Alde iluna

goiena

2014.07.04

Duela ia hiru urte hasi zen Kutxabank sortzeko prozesua, eta hiru kutxen asanbladetan %90etik gorako adostasuna lortu zuen. Orduan pozik idatzi nuen gure gizartearen alderik argiena bistaratzen zuela adostasunak. Ba egunotan prozesuak hartu duen jitea ikusita, bistan da oraingoan alde iluna ari dela agertzen. Ez nuen sekula pentsatuko hain gauza zatarrak esango ziotenik elkarri alde batekoek zein bestekoek.

Horien artean bat, bereziki larria, Debagoienari dagokio eta Bizkaiko Aldun Nagusiak bota du asteon. Gutxi asko, Ekai Center ari dela Gipuzkoan Kutxa barruko gatazka elikatzen eta hori egiten duela Mondragon korporazioko Laboral Kutxaren konpetentzia den erakundea kaltetzeko. Deigarria da dena nahastuz eskualdeaz erakusten duen ezezagutza, eta barkaezina goi agintari batengan horrelako gaiztakeria.

Dena den, kutxen galera orain gauzatuko da, baina hogei urteko errepasoan ikusten da nola higatu den euskal banku publikoaren parekoa izan zitekeen kutxa batuaren ideia. Behin eta berriro interes alderdikoiek galerazi dute bategitea, eta azkenean gauzatu da unerik ahulenean eta baldintzarik txarrenetan. Goian bego ametsa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Arkimedes eta PuntuEus

Jakintsu greziarraren aurkikuntzen artean bereziki maite dut palankarena. Hain zuzen, palanka ondo erabilita egingarri bihurtzen delako ezinezko zirudiena. Horregatik bota zuen desafioa: ‘Emadazue eustazpi egokia eta mundua mugituko dut’. Zer tentagarriago munduan hainbat kontu mugiarazi nahi dugunontzat?

Palanca-ejemplo

Euskararen normalizazioa palanka askoren beharrean dago. Baditu batzuk –gizarte mugimendua, baliabideak, hainbat arau…- eta ez dira makalak. Baina gehiago ere beharko ditu jauzi berriak egitekotan. Eta azken boladan bereziki kezkagarri bihurtzen ari da euskal komunitatearen ikusezintasuna, han eta hemen errepikatzen da hiztun kopurua azaleratu behar dela hizkuntzen arteko indar-erlazioa aldatuko bada.

Udaltop Soziolinguistika jardunaldian entzun nuen azkenengoz, hainbat teknikariren ahotan, euskal hiztunak bistaratzeko premia euskararen erabilera areagotzeko. Eta han bertan otu zitzaidan formula zaharretara itzuli gabe aukera bat izango genuela PuntuEus domeinua gizarteratzen zenean.

puntueusIzan ere, domeinuaren funtzioa bada komunitate birtuala biltzea eta azaleratzea, hori bera da kalean eta gizartean lortu nahi duguna. Eta PuntuEus ikurrak, bere soilean, esan beharreko guztia esaten du, ez du besterik behar. Beraz, nola hurrengo aste eta hilabeteetan domeinu berriaren gaineko aurkezpen eta albisteak ugariak izango diren, zergatik ez dugu denok jartzen paparrean ikur hori daraman pin-a eta aldarrikatzen hiztun komunitate osoa, birtuala eta erreala?

Uste dut Arkimedes ados legokeela nirekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Imanol eta iragana

Ohi bezala, data jakin baten inguruan –Imanol zendu zela 10 urte- kantariaren ibibidea izan dugu gai nagusi egun pare batez. Bihartik aurrera berriro ahaztuko dugu, hurrengo data esanguratsua iritsi arte.

Kantaria mirestu egiten dut, pertsona apenas ezagutu nuen. Baina haren urteurrenaren argitan nire iragana errepasatu nahi nuke.

709639_imanol2_foto610x342

Imanolen peripezia hiperbolikoa da, muturrekoa –ETAren alde aurre-aurrean, aurka ere bai- eta musikaria zen aldetik, agerikoa. Etsai asko eta lagun gutxi egin zituen bidean, eta dirudienez bakardadeak hil zuen gizona, gaitza lagun.

Imanolen ibilbideaz egin den irakurketan nagusitu dira ETAren ortodoxia apurtzeagatik izan zituen arazoak –‘sexta’n sartzea edo Yoyesen alde agertzea- eta euskal gizarteak ez zuela izan halako jazarpenari aurre egiteko adina kemen. Bistan da Imanol bihurtu dela jazarpen mota baten ikono, baina nire esperientziak diosta modu askotako indar ezkutuak ibili direla gure artean, eta gutariko askorengan izan dutela eragina.

ESBko militante nintzen 70eko hamarkadaren amaieran eta egokitu zitzaidan bultzatzea lehenik Altsasuko Mahaiaren sorrera eta gero Herri Batasunarena. Eta ez dauzkat ahazteko HBren baitan KASeko komisarioek egin zuten lana –eta azpilana- harik eta egitura berria kontrolatu zuten arte. Eta politika egituretatik aldenduta herrigintzan jarraitu dudalarik, beste hainbatetan ikusi ditut antzeko joko ilunak eta sektakeria itsua. Imanolena muturrekoa izan zela aitortuta, beste askorentzat ere ondo zaila izan da herrigintzan aritzea egitura eta ortodoxietatik kanpo.

Hori horrela esanda, badirudi ezker abertzalean egon dela soilik jazarpen ideologikoa eta kontrol gosea. Baina bide luzean tokatu zait –eta ez behin bakarrik- boikot jeltzaleak ere probatzea, hauek agintetik eginak. Logika sinple batek gidatuta: ‘herri mugimendua dago ezker abertzaleak kolonizatuta, eta hau herri ekimen baten izenean dator, beraz ezker abertzalekoa da, etsaia’. Noski, saiakera egin izana bera susmagarri zen beste aldekoentzat eta oraindik ere esango nuke zenbaitentzat Sabin-etxeako urpekaria naizela.

Zorionez, garai berri batean gaude eta iragana behar dugu soilik eskarmenturako, ez mendekurako. Hainbeste esaten dugunean konfiantza esparruak eraiki behar ditugula denon artean, gogora dezagun ze portaera ez diren errepikatu behar.

Zorionez, egunotan Imanolen peripezia gogorarazi diguten lagun eta ingurukoak ere aurrera begira aritu dira, oroitzapenak indar eraikitzaile bihurtuta.

Iragana dugun bezala, badugu etorkizunik.

Kategoriak Sailkatugabeak | 4 iruzkin

Mugimendu estrategikoa

Atzo Gasteizko Lehendakaritzan nintzen Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuenean Euskararen Agenda Estrategikoa. Eta testuaren azterketa zehatza egiteko astirik izan ez badut ere, uste dut egindako mugimendua bera dela estrategikoa, kokatzen duelako euskara Jaurlaritzaren jardueraren ardatzean. Oso ezaguna egin zait egoera, antzekoa bizi izan bainuen duela urte gutxi.

EAE

Gipuzkoako Kutxan hizkuntza kudeaketaren arduraduna izan nintzen 2007-2009 tartean. Eta berehala jabetu ginen euskarak organigraman zuen posiziotik ezer gutxi egingo genuela. Hain zuzen, zerbitzu periferikoa zen Giza Baliabideen alorrean, hein handian itzulpenak kudeatzen zituena eta politikak proposatzeko ahula. Eta beste alorretan eragiten saiatuz gero aski izan ohi zen alorburuen arteko ‘bileratxo’ bat gauzak lehengoan uzteko.

Horregatik, ahalegin guztia bideratu genuen hizkuntzaren kudeaketa txertatzera kudeaketa arruntaren baitan. Eta BIKAIN ziurtagiria izan genuen horretako tresna ezin hobea, erakundeak barneratua zuelako EFQM metodologia bere prozesuen ebaluaziorako. Zerbitzu zentraletan zilarrezko BIKAIN lortzeko prozesuan alor eta alorburu guztiak inplikatu genituen eta, behin helburua lortuta, hobekuntzarako bidean bakoitzari esleitu genion bere ardura zatia. Handik aurrera, urteko kudeaketa plana egiterakoan alor bakoitzak zeuzkan hizkuntza esparruko helburuak eta hauen betetze-maila neurtzeko adierazleak, beste edozein aldagairekin bezala.

Nago HPSk Jaurlaritzan antzeko zerbait egin duela. Hasiera samarretik sortu zuten sail bakoitzean Euskara atala, eta atzokoan erakutsi zuten euskararen normalizazioa Jaurlaritza osoaren ardura dela, sailburu guztiak lehen lerroan jarrita eta lehendakaria guztien bozeramaile. Esangura sinboliko handia izan zuen ekitaldiak, alde horretatik.

Euskararen normalizazio instituzionalean abiatu ginenean, lehen helburua genuen euskarak txoko bat izatea eta horrek izan ditu bere emaitzak. Baina aspaldian ohartuta geunden euskarak –berdintasunak edo ingurumenak bezala- zeharkakotasuna behar duela, egitura osoan eta edozein ataletan eragiteko ahalmena. Horretarako aukera bat da Euskara atala ez lotzea alor edo sail bati, eta zuzenean kokatzea agintari gorenaren esparruan. Beste aukera da erakunde osoaren konpromisoa lortzea eta euskararen ardura denen artean banatzea. Biak onak, biak urrats esanguratsuak aurreko egoeraren aldean.

Atzo azaldutako konpromisoa nola betetzen den ikusi zain, nik behintzat dagoeneko aitortzen diot Jaurlaritzari egindako mugimenduaren estrategikotasuna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Elefantea eta euskara

Umetan irakurri nuen ipuinak Indian omen du jatorria.

‘Behin batean baziren sei gizon itsu, eta eskatu zitzaien azaltzeko nolakoa zen elefantea. Eta batek besarkatu zuen elefantearen hanka eta esan zuen: “Elefantea zutabe bat da”. Beste batek esku biak jarri zituen haren saihetsaldean eta esan zuen: “Elefantea horma bat da”. Hirugarrenak buztanari heldu zion eta ebatsi: “Elefantea suge bat da”.

elefantea

Aurrealdean, laugarrenak tronpari oratuta: “Elefantea adar sendo bat da”. Bere ondoan bostgarrenak hortzaren punta zorrotza ukitu zuen: “Elefantea ezpata bat da”. Eta azkenak belarria haztatuz: “Elefantea haizemaile bat da”.

Eta ipuina amaitzen zen: ‘Guztiek zuten egiaren zati bat, batek ere ez egia osoa.’

Jar dezagun orain elefantearen tokian euskararen egoeraren diagnosia. Eta atal ezberdinetan, euskaltzaleak. Eta batek esango du: “Euskarak sedukzioa behar du”. Eta besteak: “Legea aldatu behar da, derrigorra da giltza”. Eta honen laguna harago doa: “Hau botere kontua da, euskarak boterea behar du”. Laugarrenak: “Hiztunaren asertibitateak konponduko ditu euskararen ajeak”. Eta beste batek: “Marketina eta diskurtso egokia falta zaizkio euskarari”. Hurrengoak: “Hiztun komunitatea indartu behar da”. Eta azkenak: “Euskarak behar du amets doitua”.

Zati batekin osotasuna esplikatu nahi dutenen arteko harremana zaila da, noski. Itsuen arteko gatazkaren gainean bertsio ezberdinak daude, baina euskaltzaleen gatazka sokatiran jokatzen da. ‘Hik tira gogor hortikan eta nik tira hemendikan’ eta denak ondo tematuta soka ez da mugitu ere egingo, indarrak elkar neutralizatzen dira eta ‘batura zero’ emaitzarekin denek uste dute irabazten ari direla.

Eta bitartean elefantearen tamaina eta indarra ez dira ikusi ere egiten. Eta aski dira lau topiko, esaterako, Bilboko udalean euskararen aldeko itun berri baten egitasmo ederra pikutara bidaltzeko; edo euskararik gabe bizi direnen komunitatea gero eta erosoago sentitzeko, gabezia horren ondoriorik ezak zeharo lasaituta.

Gure elefantea puzzle bat da, eta osorik egoteko pieza guztiak behar ditu: sedukzioa, legea, boterea, asertibitatea, marketina, diskurtso egokia, hiztun komunitatea eta amets doitua. Denak. Eta denak batera, lehentasunen gaineko diskizisiotan sartu gabe. Eta euskaltzale bakoitza bere atalean arituta ere, atal guztiek osatutako ikuspegia behar dugu. Ikuspegi saretua, eta gure arteko konfiantza, bestearen aitortza, lankidetzaren kultura… Labur esanda, denok euskara lehenestea benetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Itziarri begirune

Deban Bailes.jpgArrazoi pertsonalak medio, hurbiletik ezagutzen dut Itziarrek egin duen ibilbidea udalerri bihurtzeko. Eta malgutasun handia erakutsita adostasun osoz erdietsi behar zutenean auzo udala, hara non alderdi-jokoak sartzen diren tartean eta dena hankaz gora jartzeko zorian dauden. Bihar gauzatu daiteke erabakitze eskubidearen zapalketa bat Debako udalean, eta alderdiek ez dute ulertu nahi aurrerantzean horrelakoak ez zaizkiela ordainik gabe geratuko.

Azken ahalegin modura, beheko manifestua plazaratu dute itziartarrek -neuk ere sinatu dut- eta atzo manifestazioa egin zen, nahiz hedabideek ez dioten asko erreparatu. Ea bihar zer gertatzen den!

Itziarri begirune

Esan ohi da Euskal Herrian denok garela lehengusu propio edo lehengusu txiki. Herritarren artean sortzen diren arazoekin ere berdin gertatzen da. Han gertatu edo hemen gertatu arazoek antzekotasun asko izaten dituzte. Eta, batean edo bestean, irtenbideak ere ez dira elkarrengandik arrotzak, guztiek dute ahaidetasunen bat gizalegearekin eta elkarrekiko errespetuarekin.

ELKAR ULERTU EZINA ETA ULERTU BEHARRA

Distantzia bat dago batetik bestera, baina fisikoa ez ezik baita bakoitzaren nortasunari edo interesei dagokiona ere. Eta horrelakoetan gertatu ohi denez kosta egiten zaie elkar ulertzea Itziarri eta Debari. Honela, duela 25 urte, Itziarrek bere bidea egin nahi izan zuen, baina bidera atera zitzaion Deba, esanaz, ezetz, Itziarrik gabe Deba ez zela bideragarri.

 Politikariak lehenengo, epaileak gero, eta azkenik legeak ere, arrazoia eman zioten Debari. Udalerri berean egotea tokatuko zitzaien biei. Etxe berean elkarri bizkarra emanda bizitzea hain da, ordea, tristea, mutua, nekagarria, hutsala. Elkar ulertzera kondenaturik daude Itziar eta Deba.

ADOSTASUNA ETA %95A

Luzaro gotortuta, eredu administratibo berria jorratzeari ekin zioten Deba eta Itziarrek duela hiru urte. Elkar ulertze prozesu emankor bezain aitzindariaren emaitza, Auzo Udal delakoa izan da, etorkizuneko elkarbizitza eredu adostua ahalbidetzen duena.  Alderdi guztien elkartasuna bihotzez hartu zen Itziarren, eta zuzeneko galdeketan bozken %95ak aldekoa eman dute herritarrek. Bide polit bat egin da bada honaino iristeko.

TRISTURA, ISILTASUNA, NEKEA

Alderdi batzuren azken uneko posizio aldaketak, ordea, elkarri bizkarra emanda bizitzera kondenatu nahi ditu berriro ere Itziar eta Deba.

Haserrea ere eragin du Itziarren. Sekulakoa, eta arrazoiz. Banatzerik ez duenez, integrazioaren bidetik egin du saiakera. Elkarbizitza bat adostu nahi izan du, horretarako adostasun politiko zabalak bilatu ditu, bere borondatea demokratikoki azaldu du… Kontsentsuaren alde gehiago ematerik ez du komunitate batek. Hori ere alferrik bada arazoak ez du irtenbiderik.

ITXAROPENA

Pertsonak bezala herriek ere itxaropenaren baitan egiten dugu aurrera. Euskaldunok ere egun bizi dugun aro politiko berrian adostasun zabalak lortzean eta demokraziaren lanketan jarria dugu balioa. Prozesu lokal zabal eta partehartzailearen ondoren, eskala txikian gauzatzeko gai ez garena, nola izango da, ordea, posible nazio mailan? Horrelako esperantzak guk geuk zapuztuta, zer zilegitasun daukagu besteei gurekiko praktika ereduzkoa eskatzeko?

EMAN EREDU

Bai, formulek balio bera dute karratu handi eta txikientzat. Hala, handian salatzen ditugun jokabideak ezin ditugu txikian geuk egin. Ez da gizalegezkoa Itziar gutxiestea, herriak sokan lotuz elkarbizitza itotzen dela salatzen dugun bitartean. Herri bezala itxaropenari eutsi nahi bazaio, etxetik eredu ematea dagokigu, komenientziazko salbuespenei tarterik eman gabe. Herri guztiek merezi dute begirunea. Eta Itziarko %95ak zerbait gehiago ere bai: Auzo Udala.

Manifestu hau sinatzen dugunok herrien garapen eta bizikidetzaren alde gaudelarik bat egiten dugu Itziarrek abiatu duen bidearekin, eta eskatzen diegu Debako Udaleko alderdiei arren bermatu dezatela Auzo Udal proiektua. Gizarte prozesu eratzaileek babes politiko ausartak eskatzen dituzte.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

GED eta Askatasunaren Ibilaldia

Entzuten ari naiz hainbat iritzi bi ekimen hauen arteko parekotasunaz. Ni bietan egona naiz eta alde handiak ikusten ditut batetik bestera, 37 urteko tarteak nire kalparrari eragin dion kaltetik harago.

18

Biak izan dira gizarte mobilizazio handiak, baina hortik aurrera ia dena ezberdina da. Pentsatzen dut neurria bera ere askozaz handiagoa izango zela oraingoa, ze orduan Arazuriko soro batean sartu ginen ibiltari guztiak.

askatasunarenOroitzen dudanez, Askatasunaren Ibilaldia alderdi batzuen artean antolatu zen, 1977ko hauteskundeen ondoren, eta neronek partu hartu nuen hainbat bilera eta mitinetan, ESB ordezkatuz. Lehen aukera hartan KAS koordinadorak uko egin zien hauteskundeei eta berak gidatu zuen ekimena.  Hauteskundeetarako amnistia emana zen eta haren baitan atzerriratuko preso seinalatuak tarteka ‘agertu’ egiten ziren Europan, Telesforo buru zutela. Eta Iruñea ondoko Arazurin ere agertu ziren, noski.

Oraingoan herritarrak izan dira gidari. Eta hau ez da ñabardura txiki edo ertzeko bat, hau funtsezko kontua da. Hain zuzen alderdiak erakusten ari direlako gabezia handiak eta sektakeria gehiegi, ekimena sortu da herritarren artetik eta hauen kontrolpean. Eta horrek ematen dio traszendentzia berezia.

Ekimen bakoitzaren jatorriak markatzen du baita ere edukien arteko aldea. Ez ditut zehatz gogoratzen ordukoak –buruan kalparra baino zeozer gehiago galdu dudan seinale- baina bai Nafarroan sartu ginela zutabe ezberdinak ikurrina artean eta ‘Nafarroa Euskadi da’ ohikatuz. Artean hain seguru geunden nafar guztiek hori nahi zutela, imanjinatu ere ez genuela egiten haiei galdetzeko aukera. Handik 20 bat urtera entzun nion Juan Cruz Alli Nafarroako presidente izanari Ibilaldiarekin nafar gizartean sortutako beldurrak gutxienez hiru hamarkadarako izorratu zuela hego Euskal Herria antolatzeko aukera.

Oraingoan aldarrikatu da eskubide demokratiko bat, eta ez helburu politiko bat. Aldarri honetara edonor bil daiteke, berdin da eskubidea zein norabidetan erabiliko lukeen. Hemen indar metaketa bilatzen da, orduan indar itxura eman nahi zen.

Aldarteak ere oso ezberdinak dira. Orduan dena zen serioa, dramatikoa, hil ala bizikoa. Orain berriz bizipoza izan da nagusi, txundituta ere banago giza-katean parte hartu zutenen adierazpen alai eta itxaropentsuak entzunda.

Uste dut denbora ez dela alferrik joan, ikasi ere egin dugula bidean. Ausartuko naiz esatera gaur barneratuago daukagula zer den demokrazia eta nola jokatu behar den demokratikoki irabazteko, nahiz oraindik hobetezeko asko daukagun. Hain zuzen, hor legoke azken ezberdintasuna: Askatasunaren Ibilaldian zangoak astindu genituen ideiak mugitu gabe, eta Gure Esku Dagon egokitutako tokian geldi egon gara baina jarrerak eta pentsamoldeak ziztu bizian ari dira bilakatzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Gure esku

goiena

2014.06.06

Betidanik pitatu dit belarrian autodeterminazio eskubideak. Ezinbestean eskatzen du onartzea diskurtso trinko bat  -nazio bat gara, konkistatua izan zen kolonia- eta uste dut trinkotasun hori kaltegarri zaiola aldarriaren hedapenari.

Aldiz oso argia egiten zait erabakitzeko eskubidea, oinarria duelako demokratikoki azaldutako borondatean. Bere horretan badu aitortza nazioarteko legedian; eta, batez ere, lehen lerroan jartzen du demokrazioa, historiaren edo identitatearen aurretik. Beraz, aukera ematen dio edonori eskubide hau aldarrikatzeko. Zentzu horretan eredugarria da Gemma Zabaleta sozialistak egin duen hautu argia.

Domekan Kanpazarren ibiliko naiz giza-katean laguntzaile lanetan. Eta nekez aurkituko nukeen kokapen egokiagorik, Gipuzkoa eta Bizkaiaren mugan, mugen gainetik eskuak lotzen eta borondateak batzen.

Izan dadila honaino ekarri gaituen bidea lehen txanpa bat herrigintza berrian, eta bidean aurrera gainditu ditzagula hamarkada luzeotako lubakiak, gorrotoak eta mesfidantzak. Demokrazia bidezko askapenak indar handia eskatuko du eta hori soilik elkar hartzetik etor daiteke. Gure esku dago eta jadanik bidean gaude.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Espainia borborrean

Ari da nagusitzen interpretazio bat atzoko abdikazioaz: berez pentsatuta zegoen patxadaz egiteko, baina azken hauteskundeek behartu dute bat batean egin beharra. Kontua da Espainiako konstituzioak aurreikusten duela errege hilaren ordezkatzea baina ez abdikazioa. Eta hau gauzatzeko, lege bat behar da parlamentuaren bi herenek onartuko dutena. Eta gehiengo hori oraintxe badago, baina behin PSOEn agintari aldaketa gauzatzen denean… auskalo! Beraz, egin dezagun azkar, ezinezkoa izan baino lehen.

 

Hemen azpimarratu nahi dudana da Espainia egitasmoaren krisi erabatekoa. Ultranazionalismotik harago, ez da gai ezer erakargarririk eskaintzeko. Politika egiteko modua señoritoena da, ustelkeria eta inpunitatea batera doaz beti, justizia interbenituta dago, gizarte mugimenduei prepotentziatik erantzuten zaie… Eta hori guztia ezkutatu nahi da mosso katalanen astakeriak astinduz edo gurean enegarren atxiloketa ganorabakoa asmatuta.

 

Espainia borborrean dago, agian eztandaren bezperan. Gauza batzuk azkar gertatuko dira, uda aurretik eta ondoren majo berotuko dira bazterrak. Oro har, aukerak irekiko dira katalanak eta euskaldunak mugi gaitezen. Eta adi egon beharko dugu, gure interesen aldeko mugimenduekin bat egin, baina lanik handiena etxe barruan daukagu. Espainia egitasmoa krisi erabatekoan dago, baina euskal egitasmo politikoak oraindik ez du izen argirik ere (Euskal Herria vs. Euskadi) Beraz, ekingo diogu gureari?

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Malkoak eta izarrak

Rabindranath Tagore indiar idazle ospetsuaren erranairua: ‘Negar egiten baduzu eguzkia sartzen delako, zure malkoek ez dizute utziko izarrak ikusten’

Gertatzen da, gurean behin eta berriro. Egunotan gertatu diren bi adibide.

Bat: Ordiziako tren geltokia. Euskaldunek euskaraz egin eta Renfeko zaindariak gaztelaniara behartu nahi. Euskaldunak tinko eta zaindariek ertzaintzari deitu. Etorri eta hauek ere euskaldunak gaztelaniara behartu nahi. Euskaldunak tinko eta guztien portaera salatu. Azkenean bai Renfek eta bai Ertzaintzak barkamena eskatu dute. Eta hala ere euskaldun askok negar egin du, Espainiaren boterea handia delako. Eta malkoek ez diete utzi ikusten euskaldunek irabazi dutela, botere estrukturalari aurre egin dakiokeela indar morala eta jarrera duina erakutsi ezkero. Egoera asko aldatu behar dira euskara normalizatzeko, eta euskaltzaleon aktibazioa giltzarri izango da bide horretan.

Bi: Telebistan Coca-Colaren iragarkia eta bertan aktore Gorka Sanchez. Bat batean argitaratzen da presoen eskubideen alde aritzen dela eta konpainiak iragarkia erretiratu egiten du. Are gehiago, biktimei barkamena eskatu. Eta erreakzioa hasten da. Gorkak bere bertsioa ematen du, bikain, eta sare sozialak berotzen hasi, gero eta beroago. Biharamunean Coca-Colak dio iragarkia berez zegoela iraungita, manipulatuak sentitu direla eta Gorkarekin ‘ia desenkusatu ere’ egin direla. Eta hala ere negarra, aldeko bateko biktimek Espainian duten boterea beste behin ere agerian geratu delako. Eta zenbaiti malkoek ez diote ikusten utzi hemen ere hanka sartu zuenak atzera egin duela eta ‘ia desenkusatzera’ behartua izan dela. Hau da, erasoari aurre egiteko adina indar izan dela. Eta hurrengoan ere izan daitekeela, kontzientzia elikatzen badugu.

Negar egin zalea naiz, baina emozioak eraginda. Erasoen aurrean negarra baino nahiago dut erresistentzia morala. Eraginkorragoa da eta, gainera, ikusi egin daitezke lortutako garaipenak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina