Gipuzkoa maite

Hau idazterakoan ez da oraindik Diputatu
Nagusia hautatu. Aukera gehien Markel Olanok du, nahiz ezin den erabat baztertu
ustekabea. Gipuzkoako emaitzak oso irekiak izan ohi dira, eta oraingoan areago
izango ziren ANV legez kanporatu ez balute. 

Emaitza horiekin, politika fina eskatzen du
Gipuzkoak, jarrera irekiak, lankidetzarako gaitasuna. Eta ez azken urte bete honetako
anabasa: Txabarri indarrez kendu, Jauregi erre, Ogasuna alderdikeriaz erabili,  Romero arrasatearra Batzar Nagusien buru
jokaldi xelebre baten ondorioz, Galdos oñatiarra maltzurkerian…

Ardatz tradizionalak –EAJ/EAk- gero eta
zailago du aginteari eustea. Eta alternatibari, edozein dela ere, irekin bat
falta zaio. Egoera zailean ekiten dio Gipuzkoak legealdiari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ino, Lourdes eta Inaxio

Hiru
alkate izendatu berri. Hiru alderdi, ibarreko nagusienak. Hiru herri
pisuzko Debagoienean.

Hiru
kooperatibista. Agian horrek eraginda, elkarbizitza eta
lankidetzarako ondo prestatutako hiru pertsona. Ino Arrasateko alkate
berriari hitz lagunkoiak entzun nizkion PPko zinegotzi Itziar
Lamarainen gainean. Lourdes eta Inaxiok maila handia erakutsi zuten
kargu hartzeko goiz gogoangarrian.

Pertsonen
garrantzia

Gurean
ez gara oso lider zaleak. Baina pertsonak aipatzen ari naiz, uste
baitut erabakigarri izan daitekeela pertsona egokiak parean tokatzea
une eta toki jakinetan. Pertsonen arteko harremanak frekuentzia
bertsuan ematen direnean, ezinezkoa dena egingarri bihurtzen da.
Esperantza hori daukak orain Ino, Lourdes eta Inaxiorekin. Noski,
bakoitzak bere ingurua lagun.

Ibarraren
premia

Uste
dut ezin dela gehiago itxaron. Ibarra hamar urte barru industrialde
baino gehiago izango bada, orain ekin behar zaio lanari.
Gasteizerainoko autopistak eragin itzela izan lezake, egungo biztanle
askorentzat Debagoiena lantoki soil bihurtzeraino.

Presazkoa
da ibarra artikulatzeko neurriak hartzea. Tranbiarena isilik dago eta
isiltasun horri usain txarra hartzen diot. Ibarreko mugikortasuna
aztertu behar da, barnekoa eta kanpoarekikoa. Eta tranbia, autobus,
bidegorri, transferentzia-gune eta abarrak integratuz erantzun.
Lurralde antolamendu bateratua behar du Debagoienak, udalerriko
plangintzak marko orokorragoan kokatzeko. Eragile izango den
Mankomunitatea behar da, interes komunei konponbide kooperatiboak
emateko.

Garapen
agentzia

Badakit
mankomunitateak oso egitura ahulak direla, lege aldetik. Epe
ertainera balegoke hori konpontzeko modu erraza: Batzar Nagusietarako
hauteskunde barrutiak eskualdeen arabera antolatzea.

Baina
presa dago. Eta garapen agentziarena izan daiteke berehalako
soluzioa. Agentzia publiko bat Mankomunitateak
sortua,
plangintzari ekin eta -behin epe bateko plana adostuta- plan hori
kudeatzeaz arduratzeko. Hasieran nahikoa dira bizpahiru pertsona eta
Mankomunitaren babes/kontrola. Abiatzeko ez da baliabide askorik
behar, borondate argia bai, ordea.

Ino,
Lourdes eta Inaxio: izan zaitezkete une eta toki aproposean parean
tokatu diren pertsona egokiak. Beste maila batean probatutakoa naiz
eta badakit: lan ederra da Debagoiena egitea. Animo!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Atzera bueltan

Goienkaria 2007.06.30

Domekan bi orriko erreportajea Ondarroaz El País egunkarian. Hasieratik
intentzioa garbi: ‘Beldurrak isilarazten du demokrazia’. Gauza berririk
ez. Baina berehala susmo txarragoa: ‘Arrantzale herria, euskaraz mintzo
da, euskaraz pentsatzen du (…)’
. Erdi aldera, berriro: ‘Kale
errotuluak euskaraz bakarrik daude, espainolez ez’
. Eta amaieran
errematea: kazetariak ordua espainolez galdetu du kalean eta euskaraz
erantzun omen diote. Ez dakiela esandakoan jasotako erantzuna: ‘Pues
aprende’
.

Garai batean ohikoa izan zen aurreiritziz eta intentzio maltzurrez
kargatutako ‘kazetaritza’ gutaz Madrilgo egunkarietan. Boladan lasai
samar geunden, baina bueltan datoz atzera. Kasu honetan, ordea, zerbait
egin zait bereziki mingarri: euskara ere kakaztu nahia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Debagoieneko estiloa

Goienkaria, 2007.06.22

Udalak eratu berritan ari naiz idazten,
pozik. Izan ere, izaera sendoa eta estilo dotorea erakutsi ditu
ibarrak.

Aretxabaletan papeleta oso zaila zuten,
eta ondo baino hobeto moldatu dira. Adostasuna medio, legez
kanporatuen eserlekuak hartu gabe utzi, eta elkarbizitzarako oinarri
sendoa jarri dute. Zorionak bereziki Iñaxio eta Anjeli!
Bigarren adibidea, Oñatik eman du. EAJk keinua egin dio EAEri
eta ez du hartu zortzigarren eserlekua. Ezohiko jarrera alderdian,
alkatearen estiloa adierazten du. Zorionak Lourdes! Eta hirugarrena,
Bergaran. Zauri sakonak egon arren, EAEko alkateak Aralarren botoak
jaso ditu. Zorionak alde biei!

Ormaiztegin jaio eta Elorrio bizi naiz,
baina argi daukat: debagoiendarra naiz eta harro nago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Denak lanera

Goienkaria, 2007.06.15

Bihar eratuko dira udal berriak, alkateak aukeratuta. Gehienetan, zerrendarik botatuenaren burua izango da alkate, baina ez beti. Batzuetan legeak galaraziko du hori, zerrendarik botatuena legez kanpo dagoenetan, Aretxabaleta esaterako. Besteetan, itunak egon daitezke botatuenari alkatetza kentzeko.

Giro politikoak ez du lagunduko gauzak ganoraz egiten. Horrelako egoeratan, gutako bakoitzaren alderik eskasena agertu ohi da. Baina merezi du ahaleginak. Legez kanporatuak ezingo ditu eskubide guztiak bereganatu, baina badaude formulak elkarlanerako. Eta koalizioak egitea zilegi da, baina zinegotzien ia erdia gera daiteke oposizioan, besteen akatsak salatzen.
Onena: zerrendarik botatuenak alkatea, erabakiak udalbatzan, eta denak lanera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Un certain regard

Argia, 1007.06.17

Denboraren joanean, politika bihurtu da
hauteskundetik hauteskundera alderdiek egiten duten ahalegina, hurrengo
argazkian hobeto irteteko. Alboan legoke gestio publikoa; baina honek alderdiei
ez die aparteko mesederik egiten, ez bada aginteen arteko mesede trukean, edo
propio antolatutako mesederen batek.

Eta, hala ere, behar dugu politikaz hausnarketa,
ekimen mesedegarriez gaindi, hurrengo hauteskundeetatik haratago. Bestelako
begirada bat etorkizunari. 

Eskualde
eta aldundi

Ez da ikusi nahi baina EAEn (noski, autonomia
erkidegoaz ari naiz) egun ditugun aginte koskek -udala, aldundia, jaurlaritza-
oso egitura ez-eraginkorra osatzen dute. Gestioko gai gehienek –zaborra,
kultura, ur, errepide edo lurraren antolamendua- udalaren esparrua gainditu
dute dago
eneko. Eta oso modu teknikoan hasi zaie udalen gaindiko egiturei ‘unitate
funtzional’ eta antzekoak deitzen, aspaldiko kontua direnean eskualdeak.

Sendotze aldera, eskualdea bihur daiteke hauteskunde-esparru,
eta hortik eratorri eskualdeko agintea eta ordezkaritza goi mailetan. Eta
eskualdeen aginpidea, udalei baino gehiago aldundiei kendu. Izan ere, aldundiak
galdu egin du bere funtzionaltasun historikoa, egitura goragokoak sortu
direnean. Nire aburuz,  zerbitzuak eta
antolamendua eskualdeei dagozkie; ogasuna eta azpiegiturak, Jaurlaritzari. Gera
bitez lurralde historikoak historiarako, eta presta ditzagun egitura
funtzionalagoak etorkizunerako.

 Zazpiak
bat eta hiruak bat

Azken mugimenduen ondoren, garai bateko
‘zazpiak bat’ aldarriak une honetan ‘hirurak bat’ behar luke. Hegoaldeko bi
esparruak baditugu, Iparraldekoa falta. Gero beharko da esparru bakoitzean
elkarrenganako indarrak sortzea eta metatzea. Horretarako, NaBai oso eraginkorra
izan daiteke Nafarroan, eta Euskalerria Bai Iparraldean, bakoitza bere
esparruan sortutako metak baitira. Eta EAEn komeniko da gure zatiari dagokion
partea ganoraz eta umiltasunez egitea, harrokeria inperialak ahaztuta.

Independentzia
eta komenentzia

Espainia eta Frantziatik arazoak gehiago
badatozkigu mesedeak baino, komenigarri izan dakiguke independentzia. Hobeto
bizitzeko komenentzia errazago partekatuko dugu egungo euskal herritarrok,
Noaingo borrokan galdutakoa berreskuratzeko aldarria baino. Gehiengoari komeni
zaigun neurrian sostengatuko dugu independentzia, eta hori gertatzen denean
ezagutuko digute kanpotik besteengandik banatzeko eskubidea. Ez lehenago, eta
ez alderantziz. 

Nazioartean nekez egingo dugu bidea esanaz: ‘Herri
bat garelako badugu erabakitzeko eskubidea, eta hori aitortu egin behar diguzue.
Gero ikusiko dugu zer egin eskubide horrekin.’ Europan erruz gertatzen ari
diren independentzia prozesuei ondo erreparatu behar diegu, gurea egokitzeko.
Horren arabera, nire ustez, beste hau da ildoa: ‘Gehiengo handi batek
independentzia nahi dugu, estatu berri bat sortzeko Europan. Esaguzue zer
urrats egin behar dugun. Kontuan izan, aspaldian bagenuela estatua, Nafarroa.’.

Markak
eta marketinga

Ez dut zalantzarik. Izateko inongo aukerarik
izango badugu etorkizunean, hori Nafarroa izenpean izango da. Marketing
aldetiko posizionamendu onena duen marka da. Eta on litzateke norabide horretan
mugitzea. Utz dezagun ‘Euskal Herria’ munduko euskaldunak batzen gaituen
nortasun komunitatearentzat. Oraingoz, gorde dezagun ‘Euskadi’ lurralde
baskongadoentzat, eta has gaitezen gainetik Mendebalde kontzeptua jartzen.
Horrela, noizbaiteko Nafarroa independentea honako hauen bilkura litzateke:
Nafarroa Garaia, Mendebaldea eta Iparraldea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aurrera bolie!

Goienkaria, 2007.06.08

Ez dut ezkor izateko indar nahikorik barrenean. Neu naizena baino gogorrago behar da izan, gauzak txarrera
egingo dutela sinetsi eta, hala ere, buruari tente eusteko.

Ez dut nahi ez ETAk eta ez
Mariasantisimak baldintza dezan noiz egongo naizen triste eta noiz
alai. Nahikoa lan ematen du egunero zoriontsu samar izateko
ahaleginak, gainera kontrolpean ez ditugun aldagaien arabera ondo edo
txarto sentitzeko.

Oraingo su-etena ez da azkena izan,
baina inoiz baino aurrerago iritsi da, inoiz baino gehiago landu dira
konponbiderako tresnak. Hor egongo dira erabilgarri, hurrengo
ahalegina datorrenean.

Bitartean, ez dut etsiko, egoera
normalagoa nahi dut. Eta ez da berez etorriko, ekarri egin beharko
dugu. Beraz, aurrera bolie!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Alkate euskaradunak

Goienkaria, 2007.06.01

Debagoienean ezin gara asko kexatu,
kolpe batean esango nuke alkate izateko zorian diren guztiak
euskaradun ganorazkoak ditugula. Ez da adierazle makala, hizkuntza
normalkuntzara bidean ibarrak burutua duen lanarena.

Ze, oro har, ez da broma nola alderdiek
pentsa dezaketen liderrek ez dutela bete behar hizkuntza eskakizunik.
Hain zuzen, alkateez ari garela, munduko hiriburu bakarra alkate
euskaraduna duena Estatu Batuetan dago, Boise da. Ez da hemen inor
lotsatzen?

Egoera hau alda daiteke Nafarroako
hiriburuan, azkenean Uxue Barkosek alkatetza lortzen badu. Ikaragarri
gustatuko litzaidake hain juxtu Iruñean hastea hizkuntzarekiko
joera lotsagarri hau aldatzen, eta emakume baten eskutik. Aro berri
baten hastapena balitz?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ardatza

Goienkaria berezia, 2007.05.28

Hauteskundeotan, aginte maila eta atal guztien
banaketa ez da gehienetan automatikoa izaten, baizik akordioei lotua.. Goazen
atalka:

         
Nafarroan UPN eta CDN batuta ez
dira gehiengo osora iristen. Beraz, aldaketarako aukera badago, eta ez bakarrik
‘Miguelico’ etxera bidaltzeko. Elkarbizitza bera izan daiteke orain helburu.

         
Nola edo hala, Batasunak eutsi
egin dio bere boto zakuari. Zailtasun artean, alkatetza esanguratsuak
berreskuratu ditu eta jarraitzen du ezinbesteko solaskide izaten, konponbiderako
hurrengo ahaleginean.

         
PSEk gaina hartu dio PPri toki
gehienetan, Madrilgo alternantziaren arabera. Gainean egonda, errazago izan
dakioke konponbide alderako bilakaera.

         
EAJ jaten ari zaio EAri esparru
partekatua. Eta bien artean ez dira iristen koalizioaren maila onenera.

Emaitza horiekin, EAJ-PSE izan daiteke
hurrengo aldirako ardatza. Adi, ordea, Irlandan ardatz horrek ez zuen konponbiderik
ekarri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Bi boto, bi aukera

Goienkaria, 2007.05.25

Oso gogoko ditut udal hauteskundeak, besteak
beste, bi boto ditudalako eskuan. Hau da, bi aukera ditut bultzada emateko
merezi duten hautagai edo zerrendei.

Dagoeneko erabakia dut noren zerrenda sartuko dudan gutunazal zurian. Erabakigarria
izan da zerrenda-burua, bera bailitzateke herriko alkate, irabazi ezkero. Eta
alkateei dagokie udal taldearen eta herriaren lider izatea. Horren arabera
aukeratu dut. Bestea, gutunazal koloreduna, azken orduan erabakiko dut. Hau politikoagoa
da, aldagai gehiago hartu behar dira kontuan: epe motz ala luze, sari ala
zigor, bihotza ala burua…

Bi botoak bereiztuta aukera daukat
zuri-beltzari ihes egiteko. Osoago ager dezaket nire iritzia eta libreago
sentitzen naiz. Probatu duzu inoiz?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina