Exibizionista

Eskuak gabardinaren patriketan eta oinak plazara bidean, errepasatu egin zituen urrats hura emateko arrazoiak, erabakia tinkotze aldera. Erakutsi behar zuenak merezi zuen, dudarik gabe. Erakusteak berak sendotu egingo zion ahul samartua zuen autoestimua. Zerbaiten abiapuntua ere izan zitekeen, agian.

Plazan jende asko zegoen. Ez zeuden guztiak berari adi, baina bazekien erreparatuko ziotela, denen aurrera irtendakoan. Asko pentsatu barik igo zituen eskilarak eta pauso txikitan iritsi zen agertokiaren erdira. Gabardina barrenean ageri ziren hanka bilutsiek erakarri zuten lehen ilarakoen arreta, eta begira gelditu ziren, zer gertatuko zain.

Eta orduan, bapatean, zas! gabardina erabat ireki eta agerian jarri zuen bere… bloga.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gipuzkera eta andaluza

Aspaldi pilatzen ari zaizkit adibideak: Jose Ramon Soroiz/Elena Irureta eta enparauen komediak telebistarako (Bi eta bat, Jaun ta jabe edota Martin); Anjel Alkain eta bere soka luzea telebista eta antzerkirako (Sorginen Laratza, Wazemank, edo Kutsidazu); eta azkena, Ramon Agirre eta Aupa Etxebeste entzutetsua. Kasu hauetan guztietan, gipuzkera erabiltzen da umorerako hizkera gisa.

Gaztelaniaz ere gertatzen da antzeko zerbait andaluzarekin. Adibide ezagunena izan daiteke jasan ezin dudan Chiquito, baina badira gustagarriagoak, Paz Padilla esaterako.

Beti ere, badirudi samurrago dela grazioso izatea kale hizkeran, erregistro formalagoetan baino. Zailago begitantzen da txistoso aritzea batua garbian. Nola-eta ez dugun gehiago lantzen umore britaniarra…

Orain, onartuta kale hizkera umoretsuago dela, noizko umorea bizkaieraz edo lapurteraz?

Azken oharra: Ezin izan dut aurkitu ganorazko argazkirik, eta ari naiz euskal farandulako izarretaz. Ostras!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

.cat

Nazioartean bada erakunde bat, ICANN izenekoa, Interneteko domeinuak gobernatzeko. Eta jakin berri da onartu egin duela .cat domeinua, katalanentzat.

Internet oso da eremu librea, eta gizabanakoa ibil daiteke sarean multzo ezberdinetan: .net, .com, .org eta beste hainbat. Horiek ez dute esangura berezirik. Baina beste domeinu batzuk adierazten dute naziotasuna edo estatua: adibidez, .es Espainiarako, .fr Frantziarako, eta abar. Horixe lortu dute katalanek, estatuen pare jartzea Interneten. Eta niri inbidia jaio zait barrenean.

Zutabe hau jarraitzen duenak igarri dit, honezkero, asko begiratzen dudala Katalunia aldera eta, askotan, miresmen puntuarekin. Gustatu egiten zait haiek daramaten bidea nazio gisa indartzeko: herrigintza aurretik eta erakundetzea gero, fer pais deitzen zion Pujolek honi. Gurean, berriz, bestelako joera dugu: gure nazioa berez da, eta falta zaigu bakarrik besteen onarpena.

Norbaitek esango du gauza txikia dela katalanen urrats hau. Ba, lagunak, informazio-gizartean honen garrantzia dago kirol selekzio nazionalen parean. Urte berritik aurrera, sarean –hau da, nazioartean- Katalunia hasiko da existitzen, eta izango du esparru bat non bildu ahal izango diren nahi duten katalan guztiak, berdin badira Valenciakoak edo Balearretakoak edo diasporakoak. Herrigintzarako tresna ederra, inbidiagarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gandiaga topagunea

Iban Arantzabal lagunak lortu dizkit argazkiak. Oinarria da lehengo seminarioarena, gaineko kuboak guztiz berriak.

Zer iruditzen?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Arantzazu

Inauguratu berri dute Gandiaga topagunea, Arantzazuko seminarioaren zimentarrien gainean. Udan egin nion bisita eraikinari eta, artean itxia zegoen arren, kanpotik ikusi nuena gustatu zitzaidan.

Itxura modernoa du, ondo egokitzen zaie basilikaren estiloari eta inguruneari. Eta badirudi erosoak izango direla beheko harrera gunea, igoerak, ibilbideak eta terrazak, hau da, urbanizazio osoa.

Ezin dut barrukoari buruz ezer esan, baina imajinatzen dut pare samarrean etorriko dela kanpokoarekin. Estetikan ere, egoki ikusi nuen aukeratutako sotiltasuna: harria, hormigoia eta altzairu herdoildua.

Gu denon diruaz egin denez, pozik utzi ninduen bisitak. Majo kostatuko zen, baina ekipamendu garrantzitsua irabazi du ibarrak. Orain galdera: zertarako?

Hau da, nola aterako zaio etekina eraikin berriari? Nor arduratuko da kudeaketaz? Nola erakarriko ditu ekimen jendetsuak, hiriburuetatik hain aparte eta mendi artean galdurik dagoen parajeraino? Zein izan da asmoa, Gandiaga topagunea egiterakoan?

Ez dadin behintzat gerta, urtean lau aldiz bakarrik erabiltzen dela eta ekitaldi arruntetarako. Ibarrak ez ditu azpiegiturak soberan, dauden apurrak gutxi erabiltzeko.

Horregatik, arduradunei opa diet ausardia eta abilezia, ondo sal ditzaten eraikin bikaina eta paraje ederra, autobide azkarra eta ibar ezezaguna bezain interesgarria.

Oharra: ez dut aurkitu sarean argazki bakar bat, ezta merezi duen loturarik ere. Deigarri da -eta adierazgarri- halako ekipamendu batek ez izatea dagoeneko presentziarik sarean. Hasiko gara kezkatzen?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mahaia eta magia

Euskal arazoa deitura erabili ohi da –zuri samar- izendatzeko euskaldunon egonezina Espainiako eta Frantziako estatuen pean. Ez dut ukatuko egonezin hori, baina badugu aurrera bidean traba larriago bat: gehiegi sinesten dugu magian. Eta magiak ez du konponduko euskal arazoa. Horregatik gustatu zait ELAren diagnostikoa
Zer da magia?

Magia da, batez ere, itxurakeria, sinestaraztea, begia tronpatzea. Zentzu horretan, magia deritzot esentzialismoari, badakizu, herri bat gara, nazio bat gara, Atturritik Ebrora, eta antzekoei. Magia deritzot baita antifrankismoko itxaropenari: nahikoa izango da Franco hiltzea gure helburu guztiak bete daitezen. Eta orain magia deritzot alderdien mahaiari: hor konponduko da euskal arazoa, behin eta betiko.

Bere sindikatuaren agiria azaldu zuen irratian German Kortabarriak, eta mahai magikoa bere lekuan jarri: Espainiako estatua ez dago prestatuta euskaldunon autodeterminazioa onartzeko, eta euskal indarrek dauzkate egin gabe etxeko lanak, autodeterminazio eskubidea aurrera eramateko. Oraingoan etor daiteke borroka armatuaren amaiera, baina indar asko metatu beharko da euskal arazoa konpontzeko. Diagnostikoan erabat ados, German. Terminoetan, ez horrenbeste.

German exorzista

Gurutziltzatuko naute, agian, baina uste dut autodeterminazioa ere badela magian sinestea. Nazioartean ez gara kolonia bat, metropoliak inbaditua, zapaldua eta esplotatua. Ez historiak eta ez egungo egoerak digute ezinbestean ematen autodeterminazio eskubiderik. Gaia horrela planteatuta, uste dut denbora galtzen ari garela.

Autodeterminazioa

Nazioartean aukerarik izan nahi badugu, eskubide iturri bakarra da hauxe: gizartearen gehiengoak independentzia nahi du, horrela, aitzakiarik gabe, eta horren alde egiten du hauteskundeetan bezala bere ohiko jardunean. Indarkeriarik gabe eta indartsu. Eredu magikorik ez, eredu benetakoa: Quebec.

Independentzia

Ongi etorria egungo mahaia –edo mahaiak-, hortik bideratzen badira ETAren amaiera eta presoen itzulera, eta zerbait aurreratzen bada autogobernuan. Baina horrekin ziklo bat besterik ez da bukatuko, beste bat hasteko.

Etxeko lanak

Euskal Herria egitasmo politikotzat dutenek utzi beharko dute magia alboan, eta adostu estrategia egingarri bat, ildo egokian sartuta. Nik posible ikusten dut euskal gizartearen gehiengoa jartzea independentziaren alde, baina lana sendo eta ondo egin beharko da horretarako.

Bestela, Euskal Herria izango da kultur egitasmoa, hizkuntza eta nortasun bereziko komunitatea, autogobernu politikorako tresna batzuekin. Ez gehiago eta ez gutxiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Urte erdiz blogari

Ibanek liatu ninduen, Goiena.net atarian blog komunitatea sortu nahi zutela-eta. Martxoaren 3an bota nuen lehen mezua, Gasteizen erahildako bost haiek gogoan, eta harrezkero formal samar ibili naiz, astean bizpahirutan idatziz. Ez zait asko kostatzen, eta gustura egiten dut. Baina utziko banio, ez litzateke asko aldatuko mundua, ezta nire bizitza ere.

Esan nahi dut, ez dudala sentitzen nigan batzuei antzematen zaien aztoramena, euskal blogosferaz hitzegitean. Esango nuke bateren bat zakilixut jartzera iristen dela, eta ez da falta 24 orduz akuiluarekin dabilenik, idia ez dadin geratu edo bidetik okertu. Eta ez da horrenbesterako. Esango nuke gurean hamarretik zortzik ez dakiela zer den blog bat, eta ez dela horregatik malerusago.

Beharrezko du euskarak blogosfera, osagai asko eta ezberdinez osatua. Horietako batzuk erraz sintonizatzen dute hartzailearekin, egokiak dituztelako adina, gaiak edo estiloa, eta erantzun zaparrada jasotzen dute. Niri kosta egiten zait, agian oso nigan bizi naizelako, gai interesekoen periferian edo. Eta aitortzen dut idazteko gogoa ahuldu egiten zaidala, bolada batez ez badut erantzunik jasotzen.

Hala ere, jarraituko dut. GOIENKARIAn eutsi egin diote nire zutabeari hirugarren urtez, eta horrek markatzen dit gutxieneko eginkizuna. Eta behin ildoan sartu ezkero…

Baina eutsiko diot blogari, batez ere, gustatzen zaidalako. Zakilixut jartzera iristen ez banaiz ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Viatge cap a Ítaca

**Quan surts per fer el viatge cap a Ítaca
has de pregar que el camí sigui llarg…**

Serrat izan zen lehena -68 ditxosozko haren bueltan- eta La tieta abestiak oraindik zeharo biguntzen dit barrua, baina gero Llach nagusitu zen, Lluis. Eta ez bakarrik zelako Serrat baino abertzaleago, ezkertiarrago, erradakilago. Llach bihurtu zitzaidan ezinbesteko, batez ere, musikari itzela zelako, delako.

**…que siguis vell cuan fondegis l’illa, ric de tot el que hauràs guaynat fent el camí…**

Disko asko erosi nizkion, doinu asko ikasi kitarraz abesteko. Baina bat gelditu zait bihotzean trabatuta betirako, Kavafis grekoaren “Ítaca”:http://www.geocities.com/travesser/ALTERN/kavafis.html poemarekin egin zuena. Han dagoen ikasgaia, –ez izan presarik helmugara iristeko, bidaia bera baita aberastuko zaituena– ildo sakon gelditu da nire pentsamenduan.

**…I si la trobes pobra no ès que Ítaca t’hagi enganyat. Savi com bé t’has fet, sabràs el que volen dir les Ítaques.**

Katalunian Diada ospatzen duten egunean, loratu egin da nire adar katalana.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Eskoriatza 2

Urte bete luze izango da idatzi nuela eskoriatzarrei buruz, eta Aldundiarekin zerabilten borrokaz, autopista zela-eta. Handik gutxira, gauzak dezente bideratu ziren adostasunera, eta hainbat hedabidetan aipatu ere egin zen kasua eredu gisa. Baina lanak gauzatzeko orduan, berpiztu egin da istilua.

Aurreko GOIENKARIAn irakurri nuen erreportaje argigarria. Eta nabarmen egin zitzaidan Bidegi enpresako gerentearen defentsa ahula.

  • Dagoeneko onartu omen dituzte eskoriatzarren 20 bat proposamen. Bada, oso ondo, onargarriak ziren seinale. Eta gehiago badago, zergatik ez onartu?
  • Gutxi batzuen mesederako omen dira proposamen berriak. Nola neurtzen da hori ingurumenaz ari garenean? Eta zergatik orduan defendatzen ditu batzorde osoak?
  • Autopista berean erabili diren soluzio tekniko batzuk lardaskeria izan omen dira eta horregatik ezin dira erabili Eskoriatzan. Ondo ulertu ote dut? Zer ari dira lardaskeriatan? Grabatuta al dago esaldi hori?

Argudio ahulen ondoan, makina eta harreman indartsuak. Baina asko itxoin dio Debagoienak errepide azkarrari, eta orain merezi du autopista puntakoena. Denbora eta dirua ezin dira izan arazo. Indarra ezin da bihurtu arrazoi.

Lan publikoak ezin dira gaur nagusikeriaz egin. Herritarrak ezinbesteko parte dira erabakietan. Horregatik, balio handia ematen diot eskoriatzarren matxinada zentzudunari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Bagatoz ‘mezulariok’

Barkatuko dit xerifak -Euskadi Irratiko albistegietako buruak, Jon Basterrak- ezer zapuzten badiot, baina uste dut hemen bota dezakedala irailaren 12an hasiko dela Mezularia saioaren denboraldi berria, hirugarrena. Batez ere, jende dezentek aipatu izan didalako gustura entzuten duela saioa.
Hori bera adierazten dute, bestalde, audientzia neurketek.

Gidari jarraituko du Maite Artolak, eta saioak ez du aldaketa handirik izango. Izatekotan, baliteke tertulia ostiraletan ere izatea, astean bost egunez. Eta tertuliakideen artean, faltako da ziur Patxi Baztarrika, uztailean izendatu baitzuten Hizkuntz Politikarako sailburuorde, Eusko Jaurlaritzan.

Niri dagokidanez, animoso ekiten diot hirugarren urte honi. Lagunarte onean aritzen gara eta gustuko dut tertulien tonu ohikoa -errespetua eta umore tantak-. Aurten gustatuko litzaidake interakzioa areagotzea entzuleekin. Maitek berak batzutan irekitzen du telefonoa, eta aurrean izaten du e-posta (artola_maite@eitb.com). Ni, berriz, poztuko nintzateke jasoko banitu hemen ideiak, kritikak, edota proposamenak. Saiatuko naiz zuek zirikatzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1