Ahulezia

Ibarretxe planarekin samur izan zitzaion Espainiari sendo itxura ematea. Ozta-ozta eta txiripaz zeraman planak legezko gehiengoa, eta idatzita zegoen konstituzio espainola gogoan hartu gabe. Behar zuenak, gainera, eskura zituen odol kontuak, zahar samarrak baina beti efikazak. Parlamentu espainiarrak gehiengo handiz bota zuen atzera, prozedura eta kontsensua aitzaki.

Orain, ordea, katalanek errespetatu egin dute prozedura, konstituzionaltasuna zaintzen ibili dira eta, azkenean, ordezkarien % 90ak onartu du egitasmoa. Eta, oraindik eztabaida formala hasi ez denean, Espainiak argi erakutsi du bere ahulezia. Aitzakiak kendu zaizkionean, bistan gelditu da zer den Espainia.

Espainia da gerra askoren oihartzuna; azkena, treintaiseisekoa, batasuna gordetze aldera egina, neurri handian. Espainia da lurralde bizkarroien aldarrikapena, Extremadurak eta Andaluziak eta Madrilek behar duten pagotxa, daudenetan irauteko. Eta Espainia da ultranazionalista zenbaiten aberria, besterik usaindu ere ez dutenena, konstituzio itxiari eta armada itsuari esker, banaezina.

Espainia, gaur, ez da egitasmo bat aurrera begira, ez da gai bereganatzeko deseroso dagoena; ez du sendotasun nahikorik birpentsatua izateko, ez du lider ausartik horretan saiatuko denik.

Ahul eta beldurti ikusten dut Espainia. Horregatik zarata eta indar mehatxuak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Non dira neska kantautorak?

Blog hau idazten hasi berritan, idatzi nuen neska blogarien eskasiaz. Eta atzo, Elgetako kantaldian, berritu egin zitzaidan hutsune hori, oraingoan neska kantautorekin.

Polita zen ideia, hamaika kantagileri eskatzea kantu bana Lauxetaren poemak erabiliz, eta horiekin diska eta kontzertua eskaintzea. Bikaina izan zen emaitza, eta argi erakutsi zuen euskal musikaren maila ona, profesionaltasuna eta sormena. Baina hamaika kantagileak GUZTIAK ziren gizakumenak. Eta emakume bakarra lan osagarrian aritu zen, lotura poetikoak egiten. Polita, nahi bada, baina osagarria. Beldur izan nintzen, bizkarra eman eta gerritik gora biluztu zenean, ez ote zuen buelta emango, bular pare batez apaintzeko emakumeen ekarpena ekitaldiari. Zorionez, ez zuen egin.

Amaitzeko, bikaina da hamaika kantuak biltzen dituen diskoa, gomendatzen dizuet erostea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Kultura belazean

Hirietan bildu da jendea, eta jendearekin eskaintza guztiak, merkataritza, aisialdia, kultura… Hustu dira landa eremuak, pinuak jan du mendia eta sasiak belardia.
Dagoeneko, interes gune oro hirietan dago, nagusienak hiriburutan. Hara dago joan beharra, erosketak egitera, ikuskizunetara, elkar agurtzera…

Mendialdean bizi garenon aspaldiko borroka da, zerbait etor dadila kontrako norabidean, hiriburutik herrietara, asfaltotik belazera. Eta tarteka gertatzen da. Oraingoan, Koldo Mitxelena Kulturuneak dakar erakusketa bat Gandiaga Topagune berrira.
Bertsolari bat da gaia, Manuel Lasarte (zerrendaren erdian dago).

Hain gutxitan gertatzen da, ustekabean ere harrapatzen gaituela, ohitu gabe. Baina ni joango naiz Arantzazura, ziur. Erantzun ona medio, bide beretik gauza gehiago etor dadin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Nolatan ez gaituzte jaten?

Ez da kontu berria, baina nik orain ikusi dut filma, Hotel Rwanda, eta berpiztu egin zait orduko izua, Rwandako hutuek milaka eta milaka tutsi hil zutenekoa. Gainera, filmak jakinarazi dit ezagutzen ez nuen kontu bat eta sarraskiaren izuari erantsi zaio lehen munduko zuri izatearen lotsa erabatekoa.

Sinetsita nengoen hutuak eta tutsiak zirela arrazaz (edo kulturaz edo tribu-egituraz) ezberdinak, eta Rwandan gertatutakoa zela ezberdinen arteko gerra. Baina filmak argitzen du, eta pentsatzen dut zuzen arituko dela, tutsiak ez zirela arraza baizik kasta bat, belgikarrek asmatutako elite bat, aurpegieraz atseginen zirenekin, lehen mundukoen begietara.

Ohikoa izan da historian kolonizatzaileak erabiltzea kolonizatuen arteko ezberdintasuna haiek zatitzeko eta zapalketan irauteko. Baina ezin dut imajinatu zitalkeria handiagorik, ezberdintasuna asmatu eta sinestaraztea baino, berez ezberdin ez direnei, gorrotoz elkar hiltzeraino.

Eta oraindik joaten gara lehen munduko zuriok, gure diru sobranteak merke gastatzera, zitalkeria horiek egin diren tokietara, lasai asko. Nolatan ez gaituzte jaten?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Goiena Telebista

Begietako gaitz batek eder bihurtzen du urrinekoa, eta arrunt bertakoa. Hamalau esaten zaio gaitz horri, intxaurren kontu hura gogoan.

Jakin berri da Goiena Telebista sartuko dela, urritik aurrera, CIES enpresaren audientzia neurketan. Bikain! Ze, audientziez gain, neurtuko da ea debagoiendarren artean zenbateraino dagoen hedatuta hamalau sindromea. Hau da, urrineko telebistak eder, bertakoa arrunt. Badut kuriositatea.

Lehendik ere sendo ari bazen, Goitbk berrikuntza handiak izango ditu hurrengo denboraldian: oso nabarmentzeko dira ia hamabi orduko emisio etengabea, eta orduoro egingo den albistegia. Uste dut bete-betean asmatzen dutela horrekin. Emisio jarraitua da ezinbesteko baldintza audientzia harrapatzeko; eta albistegiak, tokiko telebistaren balio nagusia.

Kontua da, jardunean, telebista oso profesionala daukagula ibarrean, eta ez dakit behar adina konturatzen garen. Hain da profesionala, esportagarri ere izan zitekeela. Zergatik ez du eman behar Euskatelek bere sare osoan Goitbren seinalea? Zergatik izan behar du gureak arrunt euskaldunentzat? Zertarako hamalau?

ETB1 egurtzen dugu, batzuetan arrazoi onez. Baina ETB1en arazo nagusia da euskaraz bakarra dela, eta euskaldun guztiak ase behar dituela. Baleude gehiago euskaraz, zapping egiten dugunean, aukera gehiago legoke audientzia euskalduna harrapatzeko euskarazko kateetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Basamortura, hil daitezen

Eskandalizatuta gabiltza egunokaz, Maroko ari delako basamortura eramaten Ceuta eta Melillara pasatu ezinik gelditu diren etorkinak. Eskandalizatuta gabiltza zorioneko erakunde eta kazetari batzuk zelatan ari zaielako etorkinez lepo doazen autobusei. Ikusteak eragiten digu eskandalua, eta ez ikustean lasaitu egiten gara.

Baina Marokok egin izan du gauza bera orain baino lehen. 2004ko uztailaren 9an idatzi nuen GOIENKARIAn ondoko hau:

JERRAS

Ekainaren bigarren astean, bazebilen euskaldun bat Saharan arkeologia lanetan, EHUk eta RASD sahararren errepublikak hitzartutako egitasmoaren baitan. Derrepente, non aurkitzen dituen hogeita bost gizakume indiar itxurakoak. Euskalduna luze ibilia zen Indian eta hurbildu egin zitzaien, irrikan. Orduan jakin zuen historia harrigarria.

India eta Bangla Desh-etik irten ziren, Europara etorri guran, mafia baten eskutik. Arabiar emirerriak eta Etiopian zehar, ekarri zituzten Casablancaraino (Maroko), pateran sartu eta Espainiara pasatzeko. Baina seko engainatu eta eraman zituzten Sahara aldera, RASD-en lurralde askeen mugaraino. Hemen utzi zituzten militar marokoarren esku, eta hauek jare egin zieten basamortuan, tiroz hiru hil ondoren. Egun batzuetara aurkitu zituen Polisarioko patruila batek, hil zorian. Aurkikuntzaren berri eman zioten Nazio Batuetako Minursori, baina hauek erantzun ez daudela horretarako, bakarrik bake plana aurrera eramateko. Eta han daude harrezkero hogeita bostak, Polisariokoen base militarrean, inorako bidean.

Han aurkitu zituen euskaldunak, eta itzuli denean mugitzen hasi da. Haiek emandako gutunak helarazi dizkie familiei. Eta egin duen zaratari esker, badirudi azkenean Nazio Batuek helduko diotela gaiari. Euskaldun honek Errasti du abizena, eta bergararra da. Lagunek Jerras esaten diote.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Iñigo ezkondu da

Ausart eta zintzo aurkitu nuen Gay nauzu liburuan, non kontatzen baitzuen bere bidea homosexualtasunerantz, Donostia itxian. Estratega bikain, eraman zuenean gay eta lesbianen aldarrikapena bide eraginkorragotara. Irabazle, izendatu zutenean Ararteko, izendapenean izandako katramila guztiak gaindituz.

Eta disdiratsu ikusi dut Ararteko moduan, bere jarrera azaldu duenean alarde normalaren alde, edo komisaldegietako torturen aurka, edo irratian herritarren esanetara, edo…

Orain ezkondu egin da “Iñigo Lamarca”:http://servicios.diariovasco.com/pg051009/prensa/noticias/AlDia/200510/09/DVA-ALD-202.html. Bere nobio Sergiorekin. Eta eskatu diotenean, udaletxetik irteeran, musua eman diezaiola bere ezkontideari, ez da itxurakeriatan ibili, ezpainak ireki eta eman dio musu ganorazkoa, pasiozkoa, haragizkoa. Beste bost puztarri Iñigorentzat.

Niretzat da aspaldi gurean jaio den liderrik indartsuena. Guapo eta dotore, hiztun ona euskaraz, aldi berean diplomatiko eta zorrotz, ez du ezer falta hurrengo lehendakaria izateko.

Zorionak, bikote!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Borondatea

Azkenean euria izan zen domekan, eta jende gutxiago
bildu zen Leintz aldera, Kilometroak05 ospatzera. Eguraldia bakarrik zegoen antolatzaileen ahalmenetik kanpo eta, antza, horrek bakarrik egin zuen porrot. Gainontzean, agerian gelditu da beste behin debagoiendarren antolakuntzarako gaitasuna. Zorionak lanean ibili direnei!

Beste kontu bat da diruarena. Jende gutxi biltzen bada, dirua ere proportzioan. Idazten ari naizela, ez dago oraindik datu zehatzik, baina kontu korronte bi zabaldu dituzte, borondate eske. Eta iruditzen zait hortik ez dela askorik etorriko.

Esan ohi da Irunberriko katastrofea gertatu zenean, borondatez jaso zuten dirutza handiagoa izan zela bestela jasoko zutena baino. Hau da, kasu hartan euriaren kaltea mesede bihurtu zitzaiela Nafarroa Oinezekoei, diruari dagokionean.

Baina oraingo katastrofea txikiagoa izan da, Gipuzkoa ez da Nafarroa, eta Debagoienak aberats fama du. Norbaitek esan ere esan omen zuen ea ez zegoen Gipuzkoan beste ikastolarik, Arizmendi baino behartsuago, Kilometroen onurak aprobetxatzeko. Nonbait, kosta egiten da sinestea ikastola diruz estu ibil daitekeenik, eskualde hain aberatsean. Zenbait euskaltzalek ote daki Arizmendi diru premian dagoela? Eta zazpi milioi euroko zorrak dituela?

Ea, elkartasuna piztuta, borondateak bapo betetzen dituen bi kontu korronteak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mahatsez gainezka

Magia izan zuen atzoko egunak. Magia behar da hain egun perfektua gertatzeko: biltzaile koadrila bikain aritu zen; eguraldiak ateri iraun zuen juxtu lana amaitu genuen arte; ezin egokiago agertu zen garraio sistema berria, mahatsa eramateko Esteñibarretik upeldegira; eta, printzipalena, bildu genuen iazko mahatsaren… doblea!

Abuztuan utzi genuen mahastia oparo. Iraila hasieran bota genion azken botika -bildu baino gutxienez 3 aste lehenago-, eta handik aurrera hasten da itxaronaldia. Mahatsak gradua hartu behar du eta ezin zaio asko lagundu. Abuztuan mahastiari kendu bazitzaion orria sortaldetik, orain kentzen zaio sartaldekoa, eguzki gehiago har dezan. Kendu diogu, baita ere, bigarren loraldiko mahatsa -luku txiki berdeak-, heldua biltzerakoan ez dadin hura honekin nahastu. Eta prestatu ditugu bilketa egunerako zer guztiak, egunean bertan arazorik ez izateko.

Irailekoak

Aurreko eguraldia ezin hobea izan bada mahatsarentzat, irailaren lehen hamabostaldia txarra izan zen, hotza, hezea eta haizetsua. Eta oso sano zegoen mahatsari hasi zitzaizkion arazoak: luku bat zimeldu, bestean botritis puntua, euli eta erleen ziztadekin garauak usteldu… Guztiak ere arriskuak, ezin jakin zenbateraino hedatuko diren. Eskerrak bigarren hamabostaldia nahiko ona izan den, horrek galarazi egin du arriskuak epidemiatan bihurtzea.

Iraila aldrebesa

Mahatsa heldu bitartean, komeni da lasai egotea baina nik ezin dut, urduri jartzen naiz. Mahatsa sano ikusten nuen bitartean ondo nengoen, baina arriskuak hasi zirenean akabo! Egonezin eta ezinegon, orduak eman ditut landarak errepasatzen, eta artazi puntarekin kentzen kaltetutako garauak. Zertan aritu zara? galdetzen zidan Fatimak, lanetik bueltan. Eta nik: Mikrozirugian.

Mikrozirugia

Uste genuen 24rako hartuko zuela mahatsak bere gradua, baina iraileko eguraldiak hori ere ondatu zuen, nire patxada bezala. Hilaren erdian geunden hasierako gradu beretsuan, eta atzeratu egin zitzaigun dena. Atzerapen horrek pipertu egin ninduen apur bat, luzatzeak areagotu egiten baititu arriskuak.

Atzerapena

Arrazoi bat baino gehiago medio, Andoni Aizpuruk hurbiletik jarraitzen du Elorrioko mahastizainon jarduna. Eta 24rako iragarpen ona egin zigun bezala, muturra okertu zuen jakin zuenean aste beteko atzerapena. Larunbaterako euria zetorrela esan zigun astelehenean. Asteartean bazen itxaropen apur bat, agian goiza libratuko zen. Asteazkenean seguru samar esan zigun: euria egingo du baina arratsaldez. Orduan hasi ginen dena prestatzen. Bide batez, bete-betean asmatu zuen Andonik.

Andoni

Lana arin egitekotan, talde handi samarra behar nuen, 35-40 lagun. Eskerrak alde bietatik familia handia dugun, eta etxekoekin bakarrik hurbildu ginen kopuru horretara. Gainera, badira lagun finak, urtero zain egoten direnak, gure esanetara. Taldea osatzeko arazorik ez, eta haiek lanean ikusita, sekulako poza. Ze ondo aritu ziren! Arin, ganoraz, eta umore onez.

Biltzaileak

Mila esker zuei, koadrila!

Hasi eta berehala konturatu ginen mahats gehiago zegoela, uste genuena baino. Kutxak derrepente betetzen ziren, geneuzkanak ez ziren nahikoa izango, eta bi biaje egin behar izan nituen upeldegira, kutxa gehiagoren bila. Kutxak bete ahala, palet gainetan pilatu eta kamioirako prestatzen genituen. Lehen zortzi paletak osatutakoan, kamioilariari deitu nion eta, handik aurrera, Iñakik bere garabiaz jasotzen zituen kamioi gainera, garraiatu eta upeldegian deskargatzeko. Hau izan da aurtengo berrikuntza nagusia, eta ezin hobe funtzionatu du. Aurrerantzean horrela egingo dugu.

Bilketa

Bideo produktora bateko hiru lagun izan genituen irudiak hartzen, goiz osoan. Bizkaiko txakolina Kontseiluak egoitza berria izango du laster, eta lau minutuko bideoa ari dira prestatzen, mahastizaintzaz eta ardogintzaz. Ikusgarria izan zen nola hartzen zituzten irudi zenitalak, pertika luze baten puntan kamera txikitxo bat jarrita. Horrez gain, Joxefe laguna ere aritu zen argazkiak ateratzen, eta bereak dira hemen agertzen direnak.

Kamerak

Upeldegian deskargatu ahala, paletak pisatu egiten dituzte. Eta, nola seguru gaindituko ziren aurreikusitako 6.000 kiloak, gure artean hasiak ziren trabesak: 6.500 baietz! animatu ziren Ale eta Aitor. Nik, tentatze aldera, bota nien 7.000 baietz! baina gehiegi iruditu zitzaien. Azkenean, pisaketan ari zen Txeluk eman zigun behin behineko datua: 8.515 kilo!

Pisatu eta kontatu

Esperientzia motza daukat mahastizaintzan, apenas 5 urte, eta zaila egiten zait, mahatsondo baten aurrean, mahatsetan duen karga kalkulatzea. Orduan jotzen dut estandarrera. Esaten da mahatsondo heldu batek, espalderan jarrita, ematen duela 4 kilo inguru mahats, bataz beste. Hortik abiatuta egin nituen kontuak: asko duenak 4 kilo, gutxiago duenak 3 kilo, eta gazteenak kilo bana, guztira 6.000 kilo. Gainera iaz begiluze jokatu nuen eta motz geratu nintzen, horregatik aurten nahi nuen ibili zuhurrago. Baina gertatu da beheko mahastiak eman duela, bataz beste, 6,2 kilo landarako, eta horren proportzioan besteak. Asko da, ikaragarri, hortik desbiazioa kalkulutan.

Nola liteke?

Film gozoak bezala, mahatsaren aurtengo zikloa ondo amaitu da Esteñibarren, oso ondo. Eta pozez zoratzen gaude, etxekoandrea eta biok, baita ingurukoak ere.

Pozarren

Atal berriak, agian, ziklo berria hasten denean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 7 iruzkin

Aupa Etxebeste!

Arrasaten ikusi nuen domekan. Sarreran, sekulako jendetza. Bergarar asko ezagutu nuen, filmean herria ikustera etorrita. Batzuk beraien burua ere bai.

Antolaketa eskasa, Amaian. Sarrera hartzeko, sekulako ilara. Sartzeko, beste horrenbeste. Jarlekuen zenbakiak, gehienetan falta, norberena topatu ezin. Eta hala ere, orduan puntuan filma botatzen hasi, jendea sartzen ari zela. Txarto! Bide batez, ez zegoen euskarazko laburren bat ezagutzera emateko, film luzearen tiradizoa aprobetxatuz?

Beste arazo bat, filmaren soinua. Zuzenean hartua da, eta hasieran kosta egiten zen ezer ulertzea. Gainera, gipuzkera zerratu samarra erabiltzen dute, nonbait graziosoago izate aldera. Hori ere zailtasuna. Eta azpitituluak traba, niretzat behintzat.

Eta, horrekin guztiarekin, asko gustatu zitzaidan filma. Historia ondo josia dago, pentsatu da baliabide gutxirekin egiteko eta ez da gertatzen pobre, aktoreen lana sinesgarria da, errealizazioa txukuna eta musika egokia, probetxuz erabili dituzte Bergarako plaza eta inguruak…

Gustatu zitzaidan emaitza, eta poztu egiten nau egitasmo osoaren arrakastak. Erakusten du ezina ekinez egin daitekeela oraindik, ideia on bat eta ilusio gurdikadak juntatzen direnean.

Eta, seinale onena, zinema lepo beteak txalo jo zuen filma amaitzean. Beraz, aupa Asier Altuna eta aupa Telmo Esnal!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin