Krisi zaratak

Dimisio batek eragin ditu kanpaibueltak, baina aurrez zebiltzan esamesak ugari: etxetresnetan jende mordoa dago sobran, banketxea ez dabil lar fin, Garaia moteltzen ari da… Krisi zaratak entzuten dira Debagoienean.

Koiunturazko arazoez gain, uste dut sakonekoak ere badaudela. Iruditzen zait falta dela epe luzeko ikuspegia: autarkia egoeran sortu zen enpresa taldeak nola moldatu behar du globalizaziora? Zeri behar dio jare egin eta zeri heldu? Zein da egitura efizienteena biziraupenerako? Bide beretik, esango nuke odol berria behar duela kooperatiben gorputzak, pertsona eta pentsamolde berriak.

Kizkurtzeko tentazioa gainditu, eta berrikuntza latzaren beharra ikusten dut nik. Indar osoz Garaia bultzatzeko garaia, besteak beste.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Egun zenizoa

Jacan izan gara asteburuan, Jon/Bernar eta Garirenean. Gaur eguerdian haiek elurretan utzi ditugu, Somporteko zirkuituan, eta bueltan abiatu gara.

Iruña baino apur bat lehenago, trafikoko zibilek esan naute, biziro desegoki beraien radarraren arabera abiada oso handian nindoala, eta isun itzela ordaintzeaz aparte, hilabetez kenduko didatela gida baimena. Ez naiz hasiko desenkusan, seinaleak zioena baino askoz bizkorrago nindoan, beraz, legea urratu dut. Ez dut uste, ordea, gidari arriskutsua naizenik. Hogeitamalau urte daramatzat gidari, eta bi istripu arin besterik ez dut izan. Zigor gogorregia iruditzen zait gaurkoa.

Baina ez dira hor bukatu eguneko kalapitak. Oraindik isunaren amorrua kendu gabe, Kanpazarren gora etxera iristen, autoak pott! egin du eta bide erdian gelditu da. Garabiari deitu eta garajera iritsita, esan digute palierra guztiz apurtu dela. Bihar esango didate zenbateko matxura den eta ia merezi duen auto hain zaharra konpontzea.

Egun zenizoa, beraz. Baina, Jacatik irten aurretik, loteria erosi dut. Eta uste dut egun zenizoetan tokatu egiten dela. Kontatuko dizuet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Shakespeare gogoan

Bat. Iturri onetik dakit ibarreko udal handi baten ez dagoela inongo berririk AHTri buruz, nahiz tren azkarrak bete-betean harrapatzen duen herria. Eta sailburuari irakurria diot, ez aspaldi, joan dela eztabaidarako garaia, bilera nahikoa egin dela ibilbideko udalekin, azalpenak emanaz. Egiteko ordua omen, kaltetuek proiektua ezagutzen ez badute ere.

Bi. Bilboko portu berriko arduradunaren arabera, merkantzien garraioak ez omen du abiadura handirik behar, eta oraindik ez ei dakite nola lotuko den portua tren azkarrarekin; aukeran kasik tren zaharra nahiago luke merkantziak garraiatzeko. Sailburuak, berriz, trafiko arazo guztien konponbidea dauka AHTrekin.

Hiru. Esadak, William, zerbaiti ustel usaina zeriok… Danimarkan?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Holokaustoa oraindik

Gaurko albiste da Austrian 3 urteko kartzela zigorra jarri diotela David Irving historialariari, naziek egindako holokaustoa ukatu duelako.

Buelta asko eman diote hedabideek gaiari, eta ezinbestean nahastu dute gai hau Mahomaren karikaturen istiluarekin eta adierazpen askatasunarekin.

Niri, ordea, beste gauza batek eragin dit hotza bizkarrezurrean: Europa liberal, demokrata eta tolerantearen bihotzean, Austrian, kode penalean delitu da holokaustoa ukatzea, eta 10 urterainoko kartzelaz zigor daiteke.

Austriarrek ezin dute jasan kontzientziako karga, hala lobby juduak du neurri gabeko indarra?

Bide batez, kartzelan behar lukete esan izan dutenek Gernika euskaldunek bonbardatu zutela?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Alkate berriak?

Urte bete pasatxo udal hauteskundetarako, eta hasi dira mugimenduak. Oñatin, Andoni Gartziak utzi egin du alkatetza eta Lurdes Idoiagak hartu; dena ondo, berak behar luke hurrengo zerrenda buru. Bergaran Victoriano ez da berriro izango alkate-gai, eta izen bat dabil ahoz-aho, baina auskalo. Arrasaten, udal erosoa hartu zuen Lakunzak baina egoera bihurritu egin zaio; ikusi egin behar ea errepikatzen duen. Eskoriatzako Juan Carlos ere kolokan egon daiteke, Txabarriren purrustada gogoratuta. Eta Elgetako Patxik, ezin jakin ea beste susto bat pasatzeko gogorik izango duen.

Ez ahaztu EHk lau alkatetza zituela lehen. Aukera izango dute aurkezteko? Lehengoek errepikatuko lukete?

Aurpegi berri asko, agian. Hasi kinielak egiten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Atxaga eta Azkarraga

Atxagarekin amaitu nuen aurrekoa, eta berriro dakart gaur asteasuarra. Uste dut euskal hiriaz egiten ari den ekarpena garrantzi handiko abiapuntua dela eztabaidarako. Eskertzen diot gai honen hausnarketan denbora ematen jardutea, esker hobekoei kenduta. Ezin dut ahaztu, aldi berean, idazle dela ofizioz eta pentsalari afizioz, eta ez arduradun politiko edo gizarte liderra; ezin zaiola eskatu, hargatik, mapa zehatza egitea eta bidaiaren gidaritza bere gain hartzea.

Eztabaida eragiten ari da eta hori asko da. Batez ere, ohiko klitxeetatik haratago, probetxuzko zerbait atera nahi denean. Adibidez, Argian eman du iritzi bat Joseba Azkarragak, konparatuz Atxaga eta Boff teologoaren bi paradigmak. Antropozentrismoa deitzen dio lehenari -gu, nagusi bakarrak-, eta ekozentrismoa bigarrenari -gizadia naturaren destinoarekin bat-. Argi samar igartzen zaio Azkarragari bigarren paradigma duela gogokoago.

Azkarraga Argian

Hala ere, artikulua bi aldiz irakurrita, uste dut bi plano ezberdin nahasten direla. Atxaga ari da euskal komunitateko kide gisa, (eta barkatuko didazue ez hastea orain definitzen zer ote den euskal hori, bakoitzak bete dezala nahi duenarekin). Boff, aldiz, ari da gizaki globalaz.

Bi plano

Atxagak nahi du gure komunitate txiki honek gara ditzala biziraupenerako estrategia berriak, ikusmolde eta pentsamolde berrietatik abiatuta. Izan ere, berak argi ikusten du oraingoekin ez dagoela etorkizunik euskal komunitatearentzat. Ez da ari gizakiaz eta honen etorkizunaz.

Boff-en ikuspegi globalarekin, gizakiak hasi behar du ardura kolektiboa garatzen, autosuntsipena ekiditeko. Hor legoke interes orokorra, guztientzat berbera.

Interes ezberdinak

Baina, badaude interes partikular oso defendagarriak. Kolonizatzaileek horrenbeste inguru suntsitu ondoren munduan zehar, orain kolonizatuei dagokie gelditu dena kontserbatzea? Horrekin beraien garapena hipotekatzen badute ere bai? Ez dute kolonizatuek garatzeko eskubiderik, maila bateraino bederen? Interes kontrajarriak egon daitezke, posizio erlatiboaren arabera.

Atxaga libreki interpretatuz, euskal komunitateak behar du garapen mota bat, ikusmoldeena gehiago hormigoizkoa baino, bere posizio erlatiboa hobetzeko, eta globalizazioaren baitan bizirauteko. Hiri fisikoa baino, interesatzen zait hiri mentala, komunitate moderno, ireki, kohesionatua. Eta horretarako, indartu behar dira ezaugarri komunak eta konpartitzen diren baloreak, metatu behar dira ahalmenak eta hurbildu gogoak; nahiz-eta, bidean, galdu beharko diren txokotasun eta partikularitate ugari.

Eta, Atxaga ez bezala, ez naiz Y grekoaren aldekoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gustatu zait

Zalapartaka ibili nintzen Goienkaria berriaren aurkezpenean, tertulia baineukan gero irratian. Bi gauza nabarmentzeko: Patxi Baztarrika sailburuordearen hitzaldia, eta agurreko bideoan ordezkari politiko guztiak agertzea.

Gero aztertu dut ale berria eta asko gustatu zait. Goio Aranak berriro asmatu du diseinuan, oraingoan dotore, argi eta moderno. Eta iraultza itzela egon da edukietan. Ibarraren bilakaerak egin zuen posible Goiena sortzea duela sei urte, eta orduan ezinezko zena bihurtu da posible gaur: argitalpen bakarra ibar osorako. Bakoitzaren herria ahaztu gabe, elementu komunak azpimarratuz, komunitatea indartzeko.

Uste dut hori dela bidea biziraupenerako. Eta esango nuke horretaz ari dela Atxaga, Euskal Hiria aldarrikatzen duenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Unai Romanori

Unai:

Ez zaitut aurrez-aurre ezagutzen, eta ez dakit kalean ezagutuko nukeen zure aurpegi normala. Bai, ordea, argazki famatuan zenuen musu puztu eta ubeldu hura, hori ez dut ahaztuko bizi naizen artean.

Maiz pentsatu dut zer ez zenuen pasatuko egoera horretara iritsi arte, eta hotzikada galantak hartu izan dit gorputza. Egunotan, ezin dut imajinatu zer sentituko zenuen haiek zu salatu zaituztenean, tortura frogatu ez duzulako. Eta ezin dut ulertu nola epaileak ebatsi lezakeen, tortura frogarik ezean, zerorrek eragin zeniola kalte zeure buruari, puntu horretaraino.

Ez digute esaten nola froga daitekeen tortura, ziega inkomunikatuetan egiten bada, eta forentse/epaileek arazoa argitu partez estali egiten dutenean. Arnas apur bat hartuko zenuen Teo Van Bovenen bisitarekin, baina hari ere ez diote kasu handiegirik egiten.

Nik ezin dizut laguntza handirik eman, Unai, baina bai besarkada handi bat eta animorik beroena. Zorte on!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Karikatura pozointsuak

Danimarkako enbaxadak erretzen hasi dira, eta izua piztu da mendebaldar demokraton artean: Ze fanatiko diren islamdar hauek! Karikatura xume batzugatik horrela jartzea! Non gelditzen da adierazpen askatasuna? Eta itzuli gara gure egunerokora, fanatismoa noiz baretuko zain. Baretuko ez balitz, orduan pentsatuko dugu nola erakutsi indarra, haiek beldurtu daitezen.

Baina:

  • Mahoma=bonbajartzaile adieraztea erabateko probokazioa da islamdar fededun batentzat, eta asko dira arabiarren artean.
  • Adierazpen askatasuna dagoelako Danimarkan karikaturak argitaratu ziren, baina horrek ez die pozoinik kentzen. Libre adieraztea gauza bat da, eta horrek sor lezakeen erantzuna beste bat. Ezin zaio albokoari putakume deitu adierazpen askatasunaren izenean.
  • Irailean argitaratu ziren marrazkiak eta orain piztu da sua. Bitartean mendebalde harroa ez da gai izan desenkusatzeko. Oraindik ere aitzakika dabiltza agintari eta eledun gehienak.
  • Mendebalde inperialistak zauri asko eragin ditu historian, eta min sakonak daude gordeta planetan zehar. Islama indarra hartzen ari da, besteak beste, sentimentu horiei esker. Ezin ditugu, lehengoaz gain, umiliatu gure adierazpen askatasunaren izenean, eta fanatiko deitu haserrea erakusten dutenean.

Ikasiko al dugu noizbat?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Familiaz harro

Zorteko garenok, familiaren babesean jaiotzen gara eta hazten, gure kabuz ibiltzeko gai izan arte. Eta, truke zentzuzkoan, familiak eskatzen digu une bakoitzeko kide ahulenaz arduratzea. Bi zutabe horiek ditu, niretzat, familiarekiko harremanak: babesa eta ardura. Hortik gorakoa, oparitzat hartzen dut.

Eta aste honetan, opari bikoitza egin dit familiak. Imanol anaia Estatu Batuetara joan da, Nevadako unibertsitatean euskal liburutegiaz arduratzeko. Lehia latzean irabazi du lanpostua eta anaiaz harro nago. Eta atzo bertan, Gurutze/Fatimetu arrebari eman diote Euskal Kooperanteari saria, lehendakaritzan, Sahararen alde eman/ematen duena aitortuz. Noski, arrebaz ere harro nago.

Hori bai, beste laurak eta ama ez dauzkat saltzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin