Aipagarri

Errepideak eta kaleak bete dira berriro autoz, joandakoak itzuli diren seinale. Hemen dugu atzera normaltasuna, bere zalaparta eta kabitu ezinekin.

Asko aipatu da aurten jende asko gelditu dela ibarrean, beste urte batzuen aldean. Etorriko dira datu zehatzak inpresio hori berrestera edo zuzentzera.

Aipagarri izan da, nola ez, eguraldia. Abuztukoa izan da benetan sanoa, bero larregi barik eta gauetan fresko. Askok uste du horrelako eguraldiarekin etxean eman daitezkeela oporrik onenak.

Aipagarri, era berean, abuztua bare joan izana politikari dagokionean. Ez da udako sugerik ibili bazterrak nahasten, eta apenas jarri diren kaleak sutan, Getxon edo Donostian.

Aipagarri egin zait aurkitu dudan baikortasuna etorkizun hurbilari buruz. Bereziki animatuta ikusi ditut ibarreko sozialista esanguratsuak, auskalo zer kontatu dien Zapaterok.

Aipatzekoa da egunotan bertan ikusten den zuhurtzia politikarien artean. Oraindik ez da egongo mami handirik, baina giroa zeharo aldatu da urte betetik hona. Alde ederrekoa oraingo Versalles hau orduko oilategiarekin!

Niretzat, ordea, eta barkatu zilborkeria, aipagarriena izaten ari da mahastien oparotasuna. Bikain, ugari eta goiztiar dator mahatsa eta, itxura guztien arabera, aurtengo uzta izan daiteke akordurakoa.

Beste horrenbeste opa diet Ibarretxe, Zapatero, Otegi eta enparauei!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mahastia abuztuan

Uztaileko kronika gelditu zen idatzi barik, Madeira kulpante. Horregatik gaurkoak hartuko ditu azken hilabete biak. Denbora honetan gauzatzen da udaberrian iragarritakoa eta, faktore asko lagun, luku ederretan bihurtzen dira orduko lore ñimiñoak. Aurrera dezadan mahats karga itzela egin dela aurten eta, okerrik ezean, uzta oparoa izango dugula laster. Gaur bertan atera du Joxek ondoko argazkia:

Ekainean utzi genituen kimu berriak neurri gabe hazten, eta belarra beste horrenbeste. Uztailak patxada dakarkio mahastiari, neurria, barea. Behin kimuen sobrantea moztu ezkero, astiroago luzatzen dira, eta landarearen indarra bidera daiteke frutara. Belarrak ere hartzen du sosegu apur bat, eta arnasa ematen dio iritsi ezinean dabilen mahastizainari.

Eztanda baretu

Ez dute baserritar guztiek gauza bera esango, baina guretzat -mahastizainontzat- ezin hobea izan da aurtengo uda. Mahatsondoak oso sakonak ditu zuztarrak eta lurraren sakonean aurkitzen du behar besteko hezetasuna. Gurean, neguko elurteek eta udaberriko euriek ondo aseta utzi zuten lur azpia eta lehorteak apenas kaltetu dituen apur bat landare gazteenak, oraindik sustraitze bidean direnak. Eguraldi lehor eta eguzkitsuaz, mahastia dago inoiz baino osasuntsuago, eta mahatsa ari da goiz heltzen.

Eguraldi bikaina

Uztailean txingorra da arriskurik handiena. Iaz, Lorenzo lagunari uztaren herena-edo hondatu zion uztaileko harriak. Eskerrak aseguruak txukun ordaindu zion! Aurten ez da uztaila/abuztuan arazorik izan, eta irailean nekez egin ohi du txingorrik. Sasoi honetan, eta uztara bitarte, botritisa da borrokatu beharreko etsaia. Hau sortzen da ia seguru lukuak pilatu samar daudenean, haizatu ezinik, ze orduan hezetasuna gorde egiten da eta gaitza garatu. Eta mahatsa ubeldu eta usteldu ezkero, akabo orduan oparotasuna eta uzta ederra!

Sasoiko arriskuak

Botritisari aurre egiteko, botika botatzeaz gain, kendu egiten dira lukuen inguruko orriak, eta trabatuta dauden lukuak libratu, haizea tarteetan sar dadin eta hark lehor dezan hezea. Orri kentzeko zeremonia asko gustatzen zait, badu ezezaguna biluztearen morbo puntua, ezin jakin zer aurkituko den azpian. Eta, aurten bezala, azpian agertzen badira lukuak gura adina, sanoak eta mardulak, orduan horrek kitzikatu eta aztoratu egiten du bat, eta orduak eta orduak eman ditzake mahatsa biluzten.

Orri kentzea

Joxe eta Bego ibiltzen ditugu laguntzaile urte osoan, eta areago abuztuan. Lauron artean egin berri diogu mahastiari ileapaintze lan bikaina. Argazkian ikusten da nola plastikoa daukagun jarrita landareak indartzeko, belarraren kaltetan. Baina belarrak indar sasoian kolonizatu egiten du plastikoa, eta zabar jartzen mahastia. Belarra ahultzen denean, eskobarez harrotzen dugu belarraren ertza eta berehala ebaki makinarekin. Oraintxe amaitu dugu lana, eta pozik ze, ondo dotore gelditu dira pasiloak, e?

Ileapaindegia

Abuztuko orri kentzea egiten da bakarrik mahats ilararen alde batetik, beste aldea babestuta gordetzeko. Gero, biltze aurreko egunetan biluzten da mahatsa erabat, biltzaileen lana errazteko. Oraindik beste botikaldi bat ere geratzen da, bereziki botritisaren aurkakoa, eta hau bota behar da beranduen mahatsa batu baino hiru aste arinago, frutak astia izan dezan gainditzeko botikaren kutsadura.

Uzta aurrekoak

Lan guztiok, bistan denez, daude egutegiaren mende eta hau erabakitzen du mahatsaren graduak, eta gradua hartzen du frutak eguraldiaren arabera. Batzeko, mahatsak behar du gutxienez 11 gradu, eta hobe 12ra hurbiltzen bada. Beraz, sarri neurtu behar da gradua, bilakaera igarri eta datak lotzen joateko. Nola egiten den gradu neurketa? Bada biltzen dira arlo bakoitzetik 50 ale, aukeratu gabe, eta horiek egiten dira pisatu eta zukutu. Gero zuku apur bat jartzen da refraktometroan, eta hau zuzentzen da argitara katalejua bailitzan: eskalan agertzen da gradua. Gurean lehen neurketa egin genuen astelehenean, eta iazkoarekin hamar bat egun aurreratuta gabiltza. Neurketa berrien zain, oraingoz uste dugu aurtengo mahats batzea izango dela irailaren 24an.

Graduarena

Horren ondoren idatziko dut azken kronika, emaitzekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Madeirako Musikaire

Elorrion Musikaire ari zen bete-betean, eta oraindik Cibelle falta zen, besteak beste, baina Madeirarako hegaldiak eraman gintuen hara, hemengoa etenda. Eta hor non, Madeiran ere, aurkitzen dugun aire zabaleko musika jaialdia, “Raizes do Atlântico”:http://attambur.com/Noticias/20032t/festival_raizes_do_atlantico_2003.htm. Antolatzailea, Almasud elkartea, (berritzen ari dira www.almasud.com orria) da irlako kultur eragile indartsua, disko ekoizle eta talde sortzailea. Lau egunez joan ginen, gau giro ederrean, Funchaleko Jardim Municipal politera. Han ikusi genituen Dazkarieh eta Arrefole talde portugaldarrak, baina gehiago interesatu zitzaizkidan bertakoak, “Banda d’Além”:http://attambur.com/Grupos/bandaalemdir.htm bereziki. Musika tradizionala, jazz ikutuekin eta katxondeo giroan, nahi nituzke ekarri datorren urtean Elorriora.

Bitxi badirudi ere, aste bakarra egin arren Madeiran, astia izan genuen egunkarian agertzeko eta hango presidente famatua, Alberto Joao Jardim xelebrea agurtzeko. Xehetasunak hurrengo batean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Unplugged

Uztaila amaierako etena baneukan aurreikusita, besteak beste, aurreti dezentez hartua nuelako hegaldia Madeira irlara, eta hotela Funchal hiriburuan. Ibili ederrak egin ditugu hango ubidetan, levada
izenekoetan. Hauek bakarrik merezi dute bidaia.

Ustekabea, baina, handik itzultzean suertatu da. Iristean, aurkitu genituen Telefonicako langileak lanean Esteñibar ingurutan, kableak aldatzen. Amaitu zutenean, gu lotura barik geunden. Ez ahotsik, ez mezurik.

Bospasei egun eta beste horrenbeste dei -gero eta haserreago- behar izan dira telefonoa martxan jartzeko. Baina telefonoa bakarrik, zerbitzaria ez. Beste bost bat egunen bueltan, gaur hain zuzen, sarean berriro. Borroka horretan, ondo konturatu naiz baserrian bizi dena dagoela blogosferaren alde arlotean, beti urri izango dituelako kable eta interakzio hornitzaileak. Etsita nago.

Aitortzen dut, ordea, hiru aste inguru desentxufatuta egon naizen honetan ez dudala monorik izan, lasai asko ibili naizela sarean idatzi eta irakurri barik. Alde batetik, sekulako lana izan dugulako mahatsondoei hostoak arintzen, eta gogo gutxi buru kantsaziñotarako. Baina, baita ere, nire bizitzak behar dituelako hiperkonektibitatean etenak, eta apartatzea munduko zurrunbilotik, gozatzeko txirriten kantuaz eta San Lorentzo gaueko izar zaparradaz.

Ez dakit ea ulertzen den…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Tindufetik Aaiunera

Gurutze/Fatimetu arrebak bota berri du latza: Dagoeneko soberan ditut elkartasun karabana guztiak esan du, eta inguruko zenbaitek haserre hartu omen du esandakoa. Baina zuzen dabil Fatimetu/Gurutze. Sahararekiko elkartasunak eskatu ohi du 30 urtez Tindufeko kanpamenduak sostengatzea, baliabide materialekin eta bihotz laguntasunez. Baina une honetan, zeregin nagusia ez da karitatezko karabanak bidaltzea Tindufera. Sahararrekiko elkartasunak eskatzen du, gaur eta hemen, bat egitea Sahara okupatuan borrokan ari direnekin. Tinduf (Aljeria)

Hogeitamar urte inguru daramate sahararrek basamortuan. Bizirauteko modu bakarra izan zuten han gordetzea, herri sentimenduaren txingarra ez zedin itzal. Eta antolakuntza lan itzela egin dute han, ondo baliatuta kanpoko laguntza ugaria, euskaldunona punta samarrean. Baina hura geltoki dute, ez helmuga. Eta ez bakarrik basamortu gorria delako. Ezer baino lehen, hura Aljeria delako, atzerria sahararrentzat. Salem koinatuak, esaterako, ez zituen nahi bere errautsak Tindufen, atzerrian, baizik Sahara librean.

Berriro arrebaren hitzak: Orain ezagutu da kanpoan lurralde okupatuetako errepresioa, baina hori azken 30 urteko kontua da. Atxilotuak, kartzelatuak, desagertuak, torturatuak ez dira gauza berria. Sahararrak modu baketsuan ari dira Intifada egiten. Ez, ez da berria lurralde okupatuetako borroka, baina bai da berria haren berri iritsi izana mendebaldera. Eta, hemen ikusi denean marokoar polizia manifestariak egurtzen edo hainbat ordezkariren bisitak indarrez galarazten, berpiztu egin dira sentimenduak, eta birkokatu egin da gaia. Tindufen iraun egingo da, baina borroka irabaz daiteke bakarrik Saharako lurralde okupatuetan. Beno, han eta… Estatu Batuetan.

Sahara okupatua

Zer eta geopolitika izan dezake lagun RASDk askatasunera bidean. Hitz laburretan, Dorre Bikietako atentatuaren eraginez, Estatu Batuei (EEBB) komeni zaie –terrorismoari aurre egiteko- Magreb batu eta laguna. Eta honetarako, Saharako egoera da oztopo nagusia, Maroko eta Aljeriaren artean. EEBBak Marokoren lagun dira negozioetan, baina urte betean bikoiztu egin dituzte inportazioak Aljeriatik. Eta petrolio bila dabiltza Saharako itsasertzean. Gauzak horrela, komeni zaie gatazka bideratzea. Oraingoz, Etxe Zuriak ez du harreman formalik Fronte Polisariorekin, baina, era berean, ez dio aitortzen Marokori inongo soberaniarik Saharan. Eta borroka gogorrean dabiltza EEBBetako Kongresuan, Marokoren aldeko lobbya eta sahararren ordezkariak. Hauen artean ezagun egin da Mouloud Said, lortzen ari delako Sahararen aldeko atxikimenduak berdin demokraten edo errepublikarren artean. Bere kontra, Maroko ari omen da sekulako dirutza gastatzen, iritzia moldarazten duten enpresetan. Baina, estatubatuarrei –nonbait- David gustatzen hasi zaie gehiago, Goliat baino…

Washington

Nazio Batuetan (NB) dago beste borroka zelaia. Baker Saharatik erretiratu eta gero, emaitzarik lortzen ez zuelako, bere lankide bat, John Bolton, izan daiteke EEBBen enbaxadore NBen aurrean. Eta, ze gauza, askorentzat deabruaren hurrengo den gizon hau, oso lagungarri izan daiteke Saharako egoera bideratzeko, nola izan zen askoz lagungarriago Aznarren tinkotasuna gai honetan, Zapateroren egungo epelkeria baino. Ez da ahaztu behar, NBak direla Sahararen kasuan nazioarteko legalitatearen zaindariak, eta hauen proposamen guztietan erreferenduma dela konponbidearen giltzarri.

New York

Gora behera askoren bueltan, oraingo zikloan haizea alde dute sahararrek. Alde, baina ez debalde. Asko eta ondo egin beharko dute borrokan, egoera bideratuko bada. Eta hor behar gaituzte lagunak, sostengu, kide eta bozgorailu. Besteak beste, Salemen errautsak ere itzul daitezen noizbait Sahara librera.

Aaiun

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Batu bai, baina zertarako?

Oporretan harrapatu nau gaiak, eta egitasmoaz bakarrik dakit hedabideetan zatika harrapatu dudana. Gipuzkoako Kutxako langile naizen aldetik, ez nuen susmorik hau orain gertatuko zenik, baina, era berean, banekien edozein momentutan gerta zitekeela, azken hamar urteotan. Eta ez nau larritzen, ze bategitea ez da izango langileontzat bereziki latza, eta aldaketekin beti sortzen dira aukerak. Hiritar moduan, ordea, uste dut gaia oso potoloa dela, eta gizarteak baduela zer esanik eta esateko modurik. Banku publikoa

Duela bi hamarkada edo, alderdi abertzale guztien programetan zegoen euskal banku publikoa edo antzeko aldarriren bat, autogobernurako tresna garrantzitsua izan zitekeela-eta. Baina berehala zapuztu zuten ametsa, Espainiak lehenengo, eta Europak gero. Joera ez zen izango banku zentral estatalak zatikatzea, baizik europar bakarrean batzea.

Utopia alboratuta, EAJk ekin zion bide praktikoari. 90eko hamarkadarekin batera hasi ziren aurrezki kutxen bategiteak.

Hegoaldeko lurralde bakoitzean bina kutxa zeuden, bat probintziala eta bestea munizipala. Hura Diputazioak sortua eta hau hiriburuko udalak. Nola aginte organoetan denek zuten administrazioa nagusi, eta EAEko administrazioan alderdi berak agintzen zuen, nahikoa izan zen EAJren erabakia hiru lurraldetan bategiteak gertatzeko. Ez ziren falta izan borrokak eta labankadak, agintea banatzerakoan, baina hiru bat urteren bueltan burutuak zeuden hirurak. Nafarroa beranduago ibili da, -EAJrik ez- baina hemen ere egin da fusioa.

Kutxak lurraldeka

EAEn, argi samar zegoen zurrunbiloa baretu orduko hasiko zela hirurak batzeko prozesua. Eta egin ere egin ziren lehen urratsak, Besaide izen sinbolikopean. Baina, seguruenik kutxetako buruzagi berrien eraginez, gauzak geldotu egin ziren lehenengo, eta erabat gelditu gero. Eta EAJk galdu zuenean Arabako kutxa, planak izoztu egin ziren.

Baina ez betirako, bistan denez. EAJk itxoin egin zuen, kutxetako buruzagien aldaketa tokatu arte, eta orduan indartsu jokatu zuen. 2003an Irala ekarri zuen BBKra, Iberian arrakasta handiko lana egiten ari zela. Goitik behera etortze horrek, esplikazio bakarra izan zezakeen: kutxen bategitea berpizteko enkargua. Eta, nonbait, ondo bete du Iralak mandatua. Horretarako behar izan du beste bi presidenteak aldatzea, bereziki Kutxako Spagnolo ordezkatzea, eta hiru berrien artean giro lagunkoia sortzea. Gainera, zorte ona ere izan du Madrilgo gobernu aldaketarekin, hori ezin baitzen aurreikusi duela bi urte.

Hiru presidente

Eta hiru presidenteek aurkeztu dute proposamena. Buruzagiena –eta ez erakundeena- izateak mesede egingo dio ibilbidean. Eta ez dut uste Arabako popularrek egin dituzten axanpak hori baino gehiago izango direnik, gauzak lotu samar dirudite gorago.

Kutxetako arduradunek erabili dituzte arrazoi teknikoak bategiterako: tamaina, lehiakortasuna, efizientzia… Eta politika aldetik aipatzen dira beste batzuk: aginte kontzentrazioa, kromo trukea, jeltzale eta sozialisten arteko lehen zirriak… Baina hiritarrari zer zaio, hiru kutxen bategitea? Badu ezer irabaztekorik?

Baina, zertarako?

Bai, eta asko. Kutxa batua izango litzateke EAEko banku nagusia, nahiko indartsua asko baldintzatzeko diruaren merkatua gurean. Segun eta nolako politikak bideratzen dituen, aldatu egin lezake, onera edo txarrera, finantza zerbitzuek duten eragina gure bizitzan. Kutxek ez dute mozkinik banatu behar akziodunen artean, behin kaudimen eta inbertsio premiak estalita, sakrifika dezakete mozkina bezeroaren mesedetan. Joka dezakete komisio eta interesekin, sustatzeko gizarteko atal dinamikoenak, eta babesteko ahulenak. Izan daitezela bankuak marrazo, eta har dezatela kutxek bide gizatiarragoa.

Utopia? Bai, utopiko dirudi. Egingarri? Bai, nahi badugu. Ez ahaztu, kutxetako nagusiak dira erakundeak, bezeroak eta langileak. Hau da, hiritarrak. Hau da, GU. Beraz, guri dagokigu antolatzea eragiteko eta eragitea gauzak aldatzeko. Honetan ere delegatzen badugu bakoitzaren alderdian, edo paso egiten badugu, gero ez zaigu geldituko kexatzea besterik, halako komisio edo beste tasa kobratu digutelako.

Bada, nik bategitea behar dut Kutxako lana uzteko. Horrelakoetan aukerak izaten dira eta, zorte on apur batekin, bakarren bat egokituko zait. Eta horrela bada, egon ziur, aprobetxatuko dut!

Eta nik?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Sahara

Domeka honetan jaia izango da Arrasateko Musakolan, Sahararen alde. Nubi elkarteak hartu du antolaketaren ardura, bere jardunean sendotuz doan seinale. Arrasaten sortu bada ere, ibar osora hedatzeko asmoa du elkarte honek, sahararren alde dagoen borondate ona bideratzeko.

Horixe jarri diote lelo egun osoko jaiari. Eta nekez asma zitekeen une honetan lelo egokiagorik. Izan ere, datu ugarik adierazten du zerbait aldatzen ari dela 30 urteko gatazka luzean, eta aukera berriak pizten ari zaizkiola konponbideari.

Sahara orain

Gatazka txikiek, belauntzien antzera, haizea behar dute alde, aurrera egingo badute. Eta sahararren egitasmoak ez du zorte handirik izan, haize kontutan. Maroko bere etsaia hobeto egon da kokatuta handien artean eta lortu du, trikimailu bidez, Nazio Batuen ekimen konpontzaileak geldiaraztea.

Haizea alde?

Orain, ordea, Estatu Batuen lehentasuna da Magreb batu eta laguna, ‘terrorismo’ari aurre egiteko, eta Aljeriarekin harremanak sendotzen hasi da. Baina, Maroko eta Aljeriaren artean badago auzi gorri bat: Sahara. Eta badirudi hasi direla auzi hori konpontzeko mugimenduak eta presioak. Adibidez, zergatik ezagutu dugu orain lurralde okupatuetako errepresioa, 30 urtez irauten badu?

Karabanak behar dituzte Tindufen, baita gure mobilizazioa ere Aaiunen borrokan ari direnek. Ni joango naiz domekan Musakolara. Bazatoz?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Monterron

Sanjoanetan izan nintzen Arrasateko parkean, bandaren kontzertua entzuten. Lourdes Arkotxa kide hil berriari eskaini zioten emanaldia, eta horrek eraman ninduen Elorriotik Arrasatera, Lourdes nuelako auzokide Gazetan eta lankide Musikairen.

Eguzki errea zen Sanjoaneko eguerdian, eta Monterrongo gerizpe urrituetan babestu behar izan genuen bertaratuok. Botatako zuhaitz handien tokian sartu dituzte berriak, baina urte asko beharko ditu hauen gerizpeak iristeko haiek ematen zutenaren erdira. Horrez gain, ikusi nuen auditorioko oholtza bera estalita oso modu traketsean, mekanotubo arrunt eta txapa sinple batez.

Gerizpeak urri

Eta, bandaren musika lagun, hasi nintzen imajinatzen estalki bat, zabaldu eta tolestu egiteko modukoa, oholtza eta auditorioa biak babestuko lituzkeena, eguzki erretik bezala euri txikitik. Beharko luke izan zerbait arina, ingeniaritza on eta fabrika gutxikoa, inguru eder haren lagun eta ez traba. Eta, imajinatzearen puruz, ikusi ere ikusi nituen burdinazko masta meheak, kable tenkatuak, eta haien gainean oihal bat, ez dakit plastiko edo lonazkoa zen.

Estalkia amets

Eta, nire buruan, Monterron bilakatu zen aire zabaleko auditorio aparta, eguraldiarekiko morrontzarik gabea, Debagoiena osoaren mesederako.

Geroztik, ondo esna nagoela, galderek irauten didate. Badago Debagoienean aukera hoberik? Merezi du ahaleginak?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Argazki zaharrak

Makina digitalaren faltan -ez dit inork oparitzen eta- ezin dut neronek hornitu bloga. Baina kasu honetan, goraipatu nahi dut Aitor Larrañaga lagunak egin zigun lana iazko uzta biltze egunean. Argazki eder mordoa atera zuen, eta gero ederragotu ditu ordenagailuan. Hemen adibide bi:


Peoi koadrilla atsedenaldian


Lan onaren ondoko oturuntza alaia

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Sari banaketa Andoainen

Gaur eguerdian izan dugu Rikardo Arregi kazetaritza sarien banaketa, Andoaingo udaletxean. Honela gelditu da aurtengo palmaresa:

  • Sari Nagusia: Maite Artola (Euskadi Irratia)
  • Kazetari Gaztea: Ainhoa Lendinez (Argia)
  • Aipamen berezia: Elhuyar aldizkariko dossier bat
  • Ohorezko aipamena: Luzien Etxezaharreta eta Martxelo Otamendi.

Sarien arrazoiak eta xehetasunak jakiteko, kontsulta dezakezue azken erabakia osorik. Nik hona ekarriko ditut testu horretan egiten diren aipamen batzuk, hain zuzen blogosferari dagozkionak:

  • Hedabideek eman dute aurten ere berea, medio berriak sortuz eta beste batzuk desagertuz. Edizio honetan, ordea, bereziki aipatu nahiko genituzke euskarri berrien bitartez etorri direnak. Eitb24.com ataria aipatzeaz batera, euskal blogosfera azpimarratu nahiko genuke. Aipagarria iruditzen zaigu nola garatu den blogintzaren fenomenoa euskaraz, joera globalak bertakotzeko azkartasuna erakutsiz. Eibar.org taldeak sortu du lehen blog komunitatea euskaraz, eta honen haritik etorri da Goiena.net komunitatea. Bien artean, azaleratu dute euskal blogarien multzo polita eta bultzada eman diote euskarazko blogosferari.
  • Interneten arloan aipagarri deritzogu Joxe Aranzabalen kasuari. Sustatu.com blog kolektiboan eman zuen on-line bere minbiziaren berri, eta aurten komunikazio ariketa hura bihurtu da paperezko liburu. Ohiko ibilbidea izanik paperetik sarera, aipagarria da alderantziz gertatu izana, lehen aldiz. Pozten gara eritasunaren aurka eramandako borroka kontatzeko harturiko kazetaritza-xendraren helmugan osasuna Joxeren zain egon delako.
  • Arlo honi amaiera emateko, aipagarria begitantzen zaigu aurki.comek sortu duen tresna, sarean diren euskarazko argitalpen guztiak -blog xumeak zein hedabide handiak- orri bakarrean biltzeko, une oro eguneratuta. Tresna ezin hobea da euskarazko informazio esparrua bistaratzeko.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina