Nafarroa Espainia da!

Oker ibil naiteke, gurariak eraginda. Baina, susmoa hartzen dut
larunbateko manifak gure Miguelicok nahi zuen eraginaren aldrebesekoa
izan lezakeela, epe ertainera. Nola oso kaltegarria izan zen beste
aldekoontzat 1977ko Askatsunaren Ibilaldiaren amaiera.

Han nintzelako idatzi nuen: ikurrina artean, jende oldea sartu zen Baskongadetatik, Nafarroa Euskadi da! ozen oihukatuz. Oraindik ordaintzen ari gara akats hura.

Larunbatean, ordea, nafartasunaren defentsa sutsua egin baino Nafarroa Espainia da! aldarrikatu zen. Akabo lo que decidan los navarros, eta antzeko eufemismoak. Espainiar anexionismo gordina manifestatu zen Iruñean, fatxak eta guzti.

Nahi nuke Alliren irakurketa entzun, oraingo honi buruz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ruben

Ondo gogoratzen dut izen biblikodun pilotari
gaztea famatu zenekoa. Eugi zen bestea, gaztea eta joko handikoa. Belokiri indarra
azpimarratzen zitzaion nagusiki; baita bi esku on eta hanka arinak.

Irabazi zituen txapel batzuk, egin zen gizon
frontoian, eta berehala hartu behar izan zituen ondorengo gazteak, trumilka
zetorren koadrila: Abel, Aimar, Xala, Irujo… Hainbeste pilotari eta hain onak!
Eta oso jarraian, betirako zirudiena berehala gelditzen baizen atzean.

Rubenek, ordea, eutsi egin dio gazteen
tiradizoari. Eta txapelketa honetan jokatzen ari da maisu bikainaren pare.
Erabat gustagarri zaizkit pilotan dituen heldutasuna, patxada, inteligentzia.
Baita gizatasuna, kontrola, tenplea. Eta kolpea, postura, efizientzia…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Manifak eta manifak

Trilogia bat dirudi, baina ez nuke manifen kontu hau utzi nahi, azken hausnarketa bat egin gabe.

Kikilduta gabiltza Madrilen 350.000 lagun bildu zirelako, eta bada errepublika garaia -eta gerra aurreko giroa- gogora ekarri duenik ere. Nire ustez, segidismo izugarria egiten ari gatzaie Madrilgo hedabideei, akonplejatuta gabiltza.

Esanda doa Bilboko manifa oso apal eta epel bultzatu zutela eragile ezberdinek. Horrela, 10.000 lagun bildu omen ginen. Eragile askoren bultzada indartsua izaten dutenek 50.000 lagunen bueltan ibiltzen ei dira.

Ba, herrikide maiteok, gurean 50.000 lagun biltzea gehiago da Espainian 350.000 baino; gu hiru milioi eskas gara eta espainolak berrogei.

Hau da, larunbatean etxeko lanak ondo egin izan bagenitu, -eragile, hedabide, gizabanako…- seguruenik gaur ez ginatekeen hain kikilduta egongo.

Hurrengorako balio izan dezan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Manifa eta… revolta

Bilbora iritsi gara garaiz. Ni, asaldatuta Euskadi Irratian 13:00etako albistegian entzundakoarekin. Hauxe eman du titular nagusia: ’22 autobus antolatu dituzte gurean PPk eta AVTk Madrilgo manifestaziorako’. Bilbokoa, ez da aipatu ere! Gutxienez, esan ezan/k: ‘Bi manifestazio gaur arratsaldean’ edo antzeko zerbait!

Bilbon, kafea hartu bitartean, Berriari bistadizoa eta… manifarik ez! Ez azalean, ez barruko izenburutan. Pentsa, zalantza ere egin dugu ea egunarekin nahastuta ote geunden! Azkenean, txoko batean zutabe ñimiñoa, eta han aipamena.

Zerbait arraroa egon da manifa honekin. Berez, izan zitekeen alderdi askok babestutakoa eta jendetza handia biltzen duten horietakoa. 18/98+ sumarioko auzipetuek amaierako hitzaldian oso zintzo adierazi diete elkartasuna Ibarretxe, Lopez eta Ares-i, guztiak baitira bunker judizialaren biktima. Azkenean, manifa txukuna izan da, baina nire ustez aukera bat galdu da.

Eskerrak astia izan digun zinemarako, behin kapitalera egin ezkero. Eta bigarren aukera moduan geneukan filma ikusi dugu: Llach, la revolta permanent. Kantari katalanari buruzko dokumentala izateko jaio, eta Gasteizen -1976an- Fragaren agindupean zegoen poliziak erahildako bost hiritarren omenalditan bihurtzen den film ederra. Lluis bera, kantari bikain bezain gizon handi ageri da bere adierazpenetan: zorrotz, zintzo, agintearekiko matxino, aldi berean lotsati eta lotsagabe… Fraga, filmeko irudi zaharretan, harro eta gaizto, gaur egun bezala.

Baina, 2006an, erahilketen 30. urteurrenean, Llach-ek Buesa Arenan Campanades a morts kantatu zuen egunean, berriro egurtu zituzten 76ko biktimak, oraingoan ertzainek. Eta, filmean hain bortxatua eta mindua ageri den Gasteizen, Fraga presidente ohorezko duen alderdiko kide bat da alkate.

Behar dira, bai, memoria historikoa eta matxinada etengabea; behar dugu revolta permanent

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Klima aldaketa

Otsailean zuhaitz bat loratzen bada, bi aste
segidan egoten bada ateri, edo hego haizeak termometroak goian jarri ezkero,
berehala ateratzen dugu klima aldaketaren kontua.

Horrek badu irakurketa baikor bat: denboraren
eta esanaren poderioz planetaren izorratzaileak –lehen mundutarrak- jabetzen
ari gara gure axolagabekeriaren ondorioez. Ez da txarra.

Gehiago dira, ordea, adierazle ezkorrak:
hedabideen fribolitatea, gaiak izenburu handitan bi egunez jarri, eta
hirugarrenean ahazteko; agintarien ganora eskasa, hiritarroi kontzientziako
karga sortu eta benetako neurri estrukturalik ez baitute hartzen; eta gutariko
bakoitzaren mendekotasuna, nahi dutenaz eta nahi dutenean kezkatzen gara,
eragindako haizeak nondik jotzen duen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Larunbatean manifa

Tarteka, gorputzak manifa bat eskatzen dit. Gazte sasoiaren memorian, nonbait. Deitzen diren asko, baina, ez dira joateko modukoak, begibakar ez garenontzat.

Aldiz, batzuk izaten dira oso primarioak, oinarrizko eskubideen aldarri unibertsala egiteko deituak, edonor eroso sentiarazteko modukoak. Horietara gustura joaten naiz, indarra ematen didate, animotsu itzultzen naiz.

Datorren larunbatean, esaterako, Bilbon izango naiz. 18/98+ epaiketa amaitzear da, eta zelako astakeria izan den esatea eskatzen dit gorputzak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Etxean turista

Iristen dira oporrak. Ateratzen ditugu
txankleta, bermuda eta tirantedun kamisetak. Eta, horiek jantzi hutsarekin,  turista bihurtzen gara. Turistarenak egiteko,
noski; urrun edo ingurutan, beste turista guztiek egiten dituztenen berdinak.

 Oso gutxitan okurritzen zaigu inguru hurbila
ezagutzea. Etxean nekez egiten dugu kanpoan ohi den protokoloa: turismo
bulegora joan, aukerak aztertu, gidariak erabili, zerbitzuak ordaindu… Aste
bete gurean ematen duen turista katalanak paraje dezente ezagutuko ditu,
debagoiendar gehienentzat ezezagun direnak.

 Hobetzeko proposamena:
Arrikrutz koba irekitzen denean, ea nabari den debagoiendarron jakin-mina, eta
askok bisitatzen dugun. Ea garen, turista baino, ezagutu zale. Etxetik hasita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Arrainak amua nola…

…irensten ditugu amarruak. Amorrazioz bizi izan dut Jon Jauregirekin armatu den iskanbila. Ez daukat inongo arrazoirik gizon hau defendatzeko, ez baitut ezagutzen. Baina, era berean, ez daukat ezer Jauregi erasotzeko. Eta, nire antzera erasotzaileen % 99ak!

Dossier bat omen dago. Eta SER kateak zatiren batzuk aireratu ei ditu. Eta zer? Hori egiatzat eman baino lehen, eta hedabideetako izenburu nahiz tertulietan gai nagusi bihurtu aurretik, kontrastatu beharko da, ba, ea sinesgarritasunik ba ote duen? Ikerketaren bat abiatzekotan bada, zertan marmarka jardun susmo interesatuen gainean? Zenbat kutsatzaile zital eta kazetari txar, zenbat hiritar kokolo! Nola eror gaitezke amarruan, behin eta berriro?

Joan Fontcubertaren berri izan dut. Artista zirikatzaile bat da; eta, askoren artean, badu jardun ildo bat oso interesgarria: sineskeria salatzeko ekimen kutsatzaileak. Hau da, teknologia erabiltzen du amarruak sortzeko, horiek arrakasta dutenean jendeari ikusarazteko beste amarru asko ere irensten ditugula oharkabean. Adierazpenok irakurri dizkiot, argigarriak:

‘(…) nire bizi-ingurumariak, nola garai bateko giro politikoak, zalantzarako joera finkatu zuten nigan, gauzak kolokan jartzeko ohitura. Itxuretatik haratago joan nahia, ironia, sinistu aurretiko zuhurtzia, zalantza…
Nire lanak bultzatzen du eszeptizismo aktiboa. Lagundu nahi nuke jendea egon dadin ernai; bere sena erabil dezan, finean.’

Desobedientzia zibilaren lehen urratsa izan daiteke, hain zuzen, planto egitea amarru eta amuei, aukerarik ere ez ematea pozoi edo simaurrari. Sena erabili, harrapatu nahi gaituen sarea apurtu, eta ihes egin…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gasolindegia

Goienkaria 2007.02.23

Izen horrekin bataiatu dute Arrasateko Biteri
plazako tramankulua. Eta ez dago gaizki jarria izena, badu-eta gasolindegien
antzik. Nekezago dei dakioke pergola edo aterpe, pergolak dotoreak izan ohi
direlako eta aterpeak, aterpe; hau da, babesleku.

Azkena jakin da Udalak diru gehiago gastatu
nahi duela egitura hori hobetzen; haize-babesak jartzen, besteak beste. Baina,
nekez konpon daitezke ‘gasolindegia’ren akatsak, bera baita akatsa, goitik
behera. Nik eskatu nahi diot Udalari, errespetu handiz, ez dezala ezer egin. Hauteskunde
ondoko Udal berriak gaiari bi buelta eman eta dena kentzeko erabakia hartu
bitartean, hobe ez gastatzea diru gehiago alferrik. Behin hanka sartuta, hobe
da umil jokatzea, egoskor baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Impression, Soleil levant

Argia, otsailak 25

Ez naiz informazio bereziren jabe; eta, hala
ere, han-hemenka jasotako zertzeladekin, izenburuko paisaia inpresionista
irteten zait. Alegia, inpresioa dudala Barajaseko atentatuak gauzak aldatu bai,
baina ez duela ezer zapuztu: eguzkia datorrela.

Batasuna
Disimulatu nahi izan zuten ustekabean
harrapatu zituela eztandak, nahiz ez ziren iritsi aitortzera nolako kalte egin
zien. Eta, beste behin, zutitu egin dira egoera zailetik, boxeolari egoskorra
egurpean nola. 

Berriki deskubritu dute autonomia ez dela,
berez, independentziaren etsai, izan daitekeela independentziara bidean tarteko
geltoki. Baita Iparraldea eta Hegoaldea ibilbidearen puntu ezberdinetan
daudela, zati bat derrigorrez egin behar dutela bakoitzak bere aldetik. Norbaitek
bota du, mespretxuz bezala, hori Konstituzioak berak ere badioela. Arraioa!
Batasunak onartzen badu Konstituzioan kabitzen den marko politikoa, ez al gaude
orduan konponbidetik oso gertu?

Zapatero
Honek ere, esan beharriz ez dago, ez zuen
bonbarik espero Barajasen. Oraindik ez zaio tonto musua erabat ezabatu,
bezperako iragarpen bizi laburrekoak hormigoi azpian lurperatuta. Ez du,
haatik, zuhurtzia galdu inongo momentutan; alderantziz, une oro erakutsi du
–nola edo hala- beste saio baterako prestutasuna. 

Bunker judizialak argi erakutsi dio ez diola
inongo laguntasunik emango. Bere iraganaren morroi dugu ZP: onartu egin zuen
aginte judiziala alderdien artean banatzea eta, Batasuna erasotzeko, alderdien
legea bultzatu zuen; orain ezin ditu aldatu. Eta tematu egin da lehentasun
okerrean: PP ez du bereganatuko prozesuaren hasieran, baizik amaieran, indarra
erakutsi eta gero. Orain lehentasunezkoa du azeleratzea, erakustea gai dela
ibilbide zailean helmugara –helmuga batera- iristeko.

Rajoy
Hau ere tematu egin da, atzera bueltarik ez
duen zuloan sartu arte. Nekez izango du egokiera hoberik -gogoratu Zapatero
tonto musuarekin- Espainiari bere estrategiaren abantailak saltzeko. Eta hala
ere, inkestetan ez du aurrera egin, baizik atzera. Espainia bat bereganatu du,
baina haren preso bihurtzearen truke. Eskuin muturtuak ez dio gehiengorik
emango, eta Rajoy ezin da mugitu zentro aldera, sostengu gehiagoren bila.

Ordea, gorteetan ez bezala, eremu judizialean
eta hedabideetan bera da aginte eta ZP oposizio. Hirugarren eta laugarren
aginteetan gehiengoa du PPk, exekutiboan eta legegilean ZPk duen bezalaxe. Ez
da berdinketa, baina bai oreka. Horrelako borrokak gogorrak izaten dira,
luzeak, nekagarriak. 

Ibarretxe
Toki bat baino gehiagotan entzun ditut hil
kanpaiak, Ibarretxeren etorkizun politikoari buruz. Egia da ez duela toki
garbirik bi karriletako prozesuan; eta nabarmena da alderdi gehienek nahiago
luketela lehendakari moldagarriago bat, bere alderdia bera barne. Baina nago
jendartearentzat duintasunaren paladina bihurtu dela Ibarretxe eta alderdietako
buruei aitortzen ez zaien errespetua dioela herritar askok. Epaitegiko sartu-irtenak
areagotu egin du irudi hori eta, gogoratu, Ibarretxe gai izan zela 600.000 boto
biltzeko, egur garaian.

Bi urte ditu oraindik aurrean, eta hemen nire
apustua: denbora horretan egoera politikoa bideratzen bada, Ibarretxe ez da
hurrengoan aurkeztuko; ordea, egoerak itsusira egiten badu, kontuz! Ibarretxe
tematu egin da tokatu zaion zama helmugaraino eramaten –tarteko helmuga bada
ere- eta ez du erraz etsiko.

Monet
Izenburua Monet-i kendu diot. Impression, Soleil levant, 1873, Huile sur
toile, Claude Monet.
 Ederra da oso,
nire hau baino ederragoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina