Hautagaiak

Goienkaria, 2007.05.18

Epaitegiek azken hitza esan dute eta ofizialak
dira dago
eneko zerrendak, ofizialki atzera botatakoak barne. Aldez edo moldez,
horiek ere aterako dira 27ko argazkian.

Gaurkoan, errespetua azaldu nahi diet hautagai
izateko urratsa eman duten herrikideei. Ez baita gauza samurra hautagai izatea,
are gutxiago sari handirik espero ez denean. Kalkulu azkarrean, mila inguru
hautagai izango ditugu Debagoienean, bederatzi alkate, ehun inguru zinegotzi
eta batzarkide apur batzuen postuak betetzeko. Ehuneko hamarrak izango du
balizko saria.

Besteei buruz, ibiliko da esamesa: ‘zer dela
uste du horrek’, edo ‘nahiko du halako…’ Ez dira hurbileko politikaren garai
onenak, ospe onaren aldetik. Bihoakie, beraz, nire aitortza ausartu direnei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Inbidia galanta

Barkatu, badakit gure zilborra oso
garrantzitsua dela, baina aste honetako albistea –urte luzetakoa, niretzat-
Ipar Irlandakoa izan da, Paisley eta McGuiness gobernuan kide ikustea.

Bi gauza aipagarri. Lehena: ezinezkoa
egingarri da, ganoraz ekin ezkero
. Nekez pentsa daiteke bi hauek baino etsai
aurkakoagorik, gurean Migel Sanz eta Josean Urrutikoetxearen pare. Hala ere,
bakea adostea baino askoz gehiago egin dute, lankide bihurtu dira gobernatzeko.
Eta bi: hori guztia etorri da erabakitzeko eskumena ematen dien tresna
demokratiko bat adostetik
. Paisleyk gehiengoa duen artean, Ipar Irlandak
britainiar jarraituko du. McGuinessek gehiengoa balu, Hego Irlandarekin batuko
lirateke. 

Horrela begiratuta, ez dirudi zaila, e?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Akzionekoa

Goienkaria, 2007.05.04

Bada urte t’erdi osaba Xanti ehortzi genuela.
ANVko gudari izan zen gerran, Akzionekoa esaten zuen berak. Gorriak ziren
Intxaustitarrak, eta gorriak ikustea tokatu zitzaien, gerra ondorenetan.

Hil baitzen, ez da iritsi Xanti egunotako ANVren revivala ikustera. Gustura egingo zukeen barre, begiak zimurtuta, eman
diguten ikuskizunarekin: Garzon galdezka ea ETAk sortu ote duen bera baino 30
urte zaharragoa den ANV; edo, urte luzez xume izan den alderdia, nola agertu
den, derrepente, hautagaiz gainezka, fitxaje berri ospetsuak eginda.

Bihotz oneko ere bazen Xanti. Eta, barre egin
ondoren, ontzat emango zukeen jokaldia, aurrerabidean ate guztiak ez ixte
aldera. Garzonek eten ez duena, ez zukeen trabatuko osaba Xanti Akzionekoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ségolène

Goienkaria, 2007.04.27

Oso ondo oroitzen dut Miterrandek lehen aldiz
Frantziako hauteskundeak irabazi zitu
enekoa, 1981an. Giscard eta Chiracen artean gelditu zen lehen itzulian; bigarrenean,
ozta-ozta eta ustekabean nagusitu zitzaion Giscardi. Poz galanta hartu genuen Europa
ezkertiarra amesten genuenok. Gero etorriko ziren desengainuak, han eta hemen.

Gaur apenas dudan amets politikorik. Edo,
hobeto, ez dut ikusten nire ametsak gauzatuko lituzkeen hautagai politikorik.
Eta, hala ere, poztu egin nau Ségolène Royalen emaitza onak. Ez luke Europa
ezkertiarra ekarriko, baina bere alderdiko apezpikuek trufa egin zioten: ea
nork zainduko zituen bere seme-alabak hautatzen bazuten. Batzuetan horrelakoei
muturrean emateak ordezka ditzake galdutako amets handiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mihia luzatzen

Goienkaria, 2007.04.20

Arrasateko udala egon daiteke harro, langileak
hautatzeko duen sistemaz. Duela ez asko, BAZ arreta zentrorako lantalde berria
hartu zuen eta Mihiluze telebista saioko bikote listoena zegoen tartean.
Inoizko saririk handiena irabazi berri dute, 20.000 eurotik gora. Zorionak,
Iñaki eta Ane.

Baita saioa egiten duten guztiei. Astean
behingoan gustuko nuen, eta beldurtu egin nintzen eguneroko jarri zutenean,
saioa mehetu eta formula erreko zutelakoan. Baina, asmatu egin dute. Hizkuntza
jolas tresna bihurtzea oso formula ona da hiztunak atxikitzeko, eta poza ematen
du maparen edonongo jolaskide jantziak ikustea.

Oro ez da urre, bada itzalik. Hala ere, saio
hau euskararen osasun sintoma da, soberan ez ditugun horietakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Urre pipittak

Toki honen bisitari ohikoek ezagutzen dituzue urrezko neskak, Paula eta Kontxa, gure amak. Ba, duela gutxi pipitta berria erantsi zaio ohiko Golden bikoteari. Mrs. Griffin irlandarra, Alan koinatuaren ama. Hemen dituzue hirurak, duela gutxi Esteñibarren izandako famili bazkarian.
Hiruren artean 260 urtetik gora metatzen dituzte. Bejondeiela!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aberri Eguna

Bat. Ez dut aspaldi ospatzen, ez bainaiz
aberri zalea. Pozik hartuko nuke nafar erresuma zaharraren independentzia,
errepublika konfederatuaren forma hartuko balu: auto-antolakuntza maite dut, eta
Espainiaren –Espainia honen- menpeko izatea oso eginkizun nekosoa zait. Libre
hobeto. Baina, ez etorri niri ‘Euskadi es la patria de los vascos’ esaka,
lilura piztu nahian. Ez naiz eliza horretakoa.

Bi. Aberri eguna erabili izan da –bakoitzaren
parrokia berotzeaz gain- iragarpen handiak edo handiusteak egiteko abagune
gisa. Aurten ere badabil zurrumurrua: ETAk egin omen lezake -egun inguru
horretan- adierazpen esanguratsua eta, horrela, bere kide politikoei
hauteskundeetarako bidea zabaldu. Poztuko naiz hala bada. Baina, espero…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zabala errektorea

Eskola Politeknikoan ikasle zela ezagutu nuen
Josu Zabala  -atzo goizean!- eta, gero,
Uriben auzokide izan ginen denbora batez. Ez dut esango sakon ezagutzen
dudanik, baina bai bere dohain batzuk aipatzeko beste: tratuan atsegina da,
euskararen zale, eta –nik dakidala- ekimentsu ere bai.

Beste bat da, ordea,  bereziki azpimarratu nahi diodan ezaugarria:
Josu ekosistemakoa da, etxekoa. Azkoitian jaio arren, kooperatibetan egin da;
beraz, oso barrutik eta aspaldidanik ezagutzen ditu taldearen tripak. Badaki
non, zer, nola eta norekin. Eta hau ez da txantxetako kontua, hain egitura
berezian eraginkor izateko.

Sistema itxiegia izan ez dadin, odol berria
komeni daiteke tarteka. Baina, MUko errektorea, etxekoa. Josu bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Makrojaien liturgia

Joan den osteguneko Mezularian Korrika jarri zigun Maitek mintzagai. Eta iritzi ezberdinak agertu genituen Ander Iturriotzek eta biok. Saioaren amaiera zen, eta motz samar gelditu zen eztabaida, baina bizpahiru tokitatik iritsi zait oihartzuna. Eta horiek estimatu egin digute iritzi trukea.

Nik esandakoak osatze aldera:

1. Makrojaiak ez dauzkat soberan
Hainbat euskaltzale pizten dute, euskara jai ludikoekin lotzen dute, euskararen eremuaren mugetan plazaratu egiten dute katakunbetako lana… Eta, segitu ezkero, luzatuko nuke zerrenda.

2. Makrojaiak ez zaizkit nahikoa
Milaka ziento asko dira/gara haurrak ikastolara bidali, makrojaietara joan eta aginteari euskararen aldeko aldarri egiten. Eta, hala ere, beste jende asko eta asko bizi da  inguru askotan euskara badenik ere gogoratu gabe. Horientzat ikusezinak gara; eta makrojaiak, paiasiaren zati, nabarmentzen ez den zerbait.

3. Ikusezina nabarmendu
Euskaraz bizi garen edota bizi nahi dugun heinean, erronka da eman da zabal zazu zaharra, tokian tokiko estrategiak eta orokorrak ondo uztartuta. Baina, ororen gainetik, ikusgarritasuna behar dugu, armairutik irten, inguruko guztiek jakin dezaten euskaraz gustura -gusturago- egiten ditugula gauzak, eta haiek zerbait ona galtzen dutela euskara jakin edo erabili gabe. Herri honetan 500.000 lagun, banan-bana, toki guztietan eta une oro, hizkuntzaren armairutik irteten garenean, zerbait sakona aldatuko delakoan nago.

Hori azaldu nahi nuen Mezulariako denbora agortu zenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Goiena, zorionak!

Kostata, baina beste urrats sendo bat eman du
Goienak, Hamaika taldearekin hitzarmena sinatuta. Xehetasunik ez dut ezagutzen,
baina ideia nagusia da Debagoieneko multimediak bere tokia finkatu egin duela, toki telebistak
legeztatzeko orduan. 

Ez da huskeria. Goienaren sortzeko arrazoi
nagusia, hain zuzen, biziraupena izan zen. Garai berriek ekarriko zituzten
egoeretan –aukera nahiz mehatxu izan- aurrera egiteko moduko egitura bat
prestatzea. Eta telebista zen punturik ahulena, lege gabezia eta handien lehia
benetako arrisku baitziren. Hori bideratuta legoke orain, etxekoen lehiarik ez
du izango Goiena telebistak ibarrean. Eta tokiko beste telebistekin, indartu
egingo dute Hamaika egitasmoa. Asko poztu nau albisteak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina