Berriro hirukoa?

Atzoko kontua da, Katalunian berriro hiruko gobernua osatzeko ahalegina. Aurrekoarekin asko poztu nintzen, ez hainbeste ezkerrekoa zelako -horregatik ere bai-, baizik bereziki 23 urte agintean zeramatzan alderdia oposiziora bidaltzen zuelako.

Bigarren ahalegin hau, berriz, patetiko samarra ikusten dut. Montilla galtzaile nabarmena izan da hauteskundeetan, eta Maragall baztertu duen konplotaren buru. Carod txukun irten da hauteskundeetatik, baina ia erabat galdua du duela hiru urte zerion indar eraldatzailea. Gainera, ez dira sei hilabete Maragallek -seguruenik ZP eta Montillak behartuta- Carod gobernutik bota zuela, Estatut berria onartzen ez zuelako. Eta ez da ahaztu behar, Estatut hori ZP eta Masen arteko engendroa izan zela, Moncloako sofa baten egindako lizunkerien ondorio. Montillak onartu egin zuen -jefeak aginduta- eta Maragalli onartuarazi; Carodek onartu ez, eta larrutik ordaindu behar izan zuen matxinada; Mas agertu zen harro egindakoaz, eta oposizioan jarraitu behar ote du?

Goazen Espainiara. CiUk babesa agindu zien azken orduan ZPren aurrekontuei. Duran i Lleidak ministro ikusten du bere burua, inoiz baino hurbilago. Nola izango da hori guztia posible Katalunian oposizioan egonda, sozialisten kulpaz? Edo ERC Espainiaren etsairik larriena bihurtu ondoren, hauen botoak erabiliko ditu ZPk aurrerantzean?

Edo besterik barik, Parlamentaren Estatuta zepillatu zuen bezala, Montillaren hirukoa zepillatuko du ZPk, Uruguaitik bueltan?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Kalistroak

Arrasateko kultur etxe berria ikusgai dago,
berreraikitze lanak amaitu ondoren. Nik aukera izan nuen etxea osorik ikusteko
duela aste batzuk eta, aitor dut, txundituta utzi ninduela ikusitakoak. Hango
gela handi eta argiak, teilatupe atsegina, hango dotorezia!

Baina nire toki kuttuna kalistroak dira, antzinako klaustroa orain estalia. Lehendik ere,
Arrasate Telebista ospitale zaharrean sortu zenean, amets egiten nuen espazio
horrekin, estali eta telebistarako plato bihurtuta. Azkenean egin da, eta arte
leku nahi luke Udalak. 

Aretoak merezi du goi mailako zirkuituetan
sartzea. Eta Debagoiena osoak egin behar luke indar norabide horretan,
herrikeriak ahaztuta. Ospe handiko lanak ibarrean ikusi nahi badira, behintzat. 

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Haserrea eta zalantza

Abidide patetikoa izan da, zer gertatu den eta nola jokatu den Zarauzko herrikoa miatzerakoan aurkitu omen diren jazarpen zantzuekin. Asaldatuta eta haserre nago, ikusita ze kaskar, nolako arinkeriaz jokatu duten kolore guztietako politikariek eta hedabide gehienetako kazetariek.

Imanol Muruak gaiari buruzko kontaketa zehatza egin zuen astelehen goizean bere blogean. Usaimen finekoa izan, eta usaina hartua zion kontu hura desmadratzeko zegoen arriskuari; eta bere neurrira ekarri nahi izan zuen. Imanol beti da sinesgarri, baina kasu honetan zarauztarra izateak indar berezia zemaion bere kontakizunari.

Egoera normalean, nahikoa behar zuen gaia maila apalean pasa zedin. Jazarpena ez da gauza apala, baina zoritxarrez ohikoa izan da; eta jazarpen zaharraren zantzuek ez zuketen aztoramendu berezirik sortu behar. Are gutxiago, horrelako jardunak gainditzeko zorian omen gauden honetan.

Aldiz, Zarauzkoa asteko gaia bihurtu da, politikari guztiek esan dute bakoitzak bere egia, larritasuna piztu dute eta elgarretaratzea ere egin; hedabideek orduak eta orduak eman dituzte gertakaria ‘aztertzen’, eta politikarien joko arina bozgoratzen. Bitxia izan da kontu honek arreta gutxi jaso izana Madrilgo hedabideen aldetik, haietako batzuentzat bazka gustukoena izanik. Baina hemengoek erakutsi dute ondo baino hobeto bete dezaketela haien lana, ez dugula ja Brunete mediatikorik behar. Gai gara, inork lagungu gabe, geure buruarentzat kaltegarri diren olatu meditaikoak sortzeko.

Ondo prestatuta gaude -politikari eta hedabide- bake eta normalkuntza prozesuaren ondorio sakonei aurre egiteko. Porlos!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Denboraren orratzak

Munduak betiko abiadan jarraituko du biraka,
baina eguneroko bizitza ziztu bizian doa. Gero eta gauza gehiago egin nahi
dugu, gero eta asti gutxiago daukagu haiek egiteko. Egungo jendarteak galdua du
itxoiteko patxada.

Delako prozesu politikoarekin nabari da hori
bereziki. Presa adierazten dute alde guztiek, eta haserrea, urratsak etengabe atzeratzen
direlako. Baina prozesuak ez du bakarrik akordio bat ekarri behar. Prozesua
sendo eta erabakigarria izango bada, prozesuan zehar  denok moldatu beharko dugu gure pentsamoldea.
Eta horrek denbora eskatzen du.

Horregatik, denboraren orratzak ahaztu eta
aztertzen hasia naiz zertan bat etor naitekeen ezberdin pentsatzen dutenekin,
norantz mugitu behar nukeen haiekin topo egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zumitz hauekin zestoa

Gordina da esaldia: ‘Jende gutxi bizi da
euskaraz; asko, ordea, euskaratik
’. Ni, beti, lehen multzoan saiatu naiz. Orain,
aldiz, euskaratik bizitzea egokitu zait. Eta, profesionalaren begiekin, oso une
interesgarria ikusten diot euskarari.

Ziklo amaiera

Bakoitzak bere hitz eta ñabardurekin,
denontzat dago argi samar orain arteko estrategiak ez duela, bere horretan,
euskararen egoera normalduko. Gabezia horretaz jabetzea beharrezko zen, urrats
berriak egiteko. Ziklo bat amaitzen ari da eta berria hasten. Erabilera da
orain jomuga nagusia. Eta kezka nabari da, zerbait egin behar da, azkar eta
sendo.

Nola saldu

Euskararen normalkuntza teknifikatu egin da,
atzean utzita mitoak eta sineskeriak. Hizkuntzena izan daiteke bihotz kontua
banakoarentzat. Baina jendartean, gai teknikoa da eta tresna egokiz kudeatu
behar da. Euskara hedatuko da elebakarren interesa pizten duen heinean:
lanerako behar, harremanetarako komeni, aukerak ireki… ‘Euskara nola saldu
bihurtu da lelo, Zakilixut bera ere jabetu da.

Zerbitzuaren kalitatea, marketingaren balioa,
liderren eragina, sare trinkoak eta antzekoak entzuten ditut lan berrian,
gustuko dut horien soinua.

Indar kontuak

Indar erlazioak eta aginpideak jartzen dute
hizkuntza bat goienean hala barrenean. Eta euskara, kontra izanik indar
erlazioa eta urria aginpidea, oker arituko da indarrez irabazi nahian.
Kataluniak Estatut berriarekin lortu
du katalana derrigorrezko izatea, baina indar asko metatu eta gero.

Alde honetatik ere, une politikoa aukerakoa da
aurrera egiteko. Gerria dantzatuz, euskarak limurtu egin behar ditu ordezkari
politikoak. Alegia, hizkuntzak ez diola inongo alderdiri kalterik ekarriko,
nola eta ez duen bere normalkuntza eragozten.

Lan arloa

Boladan, oso aktibo dabil Jaurlaritzako HPS
arlo honetan. Enpresaburuekin eta sindikatuekin sinatutako akordioek balio
sinboliko handia dute. Enpresek horretan dirua gastatzen badute, inportantea
den seinale. Eta zerbitzu enpresa handiak gurdira igotzen badira, emaitza
kuantitatiboak ere esanguratsuak izan daitezke.

Sinadura sinbolikoak lan mardula behar du
segidan, ikusmina ekintzetan bihurtzeko. HPSren txanpak bazterrak astindu ditu
eta ustekabean harrapatu bat baino gehiago. Lehen tirabiren ondoren, lankidetza
beharko da guztion artean. Euskaldun bat ere ez dago sobran.

Hedabideak

Gertakari handia izan da Hamaika taldearena. Kolore ezberdinak eta eragile pisuzkoak elkartu
dira, euskarazko toki telebistak sortzeko. Honek ere sinbolismo handia du eta,
gainera, ekimena gauzatzerik izango da lege berriarekin. Lehen argazkian falta
izan dira dagoeneko badauden telebistak, ea hurrengoan ikusten ditugun. Hemen ere, meta
daitekeen indar guztia beharko da, euskaratik kanpoko uholdeari aurre egiteko.

Profesionalak

Lan berrian, euskararen profesional asko
aurkitu dut, eskarmentuz jakintsu eta euskara maite dutelako gogotsu. Eta
psikologoak deskubritu ditut hizkuntza gaietan, jarrerak eta portaerak
aztertzen. Pertsonak barneratu egiten baitu hizkuntzen arteko gatazka, eta
korapilo bihurtzen. Horiek askatzea da gakoa. Giro, tresna eta laguntza egokiak
behar. Badago nork, ikasten ari gara nola.

Olatua

Bulkada askorekin, itsaso barean olatua hasi
da. Berez, olatuak ez du ura mugitzen, baina olatua balia daiteke ur gainean
mugitzeko. Ekitaldi sinbolikoek ez dute berez areagotuko euskararen erabilera.
Baina balia daitezke ekimenak abiatzeko, eraldaketak eragiteko, euskaldunak
aktibatzeko.

Aukera ona ikusten dut. Zumitz hauekin egin
daiteke zestoa.

 

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Nola aldatzen diren gauzak?

Atzoko Pais egunkariak inkesta zekarren Catalunyako hauteskundeei
buruz. Duela hiru urtekoen aldean, apenas aldaketarik. Gertatu direnak
gertatu eta gero! Gogora dezagun.

CiUk atera zuen parlamentari gehien, baina hirukoitzak hartu 
Generalitat-eko gobernua. Nahi zuten ezkerreko politika saio bat egin
eta, bereziki, 23 urtez gobernuan zegoen CiU oposiziora bidali.
Hitzarmen zehatza sinatu zuten, lehen tokian jarrita Estatut berriaren
aldarrikapena.

Gero etorri ziren Carod eta Maragallen aitzakiak, Madrilgo hedabideetan
gurutziltzatuak izateko; Estatut-aren negoziazio zaila eta edukien
mardultasuna; Mas-en eta Zapateroren maltzurkeria, eduki horiek uretan
mehetzeko; azkenik, ERCren zaputza, gobernua utzi beharra eta
hauteskundeak aurreratzea. Zalaparta arteko strip-teaseak, bata bestearen ondoren.

Hori guztia ikusita, ulertuko nukeen abstentzio oso altua, aporai! esanda. Edo Mas
nagusitzea listoena delako, Carod inozoena, Montilla madrildarrena,
Saura saiatuena edo Piqué bera jasanezinena delako. Baina, lehengo
egoera bera errepikatzea!

Atzo, bazkalondoko tertulian,  ibili genuen
egunkariekiko leialtasunaren kontua, ze zaila den jendeak egunkariz
aldatzea, bere pentsamoldearen kontrakoa izan arren.

Biak lotuta, ondorioa: itxuraz
moderno, baina ze kontserbadore den jendarte hau, bizi garena!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Danbaka, Goiena eta loreak

Debagoieneko musika lehiaketa hastera doan honetan, gogoratu nahi dut joan den
asteko aurkezpena. Kutxak eskatu zidan bere ordezkari gisa mahaian egotea; eta
nik galdatu ea zer esan behar nuen Kutxaren izenean. Ba, lore ederrak entzun
nituen Goienari buruz.

Kutxak Danbaka babesteko arrazoi nagusia da
sustatzailea Goiena izatea. Urte batzuk daramatza Kutxak Goienaren bezero, eta
badaki Goienak ondo egiten dituela gauzak, serio demonio. Berme handia da hori
ekimen berrietarako. Gainera, Goienak ziurtatzen du ekimenaren oihartzun
mediatikoa, bere hedabide guztietan eta besteenetan.

Bertako intxaurrak ere hamalau direla
sinesteko, mesedegarri suertatzen dira kanpoko eta goienekoen loreak. Gustura egin
nuen enkargua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Nafarroa inbaditu genuen

Nafarroa garai aldera jo dugu egunotan, aspaldiko partez: Lizarra, Tafalla,
Artaxoa, Tutera, Bardeak… Paraje eder asko ikusi dugu, patxadaz; tokatzen zenean, noski, bapo jan eta edanez. Gozatu galanta hartu duguna.

Hausnarketarako puntua jarri dit Nafarroa garaiko ondare historikoak.
Hemen jo ta fuego gabiltza gure herrien 650-750 urteurrenak ospatzen eta  han,
berriz, edonon daude  X-XI mendeetako eraikinak eta gertakizunak,
txukun asko gordeta. Esan nahi dut: inon egotekotan, han dago iraganeko enborra,
gu adaskak gara. Areago, nafar bandera gorria izanda erresuma zaharraren ikur,
berak behar luke balizko euskal estatuarena, Nafarroa izeneko estatu independientearena. Zertan gabiltza gu ikurriñak eta aberri izenak asmatzen?


Juan Kruz Alliri
irakurria diot zer nolako eraso kirtena izan zen
1977ko Askatasunaren Ibilaldia. Estatu frankista desegiten ari zela,
non agertzen diren baskoz osatutako jende andanak Araba eta Gipuzkoatik Nafarroara, ikurriñez lepo eta Nafarroa Euskadi da! etengabe
oihukatuz. Zaila da eraso inperialista bat hobeto antzeztea; eta hau
lotsa propioz diot, han bainintzen Arazurin, ikurriña eta lelo haien
pean. Txarrena da jardun baldarrak iraun egin duela, modu askotan. Sanzek ez du
izan meritu apartekorik, gure aldetik laguntza itzela jaso du.

Eta, hala ere, nafar jendarteak erakusten du behin eta berriz esparru
komunak nahi dituela mendebaldarrokin, haiek errespetatzen baditugu.
Azken adibide garbia izan da gobernuaren inkesta batek Iruñerrian
nabarmendu duen jarrera, euskararen alde.

Denbora asko eman dugu norabide okerrean aurrera baina, nafar askoren zintzotasunari eta  Nabarralde moduko ekimenei esker,
hasi gara beste ikuspegi batzuk gureganatzen. Nafartasunean eta euskaran elkartuko al gara euskalerritarrak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mankomunitate ahula

Arrasateko estatu kolpeak eraman du
Mankomunitatea hedabideetako izenburuetara. Ez da broma udalaren ordezkari
guztiak aldatzea eta, are gutxiago, Mankomunitateko lehendakaria elkargunetik
kanporatzea.

Dena den, aldaketa horrek eragin badu zarata
handia, niri beste gai batek eragin dit kezka. Debagoiena dago une
erabakigarrian, Lurralde Zatiko Plana gauzatzeko orduan,  autopistaren eragina bere alde jartzeko
premian, etorkizunari buruzko kinka larrian. Eta Mankomunitatearen hilean behingo
azken batzarrean puntu bat izan zen txakurtegi zerbitzua jartzea.

Hain aurreratuta daude lan garrantzizkoak? Ala,
besterik barik, ez dago ganorarik? Beste modu bateko funtzionamendua behar da
Mankomunitatean. Hauteskunde ondoren, agian?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Goenkale benetan

Enrike lagun harakinak sarri aipatzen zidan Goenkale: Hor pasetan
dienak ez dittuk badaezpadakuek, zertzuk asmetan dittuen!
Alegia,
sinestezinak egiten zitzaizkiola pertsonaien bueltak eta errebueltak.

Bada, ordea, beste esaldi bat: Errealitateak gainditu egiten du maiz
fikzioa
. Eta hau egiaztatu egin dit senitarteko gertakari batek.

Osaba bat golfo samar izan eta, nonbait, eskuzabal ibili zen
gazteagotan, hazia han eta hemen isurtzerakoan. Eta, gutxienez behin,
hazi horrek bizia piztu zuen eta lehengusina bat jaio zitzaigun,
noizbait nonbaiten. Baina gorde-gordeka ibili dira alde guztiak, eta
azkenean lehengusinak berak aurkitu behar izan du bere jatorria eta
dagokion familia. Duela bi hilabete izan genuen haren berri, eta jakin
gu ezagutzeko irrikitan zegoela. Berehala gonbidatu genuen urtean
behingo lehengusu-lehengusinen bazkarira.

Larunbatean izan zen bazkaria Elorrion eta azkenean ezagutu genuen lehengusina. Oso
momentu hunkigarriak bizi izan genituen, bereziki gutariko hiru neskek
aurreskua dantzatu ziotenean, senitartera ongietorria emateko. Askoren
begiak busti ziren une horretan.

Bide luzearen ondoren, lehengusina iritsi da bere jatorrizko
familiarengana eta poz-pozik itzuli zen etxera, Bartzelonara. Elkartuko
gara nahi bezain sarri, orain eskura gauzka. Niri geratzen zait azaltzea
Enrike lagun harakinari, Goenkalekoak inoiz benetan ere gertatzen direla.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin