Intxaurra ihartu egin da

Lehendik ere kuttuna zen, baina Joxe gaixotu zenean bereziki estimatu genuen etxaurreko intxaurrondoa. Bere liburuaren hitzaurrean azaldu nuen hori. Hemen duzue, mahats-batze egun batez, kantarien atzean.

Iaz, makal agertu zen zuhaitza: orri gutxi udaberrian, eta intxaur kaskarren bat udazkenean. Aurten, esnatu ere ez da egin, guztiz ihartuta dago, hilik.

Esan ziguten sustraietan izango zuela gaitza, onddo mota batek eragingo ziola heriotza. Nik nahiago dut pentsatu Joxeri bizia eman zionean, berea galdu zuela.

Horrekin tristura arindu egiten zait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Mendi-zuloko tribua

Debagoiendarrak bizi ziren mendi-zuloan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba elkartzen diren inguru apartatuan. Hiriburuetatik urrun eta besteengandik isolatuta, tribuak garatu zituen biziraupenerako tresna baliotsuak: auto-antolakuntza sendoa, ekimenerako ausardia eta bizimolde soila, luxurik gabea. Eta garapen handia lortu zuen, bizirautetik haratago.

XXI. mende hasieran, autopista iritsi zen Debagoienera. Bat-batean, hiriburuak ez zeuden urrun, ibarra ez zegoen isolatuta. Eta debagoiendarrak hasi ziren irteten, itsasaldean etxeak erosten, lautadan negozioak egiten; hots, gero eta interes gehiago izaten ibarretik kanpo.

Nola amaitu ipuina? Eta azkenak sakabanatu zirenean, harrian zizelkatu zuten: hemen tribu bat izan zen. Edo…?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

‘Kalaka’ edo koloka?

Ez dit inpresio onik egin ETB1eko Kalaka saio berriak. Tertuliak hainbeste ugaritu diren honetan, normala da telebistak ere bere ahalegina egitea (aspaldi galdu nuen bistatik Firin Faran, loaren mesedetan), baina ahalegina ez da onegia. Jende gehiegi dago mahai bueltan, eta denbora gutxi hitz egiteko, etenak sarriegi gertatzen dira. Mahaikideen artean, interesgarri egin zaizkit Pako Aristi eta Koldo Martinez, edukiz eta moldez ondo aritu dira; EGAMekoa, hainbestean. Hortik aurrera, bete-lan ugari, mila aldiz entzundako topikoak, hizkuntza traketsaren mugak gainditzeko nekea eta ikuslearen sufrimendua…

Erreportajeak, txukun, presoenak zuen musika-burrunbada salbu; Eguzkitze, ohi bezain profesional, ohiko mugekin; ilehori datu-emailea, kalanbre emateko modukoa; errealizadorea, zelanbait… Asko hobetu beharko du, **Pásalo** baino gehiago izan nahi badu. Pentsatzen jarrita, nahi ote du?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Independentziaz

Aberriarena bota eta oporretara joan nintzen, urtero bezala, Kataluniako bainuetxera. Bueltan, bi erantzun interesgarri aurkitu ditut eta horiek damaite aukera independentziaz aritzeko.

  • Borroka armatuari amaiera txukuna ematea, zauriak sendatu eta iraganeko kontu bihur dadin, inori ez dakion gogo izpirik gelditu berriro noizbait ekiteko.

Oraingo prozesutik ez dator independentziarik, baina segun-eta nola egiten diren gauzak orain, marraztu egin daiteke independentziarako aukera, egun ez dagoena. Bi elementu dira gako:

  • Quebec/Kanada auziko filosofia nolabait txertatzea akordioan, parean jarrita bi muga: unilateralki banatzerik ez (Quebec-ek), eta independentzia ukatzerik ez (Kanadak Quebec-i), baldintza batzuekin.

Behin urrats horiek emanda, lana sendo eta ondo egin beharko du independentzia nahi duenak. Diskurtso berria behar da:

  • Independentzia bereizi egin behar da abertzaletasunetik. Euskal Herria aberritzat ez daukaten asko beharko dira independentziaren alde, arrazoi demokratikoak edo komenentziazkoak medio.
  • Historiaz ez dagokigu autodeterminazio eskubiderik, alferrik ari gara tematzen horretan. Gure historia ezagutzeak balio digu besteek idatzitakoa sahiestu eta autozentratzeko. Historiak balio lezake, gainera, nazioartean arrazoitzeko, gurea ez dela asmakeria hutsa, alegia. Baina historiak ez du balio etxean indarrak metatzeko, besterik ez bada, euskal herritarren erdia baino gehiago beste historia batzuetatik datorrelako. Eta hauek ez diete ezer zor bertakoon arbasoei.
  • Independentziaren abantaila eta arrisku errealak ondo ezagutu behar dira, eta emaitzak argi azaldu. Abantailak nola erabiliko diren, eta arriskuak nola saihestuko. Batzuen kasuan, independentzia bihotz kontua izango da, baina gehiengoa independentziaren alde jarriko da buruarekin ikusten badizkio onura gehiago, menpekotasunari baino.
  • Nazioarteak garrantzi handia izango du gure etorkizunean. Lagun asko beharko ditugu kanpoan, eta lagunak egiteko ezinbestekoa da diskurtso egokitua, nazioarteko legedian kabituko dena. Eta ez naiz epelkeriaz ari: gure independentzia onargarriagoa zaio nazioarteari, gure autodeterminazio eskubidea baino. Irtenbide singularra lorgarriagoa da, dotriña orokorra aldatzea baino. Eta, behin argumentazioa landuta, diasporan baditugu milioika lagun posible; eta beste asko, galdu ditugunak urte ilunetan.

Oraingoz, hemen etengo dut zerrenda, agortu ez den arren.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aberriaz

Inoiz baino aparteago harrapatu nau aurtengo Aberri Egunak. Aspaldion ez dakit zer diren aberriak, ez badira aitzakia eta ameskeriaren arteko zerbait. Eta gehienetan gorrotagarri egiten zaizkit aberri ezberdinen izenean egiten diren astakeriak, edo erakusten diren jarrerak.

Eguerdiko albistegian, tristuraz ikusi ditut hemengo alderdi abertzaleak, bakoitza bere topikoei itsatsita, fundamentalismoaren eta esentzialismoaren artean: Bagara eta eskubidea dugu. Eta kitto! Hortik aurrera, besteak errudun.

Nik, independentzia nahi izateko, ez dut aberririk behar, ezta arrazoi historikorik ere. Nahikoa ditut gogoa eta komenentzia. Eta independentzia lortzeko, bakarrik beharko genuke borondateen meta handia eta, gero, aparteko abilezia hori nazioarteko legedian txertatzeko.

Datorren urtean, nahiago ospatuko balitz Independentziaren Eguna, gaurkoaren ordez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Eeeez esan… Aaaagustiña!

Gure ama oso da kontalari fina. Umetan sarri kontatzen zizkigun bere haurtzaroko pasadizoak, antzeztuz bezala, ahots ezberdinak atereaz. Eta, esanaren poderioz, hainbat esaldi gelditu egin dira senideon memorian gordeta, altxor zaharren usainaz. Horietako bat, izenburukoa, lehengoan atera zitzaidan Mezularian ari nintzela tertulian, eta berpiztu egin zait dagokion ipuina.

Aitona bat ba omen zihoan bilobarekin kalean, eta topo egin dute andre ezagunarekin. Honek galdetu dio neskatoari: Nola du ba izena neska polit honek? Eta aitonak, -totel, zeken eta kirten- erantzun: **Eeeez esan… Aaaagustiña!** Makina bat aldiz errepikatu da esaldia gure etxean, harrezkero.

Kontua da, hogetamabi urteko gizon heldu sartu nintzenean Kutxan, Seguran izan nuela lehen lantokia. Eta han iritsi berriari denek galdetzen zioten: Atrebentziarekin, nongoa zaitugu ba? Eta nik: Hor bertakoa, mendiz bestaldekoa, Ormaiztegikoa. Horrekin gustura gelditzen ziren, ni etxekonekoa izaki. Baina behin, bezero horietako batek esan zidan: Ormaiztegikoa? Ba ni ere bai! Kartilan izena begiratu eta: Agustina Goikoetxea. Amari entzuna nion ipuineko Agustiña Segurara ezkondu zela, eta erabat urduri jarri nintzen, fikziozko pertsonaia derrepente haragizkoa bihurtu zen susmoarekin. Ez zen berehala iritsi bazkalordua, etxera joan eta amari galdetzeko. Eta bai, andra hura zen gure umetako Agustiña, Zipolen izeba.

Zipolena, beste batean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Burusoilaren ametsa

Aldaketa giroan ugaldu egiten dira aukerak eta arriskuak, berezkoa da hori. Eta, oraintxe gurean bizi den unea horietakoa da, aukerez eta arriskuz betea. Denon inteligentziak lortu beharko du aukerak gauza daitezen eta arriskuak ez.

Kabitu gaitezen. Autoari esku-frenua kentzea besterik ez dugu egin, luzaro geldi egon dena mugitzen has daiteke. Negoziazio mahaian zilegi izango da goitik ibiltzea eskarietan, baina ez lainotan. Mahaia amaitu eta biharamunean ez da gauzatuko independentzia. Eta burusoilak burusoil iraungo du.

Arriskuen artean, ez da txikiena pentsatzea gatazkaren konponketarekin guztia konponduko dela, halako mirari masibo bat gertatuko dela, eta aspaldi burusoil gelditu zenari ere berriro jaioko zaiola ilea.

Post scriptum. Zilegi bekit, Lertxundi maisuak erakutsitako bidetik, paperekoari eranskinak egitea blogean. Azken parrafoak, idatzita dagoenetan, har lezake ezkortasun edo etsipen kutsua. Eta ez da hori, inola ere, nire jarrera. Aberri zale ez, baina izan naiteke independentzia zale, segun eta nola. Eta uste dut independentzia posible dela, baina ez oraingo mahai hauen ondorioz. Orain atea marraztu egin behar da, eta irekitzeko mekanismoa adostu. Gero borondate asko metatu, gehienok nahi izan dezagun atea zeharkatu. Ez da miraririk gertatuko. Quebec da erreferentzia: inteligentzia eta lana.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Kamelia eta inbidia

Esteñibarrera etorri berritan, landatu genuen etxaurrean kamelia bat. Baina, izan parajea laiotzegia delako, edo betelaneko lurra eskasa, ez digu aurrera egin. Bizirik dago, baina landatu genuen tamaina berean. Tartean loreak eman izan ditu, gero eta gutxiago, aurten bat ere ez. Azkenean lorontzi batera aldatu dugu, ea toki eta baldintza aproposik aurkitzen diogun. Ea toki eta baldintza aproposetan kameliak oraindik bizi nahi ote duen.

Bitartean, inbidia galanta pasatzen dugu beste kameliak ikusita. Asko dago bazterretan, kaleetan, eta udaberri sarreran ikusgarri jartzen dira, lore handiz beteta. Azkenengoz gertatu zaigu gure ezkiotar lagunekin, Gaintzabaleko Sarah eta Iñakirekin. Ez digute ba argazki zoragarri hau bialdu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Bakea negozio

Bakebidea hasi besterik ez da egin, baina iritsi dira lehen etekinak. Bilboko manifestazioan txalo beroenak joan zitzaizkion Reid abade irlandarrari. Bera izan da bitartekari eraginkorrena, gauden unera iristeko. Eta txaloek lan hori eskertu diote. Barne-pozaz gain, herritarren esker ona jaso duzu, Sir Alec. Negozio biribila.

Ostalaritzak ere izango du negoziorik. Hoteletako gelak eta jatetxeetako mahaiak samurrago saltzen dira bake giroan. Industria suspertu bitartean, gaitzerdi zerbitzuen sektoreak konpontzen badizkigu ekonomiaren zifra potoloak.

Eta argi dago bakeak etekin politikoa ekarriko diela hura gorpuzten dihardutenei. Aldiz, negozio txarra izango da gatazkan gizendu direnentzat. Hauek asko dute galtzeko eta pentsatzekoa da saiatuko direla bidea oztopatzen. Zorionez, negozio honetan herritarroi dagokigu etekinak banatzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Lan berria

Bihar lan berrian hasiko naiz Kutxan. Hogei urte eman ditut jendaurrean, eta bihartik aurrera arituko naiz zerbitzu zentraletan. Erabat zehazteke dago nire eginkizuna eta nahiago dut ez ezer aurreratzea.

Hau idaztearen motiboa beste bat da. Familiari jakinarazi nion lan aldaketa duela egun batzuk, eta erantzunen artean deigarri egin zitzaidan Maite ilobarena: 52 urte eta lan berria, a ze bitalidadea!

Horrekin gelditzen naiz: 52 urte eta urdailean tximeletak, bihar lan berrian hasten naizelako. Ez da zahartzeko modu txarra!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin