Gudari zaharraren hiletan

Atzo ehortzi genuen Ormaiztegin Xanti Intxausti, osaba eta gudari ohia. Beste gudari bat, Txiki, atera izan dut hemen eta aipatu Ormaiztegiko intxaustitarren ukitu berezia. Xantik ere bazuen horretatik, ikusiko duzuen bezala. Gerra

Hogei urte bueltan zituen Xantik, gerrak irten zuenean. Famili ugaria bizi zen Telleri-zahar baserrian gurasoekin, baina bera zen etxerako gelditzekoa, maiorazkoa ez zen arren. ANVko militante egin zen, orduko ezker abertzalekoa. Bere aita, aitona Julian, errepublikarra zen, Azañarena; anaia Juan Mari, sozialista; Txiki lehengusua, komunista… A ze koadrila! Zerbaitegatik izan ziren Telleri-zaharrekoak famili bakarra herritik alde egiten, frankistak hurbildu zirenean!

Berehala joan zen Xanti gudari, bere alderdikoekin. Txofer ibili zen eta, horri esker, autoz eraman ahal izan zuen familia Bizkaia aldera, gauez gidatuz, argirik gabe. Frentea Intxortatik Bilbora, eta handik Santander aldera, Santoñan amaitu zen gerra Xantirentzat, eta kalbarioa hasi.

**Batallón de trabajadores** deitzen zioten –beti eufemismoak- presoak lanean debalde aritzeko sistemari. Xantiri egokitu zitzaion **A Coruñako aireportua egin zuen taldean aritzea. Ez zeukan ahazteko La Bacolla izena eta han emandako izerdiak. Hurrengo, Andaluziara eraman zituzten, Cerro Moriano aldera, eta han aritu zen mandazain, Doña Filomena Diaz** baten kortijoan. Gero, umorez kontatzen zizkigun ibiliok, baina gose, neke eta umilazio latzak pasa zituen orduan.

Trabajadores

Dozena erdi bat urte eman zituen Xantik, galtzaile izatearen bekatua purgatzen, eta halako baten itzuli zen Telleri-zahar arpilatura, baserria berriro zutik jartzera.

Baina ez ziren han amaitu Xantiren andantzak. Juan Mari anaiak nazien aurkako gerran jarraitu zuen Frantzian –Gernika batailoiko kapitain sartu zen Parisen- eta handik zebilen hemengo makia antolatu guran. Behin Eibarko lagun bat bidali zuen Telleri-zaharrera, eta honek pistola bat utzi zion Xantiri, atzetik etorriko zen beste batek jasotzeko. Baina honen ordez polizia agertu zen, eta berriro dugu Xanti ziega baten preso.

Makia

Egurrari ahal izan zuena eutsi ondoren, aitortu zien poliziei pistola bota zuela etxe ondoko errekara. Orduan, trenez ekarri zuten herrira, toki zehatza esan zezan. Ormaiztegin, tren geltokia dago goi baten, eta Telleri-zahar beste muturrean. Irudika nezake Xanti galtzailea herria zeharkatzen, lotuta eta polizia artean, nazareno baten gisan ubelduta, leiho itxien zirrikituetatik jendea begira duela… Erakutsi die poliziei non bota zuen pistola, eta hara hor non ekartzen dituzten urpekariak, erreka ondoa miatzera. Urpekariak Ormaiztegin! Baina, urpekari eta guzti, ezin izan zuten pistola aurkitu… han ez zegoelako pistolarik! Xantiren amarrua izan zen, denbora irabazteko.

Beste egur aldi bat, -amarruaren amorruz, gogorragoa- eta orduan esan zien non zegoen pistola, zulo baten gordeta. Bigarren aldiz etxerainoko gurutze-bidea eta, ondoren, beste denboraldi bat kartzelan.

Joan-etorri horiek amaitu orduko, Xanti hasia zen mutil-zahartzen. Eta ezkondu egin zuten, Hondarribiko Pilarrekin. Sei bat urte izango nituen nik, baina gonbidatuta joan nintzen Guadalupeko ermitara. Bakarrik gogoratzen dut ze dotore nengoen nire gorbata gomadunarekin. Xantik eta Pilarrek, berandu hasi arren, hiru ume egiteko astia izan zuten.

Bizimodu normala

Baserriko lanez aparte, tailerrean ere hasi zen berriro Xanti, lehenengo Jose Mari Lasarekin, eta gero Irizarrenean, nire aitak eramanda. Karrozeria kooperatiba bihurtu zen, eta hemen ere gertatu zitzaion Xantiri oparia: jubilatzeko ordua iritsi zitzaionean lehenengotakoa izan, eta nola artean ez zeuden Lagun-Aron gauzak behar bezala prestatuta, beste bi urtez edo jarraitu behar izan zuen lanean.

Zahartzaro on samarra izan du Xantik. Pozik hartu zuen Francoren heriotza, eta umorez kontatzen zituen gerrako kontuak. Hala ere, tarteka antzematen zitzaion tristura puntu bat, intxaustitar guztiei dariena, herrian famili markatua izatearen zama, agian.

Azkentzea

Duela aste bete ikusi nuen azken aldiz, ospitalean. Azken txanpan sartua zegoen, burua joan-etorrian oxigeno faltaz, maskarillarekin. Bere eskua neuretan hartuta neukala, halako batean gogorarazi nion bion arteko txantxa bat. Nik esaten nion, inoiz bisita-txartela egiten bazuen, jartzeko: Santiago Intxausti, constructor de aeropuertos eta Xantik barre egiten zuen. Hori errepikatu nion ospitalean eta berak, hortzik gabe, maskarilla traban, eta burua dantzan, indarrez erantzun zidan: La Bacolla!

Orain, azkenean, gudari zaharrak hartu du atseden, betiko loa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Matsaren urrezko orrijak

Hamaika esateko ekarri ditu Lauxetaren hamaika poemekin egindako disko/kontzertuak. Azken irakurri dudana, Julen Gabiriak idatzi du, aurrekoena bilduz.

Elgetako kontzertuan, oso deigarri egin zitzaidan Francis Deseoren agerraldia, ezpainak gorri eta kantuan gaizto. Eta fijatu nintzen -zergatik ote?- mahats orria aipatzen zuela kantuan. Hain zuzen, honela dio Jadetsi-ezina olerkiaren hasierak:

Zure mosubak diran laztanak!

eztizko lorak yatzuz espanak.

Larrosa orrein orri ganetan

ibilli nai dot, loreil onetan.

Laztantzen dodaz sasi-lilijak,

eta matsaren urrezko orrijak

Ba, gaur, Esteñibarren, hau aurkitu dugu:

Miren Aranzabal ilobak egin die argazkia mahatsaren urrezko orriei. Thanks, Miren!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Zero

Zenbaitek euskaraz hutsa ere esaten dio, deus ez dela adierazteko. Matematiketan, ikasi genuen zeroa zela zulo beltz magikoa, beste edozein kopuru bider zero bihurtzen zela zero, zulo beltzak zurrupatuta. Ikusi berri dut nola, politikan ere, zeroarekin egin daitekeen magia.

Joan den larunbatean izan nintzen Madrilen, manifestatzera joanda. Ez apezpiku eta eskuindarrekin, ez larritu. Zuen artean, letra txikia irakurtzen duenak bakarrik jakingo du Madrilen bazela larunbat eguerdian beste agerraldi bat, Sahararen alde.


Italiarrak manifan

Hain zuzen, oraintxe bete direlako 30 urte Espainiak Marokori jaregin ziola bere kolonia ohia. Hain juxtu, aldarrikatzeko amaiera justua, 30 urtez dirauen sufrikario honentzat.

Jende asko bildu ginen. Gurutze/Fatimetu arrebak aspaldi ez omen zuen horrelakorik ikusten, eta ia denak ikusi ditu.

Sahararrak ere erruz bildu ziren, nonbait lurralde okupatuetako borrokak suspertu egin ditu kanpoan daudenak. Antolatzaileek 30.000 lagunen kopurua eman zuten, eta ez ziren asko erratuko: Madrilgo plaza nagusia bete egin genuen, eta hura handia da.

Beno, bada nola gobernu sozialista joko ilunetan dabilen Marokorekin, eta gai hau estaltzea komeni zaion, PAIS egunkariak txoko txiki baten eman zuen albistea honela: Ziento batzuk bildu ziren (3.000 antolatzaileen esanetan)

Zero soil batekin, izatetik ez izatera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Etxebizitza

Inkesta fidagarriak eman berri du datua: gazteen kezka nagusia etxebizitza da, langabeziaren gainetik. Ez da harritzeko. Azken hamarkadan, langabezia erdira etorri da, minimo teknikora hurbiltzeraino. Kopuruetaz ari gara, noski, ez kalitateaz. Denbora bertsuan, etxebizitzaren prezioa hirukoiztu edo egingo zen. Arrasaten iritsi da metro karratua 6.000 eurotara, hau da, milioi pezetara. Kalkulua erraz egiten da: 100 metro=100 milioi.

Beste datu bat ere eman du inkesta berak: gazteek gurasoen etxea uzten dute, bataz beste, 31 urterekin. Eta erraz pentsa daiteke azken hau dela beste bien ondorio: lan eskasa eta etxebizitza garestia, beraz, segi gurasoekin.

Baina, zergatik da etxebizitza erostea ezinbesteko baldintza, gurasoenetik joateko? Zergatik ez eman lehen urteak errentan? Gazteentzat badaude alokairu babestuak 180 eurotan, Jaurlaritzak atera ditu etxebizitza milaka batzuk errentan. Zergatik ez daude manifak astero, alokairu merkeak eskatzeko? Zergatik sortu da halako eskandalua aipatu direnean etxebizitza txikiak? Nola, bestela, merka daitezke prezioak?

Datuak datu, nik uste dut guraso ultra-babesleek beldurra diotela habia hutsik ikusteari. Eta txori gazte eroso-ohituek beldurra diotela hegan bakarka egiteari. Eta, komenentzian, konforme daudela biak.

Hegalari berantiarra, ordea, txori makala izan ohi da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 13 iruzkin

Imanol Murua (Uria)

Bigarren abizena erantsita atera zen plazara, ez genezan nahastu izen bereko aita famatuarekin. Orain, ordea, aita erretiratua dago, ahanzturaren auzora. Eta semea ari da famatzen, lan onaren poderioz.

Oso gustuko dut Imanol kazetaria, lantzen dituen errejistro guztietan. Irakurri dizkiot elkarrizketa mamitsuak, kronika argiak, analisi zorrotzak, eta erreportaje mardulak. Azken arlo honetan, gogoratzekoa da aurtengo udan idatzi zuen bi orrikoa Berrian, Guardia Zibilak aspaldi ETAri jarri zion segadaz, Pasaian. Zenbat informazio zegoen han, eta ze argi emana! Kazetari handia nabari zen bi orri haietan.

Orain, Berriak aukera ireki duenean, blogean hasi da Imanol, Mahai jokoan. Eta hemen ere bikain ari da, egunkarian idatzitakoa osatuz bere iritzi eta bizipenekin. Zinez gomendatzen dizuet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Bill Evans Elgetan

Elgetako Espaloia programazio bikaina ari da osatzen, asteak joan eta asteak etorri. Noiznahi dago musika edo antzerki interesgarririk. Eta, noizbehinka, esfortzu berezia egiten dute goi-goi mailako ekitaldiren bat ekartzeko mendi arteko herri goienekora. Ostiralean izan zen gailur horietako bat, Bill Evans saxojolea, Soulgrass diskoa aurkezten.

Kontzertua izan zen perfektua, musika, musikariak, soinua, argiak, jendea, giroa… Eta ni eduki ninduen denbora osoan txundituta. Antzeko egoeran entzun nuen Miles Davis Mendizorrozan (Gasteiz), baita Joe Zawinul Candem Townen (Londres). Ba horien parean Elgetakoa.

Hain nengoen flipatuta, irteeran salgai zegoen diskoa erosi nuela eta, Evans bera han zegoenez, sinatzeko eskatu niola! Etxean ditudan milatik gora binilo eta cd-etan, hau da lehena, egileak sinatuta daukadana. Elgetan 51 urteak bihurtu zitzaizkidan 15.

Portzierto, Soulgrass diskoa grabatu zuen Evanesek aurtengo udan beste talde batekin. Eta ezberdina da, baina ez hobea. Zergatik estudioan talde bat eta jiran beste bat?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Trillo

Ezaguna zitzaidan Guadalajarako herri hau, badelako han zentral nuklearra. Abiatu zen sasoian, zarata handia ibili zuten zentralaren alde eta aurka zeudenek. 80. hamarkadan, puri-purian zegoen indar nuklearraren eztabaida. Harrezkero, atzendu samar nituen biak, Trillo eta nuklearra.

Udan jakin nuen Trillon zabaldu dela antzinako bainuetxe historikoa, zeharo zaharberritua. Eta santu guztien zubia probestu dut hura bisitatzeko. Bainuetxe ederra da, egonaldiak merezi du harainoko bidaia. Eta ikusgarria da Cifuentes ibaiak herri erdian sortzen duen ur jauzia.

Baina behin han, berritu egin zait nuklearren gaia, saihestezina baita bi tximinia itzelak ikustea, eta zirraragarria haien irudia herriaren gainean. Herrian bertan, ez dut kezka apartekorik sumatu. Aldiz, zentralak sekulako dirutza uzten omen du udalean, eta herritarren bizi-maila tiro baten ei doa gora.

Normaltasun hura ikusita, gogoratu dut alemaniar berdeen lider historiko baten jarrera aldaketa, indar nuklearrari buruz: energia premia neurri gabe hazten den bitartean, hura asetzeko aukerarik ‘sanoena’ omen nuklearra. Gogoratu ditut Boroako ziklo konbinatuko zentrala eta Urdunteko haize errotak, eta biei buruzko zalantzak.

Eta konturatu naiz, Trillotik bueltan, bideratzeke ditugun gaien artean ez dela makalena ea nondik aterako dugun energia urte batzuk barru.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Tximinia

Ia egunero, eta iturri askotatik, esaten zaigu politikoak sendo ari direla lanean aro berriaren oinarriak adosten, zubiak berreraikita. Eta herritarrak begira jarri gara tximiniari, ea noiz darion lurrun zuria, adieraziz badugula denbora baterako ibilbide adostua.

Etorkizuna argitu bitartean, ordea, ez dago geldirik beste politika: interesena, negozioena, trukeena… Madrilen, jeltzaleek eta sozialistek lotu omen dute haien onarpena Espainiako aurrekontuei, eta hauek trukean agindu, berehalakoan egingo direla abiadura handiko trena eta Pasaian kanpoko portua.

Ez dakit Pasaiakoa, baina AHTren hasierako aurrekontua omen da 6.000 milioi eurokoa, lehengo pezetetan milioi bat milioi. Pentsa zenbaterako ematen duen dirutza horrek!

Hain zuzen, jakin berri dugu EAJ eta CiU direla, estatu osoan, diru anonimo gehien jasotzen duten alderdiak. Kasualitatez edo, bi alderdiek eman dute edo daramate 20 urtetik gora gobernuan, besteak beste, azpiegitura askoren lanak esleituz. Eta ezin dut aurrerago egin…

Baina, marko politiko berriak behar badu onarpen handiagoa zaharrak izan zuena baino, areago adostu behar lirateke hipoteka itzel horiek. Zergatik ez atzeratu dena apur bat, giro hobean eta denon artean erabakitzeko?

Bestela, pentsa dezakegu tximinia dela amarru hutsa, gu entretenitzeko, agintariak negoziotan ari diren bitartean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ardi galdua

Bizikleta prestazen ari nintzen Elorriora jaisteko eta orduan entzun dut: beeeeeee! Eta ardi gazte bat hurbildu zait ariniketan. Ze kristo? esan diot nere buruari. Eta gero ardiari: Zer egiten don hemen? Eta, nonbait, hikaren hurbiltasunak eragina izan du ardiaren bihotzean ze, handik aurrera, nire hankari itsatsi zaio eta kieto. Mugitzen banintzen, bera ere bai. Gelditu eta bera geldi. Barrez hasi naiz, Babe txerritxoa gogoan.

Deliberatu dut artaldea bilatzea eta abiatu naiz, ardia hankari itsatsita. Errepidera irten dugu eta kaka-arrastorik ez. Orduan beherantza egin dugu, artaldeak ohiko dituen parajeetara. Bolungarai barrenean Txirri agertu da autoz. Gelditu, eta azaldu dit bere txakurrak sakabanatu duela artaldea. Zer egin? galdetu diot, nire maskota seinalatuz. Basoan apur bat sartu eta berton itxi berak.

Kaletar zintzo hau basoan sartu da, apur bat baino gehiago, eta buelta hartu duenean pega-pega eginda zeraman ardia, berton itxi ezinka. Errepidera itzuli eta beherantz jarraitu dugu, Antonio Polonio artzainak motozikleta uzten duen ingurura. Hara iritsita, pentsatu dut toki ezagunean patxadaz geldituko zela nire laguna eta, zakar planta batzuk eginda, hasi naiz erretiratzen, hasieran poliki gero korrika. Ez alferrik! Hamar segundura hankan pegatuta neukan ardia, arnas hestuan.

Bertan itxoitea okurritu zait, harri baten jarrita. Edo artzaina agertuko zen, edo bestela Fatima lanetik bueltan, eta haren autoan sartuta itzuliko nintzen etxera. Ardia nere bizkarraren kontra jarri da, belarra jaten. Eta horrela aurkitu gaitu goitik behera pasieran zetorren andrak. Hurbildu ahala, zabalduz zihoakion irribarrea, eta kontatu egin diot nire peripezia. Bai, ikusi zaitut mendian gora, ardia formal ondoan esan dit barrez. Horretan, iritsi da **Jon Iñaki Lasa, hantxe parean baitu txakurrak hezitzeko eskola. Hura ere hurbildu zaigu eta berak eman du soluzioa: ondoko intxaustegia hesitua dago, eta han ibili ohi dira ardiok; bertan sartu eta aurkituko dau artzainak. Zutitu naiz eta hankan pegatuta eraman dut ardia hesi barrura, beste biak barrez lehertzen ziren bitartean. Ikusi barik ezin sinistu zioen andrak. Txakurretarako be igoal ona izango haz** Jon Iñakik.

Han utzi dut gatibu, arratsalde bateko nire maitalea. Bera, negarrez. Ni, hunkituta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Abdelaziz bisitan

Donostiako udaletxean izan naiz arratsaldean, Odon Elorzak harrera egin baitio Mohamed Adelaziz Saharako presidenteari. Atzo ezkero Euskal Herrian da, gaur goizean elkarrizketatu da Ibarretxe lehendakariarekin, eta arratsaldean zuen harrera ekitaldi instituzionala Leioan.

Donostiakoa xume joan da, udal ordezkariak eta Sahararen lagun batzuk elkartu gara familia giroan. Baina irudipena daukat bisitaldi osoa doala xume. Atzo ez zuten baimendu harrera aireportuan, segurtasun arrazoiak medio (?) Gero, gaueko albistegietan, euskal telebistetan, aipamenik ere ez. Bisitaldi ofiziala gaur hasten zen, egia, baina zer gertatuko zen egoera berean Bush etorri izan balitz?

Bere zailtasun guztiekin, Abdelaziz estatu burua da, mundu osoko 80 inguru estatuk aitortzen dute hori. Ibarretxe ez du inork aitortzen estatu burutzat eta, hala ere, nahi izaten du ondo har dezaten kanpora doanean. Gainera, Sahara oso hurbil sentitzen dugu euskaldun askok; aukera ona zuen euskal gobernuak parafernalia indartsua erabiltzeko. Zergatik hain umil? Ez da izango PSOE haserretu ez dadin?

Eskerrak ekitaldian agurtu dugun Nestor Basterretxea eskultorea, Sahara zale handia. Autorik gabe zegoenez, haren Hondarribiko etxean jarraitu dugu berriketa atsegina, té baten inguruan. Arindu dira nire goibelak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina