Ttakun ttakun

Zine zalea naizen arren, ez diot segizio
apartekorik egiten Donostiako Zinemaldiari. Aurten, ordea, Garazi ilobak parte
hartzen zuela film batean eta ikustera joan ginen senitartean. Nomadak Tx du izena eta erabat
hunkigarri egin zitzaidan.

Oreka Tx taldeko txalapartariek bost bidaia
egin dituzte munduko ertzetara; tartean Sahara, eta han izan zuten Garazi
gidari. Txalapartaren ttakuna eraman dute eta hango soinuak ekarri, musika
primitiboetan zubi nabarmenak aurkituz. Horren kontaketa, filmean, polita da.

Baina hunkitu ninduena izan zen amaierako
apoteosia. Artze/Laboaren kantu esanguratsua oinarri, ikus daiteke herrien
arteko elkartasunaz inoiz egin den irudikatze argiena, nire akorduan. Sekulakoa
da, ez gelditu ikusteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Hamaika ikusteko

Atzo onartu zuen Eusko Jaurlaritzak toki telebistak arautzen dituen legea. Eta duela aste batzuk aurkeztu zen Hamaika enpresa, toki telebistak euskaraz sortzeko.

Legearen entretelak ez ditut ezagutzen. Badakit, ordea, motz samar
gelditzen dela hizkuntza gaietan, ez baitu bermatzen eskualde
bakoitzean abia daitezkeen lau telebistetatik bat behintzat euskara
hutsezkoa izango denik. Aldiz, galarazi egiten ditu gaztelania
hutsezkoak.

Posible da, beraz, dauden euskarazko toki telebistak legeztatzea eta
berriak sortzea. Eta Hamaikak sortuko omen ditu. Nire aspaldiko ametsa
da euskal komunitatea trinkotuko duen hedabide sarea, herriz-herri
hedatua eta bertikalean hedabide nazionalekin bateratua. Eta, hala ere,
baditut nire kezkak.

Nola esan lezake Hamaikak ‘toki telebistak egiteko eskarmentua Bai.net produktorak jarriko duela’? Zergatik ez daude hor Goiena, Ttipi-ttapa edota Goierri telebista? Eta… non ezkutatu da ETB?

Ai, Traperok dirua eta aginpidea balu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Lander ETB2an

Historia  humanoa iragarri zuen Teleberriko aurkezleak. Eta
irudietan ikusi genuen Lander, hiru urteko mutikoa, ikastolan
sartzen  ikasturte hasieran. Ohikoa izan zitekeen, baina zerbaitek
bereizi egiten zuen historia: Lander itsua da. Eta, bizpahiru minutuz,
bere aitak, andereñoak eta irakasle bereziak azaldu zuten Lander
normaltasunera hurbiltzeko egiten ari ziren ahalegina. Humanoa, polita.

Akats bakarra: Lander Elorrioko ikastolan dabil eta bai bera, bere
aita, andereñoa eta irakasle berezia, guztiak dira euskaldun petoak.
Baina Euskal Telebistan gaztelaniaz hitzegin behar izan zuten guztiek, historia humanoa ikusle guztiei iritsiko bazitzaien.

Non gelditu da ETB2ren eginkizuna, erdaldunak euskarara hurbiltzeko?
Zergatik ezkutatzen du erdal kateak euskara badenik ere? Nolatan ez
erakutsi, historia humanoak tarteko, badela euskaraz normal bizi den jendea, eta batzuetan jarrera eredugarriak ere izan ditzakeela?

Zergatik egin lezake edozein telebistetan Maragallek katalanez, eta Landerren aitak egin behar du ETB2an gaztelaniaz?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gatzaga blues

Arrasate-Gasteiz busez egitea tokatu zait berriki.
Eskoriatzan Gatzagako bide zaharra hartu zuenean ikusmina piztu zitzaidan, ea
nola moldatzen zen ibilgailu tzarra bide estu eta bihurrian.

Eta oso txarto moldatu zen. Auto batekin gurutzatzen
zen bakoitzean, gelditu eta maniobra adostu behar. Erripan, neke handiarekin
eta ilarak sortuz. Eta bihurgunetan, aurrekoa jo edo bazterrak urratzeko
arriskuarekin. Total, Gatzagara iritsi ginenean, inor ez zegoela busaren zain.

Herri txiki eta auzoen aldekoa naiz, auzo
baten bizi naiz. Eta uste dut Gatzagak behar duela komunikazio duina, goiko eta
behekoekin. Baina horrela? Ez litzateke erosoago taxi zerbitzua adostea
Lurraldebusekin, busa hartzeko Gatzagainen edo Eskoriatzan?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mahatsa bakarrik triste

Larunbatean
bildu genuen aurtengo mahatsa. Betiko koadrila bildu, betiko moduan
jardun, ordutegi ohikoan… eta iaz 8,5 tona bildu genuen tartean
aurten 3 eskas besterik ez! Aurrez disgustoa hartuta geunden, eta
kontua zen galera zenbatean geratuko zitzaigun azken unean. Beno, ba
hipotesirik beltzena bete da, baina horrek ez gintuen tristatu. Giro
onean egin genuen lana, taldea egonkortuta dago eta ofizioa ikasita,
eta gozada bat da tartean ibiltzea.

SSA40088

Goiko aldea amaitu ezkero, hamaiketakoa zain zegoen!


Hamaiketakoarekin indartuta, beheko mahastia pispas batu genuen eta,
behin kamioia kargatuta, bazkaltzeko prantatu ginen. Berrogei lagun
kontatu nituen mahai bueltan, uste baino batzuk gehiago; eta, hala ere,
denentzat iritsi zen jana eta sobran izan genuen edana. Handik aurrera,
Irizar-Beristain adarrak jarri zuen juergasmoa, eta 
fandangoak tartekatuz dultzemeneoarekin, erromeria zoragarria egin genuen.

SSA40126

Goizez lana, arratsaldez jarana!


Gustora egon zen jendea. Hain gustora, azkenak gauerdia pasata joan
zirela. Larunbatean, mahatsa bakarrik egon zen triste Esteñibarren.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Erromako gizon zuria

Uso bat ba omen du lagun, buru gainean jartzen
zaiona gai garrantzitsuetan ez dezan akatsik egin. Usoa oporretan dagoenean,
ordea, gizon arrunta bihurtzen da, akasduna. Oraingoan bezala.

Egunotan, Erromako gizon zuriak asaldatu eta sutu
egin ditu Asia aldeko gizon bizardunak: haien
erlijioak berezkoa omen du biolentzia
. Bushen hitzak dirudite. Jakina da,
ordea, honek usoa baino zapelatza duela buru gaineko lagun.

Usoa buru gainean izan balu, gizon zuriak
gogoan izango zituzkeen gurutze sainduaren izenean bere erlijiokoek mendeetan
zehar isuritako odola, eta agintari odol zaleei emandako babesa. Eta, agian,
gizon bizardunak salatzen aritu baino, Erromak historian zehar eragin duen
biolentziaz barkamena eskatuko zukeen.

Post
scriptum

Gizon zuriduna
idatzi dut lehenbizi, zuriz jantzia adierazteko.
Baina gero aldatu egin dut. Izan ere, oraingo papa honek hain ditu zuriak ilea
eta larruazala, hain zuri begirada, gizon zuria
egiten zaidala: erdi mamu, erdi azti, kezkagarri. Egonezina sortzen dit,  ezinegona.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Iñigoren ahalegina

Euskaldun agoniko ugari ezagutu dut inguruan. Hil hala bizika ari dira
uneoro, egun bakoitzean irabazi behar izaten dute euskaldun gisa
esistitzeko eskubidea. Eta egun guztiak ez direnez domeka, asko
sufritzen dute euskaldun agonikoek, iraun nahi eta ezinean.

Badira bestelako euskaldunak ere, normalagoak, lasaiagoak. Hauek egun
bakoitza hartzen dute aukera, euskaldun gisa agertzeko. Badakite
euskaldun bizitzekotan, inguruko jende asko konkistatu beharko dutela,
gutxi asko euskarara hurbil daitezen, gutxienez besteei euskaldun
bizitzeko aukera emateko beste.

Agoniko barik dinamiko diren euskaldunak, euskararen saltzaile
bihurtzen dira, komeni zaielako. Arnasa lasaiago hartzen dute, euskara
tarteko, erosoago sentitzen dira hizkuntzarena adostu eta gero.
Euskaldun agonikoentzat jasanezina da euskara merkantzia izan
daitekeela entzutea ere. Dinamikoentzat, aldiz, hori da modu bakarra
euskaldun irauteko.

Euskaldun dinamikoen paradigma bihurtzen ari zait Iñigo Fernandez Ostolaza. Eta Argia aldizkariak artikulua
eskaini dion honetan, nabarmendu nahi dut Iñigoren ahalegina,
saltzailearen ikuspuntutik euskararen alde egiteko. Bere blogean
idatzi ditu dagoeneko ekarpen historikoak, eta bere publizitate agentziak egin ditu lan garrantzitsuak hizkuntzaren ikuspuntutik.

Ibilbide profesionalaren azken txanpan egokitu zait euskararen
profesional bihurtzea, eta argi daukat euskarak dagoeneko irabazi
dituela bihotz kolpez irabaz zitzakeenak. Hemendik aurrera, arrazoi
prosaikoagoek ekarriko dizkiote -ekartzekotan- hiztun berriak
euskarari. Interesak eragindako hiztunak, salmenta egokiari erantzungo
diotenak.

Merkantzia erakargarri behar du izan euskarak. Eta euskaltzaleok behar gaitu saltzaile.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Aizpeolea, Apostúa eta Tácito

Aspaldi samar, Imanol Muruaren blogean hau irakurtzean, lotura egin nuen Luis R. Aizpeolea eta transizio garaiko Espainiaren artean. Erantzunean, Imanolek galdetzen zidan Tácito taldeari buruz, baina oso berandu irakurri nuen galdera eta han gelditu zen kontua.

Handik egunetara, buruan flash moduko bat izan eta konturatu nintzen oker nenbilela. Luis R. Aizpeolea nahastu egin nuela Luis Apostúa kazetariarekin, hau baitzen transizio garaiko analista ezinbestekoa, Ya egunkarian idazten zuen laukitxoan. Egunkari berean agertzen zen bizpahiru egunetik behin beste zutabe bat Tácito sinadurapean -tartean Marcelino Oreja
eta beste hainbat demokristau-, frankismoaren erreformistek zeramaten
borrokaren adierazle. Bi atal horiek irakurtzea ezinbestekoa zen; alde
batetik, frankismoaren giro itxian arnasa hobeto hartzeko eta,
bestetik, orduko prozesuaren entretela batzuk ezagutzeko. Nola den ezinbesteko gaur Luis R. Aizpeolearen artikuluak irakurtzea, Moncloako iturriak aipatuz El País egunkariak maiz argitaratzen dizkionak.

Ez esatzen duena bere horretan sinesteko, baizik alde baten kezka, joko eta nahiak ezagutzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Autobusez hara eta hona

Probatzekotan naiz Debagoieneko autobus zerbitzu berria. Aurrez, esan dezaket sekulako aurrerapausoa dela, bai ibar barneko loturak areagotzeko, eta bai ibarra lotzeko inguru eta hiriburuekin. Ez gara orain hasiko ea zergatik ez den lehenago egin; iritsi da eta konforme.

Espero dut ganoraz zainduko dela ordutegia, kalitatez emango dela zerbitzua, eta prezioak egokiak izango direla edonorentzat. Pentsatzen dut oraingo zerbitzua moldatu egingo dela ibarreko tranbiarekin ezkontzeko, hau egin ahala. Berez, tranbia baita aukerarik azkarrena eta garbiena.

Eta nahi nuke autobusa erabil dagigun, autoa lagata, ahal den guztietan. Hori egitean, ez goaz-eta bueltan garai zaharretara baizik aurrera, etorkizun iraungarriagora.

Post scriptum

Domeka gauean idatzi nuen zutabea eta, harrezkero, hiru egunez egin dut Donostiako joan-etorria autobusez. Primerako zerbitzua da, erosoa eta azkarra. Nire arazoa da Elorrio-Arrasate zatia; bestela, Arrasaten edo Bergaran biziko banintz ez nuke zalantzarik izango: Donostiako buelta, beti busez. Hala ere, oraingoz jende gutxi dabil. Animatu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Not in my vinyeard

Duela gutxi, txakolingile lagun bati eskatu zioten telebistan adierazpenak egitea aurtengo urteari buruz. Eta berak baietz, adierazpenak bai, baina irudiak hartzeko orduan baldintza jarri zien: ez nire mahastian. Izan ere, aurten oso triste dago mahasti asko inori erakusteko, tartean gurea.

Loratze sasoian gorrinak harrapatu zituen hainbat mahatsondo, botika botatzeko orduan ez ginelako nonbait onddoa erasotzeko parean tokatu. Gorrin hura gero hedatu egin da eta landare guztiak daude orain ikututa, gutxi asko. Pertsonak nola, gaitzak ahuldu egiten ditu landareak ere eta azken asteotan dena dute kalterako: beroa, hotza, euria eta lehorra. Eta uztailean uztaren heren bat edo galduta bazegoen, irailean uzta osoa dago ia hilean. Zimeltzen ari dira garauak eta mahaspasatzen, lehorteak edo auskalo zerk eraginda. Pentsatzen hasiak gara aurten txakolina barik plum cakeak egitea, materiala probesteko.

Umoreari eutsi dakioke, dena den, mahatsa ogibide ez den neurrian. Ezin dut imajinatu ere egin nolako haserreaz nengokeen nire diru iturri nagusia balegoke jokoan. Alde horretatik ulertzen dut nola, gurea bezalako lurralde malkartsu eta klima hezekoan, industrializazio sasoian nekazaritza arriskutsua utzi eta fabrikako ziurtasunera egin zuten ihes gure aurrekoek. Ez nau harritzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1