hamar kapitulu, hamar ahots narratzaile, Bocaccioren Decamerone obran inspiraturik.

Pasarte honetan, esaterako, argi ikusten da nondik norako hori:

Quam em van capturar, vaig dir als interrogadors que revelaria tots els meus secrets si em portaven a Istanbul. Ara cada ia em fan les mateixes preguntes com si fossi màquines. Els hi explico Istanbul, no l´enteinen. Els hi ensenyo, no la veuen. Volen que em rendeixi al dolor, que deixi d´ancorar-m´hi. Volen que deixi de creure en mi mateix i en Istanbul, i que sigui com ells. Em turmenten de totes les maneres possibles. M´esquincen el cos perquè la meva ànima s’ assembli a la seva. No saben que em reforcen la fe en aquesta ciutat.

-I què si la nostra fe es reforça, Oncle Küheylan? -he dit, fart de tot-. Ningú veu que aquí estem patint. La gent no en sap res, de nosaltres.

-Els que ens torturen sí ens veuen patir.

Inork ez gaitu ikusten, baina torturatzen gaituztenek ikus dezakete gure sufrimendua.

Sönmez giza eskubideen aldeko ekintzaile eta abokatua, 1996an larriki zauritu zuen poliziak Istanbulen eta Ingalaterran sendatu zen tortura prebenitzeko GKE baten laguntzaz. Sari ugari jasotakoa da, Vaclav Havel saria euren artean, eta Writers Circle PEN International elkarteko kide sortzailea da.

Liburu gogorra da, baina aldi berean ederra. Hirian fedea duen obra, azalean bertan esaten den moduan. Eta irakurlearen buruan ere kandela txiki bat pizten duena, izenik ez duten jainko-jainkosei erregua, mina barruan dutenei berau nola atera laguntzen asmatzeko eta torturaren jagoleak zigortzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude