Eskoriatza berriro

Bere garaian eredugarri izan zen Eskoriatza
herriaren ekarpen bateratua, herria zeharkatzen duen autopistaren kalteak
murrizteko. Hain ondo egin zuten lan, Aldundiak onartu egin zituela hainbat
proposamen, proiektua hobetze aldera.

Gero etorri ziren arazoak, proiektua
gauzatzeko orduan. Bidegik ez zion Aldundiak agindutakoari eutsi, eta giro ona
zapuztu egin zen. Zenbaitek gogoan ditugu Txabarriren hitz zakarrak,
eskoriatzarrei karlista deituz
autopistari trabak jartzen ari diren aitzakiatan.

Egunotan, Aralarrek salatu egin ditu legez
kanpoko portaerak Marin aldeko lanetan eta, konpondu ezean, epaitegira jotzeko
prest dago. Ez da dena hain zuzen egongo, Txabarri jauna. Ez dira
eskoriatzarrak hain karlista izango.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gaur jai?

Nire enpresak errespetatu egiten ditu egutegi ofizialeko jaiak eta nik ez daukat hori aldatzerik. Beraz, Espainiak bere konstituzioaren eguna ospatzen duen honetan, neuk ere jai daukat.

Berez, lege baten urteurrena ospatzea bezain inozo iruditzen zait laupabost egun jai hartzea duela bi mila urte judu bat gurutzean iltzatu zutelako; edo uso batek eragindako ernalketa susmagarria jai egiteko aitzaki hartzea, biogenetika laborategian ikertu ordez. Baita igandeari halako tratu berezia ematea ere, besterik barik gauza guztien egileak aurreko sei egunak behar izan omen zituelako nekatzeko, ahalguztidun eta nekaezina izan arren…

Aukeran, nahiago nituzke ospakizun naturalak: urtaro hasiera-amaierak; loraldiak eta uzta egunak, edo konjuro gauak; edota, nola ez, kosmosaren adierazpen txundigarriak

Baina, egungo egoera politikoak bereziki arbuiagarri egiten dit konstituzio espainiarraren ospakizuna. Zinez uste dut gure gatazka konpontzeko giltza ezinbestekoa dela independentziarako aukera irekitzea; eta, hain juxtu, konstituzioa da aukera horren kontrakoek zirrikitu guztiak ixteko jartzen duten harresi igaroezina. Nola ospatu trabaren eguna?

Alde ederrean bazkalduko dugu Gaintzabalen, Igartubeiti gaikaldean, Sarah eta Iñakirekin; ardo onarekin ospatuz lotzen gaituen adiskidantza gozoa, ez besterik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Norberak sinetsi behar

Hilabete batzuk eman ditut Debagoienak kultur
eta gizarte arloan dituen aukerak aztertzen. Herriz herri baino goragoko
mailan, hiriburuetan aurki daitekeen zenbait eskaintzaren pare.

Aukera onak daude: arte erakusketa, goi
mailako musika klasikoa, literatura, gazteen aisialdia… Posible da lankidetza
sareak eraiki eta aukera horiek gauzatzea, modu sistematikoan. Egingarri da
maila oneko eskaintza egonkortzea, gastu neurrigabean sartu barik.

Ezinbesteko baldintza da, ordea, Debagoienak
horretan sinestea eta prestatzea eskaintza hori gauzatzeko: egitura egokia
Mankomunitatean, solaskidetza bakarra ibarrean, aurrekontu nahikoa, harremanen
lanketa etengabea… Etor daitekeenaren zain egon barik, ekar daitekeena
ekartzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ke arteko eguna

Arnedillon izan nintzen atzo, kea egiten. Badira ia 20urte lehen aldiz joan nintzela, bainuetxeak erakarrita. Lehen urte hartan lagunak egin nituen, eta geroztik haiek bisitatzera joaten naiz sarri, bainuetxera barik.

San Andres da Arnedilloko patroia, eta atzoko egunez ohitura kuriosoa errepikatzen da urtero herrian. Santua bizi da urte osoan kanposantu ondoko ermita baten, eta jaietarako parrokiara jaisten dute. Eta San Andres domekako eguerdian prozesioan ateratzen dute, herri zaharreko kalexka hestuetan zehar. Kalexka horietako biztanleek, bakoitzak bere atari parean sua egiten dute, eta han erretzen erromero hezea, ke handia eginez eta prozesioan datozenak ketuaz. Ke hori hartzen duenak ez du urte osoan katarrorik harrapatuko.

rafa

Rafa eta Pedro lagunek Tomba kalean dute etxe bana. (Rafa argazkiko txapelduna da. Argazki hau ez da atzokoa, baizik 2000koa, baina atzo hemen bertan zegoen nire sua) Tomba  kalea kalerik beteenetakoa da Arnedillon eta hori nabarmen ikusten da kearen egunean: atzo baziren 5 su kale goienean eta beste 8 barrenean, guztira 30 bat metrotan. Gainera, kaleak ez ditu 3 metro zabal tokirik erosoenean, eta larri ibiltzen dira santuaren anderoak pasatzeko, baita andra beroki dotoredunak. Are larriago, ke artean ez delako ikusten pausoa non eman ere. Hango eztula  eta negarra!

Eta ke egileok? Prozesioa abiatu orduko, sua egina izaten dugu, egur txikia erabiliz. Aldamenean prest daukagu erromero hezea, eta hau busti egiten dugu tarteka, sutara botatakoan garra barik kea egin dezan. Gainera, brojo adar handi bana erabiltzen dugu, kea kontrolatu eta auspotzeko. Prozesioa hurbiltzen denean, erromero bustia sutan jarri eta ordu laurden inguruz han egon behar da, ahalik eta ke gehien egiten, -‘así, así chavales!‘ esaten digute prozesioko  helduek- norberaren kea eta ingurukoena irentsiz, itolarriz eta malko baten. Gauza bitxia da ordea, behin kea amaitzen denean, bai eztarria eta bai begiak segituan datozela beren onera, ezer gertatu izan ez bailitzan.

Prozesioa pasa, sua itzali eta kalea ondo garbitu ondoren, San Andres kofradiak eskaini eta Pilik prestatutako txorizo eta oilanda arrautzak munduko jakirik ederrenak bihurtu zitzaizkigun, ardoak eta lan onak eragindako aldarte ederrean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Toki telebista publikoak

Gizakion aurrerapausoak beti egon dira lotuak
erakundeen ardura publikoekin. Osasuna, hezkuntza, erretiroa, argindarra, ura
edo eskubide zibilak ez dira orokorrak izan harik eta erakunde publikoek
eskaini dituzten arte. 

Informazioarekin, beste horrenbeste. Are
gehiago, euskarazko informazioarekin. Erakunde publikoen erantzukizuna da
herritarroi bermatzea informazio jario nahikoa eta zintzoa, informazio
interesatuei aurre egiteko gai izan gaitezen. Baita jario hori euskaraz iris dakigula,
hizkuntza indartsuen artean gureak iraun dezan. Hargatik, euskarazko toki
hedabideak zerbitzu publiko dira, argiteria bezala. 

Toki telebistek legea behar zuten. Orain falta
da erakundeen bulkada, euskaraz eta publiko izan daitezen.

Post scriptum: paperaren mugen gaindi, badaezpada argitu nahi dut publiko diodanean ez naizela jabego edo kontrolaz ari. Niretzat Goiena, Goierri edo Ttipi-ttapa telebistak publikoak dira, jendarteari zerbitzu ematea dutelako helburu, eta ez dirua egitea edo interes partikular baten mesedetan jardutea. Diru publikoak aurrekontuaren portzentai bat estaltzen du (ETBn baino gutxiago), eta horrek jartzen ditu helburu komertzialak bigarren mailan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

1976: nire lehen mitina

Atzealdean arkatzez dago idatzia:
Arechavaleta, 21 de nov. 1976. Eta gero boligrafoz: Mikel Irizar, gazteriaren
izenean hizketan
.

mitin1

Ba bai, neu naiz mitinlari, duela 30 urte. Eta ordurako pulpituan.
Ondoan dut Txillardegi, eta mahaiaren erdian daude –ezagunenak aipatzearren- Andoni
Kaiero
(unibertsitate irakaslea), Karlos Caballero (EAJko diputatu izan zen
geroago Madrilen), Gregorio Etxabe (Arrasateko etxabetarra eta kooperatibista)
eta Eduardo Artamendi (arkitektoa).

ESBk aurrea hartu nahi zuen, eta 76ko udan
antolatu zuen lehen mitina Tolosako Leidorren; handik hilabete gutxira bigarrena,
Aretxabaletako kiroldegian. Ni, artean, aritua nintzen hitzaldiak ematen,
militanteak edo zaleak atxikitzeko helburuarekin. Baina lehen aldiz jarri behar
nuen atrilean tente, frontoi beteari begira, giroa berotzeko lanetan. Eta ez
nengoen batere lasai.

Testua prestatu nuen beroa, esaldi motz eta
zorrotzekin. Tonua entseatu nuen behin eta berriz, papereko marketan gora egin
eta esaldia ozen bukatzeko. Eta lagunekin adostu nuen amaiera ozenetan txalo
egingo zutela sutsu. Azkenik, kirioak baretze aldera txikito pare bat hartu
nuen kiroldegiko tabernan, goizeko 11ak ziren arren.

Eta, unea iritsita, han abiatu nintzen: Gregorio adiskideak
esan duen bezala, atzerritik natorkizue…
(Madrilen nengoen ikasle). Ondo entzuten nuen nire ahotsa; egoera
kontrolpean neukan. Lehen markan gora, eta esaldi amaieran oihu. Berehala
iritsi zitzaizkidan lagunen txaloak eta segidan frontoi osoarenak. Primeran!

Mitina bizi
joan zen, entzuleak gustura ikusten ziren. Ondo sentitu nintzen, nire partea
beteta. Areago, mitina amaitu eta hainbat jende hurbildu zitzaidanean eskua
ematera. Emozionatu ere egin nintzen.

Alderdikoei ere, nonbait, gustatu zitzaien. Eta hurrengo mitina, Donostiako Anoetan eman nuen.

mitin2
Argazki atzealdean: Donosti, 2-1-1977, Gora
Euskadi Askatuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Iluntasuna

Berezkoa da iluna, argirik ezean ageri da.
Eguzkirik ez balitz, betirako geundeke ilunpean.

Iluna berezkoa bada, argia dugu lorpen edo
mirari. Egun argiz garatzen gara, eta egun argitsuan alaiago. Agian areago ere
bai. Aldiz, ilunabarrak malenkonia eragiten digu; argi galduaren faltak,
tristura. Eta beldurra: argia itzuliko ez balitz?

Hala ere, baserrian ikasi dut argirik gabeko
gaua badela iluna, baina ez beltza. Eta ilargiak erakutsi dit bera ere gai dela
iluna argitzeko, bere apalean. Ilunpean irauten ikasi dut, larritu barik egoten,
egun argia itzuli bitartean. Baina egun luzeak ditut maite, argia daukat lagun. 

Negu hurbilaz ari nintekeen, urtaro ilunaren
atarian. Edo une politikoaren ilunaz eta galtzen ari den argiaz…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Titin eta don Augusto

Atzoko partida ikusgarriari begira,  jarraipen subjetiboa egin nion Titinen jardunari, Aimar apur bat ahaztuta. Izan ere, Triciokoak 38 urte egingo ditu urte hasieran eta ikusi egin behar da nola mugitzen den frontoian, oraindik ere.

Seguruenik, Titin ez da atleta apartekoa, kirol miaketa baten markak apurtzen dituzten horietakoa. Hamaika pilotarik du kolpe handiagoa, beste horrenbestek izango ditu zango indartsuagoak. Muga horien kulpaz, ez du txapel gehiago irabazi; palmares ona du baina badira hobeak. Zerk egiten du orduan Titin pilotari bikaina?

Bat: gaiztakeriak. Imajina dezaket mutikotan eta ikusten dut bihurri, maltzur, azeri. Gelako gaiztoena izango zen eskolan, poltsikoetan tiragoma eta igela bizirik irudikatzen ditugun horietakoa. Hain dira gaiztoak bere pilota batzuk, hain bihurriak zenbait jokaldi eta hain ustekabekoak egiten dituen keinuak!

Bi: irabazteko grinak. Joka ditzake 100 partidatik gora urtean, lau partida astero udako partean. Eta partida bakoitzeko minutu denetan arituko da duen guztia ematen, txokoan edo zabalean muturra apurtzeko zorian. Defentsa ezin hobea du, ez duelako inoiz etsitzen.

Hiru: aireak. Indarrez ahulago denak, botez eutsi baino ezin du egin. Ordea, airez sartuta, abiada izugarria eman diezaioke jokoari, aurkari indartsua nahastuz eta zangoarina nekatuz. Eta horixe bihurtu du Titinek bere arma nagusi, airez edondondik eta edonola sartzeko abildadea, derrepente tantoaren martxa aldatuz.

Badira ahalmen fisiko apartekoei esker handi diren pilotariak. Bakarren batek alfer-aferrik ditu ahalmen horiek. Aldiz, Titinek biderkatu egin ditu berezko zituen talentuak, gehiago direnak baino handiago izateraino.

Hargatik da Titin, niretzat, don Augusto.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Bertsoetan erantzuna

In vino
veritas
dio esaldi zaharrak, mozkorra egiatan ari dela
beti. The answer is blowin’ in the wind idatzi
zuen kantari zakarrak, erantzuna haizeak duela beregan.

Nik bertso baten aurkitu dut argia, joan den
astean Zutabek sortutako zalapartan neure burua kokatzeko. Andoni Egañak honela
bukatu zuen aspaldi bakeari buruzko bertso bat: bakea ez baita gerrarik eza, gerrarik nahi eza baizik. Nire
interpretazioan, armak isiltzea beharrezkoa da baina ez nahikoa; gatazka
konpontzean, orduan iristen da bakea; eta armekin ibili denak gatazka
konponbidean ikusi behar du, armei betirako uko egiteko.

Bi mahaietan banatzen bada lana, ondo. Baina
bi mahaiak ez dira autonomoak. Jokoan baitaude arazoaren bi mailak: eza eta nahi eza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

L’ efecte Roma

Analisi bikaina irakurri dut Vilaweb albistegian, Kataluniako hauteskundeen ondorengo egoerari buruz. Ohiko topiko eta errazkeriak alboratuta, interpretaziorako hari mutur interesgarriak eskaintzen ditu.

Guztiak dira gurera ekartzeko modukoak, baina bat bereziki: l’efecte Roma deitu dutena, Italiako parlamentu zatikatua gogoan. Katalunian ere, 6 alderdik dute ordezkaritza. Eta bi alderdi nagusiak, CiU eta PSC, pisua galtzen ari dira. 1988an bien artean bazituzten 118 eserleku eta beste guztiek 17. Azken hauteskundeetan, proportzioa izan da 85-50. Ez nuke esango fenomeno orokor samarra ez denik, bipolarizaziotik bueltan ez ote gatozen.

Egoera honetan, Italian hobetsi dituzte hautes multzoak -blokeak- alderdien gainetik: l’Olivo ezkerrean, eta la Casa delle Libertà eskuinean. Horrela, blokeen arteko polarizazioa dago bai, baina mugimenduetarako aukera dezenterekin. Villaweb-ek uste du Katalunian ere Maragall horretan zebilela aspalditxoan (hiritar plataformak, Govern hirukoa…); aldiz Mas alderdikeriz jardun da eta ez du bidelagunik.

Gurera ekarrita, EAJk luke gerririk malguena: EA eta EBrekin orain, EHrekin lehenago, PSErekin urte luzez. Gerri malgua bai, baina ez daki zein den bere gustuko blokea. Sozialistek bloke apustu garbia egin zuten -Redondoren garaian- konstituzioaren defentsan PPrekin. Irabazi ez, itxaropena galdu eta biratzen hasi ziren. Epe  ertainean, badirudi gobernu  transbersala edo antzeko izeneko bloke baten bila doazela. Batasunak zailago dauka, legez kanporatu aurretik ere denbora gehienean isolatua eduki nahi izan dute beste alderdiek, ezin esan lagun askorik duenik. Urrun dago hemen EAJ oposiziora bidaliko lukeen progresuko gobernua!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina