Mozioa

Lehen mozioa -etikoa omen- 24an izango
da Arrasateko udalean. ANVk egin lezake orain artekoa baino zerbait
gehiago: bere estatutuak gogorarazi. Hala ere ez luke ekidingo
bigarren mozioa, baina bai nabarmenduko jadanik gaitzespenarena
aitzakia besterik ez dela. PSEri aukera egokitu zaio eta lotsatu gabe
-lotsagabe- erabili du, ‘sin complejos’. EAJri eginkizun zatarra
egokitu zaio -Madrilgo negoziazioa, barneko gerra- baina hala ere
bereziki narras dabil. EBk dauka alkatetzarako giltza eta imajina
daiteke nola izango duten belarria Josebak eta Anderrek.

Ino harrapatuta ikusten dut, lehen
ordutan ezin izan zuen egoera bideratu eta honezkero gustura ere
utziko du alkatetza. Jasaezina izan behar du hainbeste irainen jomuga
bihurtzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Pulpitorik ez

Asteburuan asaldatu egin ninduen Ana
Iribarren jarrerak Legebiltzarrean. Gregorio Ordoñez senar
erahilari oroitarria jartzeko ekitaldian, senperenak eta bi bota
zituen. Ibarretxeri esandakoak ez ziren preziso epelak -koldar ere
deitu zion-, baina onartezina iruditzen zait esaldi hau: ‘ETAren
helburu politikoekin bat egiten dutenak, bat datoz garunean tiro
jotzearekin’
.

Ertz asko ditu esaldiak eta nik toki
gutxi. Horregatik bakarrari helduko diot. Gaixorik gaude, eta
konplejuz beteta, horrelakoak esateko gai dena mikrofonoaren aurrean
eta albistegietan lehen lerroan jartzen dugunok. Pertsona horrek ez
du mikroa behar, sikiatra baizik. Oker gabiltza horrelakoei auspoa
ematen. Biktimei elkartasuna bai, psikopatei pulpitorik ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Adreilua eta patua

Goienkaria, 2008.04.04

Arrasaten pisua erosteko ordua etorri
zitzaidanean, oso garesti zeuden eta sasoirako sekulakoa zen prezioa ordaindu
behar izan nuen. Handik zazpi bat urtera saltzea tokatu zitzaidanean, krisi
galanta egokitu zen parean eta nekez lortu nuen kostatutakoa berreskuratzea,
parra egitea. Denbora tarte horretan, ezagutu nituen urte bakarrean erositako
prezioaren doblean saldutako pisuak Arrasaten.

Badirudi patua ez dudala alde adreiluarekin
negozioak egiteko orduan. Izan ere, merkatua guztiz jota dagoen honetan, ez
zait ba tokatu senitarteko etxebizitza bat saltzea?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Azahar eguna

Goienkaria, 2008.03.28

Aberri eguneko eguerdian ari naiz idazten,
negu giroan hiru bilkura politiko ezberdin egiten ari diren unean. Negua ez
dago egutegian –udaberrian sartuak bai gara-, ezta bakarrik termometroan edo
elur usainean. Une gorria, negukoa, bizi dute balizko aberriak eta abertzale
antolatuak: hauteskunde emaitzak eta Calahorrakoa, azeleratu ala frenatu arteko
zalantza, Lizarra versus Ajuria-Enea…

Hogeita hamar urteko aroa amaitzen ari da, alferrik
eutsiko zaio bere horretan orain artekoari. Hor ez dago aurrerabiderik. Hobe
hausnarketarako patxada hartu eta ibilbidea, mapak, tresnak edo etapak
birpentsatzea; mesede, ohiko moldeak apurtu eta asmatzea denok irabazteko
modua. Atsotitzak dioenaren kontra, politikan zaharrak ez bai dira berri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Innobasque politikan

Goienkaria 2008.03.14

Egoera bihurriak utzi ditu igandeko
hauteskunde saioak Hegoaldean. Espainiako aginte banaketari dagozkion
korapiloak joango dira askatuaz hurrengo asteetan. Eta hor hartuko
zaio lehen traza legealdiko jardunari. Batez ere, zein Zapatero
ikusiko dugun hurrengo hilabeteetan.

Gure bihurriak zuzentzen zailagoak
izango dira. Alderdi abertzaleek onartu beharko dute porrot
kolektiboa izan zutela, botoetan bezala abstentzioan ere. Eta
diagnostikoa egiterakoan, ondo kontuan hartu NaBai bakarrik salbatu
dela; baita herritarron botoa gero eta mugikorragoa dela ere. Datu
horiekin, estrategia garaileak adostu beharko dituzte, egun erakusten
duten txikikeriaren gainetik. Berrikuntzarako ordua iritsi zaie,
lehengoak ez die balio.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Nahiago

Goienkaria, 2008.03.08

Askozaz nahiago nukeen, domekako
hauteskundeetan aukera guztiak baleude lehian eta nahi duen orok
botoa emango ahal izango balu, emaitzen kalitatea hobetuz.
Normaltasun erlatibo baten adierazle ere izan zitekeen, hau da,
demokrazia inperfektuaren baitan agintariek eutsi egiten diotela
disidentzia suntsitzeko tentaldiari.

Botoa emango ez diodan arren, nahiago
dut Zapaterok irabaztea Espainian, PP ez dadin garaile gerta. Uste
bai dut beharrezko baldintza dela hori, pertza konpontzeko beste
ahalegin bat egon dadin. Ez dut federik, nahia baizik. Eta nahiago
nuke igandea pasatuta balego, eta alde guztiak geldituko balira
besteen premia izateko bezain ahul. Askozaz nahiago nukeen ondoa jo
ostean bageunde, goranzko bidean hasita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Trena galtzen

Europar Batasuna sei estatuk sortu
zuten, eta 80. hamarkadan bazituen hamabi kide, tartean espainiar
estatua. Ordukoa da Euskadi 13. kidea izango zenaren iragarpena,
superstizioaren aurrean bulartsu ageri zen herriarena. Bi autonomien
ondoren, estatua lortu eta Europan sartu. Harrapazak!

Ordutik honako hogei urte inguruan,
Europan hamasei estatu berri sortu dira eta Batasuna iritsi da
hogeita zazpi kideetara. Eta Euskadi –edo dena delakoa- ez dago
tartean. Horrenbeste tren galdu arren, gure politikari
independentistek jarraitzen dute ‘hurrena gu, hurrena gu!’
iragartzen, loteria kontu sinple bat bailitzan. Hau da, Europak eta
munduak balizko euskal estatua onar dezaten, aurrez etxeko-lan mordoa
egin beharrik ez balego bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hizkuntzak enpresaren kulturan

Bat soziolinguistika aldizkaria, 2008ko otsaila

Soziolingüistika Klusterrak argitaratzen duen Bat aldizkariak eskatuta, hausnarketa egin nuen negu sarreran Gipuzkoa Donostia Kutxan urte betez egin dudan lanaz, Hizkuntza Plangintzaren arduradun gisara. Jarritako neurri luze samarrak behartuta, atondu egin behar izan nituen ideiak eta atalka jarri, eta hori egitean sentitu nuen ordura arte egindakoa nolabait jakinduriatan-edo mamitzen zitzaidala. Aldizkariak argitaratu berri duenean, neuk ere nahi duenaren eskura jarri dut: Hizkuntzak enpresaren kulturan

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Obamania

Hasieran aitortuko dut: neu ere
harrapatu nau Barack Obamaren aldeko uhin indartsuak. Duela pare bat
urte erreparatu nion, eta gustatu zitzaidan zioena, eta hori
bezainbat esateko moldea. Kanpainan sartu zenean ilusioa piztu zidan
fedea baino gehiago, hain seguru ageri zen-eta Hillary Clinton. Baina
aurkaria harrapatu eta pasatu egin du, eta uste dut aukera serioa
duela afro-amerikarrak.

Gurean kexatu da bat baino gehiago,
larregi begiratzen ari garelako EEBBetara. Egia da urrutiko
intxaurrena – edo metropoliaren kolonizazioa, nahiago bada- baina
ez da gezurra han nork agindu, aldatu egiten dela gu denon bizimodua.
Obamaren kasuan, gainera, iruditzen zait mezu berria dakarrela,
oihartzun luzekoa, aro hobe bat abiatu lezakeena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gizona bere heldutasunean

Argia, 2008.02.24

Izena
Hamalau urterekin -gaur baditut
berrogei gehiago- hartu nuen erabaki bat garrantzitsua: ordura arteko
Migeltxo aurrerantzean Mikel izango zen. Errieta egin zidan maistra
karlista batek Tolosako eskolapioetan, azterketak izen ilegalez
sinatzen hasi nintzaionean, baina seguruenik maistraren petralkeriak
indartu besterik ez zuen egin nire erabakia, nortasunaren bila
abiatzekoa.

Hizkuntza
Handik urte gutxira, hemezortziren bat
izango nuen, beste erabaki bat hizkuntzaren bidegurutzera iristean:
euskalduna izango nintzen, erabili eta garatu eta barneratu egingo
nuen etxean jasotako euskara, nire izaeraren ezaugarri bihurtzeraino.
Madrilen bizi nintzen, eta han bazuen euskarak zer afektiboari
metatzen zitzaion beste balio erantsi bat: bereizteko balio zuen,
jende artean egon arren isilka hitz egin beharrik gabe.

Izana
Pare samarrean baina geroxeago etorri
zen hirugarren zutabea, militantzia abertzalea. Artean
klandestinitatean, eta politikan beti; indarkeria gorrotatzen nuen
ordurako, izan etsaiarena edo ‘gurea’. Eta militantziarekin piztu
zitzaidan jakin-gosea: nondik, nora, nola… Hor konturatu nintzen
hartzen zaila zela nire izaera berria, euskal herritarrarena. Lerro
zuzenekin oker idatzitako iragana da gure tribuarena; eta, hortik
abiatuta, ezin aurrerako norabidea samur topatu.

Zalantza
Ez nuen urte asko behar izan politika
formalarekiko esperantza galtzeko. Alderdiek segurtasun setatia behar
izaten dute eta ni zalantzak bizi nau, galderak ditut maite. Urte
luzeak daramatzat nire buruari galdezka, bidegurutze bakoitzean: eta
orain, nondik? Adinean aurrera, burua atzera jiratu eta bidezidorra
dakusat, ez beti zuzena. Ez nuke aldatuko, konforme nago
egindakoarekin.

Gaur
ni

Izena eta hizkuntza ondo itsatsita
dauzkat, nirekin gordeko ditut betiko. Izanari buruz, zalantza
gehiago. Ez naiz aberri zale, seguruenik ezta abertzale ere.
Tribuaren iragan oker idatzia ez zait arrazoi aski etorkizun jakin
bat marrazteko. Aldi berean, independiente izan nahi nuke Espainiatik
eta Frantziatik, haien nazionalismo erasokor eta zabarrak egonezina
eta larrigura sentiarazten dizkidalako.

Gaur
gu

Euskaradunon tribuari ajeak eta sasoia
biak antzematen dizkiot. Iritsi da honaino garai urrunetatik, eta
nahi luke aurrera egin. Badabil oraino. Nora eta nola asmatu behar
du, ordea. Eta norekin. Ohi bezala, baina inoiz baino areago, ez
baitago bera bakarrik Euskal Herrian, bestelako tribuak ere badira
hemengo, lehengusu baskoak nagusi. Hain zuzen, hor legoke koska
garrantzitsua: etxean nagusitasuna lortzea, alegia, hegemoniko
izatea. Sarri bota izan dugu kexua: gizarteko erreferente nagusiak
ez dira euskaldunak
. Jar dezagun esaldia alderantziz: euskaldunak
ez dira gizarteko erreferente nagusiak.

Bigarren moldea lagungarriago zaigu norabidea igartzeko.

Bihar zer?
Ortodoxia
zaharkituan ari gara, noraezean. Alderdi abertzale nagusiak
jaungoikoa eta lege zaharra daramatza oraindik izenean. Eta, oro har,
abertzaletasunaren oinarriak dira mapa bat eta herriaren izateko
eskubide supremoa, ezinbestean -noiz ez badakigu ere- munduak onartu
beharko duena. XIX. mende erromatikoan bizi gara, XXI.a hasia ez
bailitzan.

Hala
ere, hausnarketa interesgarriak hasi dira, han-hemenka, Nafarroa
aldean bereziki, heterodoxian barrena eta alderdietatik aparte. Hauek
ez dute asko lagunduko, ohikoan baitaude eroso; ez bezate behintzat
trabarik jar. Eta, behin desiotan hasita, azken bat: bilduko al dugu
ausardia nahikorik behar bezain heterodoxo izateko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina