Han nintzen

Kanpoan tokatu naiz urteurren egunean, baina 30 urte pasa eta gero, onartuko didazue egun batzuetako berandutzea. Bergarako ekitaldiaz ari naiz, 1976an, Foruen berreskurapenaren alde.

Orduko zenbat protagonista bildu dira berriro Bergarako udaletxean. Deigarriena, Patxi Basauriren kasua, Elgetako alkate jarraitzen baitu, 30 urte pasa eta gero! Zorionak, Patxi, marka danak apurtzen zabiz!

Neu ere han nintzen Bergaran, 76an. Ez udaletxean, baizik plazan, pankarta bati eusten. Euskal sozialismoaren alde, Goierriko ESB zioen. Bezperan sartu genuen pankarta Bergaran, militante batek herriz herri zebilen furgoneta baten. Aurrez esan zigun non aparkatuko zuen, eta giltza eman zigun geuk hartzeko biharamunean, Bergarara heltzean.

Ez zegoen samurra: kontrol itzelak jarri zituen guardia zibilak sarreretan. Franco hilik zegoen, eta alkateek deitutako ekitaldia zen, baina errejimena oso zurrun ari zen sokari jaregiten, eta guk presa genuen askatasuna irabazteko.

Alkateen mugimendua oso garrantzitsua izan zen. Artean ez zegoen alderdi legezkorik, eta haiek hartu zuten herri ekimenaren gidaritza, kolore askotako jendea ordezkatuz. Zer pentsa ematen du kontu honek, zenbateraino alderdiek banaketa ezartzen duten gizartean eta elkarlana trabatzen. Idatziko dut honetaz, patxada hartzen dudan egun baten, badut tesi bat haizatzeko.

Mugimendu hartaz, ahantzezina zait Garaia aldizkariak argitaratu zuen biñeta. Alkateak Madrilen izan ziren gobernuarekin negoziatzen, eta bidaian maletak galdu zituzten. Marrazkietan, aztoratuta agertzen ziren alkateak, beraien artean bertsotan. Bi gogoratzen ditut: Aretxabaleta, Aretxabaleta, non duk hire maleta? Eta bestea: Eskoriatza, Eskoriatza, guri gertatu zaiguk latza!. Egilea zen Letamendia izeneko abade ohi bat, baina ez daukat datu handirik.

Nire alderdiak, ESBk, pisu dezente zuen alkateen mugimenduan, eta indar betez bultzatzen genuen haien lana. Ondo gogoratzen badut, gure pankartak ziren nagusi Bergarako plazan.

Alderdi sortu berria mitinak ematen hasi zen uda hartan, eta berehala egokitu zitzaidan nire lehena ematea Aretxabaletako kiroldegian. Baina hori, lagunak, beste historia bat da eta bere urteurrenean kontatuko dizuet, argazki eta guzti.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Urrezko neskak

Sasoi honetan, bisita ilustrea jasotzen dugu Esteñibarren: Golden bikotea, Paula eta Kontxa, Fatimaren ama eta nirea. Gurekin ematen dute aste bete, elkarrekin paseatuz Gazetan zehar, berriketa baten. Bakarrik bizi dira urte osoan, bata zein bestea, eta elkarren asetu bat hartzen dute egunotan.

Paulak (ezkerrean) baditu 89 urte eta entzuteko bi aparailu. Kontxak 87, eta oraintxe jarri du bigarren belarrikoa. Hitz egiteko ez dute aparailurik behar, ez batak eta ez besteak. Paseatzeko ere ezer gutxi, apenas Paulak makulutxo bat. Hori bai, oinez zenbat denbora ematen duten, beste horrenbeste gutxienez behar izaten dute ondoren etzanda egon, gorputza bere onera etorriko bazaie.

Paula eskoriatzarra da, Uritte baserrian jaioa. Hamalau urterekin irten zen etxetik neskame (berak kriera esaten du) eta, ibilian, aurkitu zuen Angiozarko Aguletan jaiotako Julian, soinujolea eta Zerrajeran ajustadore. Arrasaten jarri ziren bizitzen, eta han jarraitzen du Paulak, alargundu eta gero. Ibiltari amorratua da, markapasosak uzten dion neurrian eta kafiaspirinaz dopatzeko beldur barik.

Kontxa Ormaiztegin jaio zen, Telleri Zahar baserrian. Bere aita sasiletradue izan, eta Kontxari batxillerra hasteko aukera ere egokitu zitzaion. Gero gerrak irten zuen eta, aita ezkertiarra ere bazenez, anaiak frentera joan ziren, errepublikaren alde, eta gainontzeko familia herbestera. Kontxak hilabete dexente eman zituen Frantzian, eta ordudanik gordetzen du esaldi mordoxka frantsesez. Migel Mari karrogilearekin ezkondu zen eta, alargun, Ormaiztegin bizi da, Madrilen urte batzuk eman ondoren.

Fatimak eta biok 30 urte daramagu elkarrekin eta ohitu egin gara etxean gu bakarrik egoten; horregatik, batzuetan izaten ditugu lanak apupilekin akoplatzeko. Baina, sasi guztien gainetik, astebete honek gustura uzten gaitu. Une asko izaten dira bereziki politak; gainera, urrezko neskak oreatuta itzultzen ditugu, bakoitza bere etxera; eta, batez ere, oso ondo datorkigu gure zahartzaroa irudikatzeko. Hartuko genuke 90 urteetara inguratzea Paula eta Kontxaren antzera: aje eta maniekin, baina adoretsu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Non du muga Israelek?

Azken 60 urteko errepasoa eginda, zenbaitek pentsa lezake dena continuum bat dela: Israel beti berdin ari dela, etengabe palestinarrak erasotzen, autodefentsaren aitzakian. Baina nire ustez, orain arteko muga guztiak gainditu ditu Nazio Batuetako lau kasko urdin hilda.

Kontu ezaguna da Israelen jaramon eskasa nazioarteko legedia eta ebazpenekiko. Eskasa baino, jaramonik eza. Nahikoa du estatu juduak EEBBetako txandakako presidentearen babesa (defendatzeko eskubidea dute) inpunitate osoz nahi duena egiteko.

Inpunitate horri gehitzen bazaio Mosad zerbitzu sekretuen zitalkeria, mundu guztiak gorrotoz edo miresmenez aitortua, niri behintzat izua sortzen zait. Lege nazioartekoa apurtzea nahikoa ez, eta lege horren zaindariak hil baditzake; Mosadek aitzakia eta Bushek babesa jartzen badute; zer ez zaio posible Israeli?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Udako unibertsitatean

Astelehena da eta Iruñean nago. Udako Euskal Unibertsitateak ekarri nau nafar guztion hiriburura, aspaldiko partez. Duela ia 30 urte ere izan nintzen, osasunaren antolaketaz hitzaldia ematen, Larraona egoitzan. Hiru hamarkada geroago ikasle nator, euskararen erabilera sustatzeko mintegira, lan berriak bultzatuta.

Ez dirudi nireak progresio itzela, areago litzateke erregresioa. Gaztetu ere egin naiz ikasle bihurtuta, denboran atzera bainindoan. Orduan letxe, bihar goizean urduri samar jaikiko naiz, klasera joan behar eta. Ez, ez da gauza txarra helduaroan ikasteko prest egotea.

Zuekin etena datorkit aste honetan. Ea irailean, bueltan, ‘beste horiek’ lana ondo egin duten, eta gauzak aurrerago aurkitzen ditugun. Ondo pasa!

**Iruñetik bueltan**:

  • Jende gutxi bildu da aurten UEUn. Bi ikastaro bertan behera gelditu dira eta gehienak talde justuekin egin. Eta ikaslerik ez da egon, denok ginen euskararen profesionalak. Aztertu beharko du UEUk ea zein den bere tokia etorkizunean, zerk egingo duen berezi. Gaiak? Mailak?
  • Gure ikastaroa, soziolingüistika, erabat bete eta jendea sobran izan zuen. Gaira iritsi berri honi, hiru eguneko programak eman dio errepaso txukuna eta murgiltzeko aukera. Baina gauza berriak baino ugariago entzun ditut kontu zaharrak, batzutan zaharkituak.
  • Iparraldeko EEP iruditu zait oso interesgarria. Euskararen estatusarekin itsutu gabe, galera larriari aurre egiteko bidea aurkitu dute. Zorte on, Cristophe eta konpainia!
  • Gipuzkoako Aldundian egindakoaz Joxean Amundarainek emandako hitzaldia izan nuen gustukoen. Hor ere asmatu egin dute gauzak egiten, indarra eta abildadea tartekatuz, segun eta zer behar zen. Joxeanek berak oso ideia argiak ditu eta niretzat erreferente bihurtu da, euskararen berreskuratze gaietan.
  • Ohi baino gutxiago, baina hemen ere aurkitu dut tristurarako joera, ze txarto gauden, ze gutxi egiten duten erakundeek, ze txarto ari diren hau edo hura… Hala ere, aurkitu ditut zantzuak pentsatzeko ziklo berri bat has daitekeela euskararen biziberritzean, duela 25 urteko hasi zenak eman duela berea. Ideia moderno batzuk entzun ditut, beharko ditugu gainera estrategia modernoak. Uste dut hasi behar dela osatzen euskaltzaleon sarea eta funtzionatu lobby gisa, indarra metatu eta erabiliz ahal denean, eta sedukzioa landuz nahiko indar ez dagoenean. Asmatuko al dugu!
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Totxo zatarrak

Arrasate atontzen ari da bere itxuraren adierazle nagusi izango den espazioa: Biteri plaza. Zatika sortua da eta zatikiz osatua egon da urte luzez. Baina lurpeko aparkaleku handia egiteak lur gaineko espazio bakarra bistaratu du. Eta harritu egin gaitu haren tamaina itzelak, herri erdian.

Aurkikuntzak ez du, ordea, asko iraun. Handitasunera ohitzen ari ginenean, hasi dira sortzen han-hemenka berealdiko totxoak, parkingeko sarbideak direla, edo kioskoa, edo amaitzen ari diren pergola. Oso antzinako estiloa aukeratu dute: hormigoi sendoa, sekzio itzeleko burdina, minio eta purpurinaz margotua… Urrun daude Bilboko metroaren sarbide dotoreak, beira eta altzairu herdoilezina.

Hain zuzen, zergatik Bilbon dotore eta Arrasaten totxo?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Eta mitoa haragi bihurtu zen…

Garai bateko Mundo joven edota Salut les copains bilakatzeko arriskua somatzen hasia nago, horrenbeste musika Piperrautsan. Baina zer nahi duzue, uda da eta kortxeak dabiltza non nahi.

Kontua da atzo Zurriolan nintzela, Kursaaleko gradetan, sarrera ordainduta. Eta inguruan dezepzioa somatu nuela. Dylan mitoa da eta horrek erakartzen du jendea, bere musikak edo sinpatiak baino areago. Baina mitoa haragi bihurtzen denean, zugandik metro batzutara jartzen denean, orduan musika bakarrik gelditzen da, eta sinpatiarik eza. Hortxe iristen da dezepzioa.

Dylanek kantu handiak egin ditu, eta testu enblematikoak. Baina egiten duen guztia -eta urte asko darama etengabe- ez da ez handia eta ez enblematikoa. Banda indartsua ekarri zuen, noski, maila onekoa, baina emaitza ez zen apartekoa izan. Kantu mitikoak desitxuratuta eman zituen, ezagutzen zailak, eta bestelako rock-bluesak txukunak ziren, onak nahi bada, baina ez mitikoak. Zenbat ale saltzen du Dylanek, disko berri bakoitzetik?

Estimatzen zaio kemena eta haserre puntua. Baina aurpegiratzen zaio zakarkeria: talde barruan ezkutatuta, pantailetarako irudiak oso urrinekoak (zimurrak ezkutatu nahi, Bob?), inongo keinurik ez milaka entzuleei, hitz bakarrak taldea aurkezteko… Ez zegoen bakearen aldeko kontzertu baten, baizik bere tour partikularraren enegarren geltokian. Txarto ez, baina dezepzioa.

Bi kontu bukatzeko. Bat: sekulako jendetza zegoen Zurriolan. Eta bi, Mikel Laboa ez dago trotetarako, agian azken aldiz ikusi genuen atzo oholtza baten gainean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

AINTZINA jaio da

Ez da maiz gertatzen musika talde baten jaiotza bizi izatea. Niri larunbatean gertatu zitzaidan, Musikaire jaialdietan, Gazetako ermitaurrean, Aintzina taldearekin.


Alan Griffin (haizezkoak), Zigor Sagarna (ahotsa, baxua, panderoa), Arkaitz Miner (bibolina, mandolina) eta Pepe Otxandorena (bouzoukia).

Duela hiru bat hilabete deitu nion Alani, eta proposatu Musikairerako kontzertu bat, Arkaitz eta Peperekin jotzen zuten musika irlandarra jo zezaten Elorrion. Orduan aipatu zidan errepertorio berria prestatzen hasiak zirela, berak jasota zeuzkan 111 euskal erromantzetako batzuekin, Juan Mari Beltranenean saio labur bat egiteko. Pozik hartu nuen albistea, Elorriora estreinaldi bat ekartzeko aukeraren aurrean, eta berehala animatu nuen. Bigarren kontzertu honek eskatzen zien bi gauza: saio luzeagoa prestatzea, eta izena hartzea. Eta Aintzina aukeratu zuten.

Joan zen larunbatean eman zuten kontzertua Gazetan, orduan gertatu zen erditzea. Eta haurra ederra da oso, taldea bikaina da.

Alan eta Arkaitz bikote beldurgarria dira melodiak jotzen, arin edo mantso, parean edo elkar osatzen. Peperen bouzoukiak akorde modernoak eransten ditu eta Zigorren baxuak -tarteka- indarra. Honen ahotsa -norbaitek aipatu zituen Ruper eta Natxo ahots bakarrean- eta kantaera oso egokiak dira. Eta errepertorioa, erabat gustagarri. Euskal kantu zaharrak, instrumental berriak (batek Estenibar du izena), eta irlandar tarteak oso ondo josten dira, eta bi orduko kontzertua labur egin zitzaien entzuleei.

Kontzertu bikaina, inondik ere. Egin dezala ibilbide luzea Aintzina taldeak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

40 urtez ikasten

Musikairen izan genuen Benito Lertxundi, domeka gauean. Elorrioko parking handiari zati bat kendu eta 1.000 lagunentzako tokia zegoen prest. Baina ez zen nahikoa izan, jendea ezin kabitu eta hesia ireki behar izan zen. Ez dut horrelako arrakastarik ezagutu aurreko zortzi edizioetan.

Meritu itzela ematen diot Orioko kantariari. Hasi zenetik, duela 40 bat urte, ez dio utzi kontzertuak sarri emateari, ezta garai txarretan ere. Eta, bide luzean, etengabe landu ditu kantagintza eta kantaera, musika jantzi, laguntzaile taldea finkatu, ikuskizuna dotoretu. Gustuak gustu, profesional bikain eta arrakastatsua bihurtu da Lertxundi jauna. Lanaren puruz.

Bakoitza gurean bagina Benito musikan bezain onak, herri indartsuagoa ginateke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Rosaren kioskoa

(Ezlekuan idatzi nuen zutabea eta han gelditu zitzaidan, gaur berreskuratu dudan arte. Joan den ostiralekoa da)

Mariano Ferrerek Rosi zuen bezala, nik badut lagun bat Rosa izenekoa, prentsa saltzailea. Nire Rosaren kioskoa ez dago Donostiako Abenidan baizik Arrasateko Garibai kalean. Urte luzez egon zen Biteri plazan, hango aparkalekuaren lanak hasi ziren arte.

Gaur, Rosaren alde egin nahi dut. Eta ez laguna delako, baizik justizia eske. Rosaren kioskoa desagertzeko zorian dago. Udalak eraikin berria egin du plazan, eta haren zati bat jarri nahi du errentan kiosko gisa, esleipena lortu eta egokitzeko inbertsioa egiten duenaren esku. Rosari inongo eskubide historikorik aitortu gabe.

Udalak ezin du enpresa bat itxi eta hiru lanpostu enkantean jarri. Legezko prozedurak ezin dira bihurtu mehatxu herritarrentzat. Non sinatu behar da, Rosa?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Rikardo Arregi sarian

Iaz idatzi nuen Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaz (RAKS). Aurten laugarrenez epaimahaikide izan naiz eta gaur banatu ditugu 2006ko sariak, Andoaingo Bastero kulturgune bikainean.

Aurtengo palmaresa ondokoa izan da:

  • Kazetari Gaztea Saria (3.000 €): Ekaitz Agirre (Berria)
  • Epaimahaiaren Sari berezia (4.000 €): Elhuyar
  • Sari Nagusia (9.000 €): Imanol Murua Uria (Berria)
  • Ohorezko aipamena: Pello Zabala

Xehetasunak nahi bazenitu, hemen duzu azken erabakia osorik. Nik ekitaldia azpimarratu nahi dut, asko gustatu baitzait. Sarien banaketako ohiko protokoloarekin tartekatu da Gu gara euskal prentsa DVDaren aurkezpena eta emaitza bikaina izan da. DVD hau asteburuan banatu da Argia eta Berriarekin, eta UEUren bazkideek ere jasoko dute, 12.000 ale egin baitira.

Produktuak oso material ona bildu du, eta egileek -unibertsitate ikasleak- zoriontzea besterik ez dute merezi, lan bikaina egin baitute. Euskarazko kazetaritzaren historiako aldi zail bezain oparoa islatuta gelditu da hor.

Aipagarri da bai Andoaingo Kultura zinegotziak eta bai Jaurlaritzako Kultura Sailburuak Sari Nazionaltzat jo dutela RAKS. Ados. Orain bakarrik falta da izenari izana ematea, eta RAKS sendotzea, urtean behingo lore exotiko barik, urte osoko jardun oparo bihur dadin. Ea zelopatiak ez diren oztopo izaten.

Ekitaldira hurbildu dira 150 lagun inguru, hedabideetakoak eta herritarrak. Eta deigarri da hedabide handi samarretako ordezkariak bakarrik hurbiltzen direla RAKSera, baldin eta beraien langileren bat saritua izan bada. **Por el interés te quiero Andrés zioen nire amonak. Nago RAKS**ek hori baino gehiago merezi duela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina