Batxilergo frankista ikasi nuen Tolosako
eskolapioetan eta Iruñeko Ximenez de Rada institututan. Horregatik,
sasoi horretako nire erreferentzietan -poesian esaterako- Abenamar dago, edo
bajel pirata que llaman… Baita bizi ezinean zebilen Teresa mistika, edo
hauts artean ezkutatutako harpa, portugaldar harritua Frantzian, baita Tenorio
eta Segismundo, de un cadáver sombrío y macilento…, eta
enparauak.
Eta geografian, noski, Espainiako ibaiak. Horien artean deigarri zitzaidan Guadiana, bere
lehen ibilbidean gorde-gordeka omen zebilelako eguzkiarekin, lur azalean agertu
eta desagertu.
Hogei urte geroago ikastolan ikasi izan
banu, beste batzuk lirateke nire erreferentziak. Baina, badugu Euskalerrian gorde-gordeka
dabilen ibairik?
Bi lagun
Lan berriari buruz idatzi nuen eta bi lagunen
iritziak eman didate zer azaldu. Mikel Iturriak, Harrikadak izeneko bere blogean, Santi Erasorekin
jartzen ninduen versusetan, gure ibilbideak kontrajarriz. Bere aldetik,
Luxiano lankide ohiak zuhurtzia gomendatzen zidan bere iruzkinean. Biei
eskertzen diet hurbiltasun gozoa.
Bizitzan egiten ari naizen ibilbideak badu Guadianaren antzik. Zati
batzuk oso agerikoak dira, besteak ezkutuak. Alditan, ibili naiz kausa batzuei
guztiz emana, zeharo kanpolarrosa; eta besteetan, etxean babestu naiz, barne erbestean,
ingurukoak goxatu eta haiekin gozatuz. Beti jakin izan dut –ez galdetu nola-
noiz zegokidan bata ala bestea.
Geldi egoteko txarra naiz, ikastolan banengo zaindu
beharreko hiperaktiboa nintzateke. Eta kanpoan zerbait emateko ordua iritsi zaidanetan,
buru-belarri murgildu izan naiz, etxekoa sakrifikatuz. Beti, ordea, hiru baldintza
beteta: gaiak merezi izatea, erabakia Fatimarekin adostea, eta denbora mugatzea.
Oraingo honek baditu hiru ezaugarriak. Uste
dut Kutxan lan ona egin dezakedala, batez ere, euskararen alde; gai sentitzen naiz egiteko, eta aukera eman
didate horretarako. Fatima konforme dago eta, nola berak bai gorde dituen
astelehenak eguzkitan emateko, prest dago mahastian nire parte batzuk egiteko.
Azkenik, -but not least-, denbora mugatuan
arituko naiz, gehienez lau urte. Bitartean, seguruenik kutxen bategitea
etorriko da eta, agian, aurre-jubilatzeko aukera. Eta, edozein kasutan, epe
horretan iritsiko da nire ibilbide profesionalari jarrita diodan iraungipen
data. Orduan, Iturri eta Luxiano, zuen lagun guadiana hau berriro bilduko da bere etxe ingurura, leher eginda eta pozik.