Distantzian sentitzen nuen hurbil Iruinerriko irrati euskarazkoa. Entzun ez, baina tokatu zait harremanen batzuk izatea hangoekin. Eta miresgarria iruditzen zait egiten ari diren ahalegina bizirauteko, egoerarik aldrebesenean, lizentziarik gabe.
Duela hilabete gutxi, deitu egin zidaten eta kolaborazio bat eskatu. Mikel Aramendi -aspaldiko kolaboratzailea- nahi zuten nazioarteko politikan zentratu, neuk etxekoa jorratzea onartzen banuen. Eta, lan egoera berrian juxtu kontrakoa egiten ari nintzen arren, -alegia, lana uzten- baietz esan nien. Nola ukatu ezer haiei?
Hutsa da, astean behin ordu laurden. Baina oso gustura ari naiz. Juan Kruz Lakasta eta Pello Argiñarena izaten ditut solaskide, txandaka; lana ondo prestatzen dute, haria bikain eramaten, umorea eta ironia primeran erabiltzen…
Nik dudan onena ateratzen didate. Amaieran, beti pentsatzen dut: ‘Joño! ez duk batere gaizki joan’. Mila esker, Juan Kruz eta Pello!