Jabiertxori bertsoa

Aurreko batean aipatu nuen, derrepente gogoratuta, Elgetako Jabiertxo, lankide zendua. Geroztik, buruan bueltaka ibili ditut haren oroitzapenak, eta bereziki gozo egin zait lana utzi zuenean egin genion agur-bazkarikoa. Jubilatzeko adina bete baino lehen, osasun arazoak eraginda utzi zion Kutxako lanari. Horri buruz idatzi nion ondoko bertsoa, eta gero koadro dotorean jarri eta bazkalondoan hunkituta kantatu genion:

Eman dituzu eta zabaldu inguruan fruitu onak

eta lankide ginenak ere egin gaituzu lagunak.

Orain akabo, bukatu dira derrigorrezko jardunak,

hori aukera duzuna

gehien gustatzen zaizunaz

igarotzeko egunak!

Gure aldetik bada gauza bat gaur eskatzen dizuguna:

urte askoan nahi zaitugu; zaindu, Jabier, osasuna

zaindu, Jabier, osasuna

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mahastia neguan

Mahats batzearekin jotzen du gailurra urteko zikloak eta gabonak aldera arte ez dago itxoitea beste lanik, landareak orria galdu eta lokartzen diren bitartean. Urte berriaren bueltan hasten da ziklo berria, mahatsondoen inausketarekin.

Mahatsa urtero ganoraz etorriko bada, inausketa gogorra egin behar zaio mahatsondoari. Garapenean eman dituen dozenatik gora adarren artean, bi aukeratu behar dira, luze utzi eta hurrengo besoak izan daitezen; eta beste bi adar motz-motz uzten dira, hatz lana egin dezaten. Beste guztia, klas-klas-klas ebaki egin behar da.

Horretan ari naiz urtarrilean, eta egunotan elurraren bisita izan dugu Esteñibarren. Behar adina arropa jantzi, eta begiak babestuta elurretako betaurrekoekin, itxura xelebre honetan jarduten naiz. Dagoeneko azken iladatan nabil, argazkietakoak dira landara zaharrenak, barreneko mahastian.

Inausketaren ondoren, olazi eta alanbre guztiak errepasatu behar dira, gogortu eta tensatu. Behin hori eginda, landarearen beso biak alanbrera bildu behar dira eta lotu, kimu berriak norabide egokian jaio daitezen. Eta hau guztia amaitu behar da sanjose ingururako, hilabete t’erdi barru. Izan ere, sasoi horretan hasten da mahatsondoa mugitzen eta, behin begia erneta, arrisku handia egoten da, landarea gobernatu guran, ernea ikutu eta galtzeko.

Sanjosetan kontu gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Anai amerikarra

Gaur abiatuko da Imanol anaia Renora, Nevadako unibertsitatean euskal liburutegiaz arduratzeko. Bere arrazoi eta asmoez jakin nahi duenak, irakur ditzake haren azalpenak. Nik aipatu nahi dut duela astebete eskaini zigun agurreko jaia, bapo jan eta edateaz aparte, kantuan eta dantzan eman genuen egun gogoangarria.

Errauskinen karroza nola, gaueko hamabietan amaitzen da txalupa zerbitzua Pasai Donibanetik San Pedrora. Ordu laurden lehenago, eztarria urratuta eta hauspoa bero, iladan jarri ginen hogeitaka senideok Imanol besarkatzeko, denok ere bigun-bigun eginda. Behin gu txalupan, Imanol balkoira irten, eta azken agurra eman zigun argiak kliskatuz, gehienon begiak ñir-ñir jarriz.

Aurrez ordea, kantatua zigun -kitarraz lagunduta, ohi duen estilo bikainarekin- Laboa/Sarrionandiaren ondoko kanta, ez aipatu gabe bere egoerarekin duen kontresana:

Nekez uzten du bere sorterria

sustraiak han dituenak

Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak

ez bada abaildu eta oholetan

Ez du niniak begia uzten

ez bada erroi edo arrubioen mokoetan

Nekez uzten du gezalak itsasoa

ez hareharriak basamortua

Ez du liliak udaberria uzten

ez elurrak zuritasuna

Bere sorterria nekez uzten du

sustraiak han dituenak.

Zorte on, Imanol!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Eskapada

Une larria izan zen joan den asteburukoa. Eta zorionez, istilu barik pasatu da guztia, agerian ez du zauririk eragin. BECekoaz ari naiz, nola ez.

Nire irudipenean, bai Zapatero eta bai Batasuna ustekabean harrapatu ditu Grande-Marlaskaren autoak. Espero zuten PP asaldatzea ekitaldi horrekin, eta zarata handia ateratzea. Baina ez epailearen debekua, jardunaren etetea, eta beste guztia.

Agerian gelditu da Zapaterok ez duela egoeraren kontrol osoa, PPk oraindik lagun asko dituela estatuko egituretan. Eta argi dago PPk gupida barik erabiliko dituela guztiak. Ez da ahaztu behar datorren urtean tokatzen direla udal hauteskundeak, eta hurrengoan Espainiako orokorrak. Hau da, Zapatero legealdiaren erdian dago. Lortuko balu aurten mamitzea eskuartean dituen gai potoloak, ziurtatua luke beste legealdi bat.

Noski, PPk horixe nahi du oztopatu eta, lortze aldera, boikotatu egin behar ditu Zapateroren ahalegin guztiak, nola Kataluniako estatuta, hala euskal auzia. Egoera horretan etorri da BECekoa, eta asteburuko une larria. Gertatu izan balitz istilurik, samur joan gintezkeen denboran atzera.

Baina lan asko egin da askoren artean, katramila gera zedin eskapada hutsean. Seinale erabilgarri daudela zenbat zubi eta kanal. Horixe ondorio ona. Arriskuak, ordea, hor dirau eta aukera bakarra da aurrera egitea. Iritsi da ordua…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Elur gutxi, ganora gutxiago

Jaiki eta elur geruzatxoa ikusi dut, bost bat zentimetro. Hobebeharrez, azkar samar ibili naiz eta hamar bat minutu arinago abiatu Arrasateruntz. Baina alferrik! Elorrioko saihesbidean ertzain batek galerazi egin dit Kanpazarren gora joatea. Kamioiak daude trabeska esan dit. Haserretu egin naiz: Zergatik ez zaie galerazten kamioiei, elurra ari duenean, mendateetan sartzea? Eta berak: Ez digute kasurik egiten, kartelak jarri eta alferrik! Noski, areago haserretu naiz.

Gauaz egin du elurra, eta gauaz ibiltzen dira Kanpazarren Eroskiko kamioiak. Baina ertzainak kartela jartzea besterik ez du egin, eta kamioiek kartelari kasurik ez. Gero zegoen bezala, gauaz egon izan balitz ertzainen autoa bidea oztopatzen, kamioiek ez zuten aurrera egingo, eta mendatea zabalik egongo zen 4×4 eta kateekin doan autoarentzat.

Lotsagarria da bost zentimetroko elurrak nolako katastrofeak eragin ditzaken gurean, Ertzaintzaren eta gidari askoren ganora eskasari esker. Noiz baloratuko dira halakoetan galtzen diren lan orduak? Noizko protokolo zehatza elurra dagoenerako, eta zigorra betetzen ez dutenei?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Lau dozena

Banuen lankide bat, Elgetako Jabiertxo, ehun kilotik gorako gizonkote umoretsua. Berrogeita zortzigarren urtea iritsi zitzaionean, hark lau dozena egin zituen, adinaren zama arintze aldera.

Lagun artekoa zen, jan eta edan zalea, bere osasunari komeni zitzaiona baino areago. Hori dela-eta, emaztea haserretu egiten zitzaion eta hitzegiteke egon, denboratan. Horrelakoetan, Jabiertxok zioen emaztea matxuratu egiten zela, soinua joan egiten zitzaiola. Behin, matxuraldi batean, mesanotxean bi pila berri utzi zizkion emazteari, ea haiek aldatu eta soinua itzultzen zitzaion.

Jabiertxoren pila amaitu zenean, soinuarekin batera joan zitzaion arnasa. Izango dira sei urte, dozena erdi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Garabiak

Madrilen bizi izan nintzen dozena erdi bat urtez. Aspaldi izan zen hori, Francok agintzen zuela, baina ordurako etengabe zegoen hiria obratan. Hain zen hau horrela, pasadizo bat zebilela bolo-bolo, nola herrixka bateko nekazariak, bisitan etorrita, esan zuen: ¡**Qué bonito Madrid, cuando esté terminado**!

Goizetan, lanera natorrela Kanpazarretik Epelera, hor aurkitzen dut lehen obra, eta sekulako auto-txolopotea. Errepide bikoizketan mantso noala, astia dut ikusteko Mojategiko obra, eta erregutzeko mendia ez dadila behera etorri, eman dioten haginkada beldurgarriari erantzunez. Ospitale ondotik sartuta, lehen garabiak Zerrajeran, etxebizitzak eraikitzeko; laster ugalduko dira lanak inguru horretan. Parean, errekaz bestalde, garabi gehiago Gelmako orubean, han ere etxebizitzak kausa. Eta bulegora iristean, berriro garabiak, hauek Biteri plazan, lurpeko aparkalekua dela-eta. Hori guztia 3 km. inguruko ibilbidean!

Eta aurrera jarraituko banu, ez litzateke obrarik faltako: Aramaio errekako kolektorea, Erguingo etxebizitzak, Garaiako lanak… Eta epe ez oso luzean hastekoak dira Epeleko Araztegia, ibarreko tranbia, autopista Arrasate eta Eskoriatza artean, Olandixoko tunela, eta beste zenbait obra handi.

Auzo txikiko mahastizain honek ere pentsatzen du, bisita bakoitzean: Bai polita Arrasate, amaitzen dutenean!.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gipuzkoa zilbor

Gaur San Anton, Getarian ospatu dute Txakolin eguna, eta aurkeztu jatorri deiturako aurtengo emaitza. Euskarazko hedabideetan gaia nola jorratu den ikusita, erraz pentsa zitekeen Getarian bakarrik egiten dela txakolina. Eta kontua beste hau da: dagoeneko txakolin gehiago ekoizten da Getariatik kanpo. Nabarmendu egin da, gaur ere, euskarazko hedabideei darien gipuzkoar-zentrismoa.

Duela hilabete batzuk, Argian irakurri nion Ander Manterola hizkuntzalari bizkaitarrari esaldi biribil hau: Gipuzkoarrek uste dute gipuzkeraz egin eta batuaz ari direla.

Mutatis mutandi, hau ere esan daiteke: Euskarazko hedabideek uste dute Gipuzkoaz jardun eta Euskal Herriaz ari direla.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

SEUSS

Urrin samar gelditzen da, baina ez dut aipatu gabe utzi nahi bergararren erakustaldia Bilboko Euskalduna jauregian, Seussen mundua musikalarekin. Aspaldi ari dira ikuskizunak antolatzen eta, arian-arian, profesionalen mailara iritsi direla erakutsi zuten, gabonetako emankizunetan.

Oholtzakoari bakarrik erreparatuta, obra iruditu zitzaidan polita. Kontatzen den historia, txikien defentsan, oso da hunkigarria. Eta musika izan daiteke ohiko samarra, baina atsegina da, zalantza barik.

Ikuskizuna aparta eta harrigarria bihurtzen duena da bergararren lana. Lan bikaina, oro har, hemen azpimarratu nahi dut euskarazko moldaketa, oso ondo egokitua baitzegoen hizkuntzaren soinua kantuen doinuari. Era berean, oso zainduak iruditu zitzaizkidan ikuskizunaren atal guztiak: jantziak, disfrazak, dekoratuak, argiztapena, koreografiak… dena zen goi mailakoa. Eta bikain aritu ziren kantari, dantzari eta musikariak, ilusio betean eta akats handirik egin gabe.

Orain galdera parea. Non egon da Bergarako Udala herri osoa mugiarazi duen ekimena babesteko orduan? Eta noiz izango du Bergarak areto bat, herritarren gaitasunen parekoa?

Eta, amaitzeko, pena bat. Oraingoz ez daukate lotuta beste emanaldirik. Hainbeste denbora prestatzen, lan eta eskola orduz kanpo, hain ibilbide laburrerako!

Begiak bustitzen dizkit bergararren eskuzabaltasunak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Bloga eta papera

Lehenik papera

Adina baitut horretarako, paperean hasi nintzen serio samar artikuluak argitaratzen. 1988an izan zen hori, Arrasate Press aldizkaria hastearekin batera. Joxe Aranzabal zen bultzagile eta zuzendari, eta berak eskatu/eskaini zidan astean behin musikaz idatz nezan, etxean disko mordoa nuela-eta.

Artean banituen argitaratuak atal solteak, Zeruko Argia eta Garaian, eta gustuko nuen idaztea. Baina ezin esan dut hori zenik nire bokazioa, ez bainion denbora asko ematen idazteari, ezta bere oinarri den irakurtzeari ere. Erraz samar irteten zitzaidan eta kito. Hori bai, hasieratik jakin nuen iritzia eman nahi nuela, lehen pertsonan eta gaietan bustita, zurikeria barik.

Handik gutxira, Joxek eskatu/eskaini zidan motorraz ere aritzea, nahiz auto bakarra nuen, eta bera kaskarra. Itxura gordetze aldera, bigarren arlo honetarako baliatu nuen nire bigarren abizena. Beraz, argitu bedi misterioa: Arrasate Presseko ale zaharretan aritzen zen Mikel Intxausti hura, neu naiz, lotsabako hau.

Eta, behin lotsa galduta eta ofizio apur bat hartuta, jarri ninduten gai librean, aldizkariaren hirugarren orrian. Gogoan dut erabili nuen lehen izenburua: Tuttologo, italieratik hartuta. Ordurako banekien, edozertaz jardutekotan eta irakurlearen errespetua galdu gabe, tentuz idatzi beharko nuela. Zurikeria barik, baina tentuz.

Harrezkero, ez zaizkit falta izan eskari/eskaintzak. Une honetan, paperean argitaratzen dut astero zutabe bat Goienkaria aldizkarian, Debagoienean. Eta bizpahiru hilabetez behin Argia aldizkarian; besteak beste, Atxagak idazten duen atal berean. Ezin nuen halako ohorerik imajinatu 1988an, lehen artikulua idatzi nuenean.

Arrasaten bertan ezagutu nuen telebista eta, nola ez, musika saio batekin abiatu nintzen irudiaren esparruan. Eta, handik gutxira, aukera izan nuen gidatzeko informazio orokorreko saio bat. Batean zein bestean, aitortzen dut, ez nuen aukerarik galtzen iritzi editoriala emateko. Predikari jaio ezkero, nonbait, balkoi guztiak pulpitu.

Paperetik salto

Beste askok bezala, salto egin nuen ATBtik ETBra, eta bost urte eman nituen Hitzaro eta Lengua Viva saioak aurkezten. Hauetan, ordea, apenas izaten nuen sermoirako aukerarik, gidoia esatea zegokidan nagusiki. Baina ETBkoa amaitu eta gutxira, etorri zen Euskadi Irratian tertulietan aritzeko aukera. Berriro ere tuttologo pulpituan! Euskarri berriari neurria hartu nion seinale da oraindik ere horretan diraudala. Eta etxean jaso nuen hurrengo proposamena: Goiena Telebista n lau astez behin hartzen dut parte, Berbaire tertulia saioan.

Bistan da; hainbeste pulpitu korrituta, predikari honek aurkitu behar zuen –noizbait- pulpiturik askeena: bloga.

Bistan da nire ibilbide komunikaziozkoan erabakigarri izan direla Debagoieneko hedabideak. Ba, hau horrela izan da baita teknologia berriekin ere. Idazmakinan ohitua, lehen ordenagailua erosi nuen artikuluak errazago idazteko, neurrian, eta posta elektronikoz bidali ahal izateko. Ez nion bestelako morborik aurkitu aparailuari eta horretara mugatu nintzen, ia erabat.

Sarean harrapatuta

Baina Debagoiena bultzaka zetorren eta eskualdeko multimedia sortzeko orduan, topo egin zuen/nuen/genuen sarearekin. Goiena komunikazio taldeak lankide hartu zuen CodeSyntax enpresa, eta bien lehen emaitza izan zen Sustatu.com albistegia. Orduan ikusi nuen nik zer egin zitekeen ordenagailu batekin, sarea eta irudimena erabilita. Geroago etorri zen Goiena.net , eta honen eskutik iritsi nintzen blogintzara.

Zerbitzuak ezagutu ahala, harrapatu egin nau sareak. Eta, lanean ezin dudanez, etxean ia egunero lotzen naiz. Zorionez gure baserriraino ADSL linea iristen da, eta wi-fi ingurua jarri dugu, bi ordenagailuekin libre aritzeko. Baldintza horietan, trafiko dezente ibiltzen dugu. Duela gutxi, matxura izan zuen telefono lineak eta hamar egunez egon ginen sareratu gabe; ehun mezutik gora geneuzkan zain, berriro konektatu ginenean.

Nik ezagutzen dudan denboran, internetek iraultza handia eragin du komunikatzeko ohituretan. Hiru tresna nagusi erabiltzen dira sarean komunikatzeko: weba, posta eta bloga. Eta bakoitzak markatu du iraultzaren fase bat.

Webetik blogera

Weba nagusi zen fasean, sortu ziren argitalpen konplexuak, orri jantziak eta liluragarriak, geldoak eta garestiak. Hargatik, gutxi ziren jaulkitzaileak, eta informazioa baino gehiago, landu ohi da irudi instituzionala. Nabigazioaren sasoia izan da, trebezia behar zen bidea aurkitzeko, eta inoiz abenturak izan zezaken ustekabean saririk. Informazioa, beti norabide bakarrean.

Postaren fasean garatu da elkarrizketa, informazioa norabide bitan edo anitzetan: txatak, posta-zerrendak. Solasaren esparrua eraiki da, telefonoaren alternatiba. Komunikazioa izan da ia mintzatuaren parekoa, informala. Webaren hartzaile zena bihurtu da postan partaide.Oso tresna funtzionala denez, postak hedatu egin du telematikaren erabilera: jende asko sartu da sarean komunikazio modu honen bila.

Azkenik, blogak ekarri du goiko bien sintesi moduko bat: argitalpen sinplea, edonork egiteko modukoa, nahi bezain jantzia eta –aldi berean- interaktiboa, bi norabidetakoa. Eta blogekin sortu da mundu berria –blogosfera-, ugaria eta librea. Badira blog komertzialak, instituzionalak eta hedabideei lotuak; baina, batez ere, milaka eta milaka dira blog pertsonalak, bakoitza bere egileak sortua pedolibrean aritzeko, suelto demonio.

Goiena.net atariak sartu ninduen blogosferan, laster etorriko da urtea. Inguruko predikari batzuk hartu gintuzten blog komunitatea abiatzeko, euskarak blogosferan bide egin zezan eta, aldi berean, blog komertzialetarako amua prestatzeko. Apur bat behartuta prestatu nintzen lehen txanparako, eta ikasi nuen tresnaren erabilera oinarrizkoa. Harrezkero, Piperrautsa izeneko nire blogean ehunetik gora mezu idatzi ditut, batzuk argazki eta guzti; baditut 42 harpide, Bloglines arabera, eta erantzun mordoxka iristen zait. Harrera ona izaten dute mahastiei buruzkoak, urtaro ezberdinetako lanak kontatzen ditudanekoak. Gai korapilatsuetan eztabaida pizten da, eta orduan erantzunak erreskadan datoz, batzuk niri zuzenduak eta besteak elkarrekin sesioan. Gustura idazten ditut Ormaiztegiko eta haurtzaroko kontu zaharrak, samurtu egiten naiz horiekin. Eta libre, oso libre sentitzen naiz idazten dudan bakoitzean, neu bainaiz editore, argitalpenaren jabe eta idatzitakoaren erantzule bakarra.

Ni ere blogari

Paperekoak neurri zehatza izaten du. Adibidez, Goienkariako zutabeak, 1.350 karaktere; Argiakoak, 3.500 karaktere; artikulu hau digitala da baina eskatu zidaten 7.500 karaktere. Aldiz, blogean neurriak ez du inporta, idatz daiteke luze edo labur, segun eta gaia, segun eta etorria.

Bloga ala papera?

Paperean neurtu egin behar dira, halaber, gaia eta tratatzeko modua. Kontuan izan behar dut irakurlegoa, eta idatzi haren interesa harrapatzeko moduan, argi eta zuzen. Aspergarri ez izate aldera, saihestu egiten ditut erregistro pertsonalegiak. Baita zaindu gaiztakeriak eta ekidin gordinkeriak, paperak erraz egiten baitu epaitegirako bidea. Askokin libreago aritzen naiz blogean, nire deontologia filtro bakar.

Paperetik erantzun gutxi iristen zait. Komentarioak jaso izan ditut han-hemenka; apenas erantzun idatzirik, inoiz anonimoren bat. Eta motza da jardutea -astea joan, astea etorri- jakin gabe ea egindakoa baleko zaion inori. Horretan aberatsago da bloga, sarri izaten da erantzun idatzirik eta, blogosfera handitu ahala, iritzien abanikoa ere irekiaz doa.

Dena den, ez daukat bietako bat ere saltzeko. Paperak badu oraindik bere xarma, eta blogean hasi besterik ez dut egin. Horregatik, hautatu beharrik gabe, biak nahi ditut: bloga eta papera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin