Zuri beltzean

euskalerriaEuskalerria irratia, 2015.01.12

Beste bat zen prestatuta neukan argazkia, Bilboko manifan ikusi nituen argi-ilunen ingurukoa. Baina zuzenean gertatzen ari denak gaina hartu dio duela bi egun –hain hurbil, hain urrun- gertatu zenari.

Guardia zibila sarekada bat burutzen ari da une honetantxe, Madrilen, Bilbon eta beste hainbat lekutan. Dozenatik gora omen dagoeneko atxilotuak. Tartean abokatuak daude, baina LABen egoitza ere miatzen ari dira, beraz ezin jakin zertan geratuko den operazioa.

Zuzeneko argazki hau zuri beltzean ikusten dut. Edo hobeto, sepia kolorean. Oso zaharra egiten zait, arkaikoa. Oraindik iraganeko sarekaden ondoriozko epaiketetan gabiltza, gaur bertan zen hastekoa bat. Baina ez nuen dagoeneko sarekada berririk espero, ez behintzat talde terroristako kide izatearen akusaziopean.

Kontua da oraindik nonbait egingarria eta errentagarria zaiela horrelako operazio bat. Eta arazoa da oraindik ez daukagula horren aurrean herri erantzun tinkoa emateko adina barne kohesiorik. Gu ere zuri beltzean gabiltzala oraindik, alegia; edo sepian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Begirada luzea

congestvasGogoan dut nola, Madrilen bizi nintzela nerabe, aitaren liburutegian aurkitu nuen liburukote handi eta mardul bat. Bertan jasotzen ziren Eusko Ikaskuntzak 1918an Oñatin egindako Kongresuaren ondoriozko dokumentuak. Liluraz beteta aurkitu nuen han Euskaltzaindiaren sorrera, eta ikastolena, eta beste hainbat hausnarketa estrategiko baliotsuak. Begirada luzeko jarduna egin zuten Oñatin bildutakoek, hamarkadetarako argitu zioten gizarteari egitekoa. Bejondeiela!

congestvas2

Berrogei urte geroago orduko lilurak bizirik dirau. Seguruenik ez delako gurean antzeko argialdirik berriro gertatu. Franco hil inguruan ekintzarako presak galarazi zigun hausnarketa, eta geroztik apenas izan garen gai burua altxa eta begirada luzatzeko.

Eta gaitza bereziki larria egiten zait oraintxe bizi dugun bidegurutzean, ez baita sumatu ere egiten nork har lezakeen bere gain hausnarketa estrategikoaren ardura. Erakunde zibiletan, egungo Eusko Ikaskuntza –ahaleginak ahalegin- ez da ordukoa eta Unibertsitateak itota ikusten dira eguneroko kudeaketarekin. Eta erakunde politikoetan edo alderdietan lau urte da ikuspegietarako eperik luzeena, hortik gorakoa ezer gutxi da betelanetik harago.

Kontua da ez daukagula ikuspegirik gure tribuaren geroaz, zehaztu gabe daukagula helmuga urruna, eta haraino daraman ibilbidea, eta biderako beharko ditugun tresnak, eta tarteko helmugak, eta epeak, eta baloraziorako adierazleak, eta… Eskoziak 600 orrialdetik gorako liburukotea idatzi zuen independentziaren gainean, eta ziur nago ariketa hori egiterakoan gauza asko argitu dituztela etorkizunaren gainean. Kataluniak ere egin du beste horrenbeste, eta areago argituko zituen gauzak ze haien liburukoteak… 1.400 orrialde ditu!

Euskaldunok ez daukagu liburukoterik, ez eta –beste koronel hark bezala- idatziko duenik ere. Alderdi batek ezin dio erronkari erantzun, gurean ez dago SNP eskoziarraren parekorik. Eta katalanen formulak –aditu taldearenak- balio zezakeen baldin eta izango bagenitu esparru askotako aditu jakintsuak eta umilak, konprometituak eta askeak.

la noriaBitartean, liburukotearen faltan, temati jarraituko dugu bueltaka astoa norian nola, begirada luzatu ordez lurrari so, arazoak ukatzen edo arazo guztien kulpante bila, pozik versus negarti, bakoitza bere sektari atxikita.

Uf!

Kategoriak Sailkatugabeak | 6 iruzkin

2014 errepasoa eta 2015 aurreikuspena

goiena

2014ko urtekaria

2014: on eta txar, denetarik

Debagoienean industriak eman du zeresanik gehien 2014an. Fagorren krisia neurri batean bideratu da Cata enpresari esleituta, baina ertz asko daude oraindik airean: langabetuak, diru ekarpenak, ereduaren gaineko zalantzak… Eta enpresa gehiago sartu dira krisian, Bergarako Candy azkena. Bistan da etxetresnen ekoizpenak ekarpen handia egin diola iraganean eskualdeari, baina hor ez dago maila bereko etorkizunik. Alde onean jarri behar da Bergarako Lazpiurren urteurrenak bistaratu duen eredua: ekoizpenerako malgua, kudeaketan partizipatiboa, gizartearekin konprometitua…

Politikan, gezurra badirudi ere, zaborren kontua izan da gatazka nagusia. Konponbide teknikoetara jo denean posible izan da adostasuna eta, denbora joan ahala, piztutako suak apaldu egin dira. Baina berriro agerian geratu da oraindik ere ze gutxi behar den hemen ezinikusiak eta etsaitasun bortitzak sortzeko. Ez gara oso politak irten argazkian.

Horrekin batera, kezkaz ikusten dut urteak joan urteak etorri eskualdea ez dela behar beste egituratzen eta indartzen. Mankomunitate sendo bat eta epe luzeko plangintza beharrezkoak dira eskualdean aspaldidanik, baina une honetan inoiz baino gehiago. Industriaren indarra krisiak ahulduta eta mendetako isolamendua autopistak zulatuta, Debagoienak etorkizuneko egitasmo sendoa behar du, komunitate gisa iraungo badu.

Euskal Herrian uste dut Gure Esku Dago ekimena izan dela urteko gaia. Bai gizartearen ikuspegitik eta bai politikarenetik ere. Nire interpretazioaren arabera, euskal gizarteak politikan jarduteko bide berri bati ekin dio dinamika honen bitartez. Lelo nagusia -gure esku dago- sorreratik lotzen zaio erabakitze eskubide nazionalari, eta mugimendua norabide horretan abiatu da. Baina nago prozesuak baduela irakurketa sakonagoa ere; alegia, herritarrok gero eta gehiago nahi dugula erabakimena gure eskutan egotea, baita kontu gehiagotan ere. Esango nuke aro bat amaitzen ari dela, lau urtez behin botoa eman eta hortik aurrera gure ongizatea alderdietan delegatzen genuenekoa. Irudipena daukat gizartea emantzipatzen ari dela esparru askotan eta baita ere alderdiekiko menpekotasunetik. Hori sendotzen bada eta boto mugikorra ugaltzen, gizarteak aginte maila bat berreskuratuko du eta oreka sanoagoa lortu ahal izango da gizartearen eta alderdien artean. Katalunia da honetan saihetsezineko erreferentzia.

Aldi berean Espainia gainbehera etorri izanak –ustelkeriak eta autoritarismoak jota- areagotu egin du gure distantzia haiekiko, bai ideologikoa eta baita emozionala ere. Honenbestez, EAEn lehen aldiz hasi da bistaratzen independentziaren aldeko gehiengo soziala osatzeko aukera erreala.

Munduan zalaparta nagusitu da 2014an ere: ebola, Siria, Palestina, Europako krisi ekonomikoa, Estatu Islamiarra… Gehi albiste izatera ere iritsi ez diren beste hainbat gatazka. Aspaldiko kontua da albiste onak ez direla albiste, nekez dutela zulatzen nazioarteko albistegien sabaia. Baina zarata horren azpian sumatzen dut bilakaera interesgarriak ari direla gertatzen kooperazioaren esparruan, etorkizunarekiko gizarte erantzukizunean, ingurumenaren aldeko borrokan, hazkunde etengabearen paradigma ordezkatzeko… Eta horien emaitzak bistaratuko direla noizbait.

2015: hauteskunde urtea

Debagoienak adi egon beharko du industriaren bilakaerari; eta egunotako kooperatiben kongresuak uzten duenari. Euskal Herrian hauteskundeak datoz eta Nafarroan –agian- amestutako aldaketa. Ikustekoa Podemosen eragina; baita Gure Esku Dago-ren bilakaera. Munduan guretzat interesgarriena Kataluniaren ibilbidea, Espainian eta nazioartean.

 

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Sotil > Roncalli?

goienaGustura hartu ditut Mondragon Korporazioaren kongresuak utzi dituen oihartzunak. Eta itxaropen puntu bat piztu zait Sotil presidentearen adierazpenak Goienan entzunda.

Azpimarragarria da ezer baino lehen kooperatiben eredua berrestea, alderdi juridikotik harago. Denborak esango du ea erretorika soilean geratzen den ala benetan berreskuratzen diren funtsezko balioak, baina keinua estimatzekoa da.

Bigarren ideia argia: kooperatibak enpresak dira eta eraldaketa dute helburu; eta eraldaketa posible izan dadin errentagarritasuna lortu behar dute eta lanpostuak sortu. Oso oinarrizko eskema da, baina ez dakit ez ote zegoen ahaztu samar.

Azkenik, elkartasuna ulertzeko moduan uste dut jauzi handia egin dela. ‘Elkartasuna ez da eskubidea’ eta ‘elkartasun diruak baldintzapean emango dira’ entzun diot. Eta azalpena da ez dela dirurik egongo kooperatiba batek zuloa egiten jarrai dezan, diruz lagunduko dela zulotik irteteko eraldaketa plana. Erabat ados nago.

sotilroncalliEliza katolikoak trantsiziorako aukeratu zuen Roncalli kardinal adindua, baina Joan XXIII izenarekin irauli egin zuen eliza urte gutxitan. Sotil ote da kooperatiben Roncalli-a?

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Prestige eta belaontzia

Bi urte luze izango dira Nerea Azurmendik elkarrizketa bat egin zidala Diario Vascon, Euskaltzaleen Topaguneko presidente izendatu berritan. Eta han aipatu nituen Prestige eta belaontzia.

EL BARCO PRESTIGE HUNDIENDOSE  19.11.02 XURXO LOBATOAlegia, euskaltzaleok euskararen egoera azaltzen bagenuen hondoratzen ari zen Prestige-arena bezala, nekez igoko zela inor ontzi horretara; aldiz, belaontzi atseginaren irudia erakargarriagoa egingo zitzaiela euskaratik urrunago zeudenei.

Elkarrizketa haren oihartzun baikorra jaso nuen argitaratu berritan eta geroztik ahaztua nuen. Harik eta irten berri den liburu batean egileak aipatu duen arte, euskaltzale batzuk barneratua daukagun endekapenaren adibide.

Elkarrizketa hura Diario Vascon argitaratu zen, gaztelaniaz, eta nire adierazpenak bereziki zuzenduak zeuden euskararik gabeko baskoei, gipuzkoarren erdia eta donostiarren bi heren. Hori kontuan izanda doitu egin nuen nire hizkera interesatzen zitzaidan xede taldearen belarrira.

Gauza bera egiten ahalegintzen naiz Radio Euskadiko tertulian. Topaguneko ardura utzi berritan hasi nintzen bertan, udaberrian, eta nire ahalegina da euskararen alde egitea tertuliakide eta entzule gehienek ulertu eta onartuko duten errejistroan. Eta esango nuke dagoeneko zulo batzuk egin dizkiodala haiek eta gu banatzen gaituen harresiari. Mailu gehiago, borrak eta hondeatzaileak ere beharko ditugu harresia erabat eraisteko, baina hori etorri bitartean lehen zuloak laguntzen du bigarrena egiten. Denok ditugu gogoan Berlingo harresiaren irudiak, bakoitzak ahal zuen tresnarekin jotzen, zulatzen, higatzen…

Telebistako Azpimarran ere aritzen naiz, euskaraz. Eta hemen edo REn ez dut berdin hitz egiten, hartzailea ezberdina delako. Konbentzituta nago bertute bat dela mezua doitzearena, eraginkortasuna irabazten dela horrela.

Eta ez dut uste gauza bera direnik malgutasuna eta mendekotasuna. Malgu agertu nintzen Diario Vascon oso argi neukalako nondik eta norengana ari nintzen. Baina Kutxan hizkuntza kudeaketaren arduradun izan nintzenean ez nuen arazorik izan zegokidan aginpidea erabiltzeko arauak eta tresnak jartzen euskarak aurrera egin zezan. Eta dakienak badaki denbora laburrean iritsi ginela oso gradu altura –seguruenik maila horretako erakundeetan lortu den altuenera- agintea ondo erabiliz.

Dagoeneko asko gara euskaltzaleok, eta askoz gehiago izan beharko dugu euskara normalizatuko bada. Eta askotasunak aniztasuna dakar, motibazioetan eta jarreretan. Beraz, euskaltzaletasun mota guztiak dira balekoak: interesatua, ideologikoa, etnikoa eta folklorikoa. Eta tresna guztiak mesedegarri euskararen alde: agintea eta sedukzioa, irmotasuna eta glamourra, aldarria eta umorea…

Prestige ala belaontzia? Gaur gaurkoz, zurrun baino malgu hobe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Ez dut euskara ikasi nahi

Atzo ETB2ko ‘El Dilema’ saio interesgarrian euskararen gainean jarduteko berreskuratu zuten herritar batek beste saio batean botatako galdera: “Ez dut euskara ikasi nahi, eta ez dut nahi nire seme-alabek ikas dezaten. Alde egin beharko dut hemendik?”

Eta atzoko saioaren moderatzaileak galdera bera luzatu zien gonbidatuei: “Zein izango zen zuen erantzuna?” Hauxe litzateke nirea.

“Bizikidetzak aitortzen dizkizu eskubideak eta ezartzen betebeharrak, baita hizkuntzaren alorrean ere. Zuk gaztelania hautatu duzu eta hori zure eskubidea da. Baina zuk gaztelania hautatu duzun bezala beste pertsona batek euskara hautatzen badu, bion eskubideak uztartu behar dira komunikazioa eta bizikidetza posible izan daitezen. Ikuspegi honetatik zuk eta zure seme-alabek ez daukazue euskara ez jakiteko eskubiderik. Areago, zerbait ez jakiteko eskubidea ez da existitzen.

Orduan, nola uztartu bi hiztunen eskubideak? Bakoitzak bestearen hautua errespetatuta eta bereari eutsita. Eta horretarako ezinbestekoa da hiztun bakoitzak bestearen hizkuntza ulertzea, hitz egiteko erabiliko ez badu ere. Planteamendu honi hizkuntza-simetria deitzen zaio eta guztiz berdintzailea da, demokratikoa.

Honen arabera, hizkuntza bat hautatzeko eskubideak berarekin darama bestea ulertzea, hura hautatu dutenen eskubidea ere bermatua egon dadin. Beraz, bizikidetzak ezartzen dizkizu hizkuntzarekiko betebeharrak: gutxienez biak ulertu eta gero nahi duzuna erabili. Eta izatekotan, bizikidetzari uko egiteak aldenduko zaitu hemendik”.

Erabat sinetsita nago ulermenaren alde egiteak sekulako mesedea egingo liokeela euskararen erabilerari. Badakit –probatu dudalako- euskaldunok beti esplizitatuko bagenu ‘nik euskaraz egingo dizut, balekoa zaizu ni ulertzea eta gero, nahi baduzu, niri gaztelaniaz egin’  askozaz gehiagotan erabili ahal izango genukeela euskara.

Horrekin batera, uste dut euskalduntze-alfabetatzearen ondoan euskara ulertzeko metodologia bat garatu beharko litzatekeela euskaltegietan, ikastordu askoz gutxiagorekin jendea prestatzeko hizkuntza-simetriarako. Uste dut horrekin asko erraztuko geniokeela erdaldunari euskarara hurbiltzea. Eta euskararen erabileran oso azkar emango genituzke urrats esanguratsuak.

 

Kategoriak Sailkatugabeak | 6 iruzkin

Presidente berria

goiena2014.11.21

Interes handia nuen jakiteko nor izango zen Mondragon Korporazioaren presidente berria. Fagor etxetresnen krisiak agerian utzi zituen ekosistemaren ajeak eta kooperatiben eredua zaharberritzeko premia. Krisi betean talde-gidaritza eta hausnarketa hobetsi ziren, baina unea etorri da erabakiak hartzeko: presidentearen izendapena jakin berri da eta hausnarketaren ondorioak abenduko kongresuan ebatziko dira.

sotil

Ez dut Sotil jauna ezagutzen. Lehen datuak hartuta –presidente ordea zen eta 63 urte ditu- gehiago ematen du trantsizioko izendapen bat iraultza ekarriko duena baino. Pentsa daiteke bi urte eskaseko denbora irabazi nahi izan dela, agian tarte horretan aldaketa sakonagoak egosteko.

Baina egon liteke beste irakurketa bat. Presidente berria Berrikuntza esparrua gidatzetik dator; beraz, jakingo du zein norabidetan eraldatu behar den korporazioa egungo ajeak gainditzeko. Eta adinak dio bere azken ekarpena dela, ez daukala geroko gerotan ibili beharrik eta aukera baduela erabaki ausartak azkar hartzeko.

Uste dut bigarren bidea behar duela kooperatiba taldeak eta poztuko nintzateke presidente berriak hortik joko balu.

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Autoa geratu nuen negar egiteko

Josu Muguruza hil zutenean Bergaran bizi nintzen eta Seguran egiten nuen lan. Lanera garaiz iriste aldera ibilbide bihurri samarra egiten nuen, Deskargako txolopotea saihesteko: Oñati-Udana-Telleriarte-Aztiri-Zerain-Segura. Luzea baina librea. Eta Udanan gora nindoala entzun nuen irratian Madrilgo tiroketaren berri.

Hauteskundeak egin berri, ezker abertzaleak emaitza bikainak erdietsi zituen, oraintxe hogeita bost urte. Agerikoa zen ezker abertzalea politika egiteko ziklo batean zegoela eta, hori gertatu den guztietan bezala, hautesle asko bereganatu zituen. Madrila joan zen hautetsi taldean baziren kide oso organikoak –Idigoras edo Aizpurua- eta beste batzuk periferikoagoak: Esnaola, Iruin, Txillardegi, Elkoro…

muguruza

Baita niretzat aski ezezaguna zen Josu Muguruza ere. Hautatu zutenean jarri nion arreta eta hari entzundakoak gustatu zitzaizkidan. Bazerion zerbait berezia, berria, hizkeran eta aldartean.

Eta hori ezin egokiagoa zen Herri Batasunak hedatu nahi zuen mezuarentzat. Aljerko elkarrizketak porrot egin arren, negoziazioaren itxaropenak iraun egiten zuen eta horren aldeko ekimen politiko indartsua antolatu zuen HBk. Testuinguru horretan, bake bila zihoazen bere hautetsiak Madrilera eta ilusioa bizi genuen Euskal Herrian.

Nik ere bai. Beti izan naiz bide soilik politikoak erabiltzearen aldekoa, baita gutxi  ginenean ere. Eta bereziki kaltegarria iruditu zitzaidan demokrazia formalaren aukerak ireki zirenean horiei uko egitea eta estrategia politiko-militarrean tematzea, gehienetan militarren menpe aritzeko. Hain zuzen menpekotasun horretatik irteten ahalegindu den bakoitzean jaso izan du babes handia ezker abertzaleak, baita nirea ere. Eta horrelako ahalegin bat bizi genuen ilusioz 1989ko udazkenean.

Horregatik, Udanan gora entzun nuenean Madrilen gertatutakoa autoa geratu behar izan nuen bide ertzean negar egiteko. Ezin izan nion eutsi albisteak eragindako tristura infinituari, bakea hain modu gardenean eskaini eta bueltan hain erantzun ankerra jaso izanari. Kosta zitzaidan egun horretan Segurara iristea eta lana itxuraz egitea.

Eta Josuri Bilboko Areatzan egin genion azken agurrean Ruper Ordorikarekin batera kantatu nuen amorruz  ‘Ez da posible, ezin liteke’.

 

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Euskara, zilarra

Plateruena Kafe Antzokiaren 10. urteurrenerako aldarria eskatu eta testu hau idatzi nuen. Anboto aldizkarian argitaratu zen urriaren 31n, sinadura hauekin: Mikel Irizar, euskaltzalea; Nerea Mujika, Gerediaga Elkarteko presidentea; Edu Barinaga, ETBko zuzendaria; Maddalen Iriarte, kazetaria; Angel Valdes, disko ekoizlea; Paddy Rekalde, idazlea; Unai Iturriaga, bertsolaria.

potosi

Egungo Bolivian dago Potosí. Eta Potosín bazen mendi bat zilarrez betea. Zilarrak estimazio handia zuen aberatsen artean, mende luzez metal preziatuetan metatu baita aberastasuna. Seguruenik Potosíko zilarra Durangora ere iritsiko zen bueltan bueltan, Durangoko plateruenera.

Hogeita batgarren mendean Durangoko Plateruenean beste zilar bat erabiltzen da, euskara. Kasu honetan ez da esku gutxitan metatzen den aberastasun klasea, partekatzen dena baizik. Areago, partekatu ahala ugaltzen den aberastasuna da euskararena.

Euskarak aberasten gaitu nortasuna ematen digulako: gauza ederra da munduan eroso ibiltzea nor garen jakinda. Gizartea justuago ere egiten du, euskal hiztunen eskubideak defendatzean beste guztienak ere aldarrikatzen ditugulako. Eta berdinagoa, edonondik gatozela euskaldun ere izateak gure arteko koskak leuntzen dituen neurrian. Baita ekologikoagoa, hizkuntza ahuldu bat babesten eta suspertzen dugunean espezie erasotuen zaintzarako jarrera indartzen zaigulako.

Horrela, euskararen alde egiteak gure elkarbizitza sendotzen du. Horregatik da euskara zilarra.

Eta zilar hori da Durangoko Plateruenean lantzen dena. Hamar urte eta hamaika eskarmentu, lorpen eta zailtasun. Nahia badago urte askotarako, zailtasunak gainditu behar.

Zilarra berritzen eman da denbora, eskarmentuari etekina ateratze aldera. Eta jarduna  indarberritu nahi da, eragina biderkatu, hedapena areagotu, borondateak saretu… Euskararen zilarra partekatuz ugaldu.

Bere konpromisoa berritu du Durangoko Plateruenak, eta laguntzeko eskatzen dizu. Dirua edota denbora. Beste hamar urteko txanpa indartsu bati elkarrekin ekiteko, hasierako inbertsioen zama arinduta. Xehetasunak hemen

Euskara zilarra da. Eta gaur Durangon dago Potosí.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Euskara eta independentzia (II)

Txio ugari eragin du izen honekin argitaratu nuen artikuluak. Eta kontu garrantzitsu batzuk irten dira eztabaidan, nahiz petralkeriak ere tartekatu diren. Ea noiz egiten dugun posible norbaitekin ados ez egotea haserretu gabe eta bere intentzio ilunen juzkurik egin gabe!

Euskal_erdi_aroa

Hizkuntza normalizazioaz eta independentziaz ari garela, uste dut funtsezkoa dela bi prozesuen ezaugarri bereziak kontuan izatea.

Gero eta bistakoagoa da inguruan ditugun prozesuetan independentzia-zale asko ez direla nazionalistak, ez dutela aintzakotzat nazioa eta bere historia, identitatea edo hizkuntza. Bada independentzia-zaletasun bat interesatua –‘hobeto biziko gara’ edo  ’hauek irabaziko dute’- guztiz zilegi dena eta herritar askoren hautua azkar batean alda lezakeena.

Eta independentzia irabazteko aski denez gehiengoa lortzea, prozesuaren xede taldean pisu handia hartzen du interesatuen multzoak. Hainbestekoa, gerta daitekeela independentzia-zale ‘express’ horiek lortze aldera historia edo identitate kontuak bigarren mailan jartzea, ez daitezen oztopo izan.

Tentazio bera egon daiteke hizkuntzarekin, alegia, ‘lehenik independentzia eta gero euskara’. Baina iraganak erakusten du gehiegitan geratu dela euskara geroko gerotan eta horrek nolako kaltea egin dion. Oraingoan ezin dugu akatsa errepikatu; edozein dela ere egoera politikoa, euskarak ezin dio pedalkada bat ere emateari utzi.

Begiratu dezagun gaia beste alde batetik. Euskararen eta independentziaren erritmoak oso ezberdinak dira berez. Identitatea garatzeko lan handia egin behar den bitartean, komenentzia antzematea kontu azkarra izan daiteke. Horregatik, jarrera politikoak alda daitezke oso azkar, eta azken urteotan gauza harrigarriak ere ari gara ikusten. Baina hizkuntza normalizazioan ez dago bidezidorrik, hizkuntzaren ezagutza eta hizkuntza portaerak mantso aldatzen dira, boterea izanda ere hamarkadak behar dira kasurik onenean. Horregatik ezin dira prozesu biak uztarrian lotu.

Katalunian oso bistakoa da erritmoen kontua, Bost urte besterik ez da ANC (Assemblea Nacional Catalana) osatu zela eta epe horretan biderkatu egin da independentzia zaleen kopurua, irabazteko aukerak izateraino. Errepasatu besterik ez dago duela bost urte zer aldarrikatzen zuten alderdi katalanek. (Bide batez, euskaldunok uste genuen gu aurretik gindoazela, gogoratzen?)

Jauzi supersoniko horren aldean, hamarkada askotako prozesu etengabea behar izan dute katalanek hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko. Eta lan luze horri esker, lortu dute katalanaren erabilera esparru askotan –politika barne- ia unibertsala izatea. Horrela, ordua iritsi zaienean independentzia katalanez ari dira eraikitzen. Gurean ikusteko dago zein abiaduratan nagusituko den independentzia nahia, baina tamalez hori ez da nagusiki euskaraz gertatuko.

Azken kontu bat: agerikoa da Euskal Herriaren historia politiko galtzaileak eragina izan duela euskararen galeran; baina hori bezain agerikoa da beste faktore askok ere izan dutela eragina galera horretan. Alderantziz ere bai, duela 50 urte estatuaren boterea kontra zela egin genituen jauzi oso inportanteak; aldiz, egungo botere eta baliabideekin ez dugu lortzen sabai batzuk apurtzea. Analisi okerra egingo genuke galerari buelta ematea soilik faktore politikoaren baitan utziko bagenu.

muriel i carmeEta honek ez du esan nahi une zehatzetan ezin direnik bi dinamikak bateratu. Adibidea Katalunian bertan daukagu. Òmnium Cultural erakundea sortu zen kultura, hizkuntza, hezkuntza eta gizarte kohesioa sustatzeko, eta hori egin du 50 urte luzez. Une honetan haien bidea elkartu da independentziaren autopistarekin eta erabaki dute helburua betetzeko modurik egokiena dela estatua lortzea. Eta hor ari dira ANCrekin batera katalan gizartea gidatzen, alderdien gainetik, independentziak izan dezan ahoan hizkuntza eta bihotzean identitatea.

Euskarak ez du oraingoz aski masa kritikorik, antolamendu sozialik eta estrategia autonomorik joko horretan sartzeko, onik irtengo den berme minimoekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina