Lehengo astean, Luxiano Manterola agertu zen hemen, erabat ustekabean. Eta piztu egin zidan or(i)oigailua, alegia, Orioz oroitzeko makina. Izan ere, Madrilen bizi ginela, sei bat urtez eman genuen uda Orion Irizar-Intxaustitarrok. Nire kasuan, 16 urtetik 22ra bitartekoak. Pentsa zenbat daukadan or(i)oitzeko!
Hirurogeitamarreko hamarkada hasteko zorian, Orio zen traineruetan errege. Altxerri patroi eta, arraunlarien artean, gerora ibilbide luzea egingo zuen Joxe Luis Korta. Baita Luxiano Manterola ere, kirolari bikaina eta mutil guapo askoa. Txora-txora zeukan neska bat baino gehiago, nahiz nobio zebilen argazki dendako Marijerekin.
Sasoi hartan, hain zen ona Orioko arraun taldea, etzuela areriorik traineruan (Lasarte beti uzten zuen atzean: **el atún se come al bonito-to); eta hasi ziren arraunketa olinpikoan, bankomobila** esaten genion guk. Orio-Oxford-Cambridge estropada ikusita nago ni Orioko itsasadarrean, pare bat aldiz. Behin etxeko mutilek irabazi zuten; hura poza hartu genuena! Estropada haiek ikusmin izugarria piztu zuten eta Orio munduratzeko balio izan zuten, internet eta google gabeko mundu hartan.
Aulki mugikorrean jarduteko, Orioko arraunlariek ikasi egin behar izan zuten beste modu baten arraunean egiten, eta horretara joaten ziren Kataluniako Banyolesera, hango aintziran baitzegoen arraunketa olinpikoko talde indartsua. Eta hango joan-etorrian iritsi zitzaion Luxianori zorigaiztoa: istripua izan eta bizkarrezurra kaltetu zitzaion. Kitto arrauna eta beste hainbat gauza!
Gero, Orio atzean gelditu zitzaidan eta Luxiano ere bai. Baina, bikaina beti bikain, fiskalitate kontuetan aditu bihurtuta aurkitu nuen Kutxan, 20 bat urte beranduago. Eta, hartuemanik ez geneukan arren, poztu egin nintzen.
Orain jakin dut derrigorrezko lanetik libratu berri dela, eta bizikide duela nire lankide Ramoni. Eta, bi gauzak iruditzen zaizkidanez zoragarriak, poztu egin naiz berriro.
Gaizki esanak barkatu eta besarkada bat, Luxiano!