Irismena, onarpena, eragina

argiaArgia, 2015.03.01

Euskal hedabide asko –tokiko gehienak- euskararen aldeko mugimenduaren bultzadaz sortuak dira eta hizkuntzaren normalizazioan eragitea dute lehentasun. Ondorioz, ahalik eta unibertsalen bihurtzea da haien helburua: zenbat eta herritar gehiagorengana iritsi, orduan eta euskarari mesede handiagoa.

alcance-del-sistema

Arrasate Pressek jarri zuen eredua. “Betiko euskaltzale militantea baino gehiengo euskalduna gogoan” abiatu zen aldizkaria, eta bi urteren buruan 7.000 aletik gora banatzen zituen -doaneko harpidetzan- 25.000 biztanleko herrian. Hau da, ia etxe guztietan sartzen zen euskaraz, euskaldunak oraindik erdia inguru zirenean. Eta arrakasta ez zen Arrasatera mugatu: 90eko hamarkadan 50etik gora toki aldizkari sortu ziren, guztiak euskaraz.

Horien irismena neurtu zuen Aztiker-ek 2007an -Euskaltzaleen Topagunearen enkarguz- hamaika toki aldizkariren esparruan, populazio osoaren lagin ausazko eta handi bati galdetuta. Bertan, ‘sarbide edo irismenaz’ galdetuta, bataz beste % 50 ingurukoa zen populazio osoarekiko eta % 70 ingurukoa elebidunekiko.

Irismen horren kalitateaz -hedabideok lortzen duten onarpenaz- bi datu: hartzaileen batez besteko nota zen 7,5tik gorakoa kasu guztietan; eta % 85ak uste zuen ildo editorial plurala dutela.

Enpresa berak 2012an Goienaren gainean galdetuta, ia herritar guztiek (% 96,8) eskualdearentzat beharrezkoa edo oso beharrezkoa kontsideratzen dute, baita euskara ulertzen ez dutenek ere.

Irismenak eta onarpenak ba ote dute eraginik euskararen normalizazioaren ikuspegitik? Topagunearen azterketan galdetutako etxeen % 84an toki komunikabidea zen etxe horretan sartzen zen euskal* argitalpen bakarra.

Areago, MUren doktore tesi batek 2013an Gipuzkoako nerabeei galdetu zien ea ikus-entzunezkoak zein hizkuntzatan kontsumitzen dituzten: %14,2a izan zen euskararen batez besteko partea. Baina Debagoienean 39,4a zen, Goierrin %31a, Urola-Kostan %26a, eta Debabarrenean %21,4a. Hau da: toki komunikabideen garapenak zuzenean handitzen du gazteengan ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzeko joera.

Beraz, nire ustez zuzena da erakundeen Euskara sailek aldagai hauei lehentasuna ematea, euskal hedabideen artean diru-laguntzak banatzerakoan. Ebaluazio sistema egoki eta adostu bat behar da orain. Hortik aurrera, sektoreko enpresek dituzten egiturazko premiei edo bilakaerari laguntzea beste sail batzuei dagokie, Ekonomiari edo Berrikuntzari. Ordua da urrats hori egiteko.

* Argiara bidalitako testuan euskal hitza falta zen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Etxerat Lehendakaritzan

Harrigarri egin zitzaidan atzo lehen aldia izatea Lehendakaria presoen senideekin biltzen zena. Eta horrela adierazi nuen Radio Euskadiko Boulevard saioko tertulian (grabazioa ez dago EITB nahieran) Aldiz, tertuliakide batek salatu egin zuen bilera, elkartearen zilegitasuna bera zalantzan jarriz, eta hor sartu ginen tiki-takan, ni giza eskubideez ari ginela eta bera terrorismoa/biktimak gora eta behera.

A2-67247239.jpg

Bilera egin izana, bere iraupena eta ondoren Etxeratek esan zituenak urrats garrantzitsua dira norabide onean. Gainera urrats hau kokatu behar da Jonan Fernandez Jaurlaritzatik bultzatzen ari den beste hainbat ekimenekin batera, bakegintzan eragiteko plangintza orokor baten baitan.

Ekimen guztiak ez dira maila berekoak eta ez dute guztiek onarpen iguala jaso. Baina uste dut guztiak batera ari direla gizartearen pertzepzioan eragiten, eta baita eragileen jarreretan. Etxeratek lankidetza aipatu zuen atzo, eta presoen taldeak interesa azaldu zuen haiei zegokien proposamen bat ondo aztertzeko. Aldi berean min guztien inbentarioa osatzen ari da han-hemenka, eta horrekin ia oharkabean min guztiak aitortzeko bidea ari gara egiten herritarrok. Biktimen artean ere gero eta ugariago eta nabariago dira zubiak, eta elkarbizitzaren diskurtso partekatua.

Egia da ezker abertzaleak zakar samar hartu duela ekimen hauetakoren bat, eta ulertzekoa ere bada orain arteko dinamika –ekimena nik, besteok atxikimendua- aldatzera datorren neurrian.

Baina zinez uste dut hobeto burutuko direla presoen giza eskubideen defentsa eta bakearen eraikuntza osoa erakunde eta eragile guztien arteko lankidetzan eta herritar guztion inplikazioarekin egiten badira. Besteak beste, lortuko diren emaitzen artean egongo delako lankidetza bera eta herritarren aktibazioa, hau da, elkarbizitza hobeago baten oinarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

San Tejero

Beasaingo Tantai brikodendan nengoen gaur 34 urte, arratsaldez Tejero Madrilgo Gorteetan sartu zenean. Tantai aroztegian egiten nuen lan Lazkaon, baina egun batzuk lehenago lan istripu bat izan nuen eta, arotz zailduari dagokion moduan, atzamar baten punta oparitu nion zepilladora txikiari, eta zauria sendatu arte ezin nuen aroztegiko lanik egin, horregatik bidali ninduten dendara.

SECCIÓN 5-17.jpg

Eta, han nengoela, Ormaiztegiko ezagun bat sartu zen dendan eta esan zigun Madrilen zeozer gertatu zela Kongresuan eta irratia jartzeko. Orduan jakin genuen Tejero koronela historiara pasaraziko duten argazki eta esaldien berri. Argazkia mundiala da, oso zinematografikoa, gizon berdea kasko txarolezkoarekin, bigote ugaria alboetan eroria eta pistola eskuan, gorputzean mehatxuzko keinu nabarmena. Eta esaldiak ere ez dira makalak:  lehenbizi “¡Quieto todo el mundo!” eta gero “¡Se sienten, coño!”, gidoilaririk onenak ere asmatuko ez lituzkeen esaldi biribilak.

Jendea larritu egin zen, eta esaten da goi  -oso goi- kargu bat itsasoratu ere egin zela iluntze hartan, estatu kolpeak aurrera eginez gero ez zezaten harrapa. Nik ere errepasatu nituen nire bekatuak: ESBko militantzia eta HBren sorreran parte hartu izana ez ziren oso grabeak, ze ez nintzen oso agerian ibili; baina HBren hautagai izana bazen bekatu nabarmena eta publikoa, nahiz Batzar Nagusietarako izan zen hautagaitza eta inork ez zekin zer ote ziren delako Batzar Nagusi horiek.

Eta orduan agertu zen Pujol, orduko sasoian gure Jordi guztiz honorablea -gaur ustez gaizkile dinastia baten burua eta Kataluniaren kontra Espainiak nahi lukeen suntsipen handiko arma- eta kazetariei esan zien artean honorable zenak nola errege Borboiari deitu berri zion eta hark –beti kanpetxano- lasaitzeko gomendatu zion esanaz: “Tranquilo, Jordi, tranquilo”. Beno, Pujolek zehazki “tranquilu” esan zuen, katalandutako espainolez, baina aldaera hori berea zen, ez Borboiarena.

Kontua da orduak aurrera lasaituz joan ginela poliki poliki gu Ormaiztegin, baina ez gure anaia Ale, hura Cartagenan zegoen soldadu eta han Milans del Bosch izeneko buruzagi militarrak tankeak kalera atera zituen eta anaia larri ibili zen zirimola horretan gauerdia pasatu arte.

Geroztik adituek esan dute Tejerok porrot egin zuela baina ez indar faktikoek, harrezkero Espainian tentu handiz ibili direla politikariak, nahiz hurrengo gobernua sozialistena izan zen. Nik ez dakit, baina hainbeste urte pasa ondoren opereta txungo baten antza ematen diot 23-F delakoari. Eta Espainiari berari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Villalabeitiaren soldata eta pH kontu txiki bat

Kritika hau egin didate joan den astean REn Boulevard saioan esan nuenagatik Kutxabank-eko Villalabeitia presidente berriaren soldataren harira (esandakoa entzungai hemen  48:00 minututik aurrera)

Nire argumentazioaren funtsa hau da: profesional batek merkatuan jasotzen duen ordaina kontuan hartu beharreko erreferentzia da profesional hori kontratatu nahi denean, berdin kargu politiko baterako bada edo beste enpresa batean jarduteko.

Eta arrazoi nagusia, hauxe: profesional batek bere lanpostua uzten badu beste batera joateko eta berrian gehiago kobratzen badu, ez du lehengora itzuli nahiko; aldiz, berrian soldata txikiagoa eskaintzen badiote, ez du mugitu nahiko.

Arrazoi hau hautagai politikoei aplikatzen zaienean, ondorioa argia da: hautetsiaren soldata baino gutxiago irabazten dutenak desiratzen egongo dira politikan aritzeko eta saiatuko dira politikan irauten; aldiz, hautetsiaren soldata baino gehiago irabazten dutenak, ez dute politikan jardun nahi izango.

Nire konbentzimendu hau oso zaharra da. Franco hil eta lehen udal hauteskundeetan Madrilgo herri bateko alkate aukeratu zuten emakume liburuzain bat. Eta hasieratik egin zion uko soldata handiagoari: “Lau urtez ohitzen banaiz gehiago kobratzen, gero nola itzuliko naiz lehengora? Ez, ez, liburuzainaren soldata kobratuko dut alkatetzan ere”.

Oraingoan, hedabideen izenburu sinplistetatik harago, Villalabeitiak ez zuen ‘bere soldata  bere kabuz’ igoko (“se sube el sueldo” idatzi da) Kutxabank-en sartu denean. Imajinatzen dut kargua proposatu ziotenei jakinaraziko ziela zenbat irabazten zuen eta hauek ontzat eman zutela bere lana erostea prezio horretan. Esan ziezaioketen soldataren topea zela aurreko presidentearena, baina orduan seguruenik ezingo zuten Villalabeitia fitxatu.

Hori esanda, nik bezala beste askok uste badu ez dela onargarria –are gutxiago bizi dugun egoera gorrian- goi kargu publiko zein pribatuek oinarrizko soldata halako 50 edo 100 kobratzea, bultza ditzagun merkatua eta erakundeak arautzeko neurriak, eta hauek ezarriko dituzten ordezkari politikoak. Bultza ditzagun argi, izenburuetan eta argumentuetan tranpatan ibili gabe.

Aipatutako kritikaren hasierako partea ez dut dagoenetan ulertzen, eta ez dut suposiziotan hasi nahi. Bistakoa bada ere, badaezpada esplizitatu egingo dut nire iritziak nireak direla eta ez dudala inor ordezkatzen. Hortik aurrera, planto: nire osasun mentalari ez diote onik egiten pH azidoegia duten inguruneak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

61 urte

Irizar

Argazkian, 3/4 urteko mutiko nintzela, Irizar enpresaren ekitaldi batean. Zutik aurreratuta, aita Migel Mari.

Gaur (otsailak 10, 2015) betetzen ditut hirurogeita bat urte. Eta apirilean beteko dira lau Kutxarentzat lan egiteari utzi niola. Lau urte ederrak izan dira, beteak. Besteak beste Fatimak ere ikastolako bere lana bateratsu utzi eta urteok elkarrekin bizi ahal izan ditugulako.

Azken lau urteak beteak izan dira, bai. Eta baita aurretik Kutxako azken bostak ere. Erdiak eman nituen hizkuntza kudeaketaren eta barne komunikazioaren arduradun. Eta beste erdiak gizarte ekintzaren gidaritzan. Bizitzan lehen aldiz aukera izan nuen probatzeko zer den jardutea botere gorenaren ingurutik eta baliabide ugarirekin. Eta esperientziak frogatu dit emaitza bikainak eta azkarrak lor daitezkeela baldintza horietan; baita ere bestelako estrategiak garatu behar direla boteretik urrun eta baliabidez urri egonez gero.

Aske naizenetik, bi urte eman ditut arduratan, Euskaltzaleen Topagunean eta TOKIKOMen. Hauek ere urte ederrak izan dira, Kutxako moketa dotoreak baino lehenagotik ezagutzen nuen euskalgintzaren baitan. Esan behar dut euskalgintza organikoa aurkitu dudala trantsizio betean, alde batetik jabetuta aro zaharraren amaieraz, eta bestetik nahastuta aro berrian egin beharrekoez. Kriseiluak pizten ari dira han eta hemen, baina oraindik ez dago argi nahikorik etorkizunaz.

Aje zaharrek hor diraute, bai autokonplazentzia merkeak eta baita ameskeria zakarrak ere. Baina esango nuke tarteko jarrera ari dela indartzen, aro politiko berriak ahalbidetuta. Tarteko euskalgintza hori da ideologikoki askotarikoa, irekia; eta metodologian ere bai, hau da, hizkuntzaren aldeko lanean tresna guztiak erabiltzeko gai. Euskalgintza jantzia ari da sortzen zientziaren adar ezberdinen ezagutzatik; euskalgintza arrazionalagoa, gure belaunaldi pasionalaren aldean. Euskaltzale gazteak ikusten ditut –oro har- gu bezain konprometituak eta gu baino azkarragoak.

TOKIKOMen daukat itxaropen handia. Duela hamabost urte toki komunikabideek Debagoienean hasitako bilakaera bateratzailea orokortzen ari da eta, okerrik ezean, bizpahiru urteren buruan behetik gora sortutako sare komunitario indartsu batek har lezake Euskal Herri osoa, norabide orotariko komunikazioa euskaraz jorratuz. Uste dut sekulako palanka izan daitekeela gure herri garapenean.

Eta jarraitzen dut lankidetzan hedabideekin, eskatzen didaten guztiekin: Goiena, ETB1, Radio Euskadi, Euskalerria irratia, Argia… Eta tarteka elikatzen ditut blog hau, eta nire Twitter kontua, eta…

Eta jarraitzen dut herrigintzan Elorrioko Gure Esku Dago taldean. Beti egiten zait erakargarri zubigintza eta gizarte kohesioa bilatzen dituen lana.

Eta ezin ahaztu Esteñibar, nire egunerokoaren ardatza; eta bereziki mahastia, denbora gehien hartzen didan egiteko ederra.

61 urte eta bizipoza. Ez da balantze makala!

Kategoriak Sailkatugabeak | 7 iruzkin

Topaldian gozatu

indizeaAtzo egun osoa eman nuen Durangoko Landakon, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Topaldian. Goizeko 9:00etan hasi eta ilunabarreko 18:00ak arte, egitarau trinkoa. Eta hala ere gozatu egin nuen antolakuntza onarekin eta edukien kalitatearekin.

Captura de pantalla 2015-01-19 a las 09.45.37

Bereziki txunditu ninduen Lorea Agirreren ekarpenak ‘Hizkuntza, kultura, elikadura, sormena’ izenpean. Ausardia, berritasuna eta sendotasun handia ikusi nizkion Loreari eta sentitu nuen bere ikuspegiaren baitan aterki kontzeptual eta estrategikoa zutela nire intuizio xumeek.

Oso iradokitzailea egin zitzaidan Igor Elortzaren jarduna, hitzen jolasetik harago sentimenduen soro bihurrietan barna egin zuen bidaia. Eta distiratsua Miren Artetxek egunari eman zioan amaiera, komunikatzaile bikainen moldean.

Horrez gain, aipatzekoak dira hizlarien bataz besteko maila ona, bildutakoen kopuru handia, bazkari goxoa Plateruenan eta bazkalondoko kantu ederrak.

Gutxiago falta da hurrengo Topaldirako.

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin

Toki komunikabideen olatua

Gaur aurkeztuko da Algortan Hiruka komunikazio egitasmo berria, euskaraz eta Uribe Kostarako. Aipagarria izateko baditu gutxienez bi arrazoi: alde batetik, lehendik zeuden hiru hedabide edo egitasmo bateratzetik sortu da -UK, UKberri.net eta Justuri irratia- eta bateratzeak berez dira albiste on gurean; bestetik, Uribe Kosta da euskal hiztun kopururik handiena duen eskualdea -100.000 inguru-, Bilbok berak baino gehiago.

Albistea bere horretan pozgarria bada, are pozgarriagoa da ildo bereko hainbat albisterekin bateratsu datorrela. Atzo bertan aurkeztu zen Zumaian Baleike berria, joan den astean irten zen Arabako ALEA –hau ere bateratze baten ondorio: Arabako Hitza, Goiena eta Geu elkartea- eta baita Goienaren Puntua ere. Eta Xaloa telebista, diru-batze arrakastatsua egin ondoren, errepikagailuak jartzen ari da laster batean Iruñerrian marrazki biziak –besteak beste- eskaini ahal izateko. Eta nafar mendialdean ere beste bateratze bat ari da gertatzen –Ttipi-ttapa, Xorroxin, Xaloa eta Irati irratia- laster Erran.eus digitala egiteko. Eta ondoren datoz Azkoitiko Maxixatzen, eta Iruñerriko Euskalerria irratia, eta…

Eta aurrez abiatuak ziren Tolosaldeko Ataria –beste bateratze bat- eta Sakanako Guaixe, eta Bilboaldeko Uriola –bateratzea hau ere- eta Debagoieneko Goiena, eta Durangaldeko Anboto, eta Orioko Karkara, eta Urumeako Kronika.

Azken honek ezik, bai iazko eta bai aurtengo agerkari digital guztiek partekatzen dute plataforma teknologiko bera, azken belaunaldikoa. Bere ezaugarri nagusia da bereziki prestatuta egotea komunitateak parte har dezan, kazetaritza hiritarraren ildotik. Herritarrak gero eta gutxiago nahi du bakarrik irakurri, ikusi edo entzun; eta gero eta gehiago nahi du idatzi, erakutsi eta esan. Agerkari berriok aukera hori ematen diete banakoei eta elkarteei euskaraz egiteko baldintzarekin, komunitatearen eta euskararen mesedetan. Gainera, esan beharrik ez dago teknologia beraren gainean jardunda erraza dela edukiak partekatzea edo zerbitzuak saretzea, euskararen lurralde osoa hartzeraino.

Horrela osatuko litzateke euskal hedabideen etxearen beheko solairua, goiko solairukoekin lankidetzan aritzeko.

tokikom-gogoetaren-aurkezpen-orokorra-1-638

Egitasmo berri guztiak dira herri ekimenekoak, gizartetik sortuak auto-eraketaren bidez, eta horrek balio erantsia ematen die. Niretzat zinez pozgarria da ikustea nola, zailtasun ekonomikoen eta medioen krisiaren erdian, gizarteak baduen burua altxatzeko kemena, toki komunikabideekin tokiko komunitateak indartzeko. Euskaratik eta euskaraz.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Euskal euroeskualdea?

euroeskualdeaEuskal Herria gero eta urrunago ikusten dugu bere lurraldetasun osoa hartuko lukeen egitura juridiko aitortu bat izatetik. Hiru errealitate administratibo ditugu eta dagoeneko onartzen hasiak gara horietako bakoitzak bere bidea eta bere erritmoa izango duela aurrera bidean. Gehienez ere amesten dugu bide horiek noizbait elkartuko direla, etorkizuneko punturen batean.

Aurrekoa ukatu gabe, ordea, aukera apal bat egon daiteke uste duguna baino eskurago: garai bateko ‘zazpiak bat’ hartuko lituzkeen euskal euroeskualdea. Nola baina?

Bi korapilo askatu behar dira euroeskualdea posible izan dadin. Lehena da Iparraldearen egiturarik eza, eta hau konpontzeko tresna litzateke frantses gobernuak eskainitako udalen elkargoa. Eskumenez ahul jaioko litzateke, baina nahikoa nortasun juridiko izango omen luke euroeskualdearen zati bihurtzeko. Eta hasieran iritzi kontrajarriak piztu bazituen ere, uste dut azkenaldian eskaintza onartzearen aldeko jarrerak direla nagusi.

Bigarren korapiloa Nafarroan dago, eta hau ere posible da askatzea. Horretarako ezinbesteko baldintza da maiatzeko hauteskundeetan gobernu aldaketa gauzatzea eta, seguru ez bada ere, aspaldiko abagunerik onena legoke horretarako.

Hiru esparruetan posible balitz, uste dut euroeskualdea moduko formula batek duela aukera gehien epe motz-ertainean adostasun zabala biltzeko. Europak bereziki bultzatzen ditu euroeskualde mugaz gaindikoak, eta nagusiki eduki ekonomiko eta sozialak izango lituzke. Beraz, interesgarria izan zitekeen euskal abertzale ez direnentzat ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Podemos-en nazionalismoa

Bertute ugari ikusten dizkiot Podemos indar politiko berriari. Esaterako, ni espainola banintz ia bere horretan sinatuko nuke Gemma Ubasart ordezkariaren honako artikulua.

podemosBaina Podemos mugimenduak badu euskaldunontzat jaiotzazko bekatua: Espainian jaio da eta Espainiarako. Orain Madrildik estatura hedatzen ari da, eta ikusteko dago ea lurralde ezberdinetan errotzen den heinean zein jite hartuko duen gai korapilotsuetan. Baina oraingoz oso nazionalista ageri da, demokrata bezain nazionalista.

Hautsak harrotu ditu asteburuan Pablo Iglesiasek hizkuntza bigarren mailan jarriz osasun zerbitzuetan. Ezer berririk ez, ordea. Niri are deigarriago egin zitzaidan atzo gauean Sextan Iñigo Errejon behin eta berriro entzutea irtenbiderako gakoa dela greziarrek bere soberania berreskuratzea. Gutxi gora behera Rajoyk gobernua hartu berritan Europari egin zizkion plantak, Merkelek makurtzen erakutsi zion arte.

Dudarik gabe troikaren interbentzioak biderkatu egin du arazoa, baina Greziako zuloa egin –edo onartu- zuen bere gobernu soberanoak. Eta Greziak Europarekin dauka arazoa baina bertan dauka konponbidea ere. Horregatik, lekuz kanpo ikusten dut Errejonek nazionalismora jotze hori, behin behintzat esan zuen ‘patriotismoa’ behar dutela greziarrek.

Sinplifikazio nazionalista hori sumatzen da era berean Podemosen planteamenduan erabakitzeko eskubideari buruz. Ados agertu dira nazioen erabakitzeko eskubidearekin, baina hori gauzatzeko aldez aurretik Espainia osoak burutu behar du prozesu konstituziogile bat eta ondoren ba…

Egia da goian aipatu dudan artikuluan Gemma Ubasartek ez duela ‘prozesu nazional’ hau aipatzen eta egia da, halaber, Gemma dela hain justu nazio-aniztasunaren arduradun nagusia erakundearen zuzendaritzan. Bilakaera hasi da? Oraingoz, behintzat, Podemosek aitortzen dituen nazioen artean bat dute lehen mailakoa, Espainia.

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin

Irmotasuna

Boladan ugaritu egin dira gurean diskurtso irmoaren zaleak. Zapalkuntza aipatzen dute eta boterea. Eta salatzen dute irmo ez direnek –ez garenok- zapalkuntza horren aurrean erakusten duten –dugun- mendekotasuna, adorerik eza botere borrokari erantzuteko.

Eta erreskadan datoz sedukzioari mespretxua, progresibotasunaren tranpa salatzea, erakargarri izan beharraren nekea… Eta diskurtso irmo batzuk iritsi dira kolokan jartzera erabakitze eskubidearen aldarria edo elkarbizitza bera, etsaiarekin partekatu nahi direlako edo. Talibanen apologiaren bat ere ikusi da berriki.

Hori bai, salaketa hauen guztien ondoren ez dator atal propositiboa, ez zaigu azaltzen nola lor lezakeen minoria batek –indarrez minorizatua, baina minoria- konponbidea litzatekeen egoerara iristea ez bada gehiengo bihurtuta, kopuruz edo eraginez.

Kalkulu bat egin da sarri herri honetan: abertzaleak gehiengo izanik, aski litzateke abertzaleen batasuna herria askatzeko. Baina ikuspegi honek bi arazo ditu: bat, gehiengo hori soilik EAEen gertatzen da; eta bi, abertzaleen batasuna ez da lorgarriago etsaiarekin elkarbizitza partekatzea baino.

Tribuaz idatzi izan dut sarri. Eta nire tribua euskaldunona da, ez abertzaleena. Gaur egun txikiagoa da lehena bigarrena baino. Nahi nuke alderantziz izatea, Katalunian bezala. Alegia, euskaldun asko egotea baita abertzale ez direnen artean ere.

Baina heren baten bueltan gabiltza euskaldunak Euskal Herrian. Ez gara gutxi baina bai minoria. Eta minoriak ezin dio gehiengoari botere soilarekin irabazi. Estrategia bat baino gehiago behar da eta lanabes ezberdinak –irmotasuna bai, sedukzioa ere bai- minoria baten ikuspegia gizartean nagusitzeko.

Egia da badirela gurean jarrera epelegiak euskararen gainean, besteen onarpenari arreta gehiegi jartzen diotenak. Horiek bezain kaltegarriak izan daitezke jarrera irmoegiak, besteen onarpena ahazten badute.

Kategoriak Sailkatugabeak | 7 iruzkin