Cortazar

Telebista. Komikia. Idazlea.

Joaquín Soler Serranok RTVEko A Fondo programan eginiko elkarrizken zerrenda ikustean badakizu telebista karramarroen kastakoa dela. Sarean da aurkitzeko erraz, interesa bazenu. Etxealdia eta euria profitatuz, ameskeria bati jarraituz, berriz errepasatu dut goizean garunean tenk egiten dizuten elektrizitate deskargek eraginda, 1977an Julio Cortazarri saio horretan eginiko elkarrizketa. Hemen duzue ikusgai sarean.

Ameskeria atzokoa da. Ustez inspiraturik eta urduritasunak tematurik sutsuki idazteari ekin nion. Banuen kontzeptua, geometria. Banituen pertsonaiak: biribilak, laukiak eta triangeluak. Aurrenekoak herritar xeheak, bigarrenak boteretsuak eta hirugarrenak zorrotz beste haserre diren boteretsuen sokakoak. Banituen bakoitzaren ezaugarriak eta banuen kezka, ea ez ote ziren estereotipikoegiak. Laupabost testu pilatuta, gehiago eutsi ezinik, apaletegira jo nuen. Buruak adarra jo zidan, oharkabean Historias de famas y cronopios ari bainintzen plagiatzen. Kafea egin, artxiboa ordenagailuko barrunbeetan gorde eta antzarei buruzko komiki bat irakurtzeari ekin nion. Ez naiz kontu hauen zale.

Ikusi berri dudan Cortazarren telebistako elkarrizketak tenkaturik, Marchamalo eta Toricesen komikia atera dut. Cortazar du titulua, Nórdica Libros argitaletxeak 2017an ateratakoa. Irla desertu batera maletan eroateko moduko lana da, dudarik gabe. Bai marrazkien kalitate bai testuaren hautaketagatik.

Aipaturiko elkarrizketaren hariari jarraiki Cortazarren biografia egiten dute, 1914an Bruselan jaio zenetik alemaniarren obus artean. Ordutik bere bizitza, obra, pentsamendua edo konpromiso politikoa azaltzen zaizkigu. Ezin da oharkabean pasa ere dokumentatzeko erabili duten bibliografia, komikiaren bukaeran azaltzen dena.

Cortazarren haurtzaroko pasartea dakarkizuet, haur bakartiak Buenos Aires hiriko aldirietan etengabe irakurtzen duenekoa:

Leía tanto -Dumas y Shelley, Bierce- que su madre consultó con un doctor si era bueno. Y el médico, apoyado por el director de la escuela primaria, recomendó que le racionaran la lectura y que, a cambio, tomara más el sol en el jardín. Ese día -escribió muchos años más tarde- empecé a tener la certeza de que el mundo está lleno de idiotas.

Borobilak, laukiak eta triangeluak. Samos uhartean ere ez dute gure misterioen berri.

Oharra:Atzo esan bezala, 21 eta 22an ez da bloga eguneratuko sortzaileen grebarekin bat egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude