Irupil. Luku. Orbaizeta.
Buruak zerbait badu faltan, udaberriko oporraldian, Iratiko bortura eginiko bisita izan da. Sukaldean ezagutu parajea, gauekoen, ehiztarien eta lainoaren erresuma. Ziza eta joare, bidexka eta muga.
Antton Lukuren Libertitzeaz, Pamiela 2014, da aurkitu dudan kontsolamendua. Hona hemen, bortuaren garrantziaz jarduten ari denean libertimendu eta inauterian:
Oteizaren iritziz harrespila eskultura sakratua da. Neolitikoa markatzen duena. Harpea uzten du jendeak eta horrekin batean ihiztarien magia eta arte figuratiboa. Abstraktuz eta sinbolikoz erranen da orain ezin erran berri hori. Harpeko ormak erori dira. Huts horren aitzinean espazioa berrantolatu behar du jendeak. Oteizaren ustez cromlechak erdiko huts hori dio. Politikaren espazioa da, kontratu sozialarena, metafisikarena eta sineste berriena. Erantzukizun politikoa da hor hartzen. Bolantek hesten dute plaza eta zaintzen. Zirtzilak uzten dituzte erdian eta nahi dutelarik haizatzen. Hautu politiko, botere, bizi filosofia istorio bat du hor kontatzen libertimenduak.
Gure herri bakoitza erreka batek, den mendreena ere, egin arroa bezala da eta hegi edo bizkar batek bereizten du auzo herritik. Suge batek mugatzen. Entitate ttipi horiek, ondotik herri zein auzo bilakaturik, bere hautetsia bazuten kantonamendurako edo haran, baleko gorteetan. Noizdanik ateratzen den hau ez da hemengo gaia. Interesatzen zait bizitzaileen kulturan daukan errealitatea. Unitate natural edo hobeki errateko enpirismoz egin horiek. Ondarrolarra ez da Arnegitarra. Sarasketakoa ez Duzunariztarra. Pagalzetarrak eta Ezterengibelekoak ez dira Esterenzubitar berdin. Eta irauten du. Bestenaz ez dugu deus ulertzen herriko bozen saltsan. Artzainen saroen arteko mugak ere hola dira borrokaz eta gero hitzarmenez eginak, kabalen zakurkatzeen artetik, joareen bozek salaturik. Ondotik egin dira legeak, paktu eta itunak, usaiak idatziz eta ahoz, memoriaz.
Aurrerago dio: Garazin duela 20/30 urte bizi izan denak badaki, hiperbolaren arriskuan nabil, ez dela mera herriko inportanteena baina sindika. Hau zen auzo herriekin tratuan ari, hau zen bortu eta behereko jakintzaren giltza.
Eta azken esaldi bat, lerro gutxi batzuk aurrerago, 125. orrialdean: nola nahas daiteke bertsoa, danta eta bortuko bide alapideez arduratzea ahapaldi berean? Erantzuna, berak ematen digu: Gure ihauteria heziketa sistema baten emaitzaren plazara agertzea da(…). Bide, xendara, bortu, larre, auzo herri eta gaineratakoen ikasketa da. Ausartzea eta auzoko saldarena.
Barka, bidetik apur bat aldendu naizenez gero. Etxamendik Orbaitzetako bere maitasun nerabeari jarritako bertsoak akaso ziren gairako aproposago. Nik behintzat ez nituen ezagutzen liburuan aurkitu arte. Bortua, akaso, bortuago baita kantauri isurialdean mediterraneokoan baino. Eneko Bidegainek azaltzen du horren zergatia ederto.
Oharra: Bihar eta etzi bloga ez da eguneratuko bat egiteko euskal sortzaileen grebarekin.